Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2021eko martxoaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1680

12/2021 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien arteko hitzarmena, 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ekonomiari eta zergei buruzko unitate didaktiko komuna ezartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du, eta beharrezko publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien arteko hitzarmena, 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ekonomiari eta zergei buruzko unitate didaktiko komuna ezartzeko dena. Eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 4a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 4KO 12/2021 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ARABAKO, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO FORU-ALDUNDIEN ARTEKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXEETAN EKONOMIARI ETA ZERGEI BURUZKO UNITATE DIDAKTIKO KOMUN BAT EZARTZEKO 2021-2022 ETA 2022-2023 IKASTURTEETAN
PARTE HARTZEN DUTE:

Alde batetik, Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Ekonomia eta Ogasun sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (aurrerantzean, EAEko Administrazioa) ordezkatuz.

Bestetik, Itziar Gonzalo de Zuazo andrea, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru-diputatua, Arabako Foru Aldundia ordezkatuz.

Bestetik, José María Iruarrizaga Artaraz jauna, Ogasun eta Finantzen Saileko foru-diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa.

Bestetik, Jokin Perona Lerchundi jauna, Ogasuna eta Finantza Departamentuko foru-diputatua, Gipuzkoako Foru Aldundia ordezkatuz.

Alderdiek Hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartzen diote elkarri eta hori dela bide hauxe

AZALTZEN DUTE:

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren 2013ko urriaren 14ko erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako batzordea sortu zen, lau kide dituena: Eusko Jaurlaritzako bat eta foru-aldundi bakoitzeko bana. Batzordeak iruzurraren aurka ondoren eginiko plan bateratuek, lehentasunezko jarduketa-lerroen artean, heziketa zibiko-tributarioa sustatzea jaso dute. Zehazki, Iruzurraren kontrako Borrokarako 2016ko Plan Bateratuak honako hau jasotzen du: «Herritarren kontzientzia fiskal kolektiboa indartzea, gazte-gaztetatik zerga-kontzientzia handitzea xede duten hezkuntza-ekintzak bultzatzearen bitartez, gai fiskalei prestakuntza etikoaren eta herritarren ikuspegitik helduz». Halaber, Iruzurraren kontrako Borrokarako 2017ko Plan Bateratuaren prebentzio-ekintzen artean jasota zegoen Euskal Autonomia Osora zabaltzea hezkuntza-modulu bat, programarekin bat egindako ikastetxe guztietan eman beharrekoa, era horretan EAEko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumean sartu ziren heziketa zibiko-tributarioko edukiak hezkuntza arautuan ematea bultzatzearren. Era berean, foru-aldundi bakoitzak aurreikusita dauka zerga-heziketa bultzatzea ikuskapen- eta egiaztatze-planetan.

Helburu horiek betetze aldera, 2017ko uztailaren 7an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomiari eta zergei buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzen duen hezkuntza-programa DBHko laugarren mailatik garatzeko. Hitzarmenean 2018ko ekainaren 30era arteko indarraldia aurreikusten zen, eta hura beste hiru ikasturtez luzatzeko aukera jasotzen zen. Aurreikuspen hori 2018ko apirilaren 17an formalizatu zen, 2020-2021 ikasturtea amaitu arte indarrean dagoen luzapena sinatuta.

Unitate didaktiko horren ezarpenean eraginkortasuna eta arrazionalizazioa errazteko, egokitzat jo zen unitate didaktiko komuna ezartzeko beharrezko zerbitzuak kontratatzeko prozesuan batera jarduteko oinarriak ezartzea, eta EAEko Administrazioari agindu zitzaion zerbitzu horiek kontratatzea.

Hitzarmena eta haren ondorengo luzapenak sinatu zituzten Administrazio Publikoek hitzarmenean bertan xedatutako Jarraipen eta Balorazio batzordeari esleitu zizkioten aurreikusitako helburuak eta ekintzak betetzen diren jakiteko aldizkako jarraipena eta ebaluazioa egiteko eginkizunak. Batzorde horrek egindako emaitzen ebaluazioa positiboa izan da ikastaro bakoitzari dagokionez, eta Administrazio Publikoek berretsi egiten dute EAEko ikastetxeetan ekonomiari eta zergei buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzeak euskal erakundeei eta ogasunei buruzko ezagutza gazteenen artean zabaltzea errazten duela eta zerbitzu publikoen sostenguan parte hartzea eta iruzur fiskalarekiko zero tolerantzia euskal gizartearen balio gisa sustatzen laguntzen duela.

Programaren garapenari buruzko balorazio onak eragina izan du iruzurraren aurka borrokatzeko plan bateratuetan (2018, 2019 eta 2020). Horietan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan programa sendotzeko eta pixkanaka ikastetxe gehiagotara eta ikasle-talde handiagotara zabaltzeko helburua berretsi da. Testuinguru horretan, parte hartzen duten Administrazio Publikoek beharrezkotzat jotzen dute unitate didaktiko komun hori ezartzen laguntzeko ekintzei eustea, beste hitzarmen bat sinatuz. Honelaxe jaso da Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako 2020ko Plan Bateratuan, non lehentasunezko helburutzat jo baita zerga-alorreko heziketaren erakundeen arteko hitzarmena berritzeko prestaketa-lanei ekitea. Hitzarmen horren indarraldia 2021eko ekainaren 30ean amaituko da, eta helburua da jarraipena ematea adosten den ondoz ondoko urte anitzeko aldian. Aldi berean, 2020an zehar, zerga-alorreko heziketaren hitzarmenaren Jarraipen eta Balorazio batzordeak –hor ordezkatuta daude hiru foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritza– lan egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan unitate didaktikoak ezartzeko zerbitzuak emateko hurrengo kontratuaren baldintzak berrikusten eta eguneratzen.

Ekonomia eta Ogasun Sailak, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoko (EZKO) partaidetzaren bitartez –Harmonizazio, Koordinazio eta Lankidetza Fiskalerako maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen bidez sortu eta arautu zen–, besteak beste, eginkizun hau du: «foru-aldundien arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzea tributu-eskumenak erabiltzeko orduan, tributuen kudeaketan eraginkortasun handiagoa lortzearren»; hori dela eta, proiektu honetan, batetik, ogasunaren arloan sinatzen duten Administrazio Publikoei dagozkien eskumenak daude eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari hezkuntzaren arloan ematen dion eskumena eta Lurralde Historikoei dagokien tributu-eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 41. artikuluan eta Kontzertu Ekonomikoaren 1. artikuluan ezarritakoa betez.

Horregatik, aldeek hitzarmen hau sinatzen dute eta honako hauek hitzartzen dituzte:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da euskal hezkuntza-sistemako prestakuntza arautuan sartutako ikasketak egiten dituzten ikasleen artean ekonomiari eta zergei buruzko unitate didaktiko komun bat ezartzeko jarduketak definitzea. Unitate didaktiko hori DBHko 4. mailako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasleek ikasi beharko dute, ikastetxe bakoitzaren aukeran, ikasleen artean kontzientziazio fiskal handiagoa sustatzeko. Hori guztia, bostgarren klausulan, 3. idatz-zatiko, h) hizkian aurreikusitakoaren kalterik gabe.

Jarduketa horien artean daude 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan unitate didaktiko hori ezartzeko zerbitzu-kontratu bat esleitu eta kudeatzeari buruzkoak, bai eta EAEko administrazioak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratu hori finantzatzeko irizpideak zehazteari buruzkoak ere.

Bigarrena.– Kontratazio-organoa.

EAEko administrazioari ematen zaio 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan unitate didaktiko komuna ezartzeko zerbitzuak kontratatzeko ardura. Beraz, hitzarmen honen xede den kontratuari dagokionez, kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratazio-organoari esleitzen dizkion ahalmenak baliatuko ditu.

Kontratazio-mahaiaren bileretara, bosgarren klausulan araututako Jarraipen eta Balorazio batzordea sartuko da aholkulari espezializatu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuari jarraikiz.

Hirugarrena.– Unitate didaktiko komuna.

1.– Unitate didaktiko komunak egitura eta eduki uniformea izango du, funtsean, ematen den ikastetxe guztietan. Edukia Jarraipen eta Balorazio batzordeak zehaztutako ikuskapenaren eta jarraibideen arabera finkatuko da. Hala ere, foru-aldundiek beretzat gordetzen dute unitate didaktiko komunaren edukiak euren zerga- edo antolaketa-araubidetik erator daitezkeen berezitasunetara egokitzeko eskubidea, betiere batzordearen baitan hartutako jarraibideak errespetatuz.

2.– Jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubideak eta, oro har, hitzarmen hau gauzatzetik erator daitekeen edozein emaitza hitzarmena sinatu duten Administrazio Publiko guztien jabetzakoak izango dira.

3.– Aurrekoaren ondorioz, idatzizko, ikus-entzunezko edo edozein formatu multimediako eduki eta material didaktiko guztiak, unitate didaktiko komunean oinarrituak eta kanpoko kontratazioaren esparruan garatuak, plataforma batean egongo dira, Administrazio Publiko sinatzaile guztientzat eskuragarri.

4.– Foru-Aldundi bakoitzak bere webgune instituzionalean sartu ahal izango ditu unitate didaktikoaren edukiak, klausula honen 1. apartatuan adierazitako berezitasunekin, eta askatasunez eta bere baliabideen bidez zabaldu ahal izango du unitate didaktikoaren edukia bere lurralde-eremuan. EAEko administrazioak, berriz, unitate didaktikoen edukiak jasotzen dituzten hiru Foru-Aldundien webetarako estekak gehituko ditu Ekonomia eta Ogasun Sailaren webean, eta horien berri zabaltzen lagunduko du.

Laugarrena.– Kontratuaren finantzaketa.

1.– Unitate didaktikoa ezartzeko kostua honela banatzen da:

a) Unitate didaktikoa ezartzeko zerbitzuen ondoriozko kostu finkoak:

Memoriak eta txostenak: behin betiko diseinuaren memoria, metodologia eta plangintza, informazio-memoriak eta amaierako memoria.

Material didaktikoa eta plataforma multifuntzionala.

Programa ezartzen den ikastetxe-kopuruak kostuan zuzenean eraginda ez dauden beste batzuk.

EAEko administrazioak: % 50.

Foru-aldundiek: gainerako % 50a, Baliabideak banatzeko metodologiari eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak zehazteko metodologiari buruzko araudian araututako koefiziente horizontalen arabera banatuta, betiere hitzarmen hau aplikatu beharreko lehen ikasturtearen hasieran indarrean badaude, hau da, 2021-2022 ikasturterako:

(Ikus .PDF)

b) Programa ezartzeko kostuak, ikastetxe bakoitzeko unitate-zenbateko bat oinarri hartuta zehaztutakoak eta aukeratutako prestakuntza-ibilbideen arabera egokitu ahal izango dira:

EAEko administrazioa Programa irakasten duten EAEko ikastetxe guztietan ezartzeko kostuaren % 50a.

Foru-Aldundiak: Foru-Aldundi bakoitzari dagokio bere Lurralde Historikoko ikastetxeetan ezartzeko kostuaren % 50a.

2.– Kontratazio-espedientean gehieneko kostua finkatzeko erreferentzia-egoera programaren indarraldiko bi ikasturteetako bakoitzean lortu beharreko ezarpen-mailako helburu hauetatik eratorritakoa da:

(Ikus .PDF)

Ondorioz, parte hartzen duten Administrazio Publiko bakoitzak gehienez bere gain hartutako konpromiso ekonomikoa honako hau da:

(Ikus .PDF)

Erreferentzia-egoerei eragin diezaieketen aldaketak, kontratazio-prozesuaren beraren ondoriozkoak zein unitate didaktikoa ezartzeko prozesuaren ondoriozkoak, Jarraipen eta Balorazio batzordean onartuko dira, baldin eta erakunde parte-hartzaileek euren gain hartutako gehienezko konpromiso ekonomikoaren muga gainditzen ez badute.

3.– Administrazio Publiko sinatzaile bakoitzak bere gain hartuko duen gehienezko konpromiso ekonomikoa, aurrekontuko honako programa eta partida hauen kargura finantzatuko du,:

(Ikus .PDF)

4.– Administrazio kontratatzaileak hartuko du bere gain kontratazioak eragindako kostuak ordaintzeko betebeharra, hargatik eragotzi gabe ondoren foru-aldundiei jasanaraztea. Ondore horietarako, EAEko administrazioak egiaztatzeko fakturen kopia bidaliko dio bakoitzari, ikasturte bakoitzeko zer zenbateko dagokien adierazita, eta, ondoren, zenbateko hori Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiaren kontura transferituko dute urte bakoitzeko urriaren 1a baino lehen.

Bosgarrena.– Balorazio eta Jarraipen batzordea.

1.– Jarraipen eta Baloraziorako batzordearen bitartez gauzatuko da Administrazio Publiko sinatzaileen arteko lankidetza.

2.– Lau kide izango ditu Jarraipen eta Baloraziorako batzordeak, bana Administrazio Publiko bakoitzaren ordezkaritzan, edo horiek eskuordetutako pertsonak.

EAEko administrazioaren ordezkaria, edo eskuordetzen duen pertsona, izango da batzordeburua. Batzordeko idazkaria, berriz, EAEko administrazioaren zerbitzuko pertsona bat izango da; eginkizunak beteko ditu horrek baina ez du bozkatzeko eskubiderik izango.

3.– Jarraipen eta Balorazio batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Unitate didaktiko komuna ezartzeko jarraibideak finkatzea. Foru-aldundiek, euren zerga- edo antolaketa-araubidetik eratorritako espezifikotasunak kontuan izanda, unitate horretan planteatzen dituzten edukien egokitzapenen jakinaren gainean izango dute Batzordea.

b) Egindako txosten teknikoak aztertzea.

c) Kontratazio-mahaiaren bileretan parte hartzea bigarren klausulan xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Aurreikusitako helburuak eta ekintzak betetzen direla aldian-aldian jarraitu eta ebaluatzea.

e) Hitzarmena betetzen dela zaintzea.

f) Hitzarmen honetan aurreikusitako erreferentzia-egoeretan eragina izan dezaketen aldaketak onartzea, bai hitzarmenetik eratorritako kontratazio-prozesuaren ondoriozkoak, bai unitate didaktikoa ezartzeko prozesuaren ondoriozkoak, baldin eta Administrazio Publiko sinatzaile bakoitzak bere gain hartutako gehieneko konpromiso ekonomikoaren muga gainditzen ez badute.

g) Zortzigarren klausulan aipatzen den luzapena proposatzea, eta, luzapenaren eraginpeko aurrekontu-ekitaldietarako, kontratuaren kostuaren banaketa laugarren klausulan ezarritako irizpideen arabera eguneratzea proposatu ere.

h) Lehenengo klausulan aurreikusiak ez dauden ikasketak egiten dituzten ikasleen artean, salbuespen gisa, hezkuntza programaren ematea baimentzea.

i) Hitzarmena garatu eta gauzatzeko orduan sor litezkeen interpretazio-auziak argitzea.

j) Hitzarmen honetan zehaztutako beste edozein.

4.– Idazkariak egingo ditu batzordearen deialdiak, batzordeburuaren aginduz, eta gutxienez saioarekiko 48 orduko aurrerapenaz. Deialdia, ahal bada, bide elektronikoz egin beharko da, eta eztabaidatzeko zein erabakiak hartzeko behar diren agiri guztiak izango ditu atxikita.

Batzordearen eraketa balioduna izan dadin, kideen gehiengo osoa eta idazkaria bertan egon beharko dira.

5.– Bertaratutako kideen gehiengo soil bidez hartuko ditu batzordeak erabakiak. Berdinketa dagoenean, presidentearen kalitate botoak erabakiko du.

Hala ere, batzordearen zenbait erabaki aho batez hartuko dira, honako hauek, hain zuzen: hitzarmenaren luzapenaren proposamenari eta kontratuaren kostua banatzeari buruzkoak, baita hitzarmenean esanbidez aurreikusita ez dauden bestelako kostu finkoak zehazteko proposamenari buruzkoak ere, programa ezartzen den ikastetxe kopuruak kostuan zuzenean eraginda ez dauden beste batzuk, alegia.

Batzordekide guztiek hitza eta botoa izango dute. Idazkariak, batzordekidetzat hartu gabe, hitzarekin baina botorik gabe gauzatuko ditu eginkizunak.

Seigarrena.– Ebazpena.

Alderdi sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, gainerako Administrazio Publikoetako edozeinek errekerimendua jakinarazi ahal izango dio alderdi ez-betetzaileari, hilabeteko epean betebehar eta konpromiso horiek bete ditzan. Errekerimendu hori Jarraipen eta Balorazio batzordeari ere jakinaraziko zaio. Emandako epea igarota, errekerimenduari erantzun ez bazaio eta Jarraipen eta Balorazio batzordeari horren berri emanda, Hitzarmena bertan behera geratuko da.

Kontratua indargabetzearen ondorioak urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira. Gastuak gertatu badira, laugarren klausulan finkatutako arauei jarraikiz ordainduko dira.

Zazpigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, hala xedatzen baitu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluak.

Lankidetza-hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluko 2. apartatuko a) letran aurreikusitako motakoa da.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, haren aplikazio-eremutik kanpo dago.

Hitzarmena garatu eta betearaztean alderdien artean auzirik sortzen bada eta Jarraipen eta Balorazio batzordeak ezin badu hura ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena.– Indarraldia eta luzapenak.

Hitzarmen honek Administrazio Publiko parte hartzaile guztiek sinatzen dutenetik aurrera izango ditu ondorioak, eta 2023ko urriaren 1a baino lehen aurreikusitako konpromisoak amaitu arte egongo da indarrean.

Hala ere, hitzarmena luzatu ahal izango da, Administrazio Publiko sinatzaileek aho batez hala erabakitzen badute, beste bi ikasturtez, 2025eko irailaren 30 arte, bera barne, laugarren klausularen baldintzak eguneratu eta behar besteko aurrekontu-esleipena egiaztatu ondoren.

Eta erabat ados daudela adierazteko, Pedro María Azpiazu Uriarte jaunak, Itziar Gonzalo de Zuazo andreak, José María Iruarrizaga Artaraz jaunak eta Jokin Perona Lerchundi jaunak, Administrazio Publiko parte hartzaile bakoitzaren ordezkapenean, hitzarmen hau elektronikoki sinatzen dute.


Azterketa dokumentala