Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2021eko martxoaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1395

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 3koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzetarako 2021eko deialdia. Bideratu Berria programa.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduak Bideratu Berria programa arautzen du (2017ko urriaren 24ko EHAA, 203. zk.), zeinaren bidez krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen baitira.

Agindu horren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzetarako 2021eko deialdia egin behar da.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduan aurreikusita dauden laguntzetarako 2021eko deialdia egitea eta laguntzak aurrerakin itzulgarrien bidez ematea (2017ko urriaren 17ko Aginduaren bidez, krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dira; Bideratu Berria programa).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak onartutako kredituen arabera nahikoa aurrekontu-zuzkidura dagoenez, 5.000.000,00 euro bideratzen dira 1. artikuluan azaldutako xedea betetzera.

Deialdi honen kontura emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan artikulu honetan finkatutako zenbatekoa baino handiagoa edo, indarrean dagoen legerian aurreikusita dagoen kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren araubidearen arabera, hura eguneratzetik ateratako zenbatekoa baino handiagoa. Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da dirulaguntza gehiagorik emango, eta, beraz, handik aurrera, ebazpen honek ez du ondoriorik izango. Horrelakorik gertatuz gero, gorabehera horien berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Industriako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak, aurkezteko epea eta modua.

1.– Ebazpen honetatik eratorriko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak xedatutakoaren arabera.

2.– Honako hau da izapideak egiteko jarraibideak eskuragarri dauden eta inprimakiak lortzeko erabili behar den administrazio-prozedurako informazio-fitxa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091106

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako dokumentuak aurkezteko, eta eskabidearen ondorengo izapideak egiteko, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan sartzeko, egoitza elektronikora jo behar da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2021eko urriaren 15eko 15:00etan, 2. artikuluan adierazitako zenbatekoa lehenago agortzen ez bada.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, zeinaren bidez azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina aldatzen baita, laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, horretarako ezarritako gehieneko epea ebazpenik jakinarazi gabe igarotzeak interesdunak legitimatzen ditu dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 3a.

Industriako sailburuordea,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala