Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2021eko martxoaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1683

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita Txaraka Kontenedoreak SLk Elgoibarren (Gipuzkoa) duen hondakinak balorizatzeko instalaziorako.

AURREKARIAK

2020ko azaroaren 26an, Txaraka Kontenedoreak SLk eskaera bat aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, enpresa horrek Elgoibarren duen hondakinak balorizatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin zedin, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2020ko abenduaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertu ondoren, ingurumen-organoak nahikoa judizio-elementu ditu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Txaraka Kontenedoreak SLren hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko Elgoibarko instalazioaren proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio adierazgarriak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Txaraka Kontenedoreak SLk Elgoibarren duen hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalaziorako, ondoren adierazitakoaren arabera:

A) Txaraka Kontenedoreak SL merkataritza-sozietateak Elgoibarko Arriaga industrialdean dituen instalazioetan garatuko duen jardueraren xedea hondakin ez-arriskutsuak balorizatzea da; zehazki, zur-hondakinak ezpal bihurtzea eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (aurrerantzean, EEH) balorizatzea.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Txaraka Kontenedoreak SLk Elgoibarren duen hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematen baita, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1) Proiektuaren ezaugarriak.

Jarduera honako honetan datza: hondakin ez-arriskutsuak kudeatzea; zehatzago esanda, zur-hondakinak ezpal bihurtzea eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzea. Jarduera Elgoibarko Arriaga industrialdean dagoen lurzati batean garatuko da.

Esandako lurzatiak 1.900 m2 inguruko azalera du; hormigoiz estalia du lurzoruaren azalera guztia, eta itxitura eginda dauka. Toki horretan, komunak eta aldagelak dituen etxola bat dago, Arriaga industrialdeko saneamendu-sarera konektatuta.

Aurreikusten da urtean 9.650 tona zur-hondakin eta urtean 11.500 tona EEH tratatzeko ahalmena izatea, ondoren adierazten den moduan banatuta:

– Hormigoia, LER 17 01 01 kodea (2.500 t/urte).

– Adreiluak, LER 17 01 02 kodea (3.000 t/urte).

– Teilak eta material zeramikoak, LER 17 01 03 kodea (1.000 t/urte).

– Hormigoi, adreilu, teila eta material zeramikoen nahasketak, LER 17 01 07 kodea (2.500 t/urte).

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin nahasiak, LER 17 09 04 kodea (2.500 t/urte).

– Basogintzako hondakinak, LER 02 01 07 kodea (500 t/urte).

– Arbola-azal eta kortxo hondakinak, LER 03 01 01 kodea (150 t/urte).

– Zerrautsa, txirbilak, ebakinak, zura, taulak eta abar, LER 03 01 05 kodea (1.250 t/urte).

– Azal- eta zur-hondakinak, LER 03 03 01 kodea (250 t/urte).

– Zurezko ontziak, LER 15 01 03 kodea (1.500 t/urte).

– Zura, LER 17 02 01 kodea (1.500 t/urte).

– 19 12 06 kodean zehaztutakoa ez den zura, LER 19 12 07 kodea (500 t/urte).

– 20 01 37 kodean zehaztutakoa ez den zura, LER 20 01 38 kodea (4.000 t/urte).

Instalazioaren jarduera ez da jarraitua izango, baizik eta jasotako hondakinen bolumenaren araberakoa; hala, tratatu beharreko bolumen jakin batera iristen denean jarriko da abian instalazioa.

Zur-hondakinak eta EEHak balorizatzeko prozesua hasten da, haiek jaso, hondakin motaren arabera bereizi eta pilatzen direnean. Bi xehamakina daude, 80 t/orduko ahalmen nominala dutenak: bata zurezko hondakinak birrintzeko da eta bestea, berriz, EEH hondakinetarako. Prozesu horretan lortzen den errefusa horretarako prestatutako edukiontzietan biltegiratzen da. Behin hondakin xehatua lortu denean, hura pilatu eta azpiproduktu gisa merkaturatzen da.

Euri-urak olioak eta koipeak bereizteko kutxatila batera bideratzen dira, ur horiek poligonoko kolektorera isuri aurretik.

2) Ingurunearen deskribapena.

Jarduera kokatuta dagoen lurzatia Elgoibarko Arriaga industrialdean dago. Proiektuaren esparrua ez dago naturagune babestu baten barruan kokatuta, ez eta natura-intereseko leku batean ere. Inguru horretan ez dago flora eta faunako espezie berezirik, ez eta mehatxaturik ere, eta ez da arkeologia- edo arkitektura-intereseko elementurik identifikatu.

Lurzatia kalteberatasun oso txikiko eremuan dago, akuiferoaren kutsadurari dagokionez. Ez da, aipatutako ingurunean, arrisku natural garrantzitsurik identifikatu, ez dago uholde-arriskuko eremuan, eta, bestalde, ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzatien inbentarioan.

3) Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Jarduera honek eragin ditzakeen ondorio edo inpaktu adierazgarrienak airearen kutsadurarekin lotura dutenak dira, birringailuen funtzionamenduak sortutako hautsagatik eta hondakinak aire zabalean manipulatu eta biltegiratzeagatik. Jarduketa horiek eta mota bateko eta besteko materialen garraioak inguruko soinu maila areagotzea ekarriko dute, jarduera funtzionatzen ari denean, eta gerta liteke bibrazioak sortzea ere.

Azkenik, kontuan hartu behar da urak izan dezakeen kutsadura (solido esekiak izan ditzaketen euri-urak eta hidrokarburoek eragindako kutsadura), lurzorua eta azaleko urak kutsatzeko arriskua areagotu baitezakete.

Instalazioak, hondakin balorizatuaz gain, hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak sortuko ditu jardun ahala, eta horiek motaren arabera sailkatu, eta kudeatzaile baimenduei entregatuko zaizkie.

Esparruaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, ez da aurreikusten ondorio negatibo adierazgarririk egotea aipatutako inguruneko alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Txaraka Kontenedoreak SL enpresak Elgoibarren duen hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioaren proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Hurrengo apartatuetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

– Material birziklatuen kudeaketarekin lotuta egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira lurzorua, lurpeko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalaziotik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkinaren izaerara egokitutako arazketa-gailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako neurriak izango dituzte, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isurketa lokalizatua izateko eta isurkinak kolektorera isurtzeko nahitaezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoekin bat datozela bermatzeko.

– Arazketa-sistemaren mantentze-lanak behar bestetan egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

– Lehengaiak eta balorizatutako materialak horretarako prestatutako kokalekuan bakarrik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zola baldintza ezin hobeetan egongo da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arrisku-eremurik gabe.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak:

– Txaraka Kontenedoreak SLren hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerak honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueretarako Instalazioak Arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.

– Instalazioetan ahalik eta hauts gutxien sortuko da. Airearen kalitatean eraginik ez izateko, neurri egokiak hartuko dira hondakina jasotzeko eta materialak kargatu eta deskargatzeko lanetan, bai eta lantaldeen arteko garraio-eragiketetan eta lortutako materialak biltegiratzean ere.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

– Materialak biltegiratzean bete beharreko baldintzei dagokienez, haizetik babestuen dauden tokietan bilduko dira, hain zuzen ere, haizeak hondakinak herrestan eraman ez ditzan; xede horretarako, metaketen garaiera ere kontrolatuko da.

– Erabiliko diren ibilgailuek nahitaez eduki beharko dituzte karga barreiatzea ekiditeko behar diren elementu guztiak. Bide publikoa berehala garbituko beharko da, garraio-lanetan zikindu bada.

– Ez da hondarrik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

– Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin. Aspertsore-sistema erabiltzen bada materiala edota iraganbideak bustitzeko, egiaztatuko da ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, Legionellosia Prebenitzeari zein Kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak murriztera bideratutako neurriak:

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora (212/2002 Errege Dekretua, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena). Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak:

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen denean hondakinak balorizatzea ezinezkoa dela, bai teknikoki, bai ekonomikoki eta bai ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Jarduera bertan behera uztea:

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ikusten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Txaraka Kontenedoreak SLk Elgoibarren duen hondakin ez-arriskutsuak balioztatzeko instalazioaren proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala