Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2021eko martxoaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1518

106/2021 DEKRETUA, martxoaren 9koa, zeinaren bidez enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2021eko programa garatzen baita, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko.

COVID-19aren hedapenak sortu duen krisi ekonomikoak, eguneroko jardueran, bereziki eragiten die enpresa txiki eta ertainei, banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei, beren jarduerak gauzatzeko orduan. Litekeena denez egoera horrek luze irautea, erakunde publikoek aparteko neurri batzuk ezarri dituzte, osasun-krisiak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarean eragingo dituen kalteak ahal den neurrian arintzeko.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak martxoaren 31ko 50/2020 Dekretua onartu zuen, zeinaren bidez enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa garatzen baita, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko.

Finantza-laguntzaren programa onartu zuen martxoaren 31ko 50/2020 Dekretua aldatu egin behar izan zen, finantzaketa-eskaerari aurre egin ahal izateko. Horregatik, maiatzaren 19ko 67/2020 Dekretua onartu zen, aipatutako eragile ekonomikoen taldearen 6 hilabeteko likidezia-beharrei eta zirkulatzaile-finantzaketari aurre egiteko, eta zuzkidura 1.000 milioi euro izango zela xedatu zen.

2020ko abenduaren 31n amaitu zen 50/2020 Dekretuan jasotako laguntzak eskatzeko epea, eta ez zen estali programarako aurreikusita zegoen 1.000 milioi euroko finantzaketa-bolumena.

Kontuan harturik enpresak oraindik ere COVID-19aren ondorioak jasaten ari direla eguneroko jardueran, nahitaezkoa da, orain arte onartutako neurriei eusteaz gain, beste batzuk ezartzea, EAEko enpresa-sarearentzat ez daitezen hain latzak izan COVID-19aren ondorio ekonomikoak.

Europako Batzordeak laugarren aldiz aldatu zuen COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko estatu-laguntzen neurrien aldi baterako esparrua, eta horren berri eman zuen 2020ko urriaren 13ko komunikazioan, zeinaren helburua baitzen, besteak beste, 2021eko ekainaren 30era arte luzatzea aldi baterako esparruan ezarritako neurriak.

Aintzat harturik COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko estatu-laguntzen neurrien aldi baterako esparruaren laugarren aldaketa, Ekonomia Gaietako Ministerioak 2020ko azaroaren 25eko Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez Ministro Kontseiluaren 2020ko azaroaren 24ko Erabakia argitaratzen baita; erabaki horrek baimena eman zion Compañía Española de Reafianzamiento estatuko merkataritza-sozietate anonimoari (CERSA) Ministro Kontseiluaren 2020ko maiatzaren 5eko Erabakiaren babesean liberatutako abalen epemuga gehienez hiru urtez luzatzeko (epemugak ezin du inoiz zortzi urteko epea gainditu). Horrez gainera, baimendu zen 2021eko ekainaren 1era arte luzatzea CERSAk formalizatutako eragiketetarako abalak eskatzeko epea.

Europako Batzordeak bosgarren aldiz aldatu du COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko estatu-laguntzen neurrien aldi baterako esparrua, eta hala jakinarazi du 2021eko urtarrilaren 28an. Komunikazio horren xedea da, besteak beste, 2021/12/31ra arte luzatzea aldi baterako esparruan ezarritako neurriak.

Eusko Jaurlaritzaren asmoa da ETE-ei eta enpresaburu autonomoei laguntzen jarraitzea, zeren eta askok COVID-19aren ondorioak jasaten baitituzte eguneroko jardunean, eta bidea ematea baldintza onetan finantzaketa lor dezaten.

Dekretu honetan xedatutako neurrien bidez, enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen egiturazko gastu finkoak estali nahi dira. Izan ere, kontuan hartu da zenbateraino diren garrantzitsuak enpresa-sareari begira eta zer-nolako eragina duten ekoizpen-jarduera osoan; aintzat hartu da, orobat, ahalmen erlatibo txikiagoa dutela handizkako finantzaketa-merkatuetara edo kreditu-erakundeen lerro tradizionaletara iristeko.

Finantza-laguntzaren programa honek osatu egiten du Estatuak COVID-19aren kariaz ETE-ei eta enpresaburu autonomoei laguntzeko ezarri dituen ildoak, besteak beste, Kreditu Ofizialeko Institutuaren kreditu-lerroak, finantza-baldintza onetan finantzaketa lortzea ahalbidetzen dutenak, enpresa txiki eta ertainen eta enpresaburu autonomoen likidezia eta zirkulatzaile-finantzaketa bermatzeko.

Dekretu honetan arreta berezia eskaini nahi izan zaie COVID-19ak eragindako pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreetako enpresei, zeren eta horietako batzuek aldi baterako itxi behar izan baitituzte beren negozioak, eta beste batzuek, berriz, nabarmen ikusi baitituzte murriztuta beren salmenta-zifrak edo diru-sarrera errepikariak. Talde horren barruan sartzen dira, halaber, enpresaburu autonomoak eta enpresa txikiak, zeren eta, kontuan harturik gastu finkoei aurre egiteko dituzten zirkulatzaile-beharrak, ezinbestekoa baita Administrazioak eta entitate laguntzaileek azkar erantzutea.

Hori dela eta, 5.000 eurotik 25.000 eurora bitarteko maileguetarako berariazko lerro bat gaitu da, krisiak gehien kolpatu dituen sektoreetako enpresentzat eta enpresaburu autonomoentzat.

Horrez gainera, programa honi esker, aukera ematen zaie martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren babesean maileguak formalizatuta eta indarrean dituzten enpresa txiki eta ertainei, banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei eragiketa formalizatuak berritzeko, dekretu honetan ezartzen diren finantza-baldintzak antolatze aldera; xedapen gehigarri batean arautu da, hain zuzen ere, nobazioetarako prozedura espezifikoa. Nobazioak lortzeko, eskaera aurkeztu behar dute, aldez aurretik eta berariaz, aipatutako enpresa, enpresaburu eta profesionalek.

Finantza-laguntza emateko programaren gehieneko zuzkidura 500 milioi euro da (formalizatu beharreko maileguetan), eta lehen aipatutako eragile ekonomikoen taldearen 6 hilabeteko likidezia-beharrei eta zirkulatzaile-finantzaketari aurre egitea izango du xede. Finantzaketa-eskaria zenbaterainokoa den, deialdi bakarra edo hainbat egingo dira, dekretu honetan jasotako programaren zenbatekora irispidea izateko.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu baten bitartez egingo dira deialdiak, eta bertan zehaztuko dira erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa eta eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak honela bideratuko du finantza-laguntzaren programaren bidez emango duen laguntza: finantzaketa-kostua murrizteko dirulaguntzak emanez enpresei eta programaren babesean hitzartzen diren finantzaketa-eragiketak partzialki birfidantzatuz.

Eragiketetarako birfidantzamendua emateko, bi xedapen hauek dira oinarri: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen 9.2 artikulua eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legea.

Helburu horrekin, arau honek programan sartzeko baldintzak arautzen ditu, bai eta enpresa eta pertsona onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna eta maileguetarako baldintzak ere. Era berean, jasotzen du zein izango den prozedura elkar bermatzeko sozietateetan eta finantza-erakunde laguntzaileetan finantzaketa-eskabideak izapidetzeko.

Azkenik, Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dauzkan egitekoak baliatuta, mailegu-eragiketak emateko aukera izango du, finantza-erakunde laguntzailea den aldetik.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko martxoaren 9an egindako bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hura eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Lerro horren helburua izango da banku-finantzaketa lortzeko aukera ematea, aipatutako eragile ekonomikoek egitura-gastuetarako dituzten 6 hilabeteko likidezia- eta finantzaketa-beharrei erantzuteko.

Dekretuaren beste helburu bat da aukera ematea martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren babesean maileguak formalizatuta eta indarrean dituzten enpresa txiki eta ertainei, banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei eragiketa formalizatuak berritzeko, dekretu honetan eskainitako finantza-baldintzetara egokitu daitezen. Horretarako, eskaera aurkeztu beharko dute, aldez aurretik eta berariaz, enpresa edo pertsona interesdunek.

Dekretu hau aparteko neurri multzo baten barruan sartzen da; izan ere, COVID-19ak eragindako osasun-krisia Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarean eragiten ari den aldi baterako kalteak arintzeko asmoz ezarri den neurrietako bat da.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenak izapidetzen dituzten finantza-erakunde laguntzaileen bidez, finantza-lerroa eratuko du enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen alde.

Dekretu honetan ezarritakoaren arabera gauzatzen diren finantzaketa-eragiketa guztiek elkar bermatzeko sozietate laguntzaileren batek abalatuta egon beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak birfidantzamendu-sistema bat ezarriko du sozietate horrek abalatutako finantzaketa-eragiketetarako.

2. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunak.

1.– Dekretu honetan jasotako bermeak eta finantzaketa-lerroak honako hauek eskuratu ahal izango dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa txiki eta ertainek (ETE); hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Jarduera ekonomikoren bat egitea.

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

– Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.

Aurretik adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, hemen ezarritakoa hartuko da kontuan: Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean (EBAO L 187/1, 2014-06-26) edo hura ordezkatu edo aldatzen dituzten xedapenetan eskatzen diren baldintzak, mikroenpresen, ETE-enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoak (erregelamendu horren arabera, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten banakako enpresaburu eta profesional autonomoek; hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian alta emanda egotea.

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik datozen etekinak lortzea.

2.– Enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 39. artikuluko 2. eta 4. apartatuetan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte.

Betekizunen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan adierazitakoa dago. Horren arabera, ezingo dituzte eskuratu dekretu honetan adierazitako bermeak eta finantzaketa-lerroa sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik zehapen administratiboa edo penala ezarrita daukaten pertsona fisikoak edo juridikoak, kasuan kasuko zehapenak ezarritako denbora-tartean.

Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jaso ahal izango dute finantzaketa. Hala ere, eta 15.1 artikuluan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, ezingo dira laguntzen onuradun izan edozein sektore publikotako entitateak, jarduera ekonomikorik ez duten irabazi-asmorik gabeko entitateak, finantza-erakundeak (EJZ epigrafeak: 81, 82, 831 eta 832) eta higiezin-jarduerekin zerikusia dutenak (EJZ epigrafeak: 833, 834 eta 861.1), salbu eta nortasun juridikoa duten enpresak, baldin eta, enpresaburu autonomoek bezala, higiezinetako agenteei dagozkien jarduerak egiten badituzte.

3.– Lerroari heldu ahal izateko, enpresak baldintza hauek bete beharko ditu abala baimentzen den unean: kaudimengabezia kolektiboko prozeduran ez egotea eta hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak ez betetzea konkurtso-arauen arabera.

4.– Halaber, maileguen onuradun diren enpresa zein pertsonek eta finantza-erakunde laguntzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta dirulaguntzen enpresa edo pertsona onuraduna izateko edo dirulaguntza-programak kudeatze aldera Administrazioaren entitate laguntzaile izateko legez ezarrita dauden gainerako betekizunak ere.

3. artikulua.– Finantzatzeko moduko egoerak.

1.– Finantza-eragiketek, finantzatzeko modukoak izateko, xede hau izan behar dute: pertsona edo enpresa onuradun bakoitzaren 6 hilabeteko jarduerari dagozkion likidezia-beharrak estaltzea eta egitura-gastuak finantzatzea. Finantzaketak pertsona edo entitate/enpresa eskatzailearen finantza-galdagarriaren gehikuntza garbia ekarri beharko du, eta, beraz, finantzaketa ezin izango da erabili epe laburreko zirkulatzaile-lerroak ezeztatzeko; salbuespen izango dira 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera COVID-19aren krisia dela-eta xedatzen diren eragiketak. Era berean, pertsona edo entitate/enpresa eskatzaileak egungo egoera berezia dela-eta eskura ditzakeen likidezia-abantaila edo kostu iragankor edo aldi baterako guztiak kendu beharko dira, hala nola kasuan kasuko foru-ogasunei dagozkien ordainketak geroratzea, lan-kostuak murriztea aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak onartu direlako, edo beste kenkari aplikagarri batzuk.

2.– Finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkar bermatzeko sozietateak, dekretu honetako III. kapituluan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen helburu den finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko ditu, ahal den neurrian pertsona edo entitate/enpresa eskatzaileek galdegiten dituztenetara egokituta.

II. KAPITULUA
FINANTZAKETA-ERAGIKETAK

4. artikulua.– Finantza-erakunde laguntzaileekin hitzarmenak egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, enpresa eta pertsona onuradunen aldeko finantzaketa-eragiketak formalizatzeko.

Finantza-erakunde laguntzaileen zerrenda deialdi-aginduaren bidez emango da argitara (dekretu honen 7. artikuluan aipatzen da agindu hori).

5. artikulua.– Abal-eragiketen ezaugarriak.

1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak emandako finantza-abalek enpresa eta pertsona onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean; dekretu honetako 1. artikuluan zehaztutako beharrizanak estaltzeko diren finantzaketa-eragiketetatik eratorritako arriskuak, hain zuzen.

2.– Hauek izango dira abalen kostua eta baldintzak:

– Formalizazio-komisioa eta azterketa-komisioa: formalizatutako abalaren % 0,25, eta behin bakarrik, eragiketa formalizatzen den unean.

– Abal-komisioa: % 0,75 urtean. (*)

Abal-komisioa aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, abalatutako mailegu bakoitzak urte bakoitzean egun horretan duen saldoa oinarri hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko iraungiko den urtean, urtea amaitu arte edo iraungi arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan aplikatuko da, batez besteko saldoaren arabera.

Salbuespenez, finantzaketa-eragiketaren printzipalaren zenbatekoa 100.000,00 eurora bitartekoa denean, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak, eragiketa formalizatzen den egunean, zera kalkulatu eta likidatuko du: abalaren bizitza balioetsi osoari dagokion abal-komisio metatua. Abalatutako maileguaren urteko indarraldia hastean amortizatu gabe dagoen kapitalari dagokionez kalkulatuko da komisio hori, maileguaren amortizazio-taulari jarraituz.

– Elkar bermatzeko sozietate laguntzailearen partaidetza sozialak harpidetzea eta ordaintzea, abalatutako eragiketaren zenbatekoaren % 2ko balioan. Partaidetza sozial guztiak ordainduko dira eta, hala badagokio, partaidetza sozial bat gorantz biribilduko da; partaidetza horiek itzulgarriak izango dira eragiketa erregulartasunez ezerezten denean.

– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

(*) Elkar bermatzeko sozietatearen abal-komisioaren kostua ordaintzeko, % 50eko dirulaguntza emango du EAEko Administrazio Orokorrak, eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari entregatuko zaio, hark gestioak egin ditzan, sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezartzen den prozeduraren arabera, laguntza hori jasotzeko legezko baldintzak betetzen dituzten onuradunei emateko, EAEko Administrazio Orokorrak egiaztatu ondoren.

Abalaren kostua diruz laguntzeko zenbatekoa elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari entregatuko zaio, eta hark gestioak egingo ditu, laguntza enpresa edo pertsona onuradunei helarazteko. Ordainketa-prozeduraren xehetasunak elkar bermatzeko sozietatearekin sinatuko den lankidetza-hitzarmenean jasoko dira.

6. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen ezaugarriak.

1.– Hauek izango dira finantzaketa-eragiketen ezaugarriak:

Baliabidea: mailegu amortizagarria.

Gehieneko interes-tasak: Euriborra sei hilabetera, gehi gehieneko diferentziala (*)

Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuterren Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, hori desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori sei hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.

«Euribor indizearen balioa zerotik beherakoa bada, interes-aldi bakoitzean aplikatu beharreko tasa zehatza jakiteko egin behar diren kalkuluen ondorioetarako, dekretu honetan adierazitakoaren arabera, Euribor zero (0,0) dela ulertuko da».

(*) Dekretu honen babesean formalizatutako maileguen ordainketa-interesak EAEko Administrazio Orokorrak lagunduko ditu diruz, finantzaketaren finantza-kostua % 0 izan dadin enpresa eta pertsona onuradunentzat. Dirulaguntza finantza-erakunde laguntzaileari emango zaio, eta hark gestioak egingo ditu, sinatzen den lankidetza-hitzarmenean ezartzen den prozeduraren arabera, legezko baldintzak betetzen dituzten enpresa eta pertsona onuradunei dirulaguntza entregatzeko, EAEko Administrazio Orokorrak egiaztatu ondoren.

Ordainketa-interesen kostuari dagokion zenbatekoa finantza-erakundeari entregatuko zaio, eta hark gestioak egingo ditu, laguntza enpresa edo pertsona onuradunei helarazteko. Ordainketa-prozeduraren xehetasunak finantza-erakunde bakoitzarekin sinatuko den lankidetza-hitzarmenean jasoko dira.

Mailegu-eragiketen epea eta Euribor aplikagarriaren gaineko diferentziala:

(Ikus .PDF)

Maileguetan, printzipala amortizatzeko aukerako bi urteko gabealdia jaso ahal izango da.

Likidazio-aldizkakotasuna: hiru hilean behin egingo da interes- eta amortizazio-kuoten likidazioa. Interes-tipoa sei hilean behin berrikusiko da.

Komisioak: maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz ezereztu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

2.– Hauek izango dira maileguen zenbatekoak:

a) 5.000 eurotik 1.000.000 eurora bitartean, enpresa txiki eta ertainentzat.

b) 5.000 eurotik 100.000 eurora bitartean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

Tarte horren barruan, 5.000 eurotik 25.000 eurora bitarteko maileguetarako berariazko lerro bat gaitzen da, COVID-19aren pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreetako enpresa txiki eta ertainentzat eta enpresaburu autonomoentzat; izan ere, horietako batzuek aldi baterako itxi behar izan dituzte beren negozioak, eta beste batzuek, berriz, nabarmen ikusi dituzte murriztuta beren salmenta-zifrak edo diru-sarrera errepikariak.

3.– Enpresa edo pertsona onuradunak eman zaion maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Dekretu honek araututako finantzaketa-lerroak eskuratzeko, deialdi bakarra edo hainbat egingo dira, zeinak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baitira, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu baten bitartez egingo dira deialdiak, non zehaztuko baitira erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta lekua eta gainerako prozedura-alderdiak. Era berean, finantza-erakunde laguntzaileen zerrenda ere zehaztuko da.

2.– Lehenengo deialdiaren zuzkidura 250 milioi euro izango da. Gainerako deialdien zenbatekoa, berriz, unean-unean dagoen finantzaketa-eskariaren arabera finkatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontu-baliabideak kontuan harturik.

3.– Deialdi bakoitzean, 150 milioi euro bermatuko dira, gutxienez, COVID-19ak gehien kolpatu dituen sektoreetako enpresa txikientzat eta enpresaburu autonomoentzat; haiei egiten die erreferentzia, hain zuzen ere, dekretu honen 6.2 artikuluan 5.000 eurotik 25.000 eurora bitarteko maileguetarako ezarri den lerroak.

Hala ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak deialdi bakoitzaren zenbatekoak berresleitu ahal izango ditu, dekretu honetan azaltzen diren taldeetako baten finantzaketa-eskaria nahikoa ez den kasuetan edo txikia den kasuetan.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, eranskineko F1P formularioan jasotako ereduaren arabera.

b) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen fotokopia.

c) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2P formularioa). Gainbegiratze-bisitan egiaztatu ahal izango dira alderdiok; honako hauek dira:

– 2020ko ekitaldiko abenduaren 31n plantillan zegoen langile-kopurua, hilabete horretako TC1aren arabera.

– Fakturazio-zifra 2020ko ekitaldiko abenduaren 31n.

– Urteko balantze orokorraren zifra 2020ko ekitaldiko abenduaren 31n.

– ETEa ez den enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea enpresaren kapitalean % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

e) Foru-aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

f) 2018ko eta 2019ko sozietateen gaineko zerga eta 2020ko behin-behineko kontuak.

g) Egitura-gastuak finantzatzeko beharren deskripzio-memoria, enpresak egina (eranskineko F3 formularioa).

h) Erantzukizunpeko adierazpena, 38/2003 Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

i) Aldi baterako esparruaren barruan jasotako laguntza publikoei buruzko adierazpena, bai eta xede bererako jasotako beste dirulaguntza batzuena ere; orobat, gaur egunera arte jasotako de minimis laguntzak ere adierazi behar dituzte, bai aribideko ekitaldi fiskalekoak, bai aurreko bietakoak.

2.– Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, eranskineko F1A formularioan jasotako ereduaren araberakoa.

b) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2A formularioa).

c) Foru-aldundiaren ziurtagiria, profesionalak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

e) Eskatzailearen ondasunen aitorpena.

f) 2019ko PFEZaren aitorpena eta 2020ko diru-sarrera eta gastuen exekuzioa.

g) Egitura-gastuak estaltzeko finantzaketa-beharren deskripzio-memoria, titularrak egina (eranskineko F3 formularioa).

h) Erantzukizunpeko adierazpena, 38/2003 Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

i) Aldi baterako esparruaren barruan jasotako laguntza publikoei buruzko adierazpena, bai eta xede bererako jasotako beste dirulaguntza batzuena ere; orobat, gaur egunera arte jasotako de minimis laguntzak ere adierazi behar dituzte, bai aribideko ekitaldi fiskalekoak, bai aurreko bietakoak.

3.– Eskatzaileak gorago aipatutako aitorpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa eta bai penala.

4.– Edonola ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari, baldin eta uste badute beharrezkoa dela aurkeztutako eskabidea ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiri guztiak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari helaraziko zaizkio, bide telematikoa baliatuta.

Eskabidea eta horri lotutako gainerako dokumentazioa aurkeztean, pertsona edo entitate eskatzaileek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, bai eta horri buruzko prozedura eta izapideetan ere, indarrean dagoen hizkuntza-araudiaren arabera.

2.– Interesdunek atari honetan eskuratu ahal izango dute eskabideak aurkeztearekin zerikusia duen informazio guztia: www.euskadi.eus

10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta Abala Baimentzeko Agiria formalizatzea.

1.– Programan laguntzaile den elkar bermatzeko sozietatearen ardura izango da aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik. Finantzaketa-laguntzaren eskaera noiz aurkeztu den, hurrenkera horri jarraituko zaio ebaluazioa egiteko garaian.

2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak errekerimendua egingo dio enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa betetzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

3.– Programan laguntzen ari den elkar bermatzeko sozietateak Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko dio zer eskaera ez diren onartu, abala eman edo ukatu baino lehen, eta eskaera horiek ez onartzeko arrazoiak zein diren adieraziko dio. Hori ez da eragozpen izango Ekonomia eta Ogasun Sailak elkar bermatzeko sozietateari eska diezaion egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria.

4.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abalak emateko jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

Nolanahi ere, elkar bermatzeko sozietateak, abal-eragiketak ematean bere jardunbideak aplika ditzakeen arren, konpromisoa hartzen du abala eskatu duten pertsona edo enpresei objektibotasunaren, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatzeko.

Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzak finantza-laguntzaren programaren aldizkako jarraipena egingo du, bai eta programa horretan lortutako emaitzen ebaluazioa ere, ezarritako neurriek programaren helburua bete ote duten egiaztatzeko, esan nahi baita EAEko enpresa-ehunari behar duen likidezia ematea, COVID-19ak haren jarduera ekonomikoan duen eragina arintzeko.

5.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak, eskabidea aztertu ostean, Abala Baimentzeko Agiriaren proposamena egingo du, hala badagokio, eta F4 formularioan azaldutako informazioa zehaztuko da bertan.

6.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak abal-eskaerei buruzko erabakia jakinaraziko dio Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, eta, ondoren, Sailburuordetzak Abala Baimentzeko Agiria ematearen aldeko administrazio-ebazpena emango du, baliozkotutako eragiketaren ezaugarriak zehaztuta. Era berean, ukatutako abal-eragiketei dagokienez, Sailburuordetzak ebazpen bat emango du ukatzea arrazoitzeko. Ebazpenak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari jakinaraziko zaizkio, eta hark, halaber, enpresa edo pertsona eskatzaileei jakinaraziko dizkie, dagozkion ondorioetarako.

7.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak formalizatutako zein ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkio Ekonomia eta Ogasun Sailari, hark eskatzen dion aldizkakotasunarekin, eta hark ezarritako betekizunak betez eta hark eskatzen dizkion ereduak erabiliz.

8.– Dekretu honen arabera beste organo batzuei emandako eskudantziak ezertan eragotzi gabe, Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza Politikako Zuzendaritza arduratuko da programaren administrazio-kudeaketaz.

11. artikulua.– Mailegu-eragiketak formalizatzea.

1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak bermearen xede den mailegu-eragiketarako «Abala Baimentzeko Agiria» eman ondoren eta agiri hori enpresa edo pertsona eskatzaileak hautatu duen finantza-erakunde laguntzaileari igorri ondoren, azken horrek eragiketa aztertuko du, dagokion autonomia-eremuko barne-prozeduren arabera, eta, gero, enpresa edo pertsona eskatzailearekin eragiketa formalizatuko du, agirian jasotako baldintzen arabera.

Elkar bermatzeko sozietateak enpresa edo pertsona eskatzaileari jakinarazi beharko dio abala onartu den ala ez. Hala ere, eta programaren kudeaketa errazteko, elkar bermatzeko sozietateak finantza-erakundeei egiten dien aurretiazko jakinarazpena egin ahal izango da elkar bermatzeko sozietateak dagokion aldian baimendutako abal-baimenak finantza-erakunde bakoitzerako taldekatuz, betiere F4 dokumentuan jasotako oinarrizko datuak adierazita.

2.– Finantza-erakundeek formalizatutako mailegu-eragiketak jakinaraziko dizkiote Ekonomia eta Ogasun Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasunarekin, bertan ezarritako betekizunak betez eta bertan eskatzen diren ereduak erabiliz.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari utzitako birfidantzamendua bertan behera geratuko da, Abala Baimentzeko Agiria ematen den egunetik gehienez hiru hileko epean formalizatzen ez diren eragiketei dagokienez.

12. artikulua.– Finantzaketa-lerroa agortzea.

1.– Dekretu honetan aurreikusita dauden laguntzak 2021eko ekainaren 1a baino lehen emango dira. Edonola ere, laguntzak emateari utziko zaio dekretuaren bidez onartutako finantzaketa-eragiketak 500 milioi euroko gehieneko nominal formalizatura iristen direnean, deialdi bakar batean edo hainbat deialditan.

2.– Ekonomia eta Ogasun Sailak horren berri emango du, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez; ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta entitate laguntzaileei jakinaraziko zaie.

13. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunen erreklamazioak.

Ekonomia eta Ogasun Sailak jasoko ditu finantza-laguntzaren programa honetako entitate eta pertsona eskatzaileek elkar bermatzeko sozietatearen edo finantza-erakundearen jokabidea dela-eta aurkezten dituzten erreklamazioak, zeinak bideratuko baitira kasuan kasuko elkar bermatzeko sozietateari eta finantza-erakunde laguntzaileari entzun ondoren. Aurkeztutako erreklamazioak Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez ebatziko dira.

14. artikulua.– Egiaztatzea eta gainbegiratzea.

1.– Finantza-laguntzaren programa honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta entitate laguntzaileek onartu egin beharko dituzte Ekonomia eta Ogasun Sailak mailegu-eragiketa formalizatu eta gero egiten dituen egiaztapen-, ikerketa- eta ikuskaritza-jarduketak.

2.– Administrazio-jarduketa horien ondorioz egiaztatzen bada okerra edo faltsua dela enpresa edo pertsona onuradunak eskabidean aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenen edukia eta, beraz, a posteriori frogatzen bada ez dituela betetzen onuradun izateko baldintzak, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzak administrazio-ebazpena emango du, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko entzunaldi-izapidea egin ondoren; halaber, deklaratuko du, hala badagokio, ez direla efikazak ez adierazpena bera, eta ez Abala Baimentzeko Agiria ematearen aldeko ebazpena –10.5 artikuluan aipatua–, eta horren berri emango die alderdi interesdun guztiei; hau da, onuradunari, elkar bermatzeko sozietateari eta finantza-erakundeari.

3.– Ez-betetze horrek edo beste edozein ez-betetzek berekin ekarriko du enpresa edo pertsona onuradunak maileguaren zenbatekoa aldez aurretik itzuli beharra, bai eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoko Administrazioari, administrazio horren konturako dirulaguntza gordin baliokide inplizitua itzuli beharra ere, legezko interesak barne. Betebehar hori bete ezean, finantza-erakundea gaituta egongo da elkar bermatzeko sozietatearen abala exekutatzeko.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere gain hartutako birfidantzamendu-betebeharren ondorioz, egindako pagamenduen ordaina jaso behar badu, erakunde onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, prozedura egokia bideratu eta entitate onuradunari entzun ondoren, enpresa edo pertsona onuradunaren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.

15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Hala dagokionean, eragiketek Estatuko de minimis laguntzak erregulatzeko arauek ezarritakoa beteko dute; honako hauetan bildutakoa, hain zuzen ere: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorean de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013-12-24), eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza-sektorean de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014-06-28).

Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo entitate publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada handiagoa kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Europako Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino. Ildo horretan, laguntzak konfiguratzen dira bat etorriz COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko asmoz enpresei eta enpresaburu autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzko aldi baterako esparru nazionalarekin, zeina Europako Batzordeak onartu baitu, eta aurrerantzean horrekin lotuta onar daitezkeen ondoz ondoko erabakiekin.

Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 352/9, 2013-12-24) jasotako nekazaritza-sektorean diharduten eskatzaileentzat eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 190/45, 2014-06-28) aurreikusitako arrantza- eta akuikultura-sektorean diharduten eskatzaileentzat, muga bat aplikatuko da; hain zuzen ere, enpresei eta enpresaburu autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzko aldi baterako esparru nazionalean ezarrita dagoen muga (Europako Batzordeak onartu du esparru hori) edo aurrerantzean horrekin lotuta onar daitezkeen ondoz ondoko erabakietan ezartzen dena.

2.– Arau honen bidez onuradun izango diren pertsona edo enpresek beste dirulaguntza edo laguntzaren bat jasotzen badute helburu bererako, beti eman beharko diote horren berri elkar bermatzeko sozietateari; orobat, gaur egunera arte jasotako de minimis laguntzak ere adierazi behar dituzte, bai aribideko ekitaldi fiskalekoak, bai aurreko bietakoak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzen Euskal Institutua.

Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dituen eginkizunak baliatuz, dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako finantzaketa-beharrak estaltzeko mailegu-eragiketak onartu ahal izango ditu.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 50/2020 Dekretuaren babesean formalizatutako maileguen nobazioa.

1.– Martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren babesean formalizatuta dauden maileguen nobazio aldarazlea onartu ahal izango da, dekretu honetan ezarritako finantza-baldintzetara egokitu daitezen. Horretarako, eskaera aurkeztu beharko du enpresa edo pertsona interesdunak.

2.– Eragiketen nobazio aldarazleak berekin ekarriko du eragiketen epemuga beste hiru urtez luzatzea, edo formalizatutako eragiketen gabealdia, urtebetekoa izan ordez, bi urtekoa izatea.

3.– Hauek izango dira nobazio-eragiketen finantzaketa-baldintzak:

a) Baldin eta nobazioaren ondorioz beste hiru urtez luzatzen bada eragiketen epemuga (gabealdiko beste bat, aukeran), maileguaren eta abalaren finantza-baldintzak dekretu honetan ezarritakoari lotuko zaizkie, salbu eta nobazioaren xede den abalaren formalizazio-komisioa eta azterketa-komisioa, zeinak % 0 izango baitira.

Maileguek eta abalek ez dute inolako gastu edo komisio gehigarririk izango.

Mailegu-hartzaileak aurretiaz ezereztu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

b) Nobazioen ondorioz gabealdiaren epea luzatzen bada soilik –hau da, ez bada luzatzen eragiketaren epemuga–, martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuan ezarrita dauden finantza-baldintzak errespetatuko dira, bai maileguari eta bai formalizatutako abalari dagokionez, alde batera utzita nobazioaren xede den abalaren formalizazio-komisioa eta azterketa-komisioa, zeinak % 0 izango baitira.

Maileguek eta abalek ez dute inolako gastu edo komisio gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz ezereztu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

4.– Eragiketen nobazio aldarazlera irispidea izateko, zeinak berekin ekarriko baitu epea luzatzea eta/edo gabealdia luzatzea, enpresa eta pertsona interesdunek, dekretuaren 8. artikuluan adierazitako baldintzez gain, baldintza gehigarri hauek bete beharko dituzte:

a) Nahitaezkoa da pertsona edo enpresa zordunak eskaera aurkeztea.

b) Martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren babesean abalatutako eragiketa eta emandako beste edozein finantzaketa ez egotea berandututa (90 egun baino gehiagoko atzerapena ordainketan).

c) Pertsona edo enpresa zorduna ez agertzea berankor gisa Espainiako Bankuaren Arriskuen Informaziorako Zentralaren fitxategietan.

d) Entitate abal-emaileak ez jasotzea finantza-erakundearen komunikaziorik jakinarazteko pertsona edo enpresa zordunak eragiketa abalaturen bat ordaindu gabe duela luzapena formalizatu den egunean.

e) Pertsona edo enpresa zorduna ez egotea konkurtso-prozedura batean sartuta.

f) Abalatutako eragiketa dekretu hau argitaratu aurretik formalizatuta egotea.

g) Pertsona edo enpresa zordunak betetzea Europar Batasunaren estatu-laguntzen araudian abalak luzatzeko ezarrita dauden mugak.

5.– Nobazio-eskaerak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari helaraziko zaizkio, bitarteko telematikoak erabilita; zehazki, F5P eta F5A ereduak bete behar dira, non berariaz adieraziko baita eskaeraren xedea 50/2020 Dekretuaren babesean formalizatutako eragiketen nobazioa dela.

Eskabidea eta horri lotutako gainerako dokumentazioa aurkeztean, eskatzaileek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, bai eta horri buruzko prozedura eta izapideetan ere, indarren dagoen hizkuntza-araudiaren arabera.

6.– Nobazio-eskaerarekin batera, berariazko informazio ekonomiko eta finantzario hau bidali behar da:

a) Enpresa txiki eta ertainek 2019ko sozietateen gaineko zergaren aitorpena erantsiko dute, bai eta 2020ko balantzearen behin-behineko datuak eta galera-irabazien kontua ere.

b) Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek 2019ko PFEZaren aitorpena eta 2020ko galera-irabazien kontua igorriko dituzte.

7.– Enpresa eta pertsona interesdunek atari honetan eskuratu ahal izango dute nobazio-eskaerak aurkeztearekin zerikusia duen informazio guztia: www.euskadi.eus

8.– Eragiketen nobazio-eskaerak 2021eko apirilaren 15a baino lehen egin behar dira, eta 2021eko ekainaren 1a baino lehen formalizatu.

9.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abalak emateko jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

Nolanahi ere, elkar bermatzeko sozietateak, abal-eragiketak ematean bere jardunbideak aplika ditzakeen arren, konpromisoa hartzen du abala eskatu duten pertsona edo enpresei objektibotasunaren, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatzeko.

10.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak bermearen xede den mailegu-eragiketarako Abala Baimentzeko Agiriaren proposamena egin (F6 agiria) eta lankidetza-hitzarmenaren finantza-erakunde sinatzaileari igorri ondoren, azken horrek eragiketa aztertuko du, dagokion autonomia-eremuko barne-prozeduren arabera, eta, gero, enpresa edo pertsona eskatzailearekin nobazio aldarazlea formalizatuko du, agirian jasotako baldintzen arabera, eta nobazio horrek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Elkar bermatzeko sozietateak enpresa edo pertsona onuradunari jakinarazi beharko dio nobazioa onartu den ala ez. Hala ere, eta programaren kudeaketa errazteko, elkar bermatzeko sozietateak finantza-erakundeei egiten dien aurretiazko jakinarazpena egin ahal izango da elkar bermatzeko sozietateak dagokion aldian baimendutako abal-baimenak finantza-erakunde bakoitzerako taldekatuz, betiere F6 dokumentuan jasotako oinarrizko datuak adierazita.

11.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak abalen nobazio-eskaerei buruzko proposamena jakinaraziko dio Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, eta, ondoren, Sailburuordetzak Abala Baimentzeko Agiria ematearen aldeko administrazio-ebazpena emango du, baliozkotutako eragiketaren ezaugarriak zehaztuta. Era berean, ukatutako abal-eragiketei dagokienez, Sailburuordetzak ebazpen bat emango du ukatzea arrazoitzeko. Ebazpenak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari jakinaraziko zaizkio, eta hark, halaber, enpresa edo pertsona eskatzaileei jakinaraziko dizkie, dagozkion ondorioetarako.

12.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak formalizatutako zein ukatutako nobazio-eragiketak jakinaraziko dizkio Ekonomia eta Ogasun Sailari, hark eskatzen dion aldizkakotasunarekin, eta hark ezarritako betekizunak betez eta hark eskatzen dizkion ereduak erabiliz.

13.– Finantza-erakundeek mailegu formalizatuen ordainketa-interesen likidazioak –nobazioaren xede izan direnak– jakinaraziko dizkiote Ekonomia eta Ogasun Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasunarekin, bertan ezarritako betekizunak betez eta bertan eskatzen diren ereduak erabiliz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko martxoaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala