Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2021eko martxoaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1685

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita honen ingurumen-txosten estrategikoa: Urnietako udal-mugartean edateko uraren ponpaketa-estazio bat eraikitzeko Plan Berezia.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 23an, Urnietako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, edateko uraren ponpaketa-estazio bat eraikitzeko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

2020ko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Urnietan edateko uraren ponpaketa-estazio bat eraikitzeko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Urnietan edateko uraren ponpaketa-estazio bat eraikitzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziaren jarduera-esparrua Igarategi industrialdearen hegoaldean dago, Urnietako 4. Industrialdeko 189. lurzatian, Galarraga baserria dagoen lekuan. Eremuak, guztira, 1.797,52 m2-ko azalera du.

Urnietako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera (2014), lurzoru urbanizaezina da, eta «D.4 Nekazaritza eta Abeltzaintarako lurra eta landazabala» eremuari atxikita dago.

Planaren xedea da lurzoru urbanizaezin horretan behar diren hirigintzako lege-zehaztapenak egitea, udalerria hornituko duen edateko ura ponpatzeko estazioa eraiki ahal izan dadin.

Ponpaketa-estazio berriak Añarbeko sistemako urez hornitu nahi ditu egun Urnietako Udalak kudeatzen dituen tokiko hornidura-sistema batzuk, hain juxtu, laster Añarbe Ibaiko Urtegiko Uren Udalerrien Mankomunitatearen esku geratuko diren horiek.

Horretarako, planak eremua «zerbitzu-azpiegituretarako lurzati» izendatu asmo du, edateko uraren ponpaketa-azpiegitura eta haren elementu osagarriak zituzkeena erabilera nagusi.

Planaren arabera, eremuak 1.200 m2(t)-ko eraikigarritasuna izango du sestra gainean, eta 600 m2(t)-koa, berriz, sestra pean. Gainera, eraikin berriaren gehieneko lerrokadurak finkatzen ditu; batetik, 20 metroko tartea utzi behar da kanpoko ertzetik Madril-Irun trenbidearen plataformara, eta 5 metroko tartea gainerako lurzatiekiko. Eraikinaren profila II/I motakoa izango da (beheko solairua eta lehen solairua/sotoa), eta, oro har, gehienez 9 metroko altuera izango du eraikinak sestra gainean.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean, hasi eremuaren hautaketatik, eta planaren garapeneraino. Hala, ponpaketa-estazioa kokatzeko hautatu den lekua industriagune bati atxikita dago, eraikina inguruneko hiri-egituran txertatuta gera dadin, eta egungo azpiegitura-sarea aprobetxatzeko (sarbideak, elektrizitatea, ura eta saneamendua). Halaber, planak gerora garatzeko neurri eta gomendio sorta bat ezartzen du; lurzoru-okupazioa minimizatzea eta irazgaiztea, orografiara egokitzea, ingurumen- eta paisaia-lehengoratzeko proiektu bat egitea biodibertsitatea babestu eta sustatzeari loturiko irizpideen arabera, eta kontsumo txikiko argiak erabiltzea.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2) Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Eremua Urnietako ipar-ekialdean dago, zehazki, Igarategi industrialdearen hegoaldean. Lurzoru urbanizaezina da, 1.797,52 m2-ko azalerakoa. Gaur egun, larre-belarrak eta fruta-arbolak daude.

Planaren xede den eremuan ez da topatu naturagune babesturik, ez natur interesekorik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik. Espezie babesturik ere ez da hauteman, eta ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik bat ere, ezta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistrokorik ere.

Kultura-ondareari dagokionez, planari loturiko lurzatiaren albotik doa Donejakue Bidea, monumentu-multzoaren kategoriako ondasun kulturala dena.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Planaren xede den eremuan, akuiferoek kutsatzeko arrisku oso txikia dute. Eremuan ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko lurzatirik bat ere. Lurrikara-arriskua txikia da (VI). Orobat, planaren eremuak ez du uholde-arriskurik.

Planaren eremuan, ADIFen Madril-Irun trenbidea, Lategi auzorako ibilgailuen sarbidea eta lurzatiaren mugakidea den Igarategi industrialdeko jarduera dira zarata-iturri nagusiak. Gainera, kontuan hartu behar da ponpaketa-estazioa ere zarata-iturri bat izango dela; bizitegi hurbilenak eremuaren hego-ekialdean daude, 70 bat metrora.

Horiek guztiak direla eta, ingurumen-baldintzatzaile nagusiak hauek dira: balio estrategiko handiko lurzorua okupatzea, landaredia, kultur ondarea eta zarata.

Testuinguru horretan, Planaren garapenetik eratortzen diren jarduketek berekin ekarriko dute, lanek irauten duten fasean, lurzorua okupatzea eta artifizialtzea, gaur egungo landaredia kentzea –belardiak eta fruta-arbolak dira nagusi–, soberakinak sortuko dituzten lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, istripuzko isurketak gertatzeko arriskua eta, hortaz, biztanlerian sortzen diren eragozpenak: laneko makinerien joan-etorriak, emisio atmosferikoak, zarata, dardarizoak, etab.

Alabaina, planaren, jarduketa-eremuaren eta gainazalaren ezaugarriak direla eta, inpaktu horiek ez dira bereziki garrantzitsuak izango, baizik eta aldi baterako eta obretara mugatuak.

Funtzionamendu-faseari dagokionez, zehazki, ponpaketa-instalazioaren emisio akustikoei, azterlan akustikoaren arabera, edateko uren ponpaketa-estazio berriaren inpaktu akustikoak 213/2012 Dekretuan jarduera berriei ezarritako muga-balioak beteko ditu, egunez, arratsaldez nahiz gauez, baita eguneko parametroak eta LKeq-ak ere. Hori bai, ponpaketa estazio berria Lasarte-Zubietakoaren antzekoa izan beharko da (ponpaketa-ekipamenduak eta eraikuntza-ezaugarriak), eredu akustikoetan erabili diren emisio-balioak aipatu instalazioan in situ egin diren neurketetakoak baitira.

Ondorioz, ingurumen-txosten estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Urnietan edateko ura ponpatzeko estazioa eraikitzera bideratutako Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Planetik eratorritako proiektuak egikaritzeko hartu beharko diren beste neurri batzuk:

Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak.

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–.

– Proiektua egikaritzearen ondorioz erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, ipurditik bota diren zuhaitz-landareak birlandatzearen bidez, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

– Landare- eta lorategi-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa indartzeko jarduketak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko direlarik esandako jarduketa horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko xedez. Espazio libreak espezie autoktonoekin landareztatu beharko dira, zuhaizti txikiak eta landare-hesiak osatuz, ahalik eta naturalizatuenak gera daitezen. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.

Zaratari buruzko neurriak:

– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

– Ingurumen-dokumentuan azpiegitura gauzatzeko faserako jasotako neurriez gain, isolatzeko behar diren neurriak ere hartuko dira, hala badagokio, ponpatzeko sistemak gertuen dauden etxebizitzetara igorritako zarata-mailek zarata-foku berrietarako I. eranskinaren F taulan ezarritako gehieneko immisio-balioak bete ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasota dago aipatutako eranskina. Nolanahi ere, bete beharko dira, orobat, etxebizitza edo bizitegi-erabilerako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplikatu beharreko zarata eta bibrazioetarako soinu-kalitateko helburuak; aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko B eta C tauletan adierazita daude helburu horiek.

Kultura-ondareari dagozkion neurriak:

– Bestalde, Donejakue bidearen ibilbidea (Monumentu Multzoaren izendapena du EAEn) Lategi auzoko bidetik igarotzen da, planaren xede den lurzatiarekiko paraleloan. Horretarako, 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa.

– Obra-fasean behin-behineko eraginak gerta daitezke, lurzatiarekin muga egiten duen espaloia okupatzen bada. Beharrezkoak badira, neurri zuzentzaileak hartuko dira, Bidea ez mozteko.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Bestalde, Plana egikaritzeko aplikatu beharreko neurrien artean eta obretan, lurzoruaren okupazioan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, hondeatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean gauzatu beharreko jardunbide egokien eskuliburuari dagokionez, honako hauek nabarmentzen dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak egoki kudeatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak ahalik eta gutxien kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Espezie inbaditzaileak kontrolatzea: obrak egin bitartean espezie inbaditzaileak ez barreiatzeko neurriak ezarriko dira. Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik ez sartzeko mugitutako eta landaredirik gabeko lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketak babestea, eta abar). Urbanizazioko landatze- eta lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko dira. Era berean, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurraren kudeaketa bereizia proposatuko da.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariaz aplikatu behar zaizkien arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Urnietako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematen aurkitzen diren kutsadura-aztarna guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea).

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik sortutako energia kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Urnietako udal-mugartean edateko uraren ponpaketa-estazio bat eraikitzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Urnietako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Urnietako udal-mugartean edateko uraren ponpaketa-estazio bat eraikitzeko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 1a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala