Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2021eko martxoaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1400

AGINDUA, 2021eko otsailaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan kultura-publikoak garatzeko proiektuak eta jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta haien deialdia egiten duena.

Erakunde publikoek aurre egin behar diote sorkuntzaren eta kultura-publikoen arteko bategitea zailtzen duten oztopoak gainditzeko lanari, ahaztu gabe publikoak direla kultura-proiektuen ardatza, protagonistak eta kulturaren benetako subjektuak. Nahiz eta eskaintzak ohitura sortzen duen, errutina edo ohitura den aldetik, ezin da egintzat eman eskaintzak automatikoki aktibatzen duenik eskaria. Kultura-publikoak garatzea urrats bat harago doa, eta kulturaren benetako demokratizazioarekin konprometitzeko beharrari lotzen zaio; horrek esan nahi du, kultura-publikoak areagotzeaz gain, haren gizarte-egitura ere aldatu beharra dela.

Kultura-publikoak garatzeko estrategietan ez dute balio orotariko planteamenduek, eta publiko profil bakoitzari zuzendutakoak izatea eskatzen dute. Kultura-motibazioa eta -partaidetza sendotzea da helburua, kulturan parte hartu ohi ez duten publiko berrietara iritsiz; noizbehinkako ohitura aktibatzea edo jarduera horietan publikoak lortutako esperientzia hobetzea, parte hartu ohi dutenen fidelizazioa bilatzeko. Hori guztiori, kulturan parte hartzeko oztopoak gainditzeko helburuarekin eta publikoak fidelizatzeko asmoz.

COVID-19ak sortu duen ezohiko elkarbizitza egoerak erabilera berriak ekarriko ditu gizartera. Errealitate berri honek, kulturarentzat orohar, eta sortzaileentzat beren-beregi, ahultasun larria ekarri du. Kultura sorkuntzak eta honek dituen publikoen arteko elkarrekintzak eta testuingurua zehazteak lanak emango dizkigu, eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen neurrietara egokitzen jarritu behar izango dugu.

Egiteko horri ekiteko, baliabideak ez ezik, ideiak eta proposamen berriak ere behar dira, transformazio betean den testuinguru honetan jardunbide berriak probatzeko aukera ematen dutenak. Praktika kulturalak sendotu eta bultzatuko dituzten proiektuak behar dira, kultura ikusle berriei erakutsiko dietenak eta dagoeneko ikusle diren horiek sendotu eta fidelizatuko dituztenak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak.

Bestalde, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren bidez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zitzaizkion musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoa eta ikusizko arteen beharrak aztertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan haien jarduna sustatzeko, sendotzeko eta hedatzeko hartu beharreko neurri administratiboen gaineko eginkizuna.

Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. titulua –EONALTB– (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege horren Araudia onartu duen 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa.

Europar Batasunaren kultura-arloko estatu-laguntzei buruzko arauetan aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera jarri baitzen indarrean 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren jakinarazpen beharrik ez daukaten estatu-dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Ondare eta kulturako dirulaguntzak eta, zehatzago, gune edo espazio artistiko eta kulturaletarakoak dira kategoria berrietako batzuk.

Horregatik egokituko zaizkio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduari. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz, 53. artikuluaren 2. atalak ezarritakoarekin bat hain zuzen ere.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko urtarrilaren 31n onartu duen eta sailaren beraren webgunean (https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_21_24/eu_def/adjuntos/Dirulaguntzen-URTEKO-plana-Plan-ANUAL-Subvenciones-PAS-2021.pdf argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2018-2020 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da, bai eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailaren Urteko Dirulaguntzen Planean ere, 2020ko urtarrilaren 30ean onartua eta Sailaren webgunean argitaratua: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/)

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2021eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan kultura arloko ikuslegoak garatzeko proiektu eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta haien deialdia egitea.

Kultura-publikoen garapenak publikoekin harremanetan jartzeko modu berriak aurreikusten ditu, bai sorkuntzaren eta publikoen artean, bai praktika aktiboan. Publikoak dibertsifikatzea eta zabaltzea dakar, bai eta parte-hartze kulturala hobetzea ere.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektu eta jarduerak eta baldintzak.

1.– Diruz lagun daitezkeen proiektu eta jarduerek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

a) Proiektu eta jarduera bereziak eta espezifikoak izatea, kulturarako sarbidea eragozten edo mugatzen duten oztopoak ezabatzeko, kultura-publikoekiko harreman-modu berriak planteatzeko, sorkuntzaren eta kultura-publikoen arteko elkarrekintzaren garrantzia nabarmentzeko eta/edo kultura-publikoen praktika aktiboaren garrantzia nabarmentzeko.

b) Diruz lagun daitezkeen proiektu eta jarduera motak:

1) Publikoak dibertsifikatzekoak: interesik gabeko publikoengana (hau da, ez-publikoengana) bideratutakoak dira, eta hezkuntza-trabak, psikologia-trabak eta gizarte-inguruko trabak gainditzera bideratutakoak.

2) Publikoak hedatzekoak: kulturan interesa izan arren, kultura-jardueretan parte hartzen ez duten publikoei zuzendutako proiektuak eta/edo jarduerak, kultura-jarduerak erakartzeko eta haietarako sarbidea errazteko esku-hartzeak behar dituztenak.

3) Parte hartzea areagotzekoak: kultura-jardueretan parte hartzen duten publikoak gero eta fidelagoak izan daitezen, partaidetza-maila eta inplikazio-maila handiagoa lortzera bideratutako proiektu eta jarduerak.

c) Proiektu edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean. Proiektuak 2021ean hasitakoak izan beharra dute.

d) Diruz lagundu beharreko proiektu eta jarduerak herritarrentzat irekiak izango dira.

e) Onartutako guztizko aurrekontuaren % 20ko autofinantzatze-maila izatea gutxienez. Deialdi honetan iturri publikoetatik ez bestetatik jasotakoa hartuko da autofinantzaketatzat, eta onartutako guztizko aurrekontua, berriz, hala behar den kasuetan, 9. artikuluan zehaztutakoaren arabera araztutakoa.

f) Euskara jardueren komunikazio-hizkuntza izatea % 50ean behintzat.

2.– Deialdi honen xedetik kanpo geratuko dira:

a) artikulu honetako 1. puntuak jasotakoa betetzen ez duten proposamenak.

b) Jende gehiago erakartzeko estrategiak garatze hutsera mugatzen diren proiektu eta jarduerak.

c) Zabalkundera edota komunikazio hutsera mugatzen diren proiektu eta jarduerak.

d) Kultura-programazioa eta ikuskizunak kontratatzea.

e) Sari eta lehiaketak.

f) Irakaskuntza arautu, ez-arautu eta aisialdi zentroetako esparruan gauzatzen diren jarduerak.

g) Jaialdi, erakustaldi nahiz zikloen barruan antolatutako proiektu eta jarduerak, baldin eta antolatzailea jaialdia, erakustaldia edo zikloa antolatzen duena bera bada.

h) Txostenak, planak zein azterlanak egitea.

i) Kultura eta artearen sektoreetako profesionalentzako prestakuntza-jarduerak.

3. artikulua.– Diru kopurua.

Agindu honen babespean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko kredituaren guztizko zenbatekoa berrehun mila (200.000) eurokoa da, horietatik 100.000 euro izanik 2021eko ekitaldirako eta beste 100.000 euroko konpromiso kreditua 2022rako.

4. artikulua.– Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Ondorengo hauek jaso ahal izango dute Agindu honen baitan dirulaguntza, beti ere euren jarduera kultura-eskaintzari lotua bada:

a) Pertsona fisikoek.

b) Erakunde pribatuek. Baldin eta erakunde batek partaidetza publikorik badu, % 50 baino gutxiagoko partaidetza publikoduna. % 50eko edo hortik gorako partaidetza publikoa badu, betiere kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin lankidetzan antolatutako proiektu edota jarduerak baldin badira.

c) Erakunde publikoek, betiere kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin batera antolatutako proiektu edota jarduerak baldin badira.

2.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

a) Hala dagokienean, egokitzen zaien Erregistroan izena emana izatea (elkarte zibilen eta pertsona fisikoen kasuan izan ezik).

b) Ez izatea laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako betebeharrak.

d) Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea eta baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, hortaz, laguntza emateko unean eta ordainketak egiterakoan egiaztatuko da betetzen ote den.

Deialdiaren organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntza-eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituzten, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik behar izango, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginarekin bat etorriz. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake egiaztapen hori egiteko baimena, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko du.

3.– Bazterturik geratuko dira:

a) Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

b) Titulartasun publikoko espazio batean zerbitzu-kontratu bat edo zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratu bat esleipendun gisa eskatzen duten eskatzaileak.

c) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko uztailaren 14ko Aginduaren bidez egindako deialdiaren onuradunak ezin izango dira deialdi honen onuradun izan. Agindu horren xedea zen 2020. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan Kultura publikoak garatzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzea.

d) Dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz, berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.

5. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea eta eskatzen den dokumentazioa.

Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

1.1.– Pertsona fisiko eta juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta horrek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena egiaztatzea.

1.2.– Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.

1.3.– Pertsona juridikoak izanez gero: administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek zein erregistrotan inskribatuta dauden adieraziko dute eskabidean, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen agiria aurkeztea.

Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta ordezkaria den pertsonaren identitatea, eta horrek daukan legezko ordezkaritza ahalmena.

1.4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute dagoeneko administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Dokumentu horien bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, pertsona fisikoen berariazko aurkakotasunik ezean.

1.5.– Eskatzaileek beren jarduerak kulturarekin lotura zuzena duela justifikatu beharra dute, eta, horretarako, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga, Estatutuak, eskatzailearen ibilbidea edota lotura hori egiaztatzen duen beste edozein dokumentu aurkeztu beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak xedatutakoaz bat, eskaeran jasotako erantzukizuneko adierazpenaren bidez ondorengoak egiaztatu beharko dira:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da (I. eranskina).

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

3.– Proiektu eta jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Lan egutegia: 2021ekoa eta 2022koa.

b) Jardueran zer komunikazio-hizkuntza erabiliko den adierazten duen erantzukizuneko adierazpena (II eranskina).

c) Proiektuaren eta jardueren azalpen-memoria. Bertan, proposamena agindu honen 11. artikuluan ezarritako irizpideen arabera behar bezala baloratzeko beharrezkoak diren alderdiak zehaztu eta garatuko dira (III eranskina). Halaber, berariaz adieraziko da memorian:

– Proiektuaren eta jardueren tipologia.

– Proiektuak eta jarduerek dituzten helburuak.

– Proiektua eta jarduerak garatzeko proposatutako metodologia.

– Bitarteko digitalen bitartez publikoen garapenerako estrategia.

– Xede-publikoak.

– Xede publikoekin harremanetan jartzeko jarduera edota baliabideak: esku-hartze sistemak.

– Sektoreari edota sektorearteko testuinguruari egiten dion ekarpena.

– Beste lurralde- edota sektore-testuinguru batzuetan duen inpaktua eta aplikagarritasuna.

– Lantaldea: proiektu eta jardueretan diharduen lantaldearen profilak eta gaitasunak. Curriculumak erantsi beharra dago.

– Euskal sortzaileek eta kultura eragileek duten esku-hartze maila.

– Proiektuan zehar ebaluaziorako ezartzen diren sistema edota tresnak: kudeaketa, prozesuak, garapena eta emaitzak.

– Jarraipenerako bokazioa: finantzaketa plana eta epe ertain zein luzerako aurreikusitako lantaldea.

d) 2021 eta 2022rako jardueren gastu eta sarreren aurrekontu orekatu, banakatu eta xehatua. Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan 10. artikuluaren arabera diruz lagundu ezin diren gastuak sartzen badira, araztu egingo dira, onartutako aurrekontu osoa zehazteko, eta hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria (IV. eranskina).

e) Hala badagokio, kontratatutako zerbitzu profesional independenteen hornitzaileek egindako aurrekontuak, garatu beharreko prestazioak zehaztuta.

f) Erakunde publikoek eta pribatuek batera gauzatutako proiektu eta jardueren kasuan, dokumentu batean zehaztu beharko dituzte lankidetzaren nondik-norakoak, erakunde lankideak eta horien ordezkariak, eta partaide bakoitzak zer jarduera eta aurrekontu hartuko dituen bere gain. Dokumentua lankide diren erakundeek sinatu beharko dute.

6. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskatzaile bakoitzak eskaera bat baino gehiago egin badezake ere, eskatzaile bakoitzak proiektu baterako baino ezin izango du jaso dirulaguntza.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Pertsona fisikoek aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurreko kanala: eskabideak aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua hartuta; EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak), eta urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako tokietan.

– Kanal elektronikoa: euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 5. atalean adierazten den helbidean nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako erregistro elektronikoetan.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –aurrez aurrekoa nahiz elektronikoa– hautatzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan ere bide hori erabili behar denik; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.

4.– Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabekoek bide elektronikoa erabiliz baino ezin izango dituzte aurkeztu eskabideak.

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak, bai aurrez aurreko bidea erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen duten jarraibideak, euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide elektroniko honetan egongo dira eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1069003

Eskaeraren ondorengo izapide elektronikoak, berriz, hemen egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7.– Aurkezten diren agiri elektronikoek ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, eta ereduak duen formatu berean aurkeztuko dira.

b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztien tamaina 30 Mb-ekoa izango da gehienez ere.

d) Bideoak dagokion dokumentuan web helbidea jarrita aurkeztu ahal izango dira.

8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du, inpugnaziorako bidea itxi gabe.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabideak izapidera onartzeko agiriak falta edota agirietan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.

Beren eskabidea elektronikoki aurkeztu beharra dutenek, aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezaten eskatuko zaie eskabidea elektronikoki aurkeztuta. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.

9. artikulua.– Dirulaguntzen muga.

1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango guztizko aurrekontu onartuaren % 50etik gorakoa.

2.– Diruz laguntzen diren proiektu eta jarduerek gehienez ere jasoko dute:

– Pertsona fisikoek eta euren kapitalean % 50etik beherako partaidetza publikoa duten entitate pribatuek: 40.000 euro.

– Entitate publikoek eta euren kapitalean % 50 edo hortik gorako partaidetza publikoa duten entitate pribatuek: 25.000 euro.

3.– Proiektu bati esleitutako dirulaguntza ez da eskatutako kopurua baino handiagoa izango.

10. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua aplikatuz, gastu hauek lagunduko dira diruz:

a) Proiektu edo jarduera gauzatzen duten profesional eta langileen diru-ordainak. Eskatzaileek gehienez ere onartutako guztizko gastuaren % 15 erabil lezakete langileen gastuetarako, baldin eta ez badira titulartasun publikodun entitateak edo % 50eko eta hortik gorako partaidetza publikorik ez badute euren kapitalean. Aurrekontuan xehetasunez adierazi beharko da zer lan egingo duen langile horrek proiektuan edota jardueretan.

b) Norberarenak ez diren tokiak alokatzea; kanpo edota barruko tokiak erabiltzea; ekipamenduak, makineria eta altzariak alokatzea.

c) Amortizazio gastuak: ekipamendua, makineria, altzariak, edo norberaren tokiak baldin eta titulartasun publikodunak ez badira. Gastuok ez dira aurrekontu onartuaren % 5 baino handiagoak izango.

d) Bitarteko digitalen eta komunikaziorako baliabideen gastuak, ekoizpena barne. Gastuok ez dira aurrekontu onartuaren % 25 baino handiagoak izango.

e) Proiektu zein jardueretan zuzenean parte hartzen duten profesionalen joan-etorriak eta ostatu-gastuak ezin izango dira guztizko aurrekontu onartuaren % 5 baino handiagoak izan.

2.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, kontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako proiektu eta jardueren % 90era arte. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundutako proiektu eta jarduerak bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko, ezin izango dira azpikontratatu zerbitzu profesional independenteak dirulaguntza kopuruaren % 50ean baino gehiagoan.

Edonola ere, kontratu bakoitzean garatutako lanak edo eskainitako zerbitzuek aurrekontuko ataletan jasotako kontzeptuekin bat etorri beharra dute. Zerbitzu profesional independenteak emango dituzten hornitzaileek eginiko aurrekontuak aurkeztu ezean, aurrekontu onartua kalkulatzeko aurrekontuak araztu egingo dira era honetako gastuak kenduz.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa.

11. artikulua.– Hautatze eta balorazio irizpideak.

Balorazio Batzordeak eskabide guztiak aztertuko ditu eta zehaztutako alderdi guztiak baloratuko ditu ondorengo irizpide, azpi-irizpide eta baremoen arabera:

1.– Lehendabiziko fasea: kultura-interesa, proiektu eta jardueren kalitate eta berrikuntza-maila. Gehienez 50 puntu. Ondorengoak hartuko dira aintzat:

1.1.– Metodologia ikuspegia. Gehienez 15 puntu.

1.2.– Kultura-publikoek proiektu eta jardueretan duten parte-hartze aktiboa. Bereziko baloratuko dira kultura aniztasuna eta eskuragarritasuna edo publikoak dibertsifikatzea. Gehienez 10 puntu.

1.3.– Proiektu eta jardueretan zehar ebaluazioa egiteko ezarritako sistema eta tresnak: kudeaketa, prozesuak, garapena eta emaitzak. Gehienez 10 puntu.

1.4.– Euskal sortzaile eta kultura eragileek duten parte-hartze maila. Gehienez 10 puntu.

1.5.– Proiektuak eta jarduerek zenbateko ekarpena egiten dioten lantzen den sektoreari edo sektorearteko testuinguruari. Gehienez 5 puntu.

Lehendabiziko balorazio fase horretan gutxienez 30 puntu ateratzen ez duten eskabideak deialditik baztertuak izango dira eta ez dira bigarren fasean baloratuak izango.

2.– Bigarren fasea: inpaktu gaitasuna, bideragarritasuna eta jarraitzeko bokazioa. Gehienez 70 puntu. Ondorengoa baloratuko da:

2.1.– Herritarrei eragiteko gaitasuna. Gehienez 35 puntu. Ondorengoak hartuko dira aintzat:

2.1.1.– Jarduerek duten kalitate-maila edota publikoekin harremanak lantzeko baliabide berriak eta jardueren tipologiaren aniztasuna. Gehienez 15 puntu.

2.1.2.– Proiektuak beste lurralde eta sektore batzuetan duen inpaktua eta aplikagarritasuna. Gehienez 10 puntu.

2.1.3.– Zenbaterainoko eragina duen haur eta gazteengan, eremu ez arautuetan. Gehienez 5 puntu.

2.1.4.– Euskal emakume sortzaileek duten esku-hartze aktiboa. Gehienez 5 puntu.

2.2.– Proiektu eta jarduerek duten bideragarritasuna. Gehienez 30 puntu. Ondorengoak hartuko dira aintzat:

2.2.1.– Proiektu eta jardueretarako jarritako gizataldea. Profilak eta gaitasunak. Gehienez 10 puntu.

2.2.2.– Aurrekontua proiektu eta jarduerei egokitua izatea. Gehienez 10 puntu.

2.2.3.– Dirulaguntza honetaz aparteko finantzaketa-maila. % 20tik gorako autofinanketa maila baloratuko da. Gehienez 5 puntu. Finantzaketa-maila handiena duenari emango zaio puntuaziorik handiena, eta gainerakoei proportzioan.

2.2.4.– Proiektua eta jarduerak nola hedatzen diren denboran zehar. Gehienez 5 puntu.

2.3.– Jarraitzeko bokazioa. Proiektu eta jarduerekin jarraitzeko asmoa, denboran zehar eta giza nahiz diru-baliabidetan. Gehienez 5 puntu.

3.– Eskaerak dirulaguntza jasoko badu, gutxienez 70 puntu izan beharko ditu aurreko irizpide guztiak aintzat hartutako balorazioaren ondorioz.

12. artikulua.– Proiektu eta jarduerak hautatzea eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagoka-lehia bidez ebatziko dira, eta dirulaguntza soilik eman ahal izango zaie 10. artikuluan xedatutako hautatze eta balorazio-irizpideetan oinarrituta artikulu horretan xedatzen den puntuazioa edo hortik gorako puntuazioa lortzen duten eskaerei, betiere 8. artikuluak ezarritako gehieneko mugak errespetatuz.

2.– Eskatzaile bakoitzak dirulaguntza-agindu honetan eskabide bat baino gehiago aurkezten duten kasuan, baloraziorik onena lortzen duen eskabideari emango zaio dirulaguntza, eta gainerakoak ezetsi egingo dira. Hortaz, beste eskatzaileen proiektu eta jarduera batzuei laguntzak eman ahal izango zaizkie, nahiz eta proiektu eta jarduerok beste onuradun baten bigarren eskabideak eta hurrengoek baino balorazio baxuagoa atera.

3.– Ematen den laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko bat aplikatuko zaio aurkeztutako proiektu eta jardueren guztizko aurrekontu onartuari, puntuaziorik handiena ateratzen duenetik hasita eta lehentasun-hurrenkerari jarraituta gero, ehunekoa izanik zuzenki proportzionala eskatzaileak lortutako puntuazioarekiko, halako arrazoiaz non guztira deialdiaren zuzkidura agortu egiten baita hura gainditu gabe. Dirulaguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoa ez da inola ere 8. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetan xedatutako mugak baino handiagoa izango. Baldin eta muga horiek gainditzen badira, horiek guztiak betetzen duen kopurura heldu arte gutxituko da zenbatekoa. Errepikatu egingo da prozedura hori, harik eta hautatutako proiektu eta jarduera guztiak ase arte edo 2.3 artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Ondorengoek osatuko dute:

Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, bera falta denean, batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

Aditu profesionalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kultura alorreko profesionalen artean aukeratuak izango dira, eta independenteak izan daitezke edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektoreetako kide esanguratsuak.

2.– Batzordeko idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat ibiliko da, zuzendariak izendaturik.

3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bitartez, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Balorazio Batzorde horretarako izendatutako aditu profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

6.– Balorazio Batzordeari egokituko zaio aurkezten diren eskabideak 2.2 artikuluan ezarritako balditzak betetzen dituztela baieztatzea; 8. artikuluak ezarritatako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertzea eta hala badagokio guztizko aurrekontu onartua zehaztea, eta 10. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideen araberako azterketa egitea eta ebaluatzea.

7.– Batzordeak adostasunez erabakiko du eta Kulturako sailburuari aurkeztuko dizkio onartzeko/ez onartzeko proposamenak, eta, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dirulaguntzak emateko/ez emateko proposamenak.

8.– Balorazio Batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektu eta jardueren arduradunekin elkarrizketak adostu ere.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak ebatziko du, Balorazio Batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren.

2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei. Horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten. Lehendabizikoz egindako jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen datatzat, aipatutako 39/2015 Legearen 41.7 artikuluaren arabera.

3.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.

4.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, itzulketa-prozedura amaitzean horren gaineko ebazpena ematen bada.

15. artikulua.– Jakinarazpenak aurrez-aurreko izapidetzean eta izapidetze telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan-kasuan, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da. Interesdunari jakinarazpena duela abisatu dakioke edozein euskarri elektroniko erabilita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan «Nire karpeta» atalean. Abisu hori izan ez arren, jakinarazpena erabat baliozkoa izango da.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jarri eta hamar egun naturaleko epea igaro ondoren, interesduna haren edukira sartzen ez bada, jakinarazpena ukatutzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

16. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu bererako, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko, kontuan izan gabe dirulaguntza izendunak diren edo lehia bidezko prozedura baten bidez emandako dirulaguntza-aginduen araberako beste edozein laguntza diren.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Komunikaziorako euskarri guztien edizioak euskaraz egingo dira, behintzat.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoetan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantzaketaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

4.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea.

5.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

6.– Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea.

7.– Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso ote diren xede bererako, Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emanda.

8.– Argitaratutako promozio-material guztien ale bana Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea.

9.– Diruz lagundutako proiektua jendaurrean jakinaraztea edo eskuragarri jartzea, osorik edo zati batean. Era berean, partzialtzat hartzen da erreferentziako terminoen, laburpen exekutiboaren, eranskinen edo kasu-azterlanen komunikazio bereizia, halakorik dagoenean.

Komunikazioa zati batean egiten bada, txosten osoaren erreferentzia jarri beharko da, testuinguruan egoki jartzeko moduan.

10.– Diruz lagundutako proiektuaren edukiak eta jarduerak erabiltzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruan metaebaluazioak, sistematizazioak, sintesiak eta antzeko azterlanak egiteko.

11.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Ez da inolako ordainketarik egingo, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa-prozeduraren ebazpen baten ondorioz zorduna bada.

2.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, ordainketa jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, eskabidearekin batera edo prozeduraren beste fase batean, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez. Honako helbide hauek ditu, gaztelaniaz eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/altaterceros eta https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

3.– Agindu honen pentzudan ematen diren dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 lehen ordainketan, behin emate-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita hamabost eguneko epean berariaz uko egin ezean.

b) Emandako dirulaguntzaren % 30 bigarren ordainketan, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2022ko martxoaren 31 aurretik, betiere 2021eko egikaritzea eta guztizko aurrekontu onartuari dagozkion gastuak zuritu badira era honetan:

– Diruz lagundutako proiektuaren eta jardueren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza, 2021ari buruzkoa.

– Proiektu eta jardueretan 2021ean erabilitako komunikazio-hizkuntzen gaineko txostena, hizkuntza ofizialen erabilera-datuak barne.

– Exekuzioaren aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta xehatuena, eta 2021. urteari dagokiona.

– Diruz lagundutako proiektu eta jarduerak garatzean 2021ean izandako gastuen justifikazio-agirien zerrenda sailkatua eta argia.

– Egindako gastuen egiaztagiriak eta fakturak, 2021ean onartutako aurrekontu osoari dagokionez. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea.

– 2021ean, xede edo helburu bererako, beste erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako beste edozein ekarpenen zerrenda. Onuradunak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenaz gain, beste dirulaguntzarik jaso ez badu, erantzukizun-aitorpena erantsi beharko du.

– Jardueraren karietara 2021ean argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Justifikaziorako erabiliko den dokumentazioak 5. 5. artikuluaren ezaugarriak bete beharko ditu.

c) Azken ordainketa, gainerako % 20koa, dirulaguntza justifikatu ondoren, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan, betiere 2022ko abenduaren 15a baino lehen, baldintza hauetan:

– Memoria xehea: diruz lagundutako jarduerari buruzko 2022ko gauzatze-memoria, non jasoko baita betetze-maila eta proiektu eta jardueren ebaluazioa.

– Exekuzioaren aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta xehatuena, eta 2022. urteari dagokiona.

– Diruz lagundutako proiektua eta jarduerak gauzatzeko egindako gastua justifikatzen duten 2022ko dokumentu guztien zerrenda sailkatua eta osatua.

– Egindako gastuen egiaztagiriak eta fakturak, 2022an onartutako aurrekontu osoari dagokionez. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea.

– Besteak beste, erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena eta beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen 2022ko ekarpenak jaso beharko dira. Onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.

– Jardueraren karietara 2022an argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

19. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira –betiere, laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan aurreikusitakoez bestelako proiektu eta jardueretarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Aurkeztutako proiektu eta jardueretan aldaketaren bat egitea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren b, c, d, e, f edota g apartatuetan aurreikusitakoak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) ezarritakoa bete ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren mende egongo dira; araudi horrek xedatzen du zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: 2020. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan kultura arloko publikoak garatzeko proiektu eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003, azaroaren 17koa, Dirulaguntzen Lege Orokorra eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/dbao/1069003

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. Titulua eta VII. Tituluaren III. kapitulua (1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, onartuak); halaber, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Araudia onartu zuen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko arauen mende ere badaude.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 24a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala