Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2021eko martxoaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1444

AGINDUA, 2021eko martxoaren 1ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez sortzen baita Euskadiko haur eta gazteen minbiziaren arreta kudeatzeko koordinazio asistentzialeko batzordea.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak, 2018ko irailaren 24an, haur eta nerabeen minbizirako asistentziaren antolamenduari buruzko akordioa lortu zuen.

Osasun Sistema Nazionalak (OSN) minbiziko estrategia bat du, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren, autonomia-erkidegoen, zientzia-elkarteen eta paziente-elkarteen arteko lankidetzaren ondorioz, eta horren barruan badago «haur eta nerabeentzako asistentzia»ri buruzko ildo estrategiko bat.

Lurraldearteko Osasun Kontseiluak, 2015eko martxoaren 26an, dokumentu hau onetsi zuen: «Haur eta nerabeen minbizirako unitate asistentzialak. Kalitateari eta segurtasunari buruzko estandarrak eta gomendioak». Haren asmoa da: osasunaren arloko profesionalei, administrazio sanitarioei eta haien kudeatzaileei tresna bat ematea, eta tresna horretan minbizia duten ume eta nerabeei arreta emateko unitate asistentzialak hoberen antolatu eta kudeatzeko kalitate-irizpideak jasotzea.

Intzidentzia txikia eta espezializazio handiko premia direla eta, haurren eta nerabeen minbizirako arreta honako hau bermatzen duten zentroetara mugatu behar da:

– Profesionalak aldizka prestatzeko eta eguneratzeko behar den esperientzia (kasu kopurua). Minbizia duten umeen arretarako Europako estandarrek, gutxienez, urteko 30 kasu berri zehazten dituzte esperientzia kliniko nahikoa edukitzeko.

– Haur eta nerabeen minbiziaren arretaz diziplina anitzeko lantalde bat arduratzea.

– Haur eta nerabeen minbiziaren konplexutasunari arreta emateko behar diren espezialitateak dituen ospitale batean egotea (diagnostiko eta tratamenduko zerbitzuak barne).

– Sare asistentzialean lan egitea minbizia duten umeen eta nerabeen arretan esku hartzen duten beste zentro edo unitate batzuekin.

Haurren minbizirako bi unitate asistentzial ditugu EAEn. Minbiziaren Unitate Asistentzialaren Estatuko eta Europako estandarrak eta gomendioak betetzen dituzte bi unitate horiek, eta Donostialdeko ESIko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko unitate asistentzialak dira. Unitate horiek arreta ematen diete minbizia duten umeei eta nerabeei, hala EAEkoei nola inguruko erkidegoetakoei (Kantabria eta Nafarroakoei bereziki).

Hori horrela, 2018ko irailaren 24ko akordioak aurreikusten du autonomia-erkidego bakoitzean koordinazio asistentzialeko autonomía-batzorde bat sortzea, haurren eta nerabeen minbizi-kasu guztien arreta asistentziala kudeatzeko. Batzorde hori dagokion arauaren bitartez sortu eta zehaztu beharko da. Batzorde horretan, gutxienez ere, honako kide hauek egongo dira: autonomietako onkohematologia pediatrikoko unitateak dituzten zentroen tumore-batzorde bakoitzaren ordezkari bat, onkohematologia pediatrikoko unitateen arduradunak, autonomia-erkidegoko onkohematologia pediatrikoa koordinatzearen arduradun bat, pazienteen kudeaketaren arduradun bat, eta batzordeak hala behar duten egoeretarako zehazten dituen kideak, aditu gisa eta izaera iraunkorra edukita edo halakorik gabe.

Halaber, kontuan hartu behar dira, batetik, 2013-2020ko aldirako Euskadiko Osasun Plana (haren planteamenduan minbiziaren arloko askotariko ekintzak eta helburuak jaso dira), eta, bestetik, 2018-2023ko aldirako Euskadiko Onkologia Plana, 2018ko irailean argitaratua. Azken plan horrek patologia horretako osasun-emaitzak hobetzeko lan-ildoak ezartzen ditu, eta, helburuen artean, eredu asistentzial pediatrikoan aurrera egitea jasotzen du, minbiziaren diagnostikoa duten paziente pediatrikoek eta nerabeek diziplina anitzeko arreta jasotzen dutela bermatzeko (alderdi sanitarioak, psikologikoak, sozialak eta hezkuntzakoak barne hartuta), eta, era horretan, arreta oso, integratu eta koordinatua bermatzeko eta haurren minbizirako unitate asistentzialen sareko funtzionamenduan aurrera egiteko.

Horiek horrela izanik, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak erakunde honi administrazio-xedapen orokorrak emateko esleitzen dizkioten eskumenez baliatuta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bitartez Euskadiko Haur eta Gazteen Minbiziaren Arreta Kudeatzeko Koordinazio Asistentzialeko Batzordea sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Osasun Sailera atxikita, baina haren egitura hierarkikoan parte hartu gabe.

2. artikulua.– Eginkizunak.

Koordinazio asistentzialeko autonomía-batzordeak egiteko hauek izango ditu:

a) Haur eta nerabeen minbizirako autonomia-erkidegoko eskaintza asistentziala prestatzea.

b) Jarduteko irizpide klinikoak aztertu eta zehaztea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko pediatriako pazienteen eta nerabeen prozesu onkologikoetako jarraipena barne.

c) Pazienteak kudeatzeko protokoloak egin eta aplikatzea, hauek jasota:

– Patologia bakoitzean, gaixotasunaren prozesu osoari edo haren zati bati dagokionez, onkohematologia pediatrikoko unitateetara bideratzeko irizpide klinikoak.

– Pazienteak kudeatzeko kanalak, zirkuitu arin eta efizienteak ezartzeko, kasu zehatz bakoitzari irtenbide azkar eta eraginkorrak eman ahal izateko.

– Osasun Sistema Nazionaleko erreferentziako zentro, zerbitzu eta unitateei bigarren iritzi bat eskatzeko aukera.

– Gainerako baliabide asistentzialekin koordinatzeko protokoloak proposatzea, pediatriako zerbitzuekin barne, hala ospitaleko mailan nola lehen mailako arretan, zainketa aringarri pediatrikoetan eta etxeko arretan.

– Umeak eta nerabeak helduen arretarako zerbitzuetara igarotzea bermatzea, betiere paziente bakoitzaren banako heltze-prozesura egokiturik.

d) Paziente zehatz bakoitza diagnostikatu eta tratatzeko izendatutako profesionalak edo zentroak proposatzea, eta haien sareko jarduketak koordinatzea.

e) Paziente bakoitzari, dauden ebidentziak aintzat hartuta, protokolo terapeutiko eraginkor, seguru eta eguneratuenean sartzea bermatzea.

f) Minbizia duten paziente pediatrikoek zentro anitzeko azterketetan eta saiakuntza klinikoetan parte hartzea bultzatzea, zeinetan zehaztuta geldituko baitira zentro bakoitzak indarreko araudiaren arabera zer zeregin eta ardura dituen.

g) Ospitaleko bertako, beste ospitale batzuetako eta lehen mailako arretako profesional medikoen, erizaintzakoen eta lantalde asistentzialean esku hartzen duten beste profesional batzuen etengabeko eta baterako prestakuntza bermatzea.

h) Paziente eta familientzako prestakuntza- edo hezkuntza-programak bultzatu eta monitorizatzea.

i) Emaitzak ebaluatzea, arazoak zehaztea, hobetzeko arloak identifikatzea eta aholkularitza eta egokitzapena eskaintzea helburu asistentzialen arloan.

j) Pazienteei eta familiei gizarte-laguntza emateko eskumena duen erakundearekiko koordinazioa errraztea.

k) Gaixotasuna gainditu dutenen epe luzeko jarraipena sustatzea, epe luzeko sekuelak, errezidibak eta abarrak kontrolatzeko.

3. artikulua.– Osaera.

Batzordean, batzordeburua, idazkaria eta Osasuneko sailburuak izendatutako kideak egongo dira, 2018ko irailaren 24ko Lurraldearteko Osasun Kontseiluaren erabakian jasotako gutxieneko osaerari jarraikiz.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betetzeko, ahalegina egingo da, batetik, genero-gaietan aditua den pertsona batek parte har dezan, eta, bestetik, batzordearen osaera parekidea izan dadin.

4. artikulua.– Bileren aldizkakotasuna.

Batzordea sei hilean behin bilduko da, baina bilerak maizago egitea proposatu ahal izango da, behar izanez gero.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 1a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala