Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2021eko martxoaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1865

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 17koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko martxoaren 11ko erabakia argitaratzen den, 2021eko «Ekintzaile» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 11ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Ekintzaile» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Ekintzaile» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko martxoaren 17a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2021EKO MARTXOAREN 17KO EBAZPENAREN ERANSKINA
EBAZPENA, 2021EKO MARTXOAREN 11KOA, SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ZUZENDARIARENA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN ETA ARGITARATZEN BAITIRA «EKINTZAILE 2021» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK, ETA DEIALDIA EGITEN BAITA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta garatu behar dituen jarduerek helburu hauek dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzea eta euskal enpresei laguntzea trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetikoa eta ingurumenekoa eta trantsizio demografiko-soziala egiten, lehiakortasunerako tresna gisa, inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-jarduera ekintzailearen sustapenaren bidez.

Horri dagokionez, SPRIk ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatzeko hainbat ekintza garatu izan ditu, eta horretarako, enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskaini die. Helburua laguntza integrala, malgua eta beharrien araberakoa ematea da, ekimen horiek merkatuan arrakastaz abian jartzeko, hazteko eta finkatzeko aukera izan dezaten; era berean, erraztasunak ematen zaizkie hasierako finantzaketa eskuratzeko, eta, bereziki, proiektuek behar duten epe luzeko finantzaketa lortzeko.

Ondorioz, «Ekintzaile» laguntza-programak finantza-laguntza eman nahi die pertsona fisikoek edo enpresek gidatzen dituzten eta BIC baten tutoretzapean dauden enpresa-proiektu berritzaile eta/edo oinarri teknologikoko proiektu berriei, ahal dela, industria-arloko proiektuei eta/edo lotutako zerbitzuetakoei, ideia heltzeko eta enpresa abian jartzeko faseetarako.

Horrela, programak laguntzak jasotzen ditu enpresa berrien bideragarritasuna aztertzeko, abian jartzeko eta heltzeko prozesu osoan laguntzeko, jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak errazten ditu, eta, horretaz gain, Enpresa Plana gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioen finantzaketa lortzeko bideak aurkitzea errazten du.

Bestalde, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitakoa) 48.5 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez finantzatuta dauden erakunde guztiek, dirulaguntzaren bat eman behar dutenean, publizitatearen printzipioa, besteak beste, bete beharko dutela.

Adierazitako guztia dela eta, honako hau

ERABAKITZEN DUT:

Lehenengoa.– «Ekintzaile 2021» laguntza-programa arautzen duten oinarriak eta deialdia onartzea, zeinaren edukia ebazpen honen eranskin gisa baitoa.

Bigarrena.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari ahalmenak ematea ebazpen hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko izapide-egintza guztiak egin ditzan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren aurrean; horretarako, hilabeteko (1) epea egongo da, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi (2) hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Hala ere, programaren 2. ildoari lotutako jarduketak indarrean jarriko dira, programa zabaltzeko eta 2. ildoa indarrean jartzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den iragarkian jasotakoaren arabera.

ERANSKINA
«EKINTZAILE 2021» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

Ekintzailetza funtsezko politika izan da euskal administrazio publikoentzat. Horrela, hainbat plan eta programa onartu dira ekintzailetza modu integralean bultzatzeko, gero eta proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarri gehiago sortu eta hazteko, bereziki etorkizuneko sektoreetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa ekonomiko eta sozialaren etapa berri bat sortuz.

Euskadiko ekintzailetzan identifikatutako erronken artean dago «arrantza-leku» eta iturrietatik sortutako ideien eta ekimen berrien masa kritikoa eta kalitatea handitzea, proiektu bakoitzaren behar espezifikoei erantzunez. Finantzaketarako eta inbertitzeko aukerak eskaintzen zaizkie jaio, abiarazi, hazi eta finkatzeko potentziala duten proiektuei; horretaz gain, merkatuan sartzeko eta «lehen bezeroak» lortzeko aukerak ematen zaizkie proiektu ekintzaileei, batez ere etorkizuneko sektoreetan potentzial handiena duten proiektuei.

Ekintzaileei laguntzeko apustua herrialde osoaren konpromisoa da oraindik, eta, horretarako, inplikatutako erakunde eta eragile guztien arteko elkarlana bultzatzen jarraitu nahi da; uste sendoa dugu enpresa-ekimen berritzaile berriak sortzea giltzarri dela gure erkidegoak etorkizunean hazten jarrai dezan.

Bestalde, gure enpresa-sare sendoa ere funtsezkoa da, eta hala izaten jarraitu behar du, enpresa-ekimen berriak sortzeko eta gure hazkunde ekonomikoaren ereduaren egitura-aldaketan aurrera egiteko, ezagutza-jarduera trinkoak, teknologia berriak eta zerbitzu aurreratuak sartuz, eta ekintzailetza-sare global eta lehiakorra garatuz.

Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (BIC) parte-hartze handia dute programan, ekintzaileei enpresak sortzen laguntzeko tresna gisa betetzen duten eginkizuna dela eta. Zentro horiek enpresa berriak heltzeko eta abian jartzeko prozesu osoan zehar garatzen dute laguntza, eta, gainera, aholkularitza eman eta azpiegiturak eskaintzen dituzte enpresen jarduerak kokatzeko.

Programa bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin, Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan ezartzen den bezala, enpresek zeregin garrantzitsua jokatu behar dute, eta hori aurrekaririk gabeko erantzukizun handia eta aukera ezin hobea da negozio baten helburuek ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin bat egin dezaten. Azken batean, Garapen Iraunkorrerako Helburuek (GIH) aukera ematen dute garapen iraunkorraren arloan munduan dauden erronkarik handienei aurre egin ahal dieten konponbideak eta teknologiak garatu eta ezartzeko.

Programa hau erakundeak 2021 ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen helburua da EAEn dauden Bussiness Innovation Center (BIC) zentroetako baten tutoretzapeko enpresa-proiektu berritzaile berrientzako eta/edo industria- eta teknologia-oinarriko eta/edo lotutako zerbitzuetako enpresentzako laguntza arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan heltzeko eta abian jartzeko prozesu osoan zehar.

Laguntza hori honela gauzatuko da:

1. ildoa: Bidelaguntza pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari ideia heltzeko eta Enpresa Plana egiteko prozesuan laguntzeko, hura martxan jarri arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.

Laguntza hori, hura zabaltzea indarrean jartzen denean, beste laguntza mota honekin osatuko da:

2. ildoa: 1. ildoko ekintzailetza-proiektuek sortutako enpresa berrientzako laguntza, zehaztutako Enpresa Plana gauzatzeko behar diren inbertsioen finantzaketa eskuratzea errazteko. Laguntza hori gauzatzeko, arau honen babesean formalizatzen diren mailegu-eragiketetarako finantza-kostua murriztuko da, Luzaro Kredituko Finantza Establezimenduarekin horretarako sinatzen den hitzarmenaren arabera.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen programa honek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.3 artikuluan ezarritako printzipioak bete behar ditu.

2.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskaerak ondoz ondo aitortzeko prozeduraren arabera emango dira. Ildo horretatik, banaka eta ordenatuta ebatziko dira, eskaera oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatu den unearen arabera.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritakoaren mende daude.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

3. artikulua.– Ezaugarriak eta definizioak.

1.– Bussiness Innovation Center: enpresa- eta berrikuntza-zentroak dira, irabazi-asmorik gabekoak; ekintzaileei eta enpresei laguntza ematen diete, enpresa-ekimen berritzaileak eta/edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko. BICek tresna dinamizatzaile gisa jarduten dute enpresa-proiektu berriak ekoizpen-sarean sartzeko, eta haien helburua da proiektu horiei ekitea etorkizunerako arrakasta-berme onenekin, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko konpromisoaren bidez.

2.– Enpresa Plana: negozio-aukera bat identifikatu, deskribatu eta aztertzen duen dokumentua, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa aztertuta. Bertan, negozio-aukera enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko beharrezkoak diren prozedura eta estrategia guztiak garatzen dira.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2021ean laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 3.100.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Dirulaguntzak esleituko dira espedientea osorik dagoen unearen arabera.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, ez da dirulaguntzarik emango, eta horren berri emango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori SPRIren webgunean (www.spri.eus/ekintzaile) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.

1.– Bidelaguntzaren onuradun diren erakundeak (1. ildoa).

Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisikoak eta egoitza soziala edo/eta gutxienez jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak izan daitezke bidelaguntzaren onuradun, baldin eta enpresa-proiektu berritzailea eta/edo industria- eta teknologia-oinarrikoa eta/edo lotutako zerbitzuetakoa bada, eta Euskal Autonomia Erkidegoan abiarazi nahi bada.

2.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntzaren onuradun diren erakundeak (2. ildoa).

Euskal Autonomia Erkidegoan Enpresa Plana gauzatzeko konpromisoa hartzen duten eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek bakarrik jaso ahal izango dituzte finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzak, betiere finantzaketa indarrean jarri bada EHAAn argitaratu ondoren:

a) Sortu berriak izatea, hau da, 2020ko urtarrilaren 1aren ondoren eratutako enpresa guztiak.

b) Gutxienez 3 enplegu sortzea 3 urteko epean.

c) ETEa izatea, Batzordearen 2020ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan ezarritakoaren arabera – Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, 124 zenbakia, de 20-05-2003-05-20koa, 0036-0041 or.

d) Alta emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien epigrafean.

3.– Honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:

a) Administrazio publikoak direnak edo haietariko baten sektore publikokoak direnak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurrez ikusitako kasuetako batean daudenak, besteak beste:

– Egunean ez edukitzea beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Egunean ez edukitzea dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren ondoriozko betebeharrak.

– Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko jasotzeko zigortuta ez egotea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta egotea ere.

c) Jarduera armen ekoizpen, komertzializazio eta finantzaketaren arloetan garatzen dutenak.

d) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.

4.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko baldintzak, eskaera aurkezten denetik laguntza likidatu arte bete beharko dira.

5.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoa honela egiaztatuko da:

a) SPRIk eta/edo BICek ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:

– Pertsona juridikoek industria-jarduerako zentro bat dutela Euskal Autonomia Erkidegoan, non proiektuak eragina izango duen.

– Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Finantzaketarako laguntzaren kasuan (2. ildoa), ildo hori indarrean jartzen denean:

a) ETEa dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.

b) Altan emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako betekizunak erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira (eskaera-orri elektronikoan egongo da), eta eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatzen dionean.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak hauek dira:

1. ildoa: Bidelaguntza pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari ideia heltzeko eta Enpresa Plana egiteko prozesuan laguntzeko, hura martxan jarri arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.

2. ildoa: Enpresa Plana gauzatzeko behar diren inbertsioen finantzaketa eskuratzea errazteko laguntza. Laguntza hori gauzatzeko, arau honen babesean formalizatzen diren mailegu-eragiketetarako finantza-kostua murriztuko da, Luzaro Kredituko Finantza Establezimenduarekin horretarako sinatzen den hitzarmenaren arabera. Hori guztia, 2. ildoa indarrean jarri ondoren.

7. artikulua.– Bidelaguntzan diruz lagundu daitezkeen gastuak (1. ildoa).

1.– Bidelaguntzarako laguntza emateko, aukeratu daitezkeen gastuak hauek izango dira:

– Enpresa-arloko prestakuntza espezifikoa.

– Kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoko gastuak.

– Prospekzio- eta dokumentazio-azterlanak.

– Azoketara joatea, merkataritza-prospekzioko bidaiak.

– Maketak eta prototipoak egitea.

– Salbuespen gisa, pertsona edo talde sustatzailearen dedikazioa, gehienez ere 600 euro hilean eta proiektuaren eta talde sustatzailearen egoeraren eta momentuaren arabera.

– Bestelakoak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak proiektuaren tutorea den BICak onetsi beharko ditu. Gastuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Maketa eta prototipoen gastuak, oro har, ezin dira izan onartutako aurrekontu osoaren % 25etik gorakoak.

b) Gastuen sortzapena laguntza-eskaeraren ondorengoa izan beharko da, eta gehienez ere eskaera aurkezten denetik 18 hileko epearen barrukoa. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, behin proiektua hasita, ebazpenean hautagarritzat jo ditzake laguntza emateko ebazpenaren aurretik egindako gastuak, baldin eta 2021eko urtarrilaren 1etik ondorengoak badira; hala bada, 18 hileko epea hautagarritzat jo den lehenengo gastuaren sortzapenaren datatik aurrera izango da.

c) Ez da diruz laguntzeko gastu hautagarritzat joko fakturetan jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zerga, autonomoa ez baizik eta pertsona fisikoa ez bada.

d) Aurkeztutako proiektuaren esparruan azpikontratatutako kanpoko enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:

I.– Herri-administrazioen mendeko edo haiei lotutako berezko nortasun juridikoa duten erakundea ez izatea.

II.– Loturarik ez izatea laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin, akzioen edo partaidetzen bidez, edo zuzenean edo zeharka administratuta.

3.– Gastu hautagarrien balorazioa egitean, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izan beharko dute programa honen xede den jarduerarekin, eta haren artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

b) Deskontuek eta antzekoek gastuaren balio txikiagoa ekarriko dute.

c) Gastu hautagarrien balorazioa euroa ez den beste moneta batean egiten bada, eurora aldatuko da, ordainketaren datako truke-tasa kontuan hartuta.

d) Inola ere ez dira gastu hautagarritzat hartuko fabrikatutako edo merkaturatutako produktuak eta/edo zerbitzuak, ez eta eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak edo akzioen edo partaidetzen bidez (zuzenean edo zeharka) laguntzaren eskatzailearekin lotutakoak.

8. artikulua.– Finantzatu beharreko inbertsioak, finantza-arloko eragiketak eta maileguen ezaugarriak, finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzetan (2. ildoa).

1.– Finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzetan (2. ildoa), inbertsioak aktibo finkoaren elementu berrietarako izan behar dira. Halaber, pertsona juridikoaren diruzko kapital sozialarekin autofinantzatu beharko dira, gutxienez % 30ean, sinatutako eta ordaindutako kapitalaren diruzko ekarpenaren bidez, dirulaguntzetatik datorren zatia zenbatu gabe.

2.– Finantzatu behar diren inbertsioak hauek dira:

a) Ibilgetu materiala, lursailak eta eraikinak izan ezik.

– Lokalak berritzea eta egokitzapenak.

– Makineria.

– Ekipamendu-ondasunak.

– Tresneria.

– Industria-ibilgailuak.

– Instalazio teknikoak.

– Altzariak.

– Beste inbertsio batzuk aktibo finko materialetan.

b) Ibilgetu ukiezinak.

– Aplikazio informatikoak.

– Jabetza industriala.

– Jabetza intelektuala eta pizgarri administratiboen edo frankizien kanonak.

Ibilgetu ukiezinean egindako inbertsioak gastu hautagarritzat joko dira, baldin eta inbertsioak badaude ibilgetu materialean.

3.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntzak gauzatzeko, erakunde onuradunek mailegu-eragiketak egingo dituzte SPRIren, Luzaro Kredituko Finantza Establezimenduaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioaren artean horretarako sinatzen den hitzarmenaren arabera. Hori guztia, 2. ildoa indarrean jarri ondoren.

4.– Maileguen ezaugarriak:

Gutxieneko zenbatekoa: 40.000 euro.

Gehieneko zenbatekoa: 180.000 euro.

Interes-tasa: euriborra 6 hilabetera + % 1,25.

Amortizazio-epea: 7 urte.

Gabealdia: 2 urte.

Kuotak: hiruhilekokoak, hiruhileko naturalaren amaieran.

Bermeak: Enpresa-proiektua egiteko konpromisoa.

Irekiera eta Azterlanaren Batzordea: Salbuetsita.

Xedapena: erakunde laguntzaileak baimentzen duen neurrian, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera.

5.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eragiketen epea eta gabealdia luzatu ahal izango ditu, gehienez ere hiru urtez, eragiketaren jatorrizko epeari dagokionez. Luzarok edo enpresak egindako eskaeraren arabera egingo da luzapen hori, zerbitzu-emaileek ordainketa-egutegia betetzeko justifikatzen dituzten zailtasunak kontuan hartuta. Luzapena jatorrizko mailegu-kontratuari erantsitako dokumentu batean formalizatuko da.

9. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mota.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira:

1.– Bidelaguntzarako (1. ildoa) gastu hautagarrien % 100era arte; gehieneko zenbatekoa: 30.000 euro.

2.– Finantzaketa eskuratzea errazteko laguntzetarako (2. ildoa), diruz laguntzeko gastuak izango dira mailegua formalizatzen denetik hasitako hiruhileko naturala amaitzen den arte sortutako interesak, bai eta hurrengo 8 hiruhileko naturaletako hiruhileko bakoitzean sortutako interesak ere. Hori guztia 2. ildoa indarrean jartzen denean.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea, mugak eta azpikontratazioa.

1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin edo Erkidegoaren beste finantzaketa-modu batzuekin metatu ahal izango dira, baldin eta gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen bada.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da 200.000 eurotik gorakoa izan, hasitako ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bi urteetan zehar kontabilizatuta.

5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzaren batekin, baldin eta laguntza guztien baturak berekin badakar laguntza handiagoa izatea, kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritakoa baino.

6.– Muga horietako bat edo programak ezarritako mugaren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru-kopurua kenduko zaio.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.

8.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontratazioa egiten duela ulertuko da dirulaguntzaren xedeko jardueraren zati baten burutzapena beste batekin hitzartzen duenean. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko behar beste erakunderik (bereziak izanik diruz lagundu nahi diren zerbitzu-ondasun horiek), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.

Aurkezten diren eskaintzen artean aukeratzeko orduan, efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat jokatuko da. Hala, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori.

11. artikulua.– Eskaeraren aurkezpena.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunearen bidez.

2.– Aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri bide elektronikoz izapidetzeko jarraibideak, bai eta eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere.

3.– Laguntzaren eskaera eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntzan aurkez daitezke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.

12. artikulua.– Laguntzaren eskaera.

1.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunean eskuragarri dagoen eskaera bete behar dute.

2.– Eskaera hori pertsona fisikoak edo, enpresen kasuan, erakundea ordezkatzeko boterea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.

3.– Laguntzaren eskaerak berekin dakar SPRI baimentzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eskatzeko, bai eta enpresa altan emanda dagoen epigrafea kontsultatzeko ere (Ekonomia Jardueren gaineko Zerga).

4.– Laguntzaren eskaerak pertsona fisikoaren edo enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1.– Onuraduna pertsona fisikoa bada:

a) Talde sustatzailea osatzen dutenen nortasun-agiri nazionala.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko erroldatze-ziurtagiria.

c) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

d) Proiektua zehazteko inprimakia, non datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatu beharreko produktu edo zerbitzua, xede-merkatua...), diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontu zenbatetsia, eta datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-datuak jasoko diren.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaeran atxikitako ereduarekin bat, non inguruabar hauek jasoko diren:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako debekurik ez izatea.

– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.

– Ez izatea sektore publikoetako edozein Administrazio edo erakunderen aurrekontu publikoetatik datozen zorrei edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrik. Deialdi honetan ezingo dute parte hartu laguntza publikoen emakidatik edo mota horretako programetan parte hartzea eragozten duen beste edozeinetatik eratorritako zehapen-prozedura batean zigortuak izan direnak, zigorra betetzeko epean badaude. Eskatzailea mota horretako itzulera- edo zehapen-prozedura batean badago, laguntzaren emakida edo ordainketa prozeduraren emaitzak baldintzako du.

– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Laguntza-kontzeptuan ez jaso izana 200.000 euro baino gehiago hiru urteko epean, eta, kasu horretan, adieraztea.

2.– Onuraduna enpresa bat bada:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ).

b) Sozietatearen eratze-eskrituraren kopia.

c) Sozietatearen ordezkariaren boterearen kopia.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

e) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

f) Proiektua zehazteko inprimakia, non datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatu beharreko produktu edo zerbitzua, xede-merkatua...), diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontu zenbatetsia, eta datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-datuak jasoko diren.

g) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako eskaeran atxikitako adierazpena, ereduarekin bat, non inguruabar hauek jasoko diren:

– Enpresak eta haren legezko ordezkariak ezingo dute jaso epai irmoen bidezko zigorrik laneko osasunaren aurkako delituak egiteagatik, edo ezingo dute zigor irmorik jaso arlo horretako administrazioko arau-hauste oso larriak egiteagatik deialdiaren aurreko 5 urteetan zehar.

– SPRI taldeko sozietateekin eta erakunde kolaboratzaile sustatzaileekin iraungitako zorrik ez edukitzea ez onuradunak eta ez sustatzaileek eta lotutako beste sozietate batzuek.

– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.

– Ez izatea sektore publikoetako edozein Administrazio edo erakunderen aurrekontu publikoetatik datozen laguntzei edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrik. Deialdi honetan ezingo dute parte hartu laguntza publikoen emakidatik edo mota horretako programetan parte hartzea eragozten duen beste edozeinetatik eratorritako zehapen-prozedura batean zigortuak izan direnak, zigorra betetzeko epean badaude. Eskatzailea mota horretako itzulera- edo zehapen-prozedura batean badago, laguntzaren emakida edo ordainketa prozeduraren emaitzak baldintzako du.

– Ezein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, lehiaketa-adierazpena eskatu izana, lehiaketan deklaratuta egotea, esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea lehiaketaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

– Enpresak eta haren legezko ordezkariak ezingo dituzte izan epai irmoen bidezko zigorrak laneko osasunaren aurkako delituak egiteagatik, edo ezingo dituzte zigor irmoak izan arlo horretako administrazioko arau-hauste oso larriak egiteagatik deialdiaren aurreko 5 urteetan zehar.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean zehar emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Laguntza-kontzeptuan ez jaso izana 200.000 euro baino gehiago hiru urteko epean.

h) Finantzaketa lortzea errazteko laguntza eskatzeko (2. ildoa), ildo hori indarrean sartzean beharrezkoa izango da dokumentazio hau aurkeztea:

– Enpresa Planaren kopia bat.

– Enpresa-talde baten kide izatekotan, taldearen eta zeharkako parte-hartzea duten beste sozietate batzuen sozietate-organigrama (ETE irizpidearen arabera: Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioa), parte-hartzearen ehunekoa adierazita.

– Eskatzailea ETE bat dela egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.

3.– Halaber, SPRIk eta finantza-erakundeak beste dokumentu batzuk eta informazio osagarria eskatu ahalko dituzte beharrezkotzat jotzen denean aurkeztutako eskaera ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.

4.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotasuna emango diete posta elektroniko bidez enpresak laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren kontura bidalitako komunikazio guztiei. Soilik harremanetarako posta elektronikoko kontu gisa onartuko da programaren onuradun gisa agertzen den enpresari dagokiona.

14. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

1.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2021eko abenduaren 10ean amaituko da. Dena dela, 2. ildoko eskaerak aurkezteko epea programa luzatzeko eta ildo hori indarrean sartzeko iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2021eko abenduaren 10ean amaituko da.

15. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Aurkezpena:

a) Erakunde eskatzaileak eskaera bete eta telematikoki bidaliko du.

b) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak BIC bati esleituko dio eskaera.

c) BIC horrek egiaztatuko du informazio guztia zuzena dela, eta horren aldeko txostena egingo du, hala badagokio.

2.– Ebaluazioa.

1) Aurkeztutako laguntza-eskaeren analisia eta ebaluazioa BICen esku egongo da, eta eskatzaileari beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio guztia eskatu ahalko diete horietako bakoitza behar bezala ulertu eta ebaluatzeko.

Eskaerak hutsak baditu, ez bada oso-osorik bete edo ez bada erantsi aurreko artikuluan zerrendatutako dokumentazioa, BICak edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsune horiek betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Gainera, adieraziko dio hori egin ezean eskaera bertan behera geldituko dela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurretiazko ebazpenarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat. Eskaera aintzat hartuko da dokumentazio osoa aurkezten denean.

2) Laguntzak eman eta ebazteko espedienteen izapidetzea, arau honetan xedatutakoarekin bat, modu ordenatuan egingo da, eskaerak eta dokumentazio osagarriak osatutako espedientea osatzen den unearen arabera.

3) BICei dagokie aurkeztutako eskaeren hasierako analisia eta balioztapena, eta, oinarri hauen 17 artikuluan izendatutako funtzioen esparruan, txosten bat egitea, enpresa-proiektua aztertzeko bidelaguntzaren kasuan (1. ildoa) eta Enpresa Plana finantzaketarako sustenguaren kasuan (2. ildoa).

BICek egiaztatuko dute enpresa eskatzaileak ETEak direla, Batzordearen 2020ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan ezarritakoaren arabera – Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, 124 zenbakia, de 20-05-2003-05-20koa, 0036-0041 or.

BICek eskaerei buruzko txosten bat bidaliko diote proiektuan jarraipena egiteko Balorazio Batzordeari; hura Lurralde Historiko bakoitzean osatuko dute Eusko Jaurlaritzako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako eta Foru Aldundietako kideek.

Batzordearen funtzionamenduarekin lotutako guztiari Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legeetan xedatutakoa aplikatuko zaio.

Balorazio Batzordeak proposamenak aztertuko ditu sarrera-ordenari jarraikiz. Espedienteak beteko dira, eta programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.

Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, SPRIren Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako laguntza emateko proposamena idatziko da.

4) Mailegu formalizatuen bidez inbertsioen finantzaketa lortzea errazteko laguntzen eskaerak, hitzarmenaren babespean, Luzaro erakundeari bidaliko dizkiot SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Luzaro erakundeak eskaera onartu edo ukatzeko erabakia jakinaraziko die eskatzaileari eta SPRIri hura jaso eta hilabete bateko epean, eta, ondoren, SPRIk dagokion baieztapen- edo gaitzespen-ebazpena emango du.

3.– Ebazpena.

1) Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, zuzeneko esleipenaren erregimenean, eta eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, beharrezko aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

2) Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRI - Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren banakako ebazpenen bitartez, eta horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

3) Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, gaitzespen-ebazpentzat joko da.

4.– Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

16. artikulua.– Laguntzen likidazioa – Ordainketa.

1.– Bidelaguntza (1. ildoa).

a) Erakunde onuradunei emandako dirulaguntza SPRIren bitartez igorriko da, BICek egindako balorazioaren eta SPRIren ondorengo balioztapenaren arabera.

b) Aldian-aldian, erakunde onuradunek proiektuaren exekuzioa justifikatu beharko dute, SPRIren aplikazio informatikoko likidazioaren eskaera-inprimakiak erabiliz.

c) Likidazio-eskaera pertsona fisikoak edo, enpresen kasuan, erakundea ordezkatzeko boterea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.

d) Likidazio-eskaera dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:

(i) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen banakapenarekin.

(ii) Fakturen ordainketen ordainagiriak, kontuetan edo ordainketaren banku-ziurtagirian islatuta.

(iii) Hala badagokio, emandako zerbitzuaren egiaztagiriak.

(iv) Seihilekoan behin: Enpresa Proiektuaren prestaketaren bilakaera, jardueraren memoriaren bidez.

(v) Bidelaguntza-aldiaren amaieran: egindako Enpresa Plana.

(vi) Enpresa sortzeko unean: sozietatearen eratze-eskrituren kopia eta IFZ.

Likidazioa ez bada guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk edo dagokion BICak erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.

2.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntza (2. ildoa).

a) Luzarok SPRIri kobrantzaren berri ematen dionean, SPRIk enpresa onuradunari honako zenbateko hauek ordainduko dizkio:

I.– Maileguaren formalizazio-dataren eta indarreko hiruhileko naturalaren amaieraren arteko aldian sortutako interesak.

II.– Hiruhileko bakoitzean sortutako interesak, hurrengo 8 hiruhileko naturaletan zehar.

Ordainketak zuzenean Luzaro finantza-erakundearekin harremanetan dagoen erakunde onuradunaren kontuan egingo dira.

b) Erakunde onuradunek laguntza emandako xederako erabiltzeko betebeharra izango dute, eta BICei honako dokumentazio hau emateko konpromisoa hartzen dute:

I.– Seihilekoan behin: Inbertsioen egoeraren txostena, baita fakturen eta ordainagirien bidez egindako ordainketak ere.

II.– Seihilekoan behin: Jardueraren txostena eta Enpresa Planaren exekuzioa, desbideratzeak, berrikuspenak eta doikuntzak.

17. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Oinarri hauetan jasotako araudiarekin bat ematen diren laguntzei dagokienez, EAEko BICak eta Luzaro erakunde laguntzaile izendatzen dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako terminoetan, baita arau honetan eta dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin bat ere.

2.– Hauek dira EAEn kokatutako BICak:

Araba:

– BIC Araba: Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea A.B.– Centro de Empresas e Innovación de Alava S.A.

Bizkaia:

– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Ezkerraldeko Enrpesa-Garapenerako zentroa.

– Bizkaiko Enpresa- eta Aurrerapen-Zentroa/ Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).

– BIC Bizkaia, Bizkaia Parke Teknologikoa.

Gipuzkoa:

– BIC Gipuzkoa: Gipuzkoako Enpresa- eta Berrikuntza-Zentroa.

– Saiolan.

3.– BICak, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko dira:

a) Dokumentazioa aztertu eta proiektuak hasiera batean balioztatzea.

b) Onetsitako proiektuaren jarraipena eta tutoretza.

c) Ordainketa-proposamenaren ebaluazioa eta hasierako balioztapena.

d) Finantzaketarako laguntzaren kasuan (2. ildoa), Enpresa Planak aztertzeko txostenak egitea eta horiek Balorazio Batzordeari eta hala badagokio Luzarori bidaltzea.

e) Oinarri hauetako 19. artikuluan araututako laguntzaren baldintzak aldatzeko proposamenak.

f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.

4.– Luzarok, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko da:

a) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bidalitako 2. ILDOKO proiektuak aztertu eta ebaluatzea.

b) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari eta onuradunari horiek onespena edo gaitzespena jakinaraztea.

c) Poliza formalizatzea.

d) Enpresa onuradunei zuzendutako ordainketa igortzea.

e) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari aldian-aldian onuradunen kuoten ordainketen eta sortutako arazoen berri ematea.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitakoak, eta, zehazki, hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpenaren harrera-data eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.

b) Emandako laguntza haren xede den jarduketa-plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai nazionalak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean.

f) Berehala jakinaraztea SPRIri eta BICari eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen xede bera badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak.

g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.

h) Programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, beste Administrazio edo erakunde publiko edo probatuek emandako laguntza edo dirulaguntzak eta xede bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabideak aldatzen badira, laguntza emateko ebazpena ere aldatu ahalko da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak babesten badira.

2.– Jarduketak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta aldaketak baimendu ahalko dira, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

20. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko legezko ekintzak abiaraziko dira. Halaber, enpresa hornitzaileari debekatu ahalko zaio programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez dagoela halakorik.

2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta hala badagokio emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (10. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

6.– Halaber, bidezkoa izango da jasotako laguntza itzultzea onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo exekutatzen bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Zuzentaraua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat eginez, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla eskatutako dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-legean eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus: www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak/) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politika kontsulta daiteke.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.


Azterketa dokumentala