Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2021eko martxoaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1527

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ezeztatu eta indargabetzen baita 2020ko irailaren 14ko Ebazpena, eta garatzen baita Alonsotegiko (Bizkaia) udal-mugarteko Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko otsailaren 19an, Alonsotegiko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programari buruzkoa (aurrerantzean, Programa), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Programaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Programaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Programaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso ziren hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko irailaren 14ko ebazpenaren bidez, garatu egin ziren Alonsotegiko (Bizkaia) Arbuio-4EU (Bizkaia) urbanizatzeko jarduketa programaren ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2020ko urriaren 8an.

2021eko otsailaren 11n, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Natura Ondarearen Zerbitzuaren beste txosten bat helarazi zion Alonsotegiko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, eta horrekin batera, prozedurazko alderdiei buruzko txosten juridikoa eta txosten berriaren aldaketak aztertzeko dokumentua.

Alonsotegiko Udalak Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen berri bat egiteko eskatu zuen, Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren espedienteari buruzkoa, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenean jasotako aldaketak aztertu ondoren.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Alonsotegiko (Bizkaia) Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programa (aurrerantzean, Programa) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Artikulu horretan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten planak eta programak ezartzen dira. Prozedura horretan, ingurumen-organoak erabakitzen du planak edo programak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez, eta ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten ala ez.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109. artikuluan xedatutakoaren arabera, administrazio publikoek edozein unetan, preskripzio-epea igaro ez bada, ezeztatu ditzakete kargak ezartzen dituzten edo inoren kalterako diren beren egintzak, betiere, ezeztapen hori ez bada legeek onartzen ez duten jaregite edo salbuespena, edo berdintasun-printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren aurkakoa ez bada.

Jurisprudentziak luze eta zabal jaso du ezeztapenaren arau juridikoa, eta, hala, honako hau jasotzen du Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren 6. sekzioaren 2014ko otsailaren 5eko Epaiak:

«...30/1992 Legearen VII. tituluko lehen kapituluan («Ofizioz berrikustea») araututako kasuak heterogeneoak dira: ez dute helburu bera eta ez dituzte baldintza, eskakizun eta eskumen berberak. Hala, ordenamendu juridikoa urratzeagatiko berrikuspenarekin batera (deuseza edo deuseztagarria delako), egokitasun-arrazoiengatik ezeztatzea edo errakuntza material edo aritmetikoengatik zuzentzea ere arautzen da. Beraz, aldeko egintza deusezak edo deuseztagarriak ofizioz berrikustean ministerio-saileko titularraren alde emateko eskumena izango du, baina ezeztapenak egokitasun-arrazoiengatik edo ezeztapena emateko inguruabarrak aldatzeagatik egindako kontrako egintzei eragiten die (Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Araudiaren 16. artikulua). Hortaz, ofiziozko berrikuspenaren eta atzera egite prozesalaren izaera eta helburu desberdinak kontuan hartuta, hasi duenari dagokio atzera egitea».

Alonsotegiko (Bizkaia) Arbuio-4 UE urbanizatzeko jarduketa programaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren espedienteari beste txosten bat gehitu zaio, 2020ko irailaren 14ko Ebazpena emateko kontuan hartu ziren inguruabarrak aldatzen dituena. Hortaz, txosten horren edukia aztertu behar da, 2020ko irailaren 14ko Ebazpenaren erabakiari eutsi behar zaion edo ebazpena ezeztatu eta beste ingurumen-txosten estrategiko bat egin behar den erabakitzeko.

Programaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Programak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena, eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ezeztatzea eta indargabetzea 2020ko irailaren 14ko Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpena, Alonsotegiko (Bizkaia) Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programaren ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua egitekoa.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Alonsotegiko Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programari buruz (aurrerantzean, Programa edo UJP), jarraian adierazten den moduan:

A) Programaren deskribapena: helburua, eremua eta jarduketak.

Programaren helburua da Arbuio-4 egikaritze unitatearen urbanizazio-prozesua ahalbidetzea, P4Q Electronics SL programaren enpresa sustatzailea bertan kokatzeko. Proposamena bat dator 1997an onartutako indarreko arau subsidiarioetan ezarritakoarekin eta 2014an sinatutako hirigintza-hitzarmenean egikaritze-unitate horri buruz ezarritakoarekin. Hitzarmen horren bidez, lurzati bat laga zen espazio libreak, kirol-guneak eta aparkalekuak egiteko.

Arbuio-4EU 6.735 m2 inguruko lurzatia da, eta Alonsotegiko udal-mugartearen ipar-mendebaldeko muturrean dago, Kadaguaren eskuineko ibaiertzean. Jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatua da. Dagoeneko antropizatuta dagoen lurzatia da, eta landaredi erruderal nitrofiloa du, baina iparraldeko mugan, Kadaguaren ertzetako zuhaitz- eta zuhaixka autoktonoak nabarmendu behar dira. Lurzatia 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo.

UJPk urbanizazio-aurreproiektua du erantsita. Bertan, urbanizazio-obrak zehazteko kontuan hartu den diseinua deskribatzen da, eta jarduera ezartzeko instalazioen kalitateen memoria atxiki da (ur-hornidura, energia elektrikoaren sarea, telekomunikazioena, gasarena, zoladura, etab.).

Programan aurreikusten diren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak bideei buruzkoak dira. Lurzatirako eta erantsitako etxebizitza multzorako sarreren ordez, bi lekuetarako sarbide bakar bat jartzea proposatzen da, BI-6351 errepidearekin lotura seguruagoa izateko. Horrez gain, espaloia egitea aurreikusten da, oinez Zaramilloko (Gueñes) tren-geltokira heldu ahal izateko. Birmoldaketa horrek egungo kirol-kantxa lekuz aldaraziko du.

Bideak egingo dira lurzatiaren barruan, etorkizuneko eraikina inguratuz. Horien artean, nabarmentzekoa da lurzatiaren iparraldean diseinatutako bidea, Kadagua ibaiaren ibilguarekiko paraleloan doana, ingurumenean izan dezakeen eraginagatik. Ibaiertz horretan, UJPk aurreikusten du urbanizazioak errespetatu egingo dituela ibaiaren erabilera publikoko 5 metroko zortasuna eta eraikina ezartzeko ibilgu publikoaren kanpoko lerroarekiko 15 metroko zortasuna.

UJP urbanizazio-proiektuaren bidez garatuko da eta, ondoren, hardwarea eta softwarea diseinatzeko eta sistema elektronikoak fabrikatzeko, egiaztatzeko eta berrikusteko jarduera hartuko duen industria-nabe bat ezartzeko eraikuntza-proiektuaren bidez.

B) Alonsotegiko udal-mugartean, Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta egindako kontsulten emaitza eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, jarraian neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, programak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta beharrezkoa izan ez dadin ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Neurriok indarreko arauen arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Programan bertan adierazitakoaren arabera.

UJPk eta programa egikaritzeko proiektuek neurri hauek bete beharko dituzte:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Jarduketa-eremua bisoi europarraren eta igarabaren bizileku izan daitekeen ibilgu baten inguruan dago; espezie horiek Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasota daude, Galzorian kategorian. Beraz, kontuan hartu beharko dira Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezarritako zehaztapenak, zeinaren bidez bisoi europarraren (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartzen baita Bizkaiko Lurralde Historikoan. Izan ere, galzorian dagoen espeziea izanik, babes-neurri espezifikoak behar baititu, eta Kadagua ibaia kontserbazio bereziko eremua da espeziearentzako, Foru Dekretuaren arabera.

Bizkaiko Foru Aldundiak Kudeaketa Plan hori aplikatuz ezarri beharreko neurri babesle eta zuzentzaileez gain, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Ez da jarduketarik egingo lurzatiaren iparraldean dagoen Kadagua ibaiaren zortasun-eremuko 5 metroko zerrendan. Zerbitzu- instalazio eta kanalizazio guztiak, bai eta jarduera ezartzeko obrak ere, urbanizatuko den lurzatiaren perimetroaren barruan egin beharko dira. 5 metroko zortasun-zerrenda natural utziko da, balizatuta, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betetze-gairik ez pilatzeko, etxola, ontzi, itxitura, kutxatila edo bestelakorik ez uzteko bertan, ez behin-behinekoz, ez behin betiko.

– Obrak bisoiaren eta igarabaren hazkuntza-garaietatik kanpo egingo dira, betiere aurreko paragrafoan xedatutakoa betez.

– Lurzatiaren iparraldean hesi natural bat sortuko da, bertako zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen espezieekin, ibilgua eta ibaiertzak isolatzeko 4. bidearen inguruan egingo den jardueratik, garajerako sarbidetik eta kamioien zamalanetarako hondartzatik.

– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lurzorua okupatzea dakarten jarduketa osagarriak. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira gainerako eremuan beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Horrez gainera, behar bezala babestuko dira obra-eremutik hurbileko balio handiko elementu naturalak, nahi gabeko kalterik inork eragin ez diezaien.

– Eremuan dauden espezie aloktono inbaditzaileak desagerrarazteko lanak egingo dira, eta landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da. Komenigarria da «Espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo» bat idaztea, bete-betean hirigintza-dokumentuarekin lotzeko, neurri horiek hartze aldera.

– Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko. Biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduketak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Alonsotegiko Udalak aurkeztutako dokumentazioan jasotzen denez, Udalak konpromiso hau hartu du bere gain: bisoi europarraren habitata berreskuratzea eta behar bezala leheneratzea sustatuko eta eskatuko du, eta ingurumen-helburu gisa txertatuko du 4. egikaritze-unitatearen alboko Kadagua ibaiko meandroaren eremuaren (Arkema zaharra) etorkizuneko garapenean.

Gainazaleko urak babesteko neurriak:

– Debekaturik dago, baimen administratiborik izan ezean, ur kontinentalak edo jabari publiko hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea. Isuri orok behar diren baldintzak bete beharko ditu, isurketa egiten den ur-masarako ezarritako ingurumen-arauak eta -helburuak puntu guztietan bete daitezen, banaka zein ibilgu berera egiten diren gainerako isurketekin batera kontuan hartuta.

– Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Bestalde, hormigoi-upelak garbituko dira berariaz egokitutako eremuetan. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura.

– Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak izango dituzte, hala nola: zoladura iragazkorrak, estalki landareztatuak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, ekaitz-tankeak, iragazketa-zangak, drainak, eta abar.

Uholde-arriskuari dagozkion neurriak:

– Arrisku horri dagokionez, Programak kontuan izan behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko (2016ko urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren bidez onartua) VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko (azaroaren 19ko 449/2013 Dekretuaren bidez onartua) E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa.

UJPk ezin izango du eduki uholde-arriskuko eremuetako erabileren mugen aurkako zehaztapenik. Muga horiek arau hauen bidez xedatzen dira: apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartutako Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9. artikulua (urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretuaren bidez emandako idazketaren arabera), eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoaren berrikuspenari buruzko Araudiaren 40. artikulua (urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren bidez onartua). Bereziki honako hauei buruz:

a) Era guztietako materialen edo hondakinen pilaketak.

b) Lurpeko garajeak eta sotoak,salbu eta esparruaren estankotasuna bermatzen bada 500 urteko errepikatze-denborako uraldirako, eta arnasbideak eta ebakuazio-bideak baditu uraldi horren kotaren gainetik.

c) Lursailaren gaur egungo sestra aldatu eta urak husteko gaitasuna nabarmen murriztuko luketen betelanak.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Bestalde, hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Programaren aldaketa gauzatzeko proiektuetan aplikatu beharrekoak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurzoruaren okupazioan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, airearen kalitatearen babesean eta kalitate akustikoaren babesean hartu beharrekoak, tartean, hauek:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Betelaneko materialak egokitzeko lanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondeatutako kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak badira, edo betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariaz aplikatu behar zaizkien arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko dena) ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplika dakizkiokeen segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte, eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez onartzen da Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Programan aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Nahiz eta lurzatia ez dagoen jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan, eremuan hautematen bada Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean edo Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak zerrendatu eta lurzoru kutsatuak izendatzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Dekretuaren I. eranskina aldatzen duen azaroaren 2ko PARA/1080/2017 Aginduan aipatzen diren kutsa dezaketen jardueraren bat, inbentariatu egin beharko da, eta inbentarioan balego bezalako ondoreak sortuko ditu.

Kutsadura-zantzuak atzemanez gero, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikulua betez, horren berri eman behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari.

Eraikin eta eraikuntza jasangarriagoak eraikitzeko beharrezko ezaugarriei dagokienez, kontuan hartu beharko dira «Eraikuntza iraunkorrerako gidak. Eraikin Industriala», IHOBEk argitaratua, eraikinen aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Hirugarrena.– Bigarren puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutakoak hartzen badira (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez da aurreikusten Alonsotegiko Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programako zehaztapenek ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo dutenik ingurumenean; ondorioz, Programa horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Alonsotegiko Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Seigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko, du eta berezko dituen eraginak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Alonsotegiko Arbuio-4EU urbanizatzeko jarduketa programa behin betiko onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Programaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala