Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2021eko martxoaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1443

AGINDUA, 2021eko martxoaren 1ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez sortzen baita Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordea.

Agindu honen xedea da Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordea sortzea eta haren egitekoak arautzea. Hala, Osasun Sailarentzako aholkularitza-tresna funtsezkoa izan nahi du doitasunezko medikuntzaren edo medikuntza pertsonalizatuaren plangintzan, esku-hartze medikoa pertsona bakoitzaren ezaugarri indibidualetara egokitzea ahalbidetzen duen medikuntza gisa ulertuta, eta, ondorioz, paziente taldeen onuran esku-hartze prebentiboak, diagnostikoak edo terapeutikoak aplikatzea ahalbidetu nahi du, pazientearengan, haren ingurunean zein sistema sanitarioan eragin hilgarria izatea saihesteko horrela.

Doitasunezko medikuntza edo medikuntza pertsonalizatuari 4P medikuntza ere deitzen zaio, pertsonalizatua, prediktiboa, prebentziozkoa eta parte-hartzailea delako. Pertsonalizatua, dauden datuak erabiltzen baititu, genetikoak barne, paziente indibidualari egokiena den maneiua eskaintzeko. Prediktiboa, norbanakoak gaixotasun bat izateko duen probabilitatea iragartzeko aukera ematen duelako. Prebentziozkoa, aurretik aipatutako datuetan oinarrituz, pertsona batek bizitzan zehar izan ditzakeen arriskuak aurreikusten eta aldatzen lagun dezakeelako. Parte-hartzailea, jarrera irekiagoa, kolaboratiboagoa eta proaktiboagoa ahalbidetzen duelako erabakiak hartzean, eskura dauden ebidentziak kontuan hartuta eta banakako pazientearekin partekatuz.

Medikuntza pertsonalizatuaren esparrua etengabe ari da garatzen eta berritzen. Gaur egun, minbiziaren arloa da medikuntza pertsonalizatuaren aplikazio garatuenetako bat, haren oinarri molekularrak eta genetika hobeto ezagutzen direlako, baina, etorkizun hurbilean, garapen hori medikuntzaren beste eremu batzuetara zabalduko dela aurreikus daiteke, hala nola, gaixotasun arraroen edo kardiobaskularren esparruetara, besteak beste. Batzorde honek, halaber, aholkularitza emango du medikuntza pertsonalizatuari lotuta sortuko diren beharrizan berri horien inguruan, ezagutza esparrua-edozein dela ere.

2013-2020 aldirako Euskadiko Osasun Planak, bere planteamenduan, minbiziaren arloan lortu beharreko ekintza eta helburu sorta zabala jasotzen du. Era berean, 2018-2023 aldirako Euskadiko Plan Onkologikoak –2018ko irailean argitaratu zen saileko dokumentu ofiziala– patologia horren osasun-emaitzak hobetzeko lan-ildoak azaltzen ditu, esku hartzeko estrategiak 5 jarduketa-ardatzetan oinarrituta, eta doitasunezko medikuntza edo pertsonalizatua da horietako bat.

Aholkularitza horrek aukera emango dio Osasun Sailari EAEn medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzorde bat sortu eta abian jartzeko, hasieran onkologian, baina gainerako arloetara hedatuko dena gerora, baliabideak ebaluatu, erabaki funtzionalak eta antolakuntzakoak hartu eta osasun-arreta kalitatez eta eraginkortasunez antolatze aldera.

Osasun Saileko profesionalek, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoek ikerketa-institutuetakoek eta berrikuntza eta ikerketa sanitarioko euskal fundaziokoek osatuko dute Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordea.

Arau honek, zeina Osasun Saileko aholku-batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuak ezarritako araubidearen esparruan kokatzen baita, Osasun Sailarentzako organo aholku-emaile bat sortzen du, plangintza estrategikoa egin eta erabakiak hartzeko, medikuntza pertsonalizatua ezartzea ahalbidetuko duten ekintzak martxan jartze aldera.

Horiek horrela, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak erakunde honi administrazio-xedapen orokorrak emateko esleitzen dizkioten eskumenez baliatuz, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta atxikipena.

Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordea sortzea, organo aholku-emaile gisa, Osasun Sailari EAEko sistema sanitarioaren beharrizanei buruzko aholku teknikoak emateko, gure inguruko sistema sanitarioei erreparatuta, aipatutako medikuntza pertsonalizatua ezartzeko aukerak eta erronkak identifikatuz, Osasun Saileko aholku-batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuan xedatutakoaren esparruan.

Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Osasun Sailari atxikitzen zaio, baina ez du sailaren egitura hierarkikoan parte hartzen.

2. artikulua.– Egitekoak.

1.– Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordearen egiteko nagusia da Osasun Sailari aholkularitza ematea plangintza estrategikorako eta erabakiak hartzeko, medikuntza pertsonalizatua ezartzea ahalbidetuko duten ekintzak abian jartze aldera.

2.– Osasun Saileko aholku-batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren 2. artikuluan aipatutako egitekoez gain, honako hauek ere Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordearen egitekoak izango dira:

a) Aholkularitza ematea bai prebentzio-, diagnostiko- edo terapia-arloko teknikak, biomarkatzaileak edo berrikuntzak sartzeari, aldatzeari edo ezabatzeari buruz, bai eta horien oinarri diren beharrizan teknologikoak ere, eta bai Euskadiko osasun-sisteman teknikak, zerbitzuak edo unitateak garatzeari eta/edo berrantolatzeari buruz.

b) Informazioa ematea prestazioen oinarri diren osasun-teknologien segurtasunari, eraginkortasunari, efizientziari eta Euskal Osasun Sistemaren beharretara egokitzeari buruz, ziurtatuz, betiere, eskura dagoen ebidentzia zientifiko onena erabiliko dela eta baliabideak zentzuz aprobetxatuko direla.

c) Onura lor dezaketen paziente guztiek medikuntza pertsonalizatura sarbidea izatea ahalbidetuko duten proposamenak egitea, komunitatearen barruan ekitatea bermatuz.

d) EAEko sistema sanitario publikoko profesionalek behar duten gaikuntza prestakuntzaren gaineko aholkularitza ematea.

e) EAEko sistema sanitarioan profil profesional edo lanpostu funtzional berriak behar diren identifikatzea, medikuntza pertsonalizatuaren arloan gaikuntza berezia behar dutenak.

f) Hautaketa-irizpideak eta merezimenduen balorazioa proposatzea, profil profesional berriek Osakidetza-EAEko sistema sanitario publikoan sarbidea izan dezaten, bat etorriz langileak hautatzeko araudi esparrura eta funtzio publikorako sarbidea arautzen duten gardentasun, merezimendu eta aukera-berdintasuneko printzipioekin.

g) Medikuntza pertsonalizatuaren erabilera sustatzea prebentzioan, diagnostiko goiztiarrean, farmakogenomikan eta farmakozinetikan, besteak beste.

h) Erabakien euskarri izango diren aplikazio informatikoak edo datu-base genomikoak aldi berean garatu beharra baloratzea, bere inplikazio klinikoekin, etikoekin eta legalekin batera.

i) Egiten ari diren edo gerora egingo diren ikerketa-lerroei buruzko argibideak eta aholkuak ematea, eta jarduera-arlo horretan indarra hartzen ari diren teknologien berri ematea.

3. artikulua.– Osaera.

Batzordeburu batek, idazkari batek eta Osasuneko sailburuak izendatutako bokalek osatuko dute Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordea.

4. artikulua.– Izendapena.

Honako banaketa honen arabera izendatuko dira bokalak:

1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betez, ahalegina egingo da, batetik, genero-gaietan aditua den pertsona batek parte har dezan, eta, bestetik, batzordearen osaera parekidea izan dadin.

2.– Batzordean ordezkariren bat duen erakunde edo organo bakoitzak ordezko pertsona bat proposatu ahal izango du titular bakoitzeko, tokia hutsik dagoenean, titularra ez dagoenean edo gaixo dagoenean haren tokia har dezan.

5. artikulua.– Araubide juridikoa.

Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordeak bere barne-araudiari jarraituko dio, hargatik eragotzi gabe aplikatzea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluko hirugarren atalean oinarrizko izaeraz xedatutakoa.

6. artikulua.– Bileren maiztasuna eta gobernantza.

1.– Euskadiko medikuntza pertsonalizatua planifikatu eta kudeatzeko batzordea sei hilean behin batuko da, baina, beharrezkoa izanez gero, bilerak maizago egitea proposatu ahalko da.

2.– Batzordeak hala erabakiz gero, eta hizkuntza-araudia betetzearen eta horrek euskararen normalizazioan duen eraginaren ikuspegi bikoitzetik, batzordekideen artean euskaraz egin ahal izango dira ohiko banaketako deialdiak, aktak, ziurtagiriak eta idazkiak. Dena den, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da beti.

7. artikulua.– Medikuntza pertsonalizatuko laguntza-batzordeak.

Beharrezkoak direnean eratu ahal izango dira medikuntza pertsonalizatuko laguntza-batzordeak, hala nola, onkologia genetikoa, onkohematologia edo bestelako ezagutza-arlo espezifiko batzuetan, zein plangintzan eta kudeaketan laguntzeko lantalde operatiboetan, betiere batzordearen beraren eta plangintza, antolamendu eta ebaluazio sanitarioko zuzendaritzaren mende dela, hark zehaztutako eta gainbegiratutako helburu eta lan-ildoekin.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 1a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana