Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2021eko martxoaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1559

AGINDUA, 2021eko martxoaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021ean kultura arloko profesionalei zuzendutako COVID-19 laguntzak arautu eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

COVID-19 pandemiak aurrekaririk gabeko osasun-krisia eragin du mundu osoan, bai eta krisi ekonomikoa ere, jarduera-sektoreak geldiaraztearen eta moteltzearen ondorioz; izan ere, sektore horien behin betiko dimentsioak ez gara oraindik ezartzeko gai. Norbere burua babesteko-neurriak denboran luzatzeak eszenatoki berria erakusten du, eta zalantzazko etorkizuna, pandemia aurretik genuen normaltasunera itzultzeko zailtasun handiekin.

Osasun-alarma globalaren aurrean hartu behar izan diren neurriek bizitza sozial eta ekonomikoaren esparru guztiei eragiten badiete, kulturaren sektorean izan dituzten ondorioak bereziki kezkagarriak dira. Ekonomiaren hauskortasuna, lan- eta enpresa-egituren berezitasuna, jardueren aldizkakotasuna eta jarduerak gizartearen garapenean, dinamismoan eta nortasunean duen berebiziko garrantzia direla eta, beren-beregizko eta presazko neurriak hartu beharra dugu, ahal den neurrian, sormen-ehunari eusteko eta haren jarraipena eta jarduera bermatzeko.

Ildo horretan, 2020an izandako ezeztapenei gehitu zaien kontratazioaren dezelerazioak kalte ekonomikoak eragin dizkie kulturaren arloko profesional gehienei. Kulturaren Euskal Behatokiaren arabera, % 40,8 izan zen negozio-zifraren hasierako eragin negatiboa, enplegu-zifra % 40,3 jaitsi zen, eta etorkizuneko kontratazioak, berriz, % 80,4.

Osasun-krisiaren aurrean 2021ean hartzen diren autobabes-neurriek kultura-sektoreak zifra negatiboak izaten jarraitzea ekar dezakete. Kultur jarduerari ezarritako mugak eragiten ari diren diru-galerak ehun hori nabarmen galtzea ekarriko du, eta galera hori nekez berreskuratu ahal izango datozen urteetan.

Merkatu-lehiakortasunari begira kultura-jarduerari 2021ean berriz noiz ekingo zaion ez jakiteak arriskuan jartzen du kulturan diharduten pertsona eta egitura profesionalek sorkuntza- eta berrikuntza proiektu berrietan inbertsioa handitzeko duten gaitasuna.

Eusko Jaurlaritzak estaldura eman nahi die egoera horiei, jarduerari ezarritako mugek eragindako zuzeneko galera ekonomikoa arintzen laguntzeko eta egitura horiek behin betiko ixtera jotzea saihesteko ahal den neurrian.

Horretarako, dirulaguntza bat ezartzen da, 2020an beren jarduerari, egiturei eta know how-ari eusteko diru-sarreretan jaitsierak izan dituzten pertsona autonomoei, enpresei eta kultura-arloko erakunde profesionalei laguntzeko. Horregatik proposatzen du Eusko Jaurlaritzak laguntza-ildo bat ezartzea, 2021ean kultura-jarduera ahalbidetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jarduerei eta horien zabalkundeari buruzko eskumenak.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 12. artikuluak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu honako arlo hautan: musika, arte eszenikak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen industriak.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudia jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina –EAEONALTB– Onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartzen den Erregelamenduan.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2021eko otsailaren 18an onartu duen eta sailaren beraren webgunean (https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_21_24/eu_def/adjuntos/Dirulaguntzen-URTEKO-plana-Plan-ANUAL-Subvenciones-PAS-2021.pdf argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da eta baita Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailaren Urteko Dirulaguntzen Planean ere, 2021eko otsailaren 18an onartua eta Sailaren web gunean argitaratua: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/)

Eta, horren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da dirulaguntzak arautzea eta horietarako deialdia iragartzea, COVID-19 pandemiak sorturiko krisiaren eraginez diru-sarrerak murrizteagatik, 2021erako euren jarduera ekonomiko profesionalaren jarraitutasuna ezbaian ikusi duten EAEko kultura-sektoreko profesional autonomoek, enpresek eta entitate profesionalek kultura-jarduerarekin jarrai dezaten.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.100.000 eurokoak dira guztira, 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

3. artikulua.– Eskatzaileak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango dira beren jarduera ekonomikoa edo profesionala EAEko kultura profesional esparruan garatzen duten profesional autonomoak, enpresak eta erakunde profesionalak.

2.– Deialdi honetan xedatutako ondorioetarako, jarduera ekonomikotzat hartuko da kultura-adierazpenei lotutako produktuak edo zerbitzuak sortzea, izaera profesional eta irabazi-asmokoak.

Deialdi honen ondorioetarako, profesionaltasun-baldintza gertatuko da jarduera garatzen dutenek sektorean ezarritako hitzarmen edo erabilerekin bat datorren ordainsaria dutenean, eta inoiz ez lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa 2019ko ekitaldian.

Horiek horrela, deialdi honetatik kanpo geratuko dira elkarte amateur guztiak, baldin eta elkarte horietako kideek ez badute inolako ordainsaririk jasotzen, agiri bidez egiaztatuta, garatutako jarduerarengatik.

Era berean, deialdi honen ondorioetarako, irabazizko izaera edo merkataritza-izaera izango du gutxienez 2019ko ekitaldian merkatuarekin bat datorren kontraprestazio ekonomikoa duen produktu- edo zerbitzu-sorkuntzak.

3.– Deialdi honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kultura sektoreko alderdi hauek baino ez dira aintzat hartuko: sorkuntza, ekoizpena, erakustea, profesionalak prestatzea eta/edo zaintzea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera horretan aritzeko legez eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta honako tipologia hauetakoren baten sartzen badira: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza, bitartekaritza eta/edo kultura aholkularitza/kontsultoretza, liburua eta literatura, musika eta ondarea.

4.– Kanpoan geratuko dira kulturaren sektorean txikizkako merkatura bideratutako jarduerak egiten dituzten erakundeak (liburu-dendak, musika-dendak eta zinema-aretoak), baita prestakuntzaren esparruan kulturaren profesionalei zuzenduta ez daudenak ere. Halaber, berariaz kanpo geratzen dira kirol-, aisialdi-, astialdi-, ostalaritza- edo turismo-jarduerak.

5.– Nolanahi ere, kanpoan geratuko dira, halaber, enpresa publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, bai eta administrazio publikoek gehiengoz izendatutako pertsonek edo haien kide direnek osatutako organo gorena dutenak ere.

6.– Era berean, kanpoan geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko eta 2021eko ekitaldietako Aurrekontu Orokorretan laguntza izendunekin agertzen diren erakundeak.

4. artikulua.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) 2020ko fakturazioa, gutxienez % 70ean, Agindu honen 3.3 artikuluan adierazitako jarduera batekoa edo batzuetakoa izatea.

b) Eskaera egiten den unean eta dirulaguntza justifikatzen den unean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan eta Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, eta hala dagokionean, dagozkion erregistroetan.

c) Agindu honen 3.3 artikuluan jasoetako jardueretako bat izatea gizarte-jardueraren edo -helburuaren xedea.

d) 2020ko fakturazioak % 20ko edo gehiagoko murrizketa izatea 2019ko ekitaldiarekiko, COVID-19 pandemiak eragindako krisiaren ondorioz.

e) EAEn establezimendu iraunkorra izatea.

2.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

3.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako gaitasun gabetu duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik gertatutakoak barne.

4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta itzulketa-betebeharrak ere.

5.– Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako gainerako egoeretan, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

5. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta hilabetekoa izango da.

2.– Pertsona juridikoek modu elektronikoan aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

3.– Pertsona fisikoek aurrez-aurre zein modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Zuzenean zerbitzuko bulegoetan nahita nahiez aldez aurreko hitzorduaz aurkeztuko dira https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean edo aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko beren-beregi jarritako 945 019000 telefonoaren bide, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusita gainerakoez bat.

– Elektronikoki: euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4. atalean adierazten den helbidean.

– Eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

4.– Eskabideak aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da (euskadi.eus), atal honetan adierazitako helbideen bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoen bidez.

Eskabide-inprimakia eta izapideak egiteko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1200101

Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://euskadi.eus/mikarpeta; bertan daude eskuragarri bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Izapidetze elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

8.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Eratze-eskritura eguneratua eta/edo estatutuak edo autonomoetako alta, kultura-jarduera jasotzen dutenak. Pertsona juridikoak izanez gero: Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateek eskaeran zein erregistrotan den inskribaturik adierazi behar izango dute eta ez da beharrezkoa izango horren inguruko dokumentazioa aurkeztea. Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu egin beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak aurkeztuta eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda daudela egiaztatzen duen agiriaren bitartez.

– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku diren edo beste edozein Administraziok egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, pertsona fisikoen kasuan interesdunak aurka egin ez badu behintzat.

– Erakundearen izenean diharduenaren legezko ordezkaritza-ahalordea.

– Profesional autonomoaren IFZ, enpresa edo erakunde profesionalaren IFK eta, elkarteen kasuan, Eusko Jaurlaritzaren edo antzeko erakundearen Elkarteen Erregistroko inskripzio-ziurtagiria.

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta efektiboa izatea.

– Dagokion Ogasunak konpultsatutako eredua, 2019ko eta 2020ko ekitaldiei dagokien Balio Erantsiaren gaineko Zergarena eta II. eranskina. Zerga horretatik salbuetsi izana behar bezala egiaztatuz gero, 2019ko eta 2020ko fakturazioa egiaztatuko da zuzenbidean onartutako bitarteko publikoen bidez (sozietateen gaineko zerga, enpresa-jardueraren gaineko zerga, etab.).

– Berariazko adierazpen baten bidez, COVID-19 delakotik eratorritako egoerako ekonomikoa arintzera bideratutako dirulaguntzak, laguntzak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraziko da, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik, 2020 eta 2021eko ekitaldietan (I. eranskina).

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean den araudian ezarritako eskakizunak.

– Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak baliozkotzeko egokitzat jotzen den beste edozein agiri eskatu ahal izango da.

9.– Profesional autonomoaren IFZ, enpresa edo erakunde profesionalaren IFK, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Jarduera Ekonomikoaren Zerga eta Autonomoen Alta betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, elkarreragingarritasunaren bidez, dirulaguntza esleitu zein ordainketa egin aurretik. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta hala egitera izaera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu behar izango ditu.

10.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du, inpugnaziorako bidea itxi gabe.

6.– artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Eskabideak izapidera onartzeko agiriak falta direla edota agirietan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.

2.– Enpresak eta entitate profesionalek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, administrazio publikoek interesdunari zuzen dezala eta kanal elektronikoaren bidez egin dezala eskatuko diote. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Dirulaguntza kalkulatzeko, 2019ko eta 2020ko ekitaldien arteko fakturazio-aldea hartuko da erreferentziatzat, eta 2020ko fakturazioa edo diru-sarrerak 2019ko diru-sarrerekin alderatuz % 20 edo gehiago murriztu direla frogatzen duten eskabideak baino ez dira aintzat hartuko.

3.– Onuradunari eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 2019-2020 urteen arteko fakturazio-aldearen % 50era artekoa izango da, eta gehienez 30.000 eurokoa.

8. artikulua.– Prozeduraren kudeaketa.

1.– Prozedura izapidetzeko organo arduraduna Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

2.– Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak prozedura honen arabera emango dira: garaiz eta behar bezala egindako eskabide guztiak hartuko dira aintzat.

Aurreikusitako diru-zuzkidura osoa banatuko da eskatzaile guztien artean diru-zuzkidura agortu arte, artikuluetan jasotako mugak aplikatuta.

Aurreikusitako zuzkidura agortzen bada eta laguntzak ez baditu eskabide guztiak hartzen, proportzionalki aplikatutako ehunekoan murriztuko da, eskabide guztiak estali arte.

Era berean, hasieran aurreikusitako kreditua osorik exekutatzen ez bada, 2019-2020 urteen arteko fakturazio-aldearen % 60raino igo ahal izango da laguntzaren ehunekoa eta gehienez ere 40.000 eurora arte.

3.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, gehienez ere hiru hilabeteko epean, agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, APAPELen 45.1.b) artikuluan jasotakoa betetzeko. 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera lehenik egin den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat joko dituzte beren helburuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, baina horrek ez du eragozten Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

5.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Ebazpenak deialdi honen babesean emandako laguntzen erakunde onuradunen zerrenda jasoko du, emandako zenbatekoak adierazita, bai eta ezetsitako eskabideak ere, horren zergatia zehaztuta.

9.– artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko era.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean egingo zaie erakunde onuradunei, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamar egun igaro ondoren.

2.– Dirulaguntza onartutzat joko da, baldin eta jakinarazpena egin eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko hirugarrenen erregistroan azaldu behar izango du.

Enpresa erregistratuta ez badago edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da (izapidetze elektronikora behartuta daudenek hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan eskuragarri den zerbitzuaren bidez. Honako helbide hauek ditu, gaztelaniaz eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/altaterceros eta https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

10. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Laguntzen onuradunek 2021eko azaroaren 30era arteko epea dute aurkeztu beharko zuriketa aurkezteko.

a) 2021ean gutxienez 50 egunez kultura-jardueran aritu izana egiaztatu beharko dute. Era berean, justifikazioaren unean alta emanda egon beharko dute autonomoetan eta EJZn.

b) Elkarreragingarritasunaren bidez egiaztatuko da autonomoen eta EJZren alta 2021eko azaroaren 30a baino lehen.

2.– Dirulaguntza emateko baldintzak behar bezala justifikatu ezean, emandako dirulaguntza doitu egingo da, eta, hala badagokio, aldea itzuli behar izango da.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira, oro har, azaroaren 11ko 1997ko Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Laguntza esleitzea eta baliatzea dakarten betekizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea, bai eta jarduera egin dela ere.

b) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea.

c) Diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmen eragiten dion edozein gorabeheraren berri ematea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozeduren berri ematea.

e) Jasotako laguntzen izaera publikoaren publizitatea egitea, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritako modu eta baldintzetan. Erakundearen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan hizkera ez-sexista erabili beharko da, emakumeen aurkako bereizkeria edo estereotipo sexistak eragiten dituen edozein irudi saihestu beharko da, eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, aniztasunaren, erantzunkidetasunaren eta genero-rol eta -identitateen aniztasunaren aldeko irudia sustatu beharko da.

12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, beti ere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osorik edo zati bat itzuli behar bada, itzulketa-prozedurari hasiera emango zaio.

13 artikulua.– Beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatutik datozen dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideekin 3.6 artikuluan aurreikusitakoak izan ezik.

Laguntzaren zenbatekoak, beste laguntza batzuekin batera, ezin izango du gainditu agindu honetan laguntza kalkulatzeko hartutako oinarria. Kasu horretan, agindu honen bidez emandako laguntzaren soberakinari dagokion kopurua murriztu egingo da.

Artículo 14.– Ez betetzea eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, dagokion ebazpenaren bidez, jasotako zenbatekoak osorik edo zati batean itzultzeko betebeharra deklaratuko du, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, abenduaren 17ko 6. Dekretuaren bidez arautua). Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan araututako itzulketa-prozedurari hasiera Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak emango dio, eta laguntzaren onuradunari jakinaraziko zaio, ez-betetzea eragin duten egitatea edo egitateak adieraziz eta hamabost eguneko epean egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko eskatuz.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko zenbateko hori edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzen badira indarreko legeen arabera onartuta. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatu-laguntzei buruzko araudia betetzeari dagokionez, laguntza hau EBren aldi baterako bostgarren esparru-aldaketarekin bat dator (2021/C 34/06). Aldaketa hori ekonomia babesteko estatu-laguntzen neurriei buruzkoa da, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan, eta enpresa eta pertsona autonomoei laguntzeko neurriei buruzkoa da, zuzeneko dirulaguntzetan, aurrerakin itzulgarrietan, abantaila fiskaletan, maileguen bermeetan eta maileguen interes-tasen hobarietan oinarrituta eta Europako Batzordeak 2021eko otsailaren 1ean onartu.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

Eskatzaileen datu pertsonalak www.euskadi.eus/rgpd/1200101 izeneko tratamendu-jardueran erabili eta sartuko dira. Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, datu pertsonalen tratamenduari eta datuen zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: 2021ean kultura-jarduera ahalbidetzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003, azaroaren 17koa, Dirulaguntzen Lege Orokorra eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

Hartzaileak: datu pertsonalak arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie.

Eskubideak: zure datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala. Informazio gehigarria: datuak babesteari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: www.euskadi.eus/rgpd/1200101

AZKEN XEDAPENEtaKO LEHENENGOA

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

AZKEN XEDAPENEtaKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENEtaKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 9a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala