Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2021eko martxoaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1625

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 5ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko otsailaren 24ko erabakia argitaratzen den, 2021eko «Industria Digitala» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko otsailaren 24ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Industria Digitala» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Industria Digitala» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko martxoaren 5a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2021EKO MARTXOAREN 5EKO EBAZPENAREN ERANSKINA
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN AKORDIOA, 2021EKO OTSAILAREN 24KOA, 2021EKO «INDUSTRIA DIGITALA» LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK ETA DEIALDIA ONARTZEN DITUENA ETA HORIEK ARGITARATZEA AGINTZEN DUENA

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, baita inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta ekintzailetza enpresariala sustatzearen bidez euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.

Zentzu horretan, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Agenda bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiko eraldaketa digitala bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Ondorioz, Informazioaren Gizartearen garapena sustatzea da Laguntza Programa honen helburu nagusia eta, horretarako, enpresa industrialetan eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresetan EIKTak txertatzen laguntzea.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Ordenatzaileen Legeko Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 48.5 artikuluak agintzen duenez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako entitate guztiek publizitate-printzipioaren arabera doitu behar dute haien dirulaguntza-jarduera.

Goian adierazitakoaren arabera,

HAUXE ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– 2021eko «Industria Digitala» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau argitaratzeko eta indarrean sartzeko egin beharreko izapide guztiak egiteko ahalmena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Orokorrari.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina Akordio honek.

ERANSKINA
2021EKO INDUSTRIA DIGITALA LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, bestea beste, enpresen garapena sustatzeko.

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Agendan (EEDA2025) definitutako jardute-politikekin bat datorren tresna bat da «Industria Digitala» programa.

Programa hau lerrokatuta dago Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin; hau da, 2015eko irailaren 25ean Nazio Batuek onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan, enpresek funtsezko rola bete behar dute. Ardura bat da hori, eta, aldi berean, aurrekaririk gabeko aukera da negozio baten helburuak ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin lerrokatzeko. Azken finean, garapen jasangarriaren arloko munduko erronkarik handienei aurre egiteko aukera ematen duten soluzioak eta teknologiak garatzeko eta inplementatzeko aukera eskaintzen dute Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH).

Ildo horretatik, erronka horiei aurre egitera bideratutako hainbat ekintza garatu izan ditu SPRIk. Enpresa txiki eta ertainetan (ETEak) eta tamaina handiko enpresa industrialetan zein produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresetan Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak (EIKT) txertatzearen erronkari erantzun nahi dio Industria Digitala programak. Era berean, adierazi behar da programa jasota dagoela erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, 2021eko ekitaldirako onetsitakoan.

1. artikulua.– Xedea.

Enpresa industrialetan eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresetan Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak (EIKTak) txertatzen laguntzea da Programaren helburua, enpresen lehiakortasuna hobetzeko xedez.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago dirulaguntzen Programa hau.

2.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

3.– Programa honen bitartez ematen diren laguntzek garrantzi txikiko izaera edo minimis izaera dute; ondorioz, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 EB Araudian ezarritakoa bete behar dute.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

5.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honi dagokionez, honako definizioak ezarri dira.

1.– Kanpoko aholkularitza eta/edo ingeniaritza espezializatuarekin lotutako gastuak eta inbertsioak. Aurkeztutako proiektuaren arloan adituak diren eta proiektuaren exekuzioan parte hartzen duten kanpoko enpresen kontratazioarekin lotutako gastua. Proiektuarekin zerikusia duten hardware edo softwareetan egindako inbertsioak.

2.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, aukera daitezkeen gastuen eta/edo inbertsioen onartutako gehieneko aurrekontuen ehuneko gisa adierazita.

3.– Enpresa handiak. Ondorengo puntuan ezarritako atalaseak gainditzen dituzten enpresak.

4.– Enpresa txikiak eta ertainak (ETEak), 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Batzordearen Gomendioaren arabera.

a) 250 langile baino gutxiago dituzten eta urtean 50 miloi euroko negozio bolumena gainditzen ez duten enpresak, edo urteko balantze orokorra 43 miloi eurokoa baino handiagoa ez dutenak.

b) Enpresa ertainak: 50 eta 249 langile artean dituzten eta urtean 10 eta 50 miloi euro arteko negozio-bolumena duten enpresak, edo 10 eta 43 miloi euro arteko urteko balantze orokorra dutenak.

c) Enpresa txikiak: 50 langile baino gutxiago dituzten eta urtean 10 miloi eurotik beherako negozio bolumena duten enpresak edo 10 miloi eurotik beherako urteko balantze orokorra dutenak.

d) Langile kopurua, zenbateko finantzarioak eta erreferentzia-epea zehazteko garaian, Europako Batzordearen EB 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuko da.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2021eko baliabide ekonomikoak 3.600.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen ditu laguntzak (diruz lagundutako zenbatekoaren % 50 ordainduko du EGEFek). Hori dela eta, 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) xedapenen menpe daude laguntzak, eta, EGEFek konfinantzatzen dituenez, gutxienez, honako betebeharrak bete behar dira:

– Onuradunak Estatuko eta Europar Batasuneko legedia bete behar du kontrolari, ardurari, erregimen zigortzaileari eta arauak ez betetzeari dagokienez.

– Euskadiko 2014-2020 EGEF Programa Operatiboaren barruan kofinantzatuko da laguntza, eta alderdi hori jakitera eman beharko da, 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115. artikuluko 3. atalaren eta XII. eranskinaren 2.2 atalaren arabera. Ildo horretatik, diruz lagundutako ekintzen berri emateko eta haien komunikazioa eta hedapena egiteko sortutako material/euskarri guztietan jakinarazi beharko da ekintza hori Europar Batasunak kofinantzatzen duela EGEFen bidez, eta Europar Batasunari erreferentzia egiteaz gain, haren ikurra gehitu beharko da; eta, ekintza garatzen den bitartean, haren deskribapen labur bat egingo da dagokion webgunean, Europar Batasunaren laguntza finantzarioa nabarmenduz, eta, gutxienez, proiektuaren gaineko informazio-kartel bat jarriko da –gutxienez, A3 neurrikoa–, non Europar Batasunaren laguntza finantzarioa aipatuko den publikoak ongi ikusteko moduko leku batean.

– Laguntza onartzeak esan nahi du, era berean, onartu egiten dela 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115. artikuluko 2. atalean jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea.

EGEFen kofinantziazioak harekin dakar aurrera eramandako ekintzen finantziazioaren, administrazioaren eta jarraipenaren gaineko informazioa gordeta izateko betebeharra; 3 urtez gorde beharko da informazio hori, eragiketa-gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik kontatzen hasita. Testuinguru horretan, onuradunaren betebeharra da informazio hori erraz eskuratzeko moduan izatea ere (bereizitako kontabilitate-sistema edo kodifikazio espezifikoa).

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.

1.– Enpresa industrialek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresek eskura ditzakete Programa honetan aurreikusitako laguntzak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko talde industrialen eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-taldeen enpresa nagusiek ere, betiere haien osotasunean aipatutako ezaugarriak betetzen badituzte, haien egoera ekonomikoa kontuan izanda, eta 6. artikuluaren arabera dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat badute. Aurkeztutako proiektuak zentro horretan eragina izan beharko du, eta diruz laguntzen den jarduera bertan egin beharko da.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda badago.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Oinarri hauetan azaltzen diren dirulaguntzaren eragin eremuetan zerbitzuak eskaintzen dituzten aholkularitza informatikoko enpresekin eta ingeniaritza-enpresekin lotura zuzena edo zeharkakoa badute, akzioen edo partaidetzen bidez.

b) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

c) Armen ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzatzearekin lotutako jarduerak garatzen badituzte.

d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzunkizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzunkizunpeko aitorpena.

6. artikulua.– Diru lagundu daitezkeen jarduerak.

Diagnostikoa egin eta/edo EIKTak ezartzeko honako proiektuak lagundu ahal izango dira diruz:

1.– Enpresaren barneko informazio-sistemak Cloud zerbitzuetara migratzeko proiektuak.

2.– Sentsorika, SCADA, serbitizazioa, prozesuen automatizazioa, Bigdata eta blockchain.

3.– Errealitate birtuala, areagotua eta mistoa, eta ikusmen artifiziala.

4.– Smart Factory. Industria-prozesuen simulazioa, gaitasun fisikoak eta birtualak konbinatuta.

5.– Fabrikazio gehigarria: ingeniaritza- eta aholkularitza-zerbitzuak, hasierako ideiatik eta diseinutik ekoizpenera arteko prozesuan laguntzeko.

6.– Gamifikazioa. Erabiltzaileak fidelizatzeko, motibatzeko eta haien konpromisoa lortzeko, jokoetatik hartutako teknikak aplikatzea aurreikusten duten aholkularitza-proiektuak.

7.– Merkataritza elektronikoa: Erosketa elektronikoak, salmenta elektronikoak, B2B (Business to Business) edo B2C (Business-to-Consumer) proiektuak.

8.– Enpresaren kudeaketa aurreraturako sistemak, hala nola ERPak, Business Intelligence, SMC, prenbentziozko mantentze-lanak, hornidura-katearen kudeaketa logistikoa.

9.– Produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa (CAM, CAE, PDM, DMF moduko aplikazioak ezartzea).

10.– Telelana: tresna kolaboratiboak, enpresako sistemetarako eta aktiboetarako urruneko sarbideak, negozioaren jarraitutasuna.

Enpresa handien kasuan, ez dira diruz lagunduko 8., 9. eta 10. puntuetan deskribatutako jarduerak.

Orokorrean:

– Ez dira diruz lagunduko aurrez SPRIren programa baten barruan diruz lagundutako proiektuak eguneratzeko edo mantentzeko jarduerak. Laguntza-eskaera berria aurkezten den egunetik kontatzen hasita, aurreko 7 urteetan SPRIren laguntza jaso duten proiektuek berriro ere jaso dezakete programa honen laguntza, betiere ikuspuntu teknologikotik proiektuak jauzi kualitatiboa izango duela ziurtatzen badute.

– Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak, «serbitizazioarekin» zerikusia duten proiektuak salbu.

– Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.

– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu edo/eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira 6. artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza-eskaera SPRIn aurkeztu ondoren eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortuak edo fakturatuak izan behar dute.

2021eko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira orobat, betiere araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira eskaerak.

b) Kanpoko enpresa adituek eginak.

2.– SAAS formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea aurreikusten duten proiektuei dagokienez, gastu hautagarritzat hartu ahal izango dira era horretako zerbitzuei egozteko moduko gastuak ere, gehienez 12 hilabetean, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 6. artikuluan deskribatutako proiektu moten barruan badaude.

3.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

4.– Honako hauek ez dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea edo aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez dira izango ez sozietate publikoak, ez zuzenbide publikoko erakundeak, ez elkarteak, ez profesionalen elkargoak ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak ere.

b) Ez dute izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.

6.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

e) Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Laguntzak dirulaguntza bezala egituratuko dira.

Dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:

– «Proiektuaren aurrekontu global onartua» bi aurrekonturen batura izango da: onartutako Aholkularitza- edota Ingeniaritza-gastuen aurrekontua eta onartutako Hardware edota Software aurrekontua.

– Diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzeko «Onartutako gehieneko aurrekontua», ehunekoak aplikatzeko eta dirulaguntza kalkulatzeko erabiliko dena, aurreko puntuan azaldutako bi kontzeptuen (aholkularitza edota ingeniaritza gastuak, eta hardware eta software gastuak) batura izango da.

Aholkularitza eta/edo ingeniaritza gastuak, gutxienez, proiektuaren aurrekontu global onartuaren % 50 izango dira.

Onartutako gehieneko gastuen eta inbertsioen aurrekontuaren barruan, diruz lagun daitekeen kontzeptu bakoitzari egokitzen zaion dirulaguntzaren ehunekoak (artikulu honetan bertan deskribatzen den moduan) honako hauek dira:

a) Mikroenpresak eta enpresa txikiak: % 50.

b) Enpresa ertainak: % 35.

c) Enpresa handiak, % 25.

Proposatutako dirulaguntza % 5 gehiago handituko da, laguntzeko gehieneko muga gainditu gabe, baldin eta enpresak honako baldintzaren bat betetzen badu:

– Hizkuntzaren Kudeaketarekin lotutako Bikain Kalitate Ziurtagiria izatea, zeinak enpresan euskara erabiltzen eta kudeatzen dela, eta haren presentzia dagoela ziurtatzen duen.

– Berdintasun Plan bat izatea, 100 langile edo gutxiagoko enpresen kasuan soilik; izan ere, 100 langiletik gorakoak legez derrigortuta daude Berdintasun Plana izatera.

– Programa honek diruz lagun ditzakeen jardueren barruan, Softwarea euskaraz erabiltzea bultzatzen duten proiektuak izatea.

Proiektuarekin lotutako aholkularitza-ingeniaritza, hardware eta software gastuak dituen eta diruz laguntzeko modukoa den jarduera bat edo gehiago egiteko, 18.000 euroko dirulaguntza emango da gehienez enpresa onuradun bakoitzeko eta urteko.

Dirulaguntzaren 18.000 euroko gehieneko mugaren barruan, diruz lagun daitezkeen kontzeptu bakoitzeko gehieneko dirulaguntzak hauek izango dira:

– Hardware eta/edo Sofwarea: gehienez 9.000 euro.

– Aholkularitzako eta/edo Ingeniaritzako gastuak: gehienez 18.000 euro.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, betiere gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta, edo bestelako diru-sarrerekin batera. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak izango dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen ninimis-eko laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuz. Baldin eta enpresa onuradunak errepideko garraio-sektorean besteren konturako garraio operazioak egiten baditu, gehieneko hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.

2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.

3.– Eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

5.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.

6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta helbide-soziala.

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko egoitza izatea, gutxienez zentro batekoa, non Laguntza Eskaeran deskribatzen diren eta diruz lagun daitezkeen jarduerak garatuko dituzten.

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan ere, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Enpresaren tamaina zehazteko datuak.

– Ez egotea araudi honen 5. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

– Konpromisoa hartzea araudi honen 7.6.d) artikuluan adierazitakoa betetzeko.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionez).

– Detektatutako arazoa / premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den EIKT konponbidearen azterketa zehatza. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

e) Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan sortu bada, enpresaren «negozio-plana» aurkeztu beharko da.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte dirulaguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

7.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2021eko irailaren 24an bukatuko da. Halere, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2021eko irailaren 24ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

Laguntza-eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa, diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.

Era berean, tramitaziora onartuko dira 2020ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera horiek araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira.

12. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Espedienteak osaturik daudenean ebaluatu eta ebatziko dira laguntza-eskaerak, zuzeneko esleipenaren bidez. Aurkezten diren hurrenkeran ebatziko dira eskaerak, aurrekontu-kreditua gastatu bitartean.

2.– Aurkeztutako laguntza-eskaerak onartzeko irizpideak 6. eta 7. artikuluetan daude jasota.

3.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du, segidako egilespenaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

4.– Ebazpen-epea. Ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetitsat joko da.

5.– Ebazpenen berri ematean jakinaraziko da zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den eta; era berean, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da.

6.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia, banakatuta ageriko direlarik aholkularitza edota ingeniaritzako gastuak eta hardware eta software kostuak.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa. Erakunde hornitzaileak egingo du behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak. Aurkeztutako proiektuaren desbideratzeak, baleude, eta haiek justifikatzea.

– Eginiko ingeniaritza- edota aholkularitza-lanak eta proiektuan sortutako dokumentuak.

– Aholkularitza zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaion ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako denbora...).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...). Azaldu erlazioa eta zergatik diren beharrezkoak.

– Fakturatutako zenbatekoak banakatuta, orobat adieraziz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak eta hardwarea (hala badagokio).

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

Likidazio-eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

5.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

14. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak SPRIk gauzatuko ditu, laguntza esleitu zaion erakunde onuradunari ordainketa bakarra eginda, likidazio-eskaera eta 13. artikuluan eskatzen den justifikaziorako dokumentazioa modu egokian aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza ekintza-plana garatzeko erabiltzea.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei.

f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

3.– Gauzatutako ekintzak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak aldatzen ez badira.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraiki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1).

5.– 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 1303/2013 Erregelamendua (EB), Eskualde Garapeneko Europako Funtsen inguruko xedapen arruntak ezartzen dituena, besteak beste.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren funtzio publikoa da, haren eraketa-estatutuetan ezarritakoari jarraiki, Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus: http://www.spri.eus/es/quienes-somos/ sociedades-del-grupo-spri http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/privacidad www.spri.eus/privacidad, web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala