Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2021eko martxoaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1393

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «CE.04 Zabalgunea» hiri-eremuan ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko urriaren 26an, Donostiako Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoan, Donostiako «CE.04 Zabalgunea» hiri-eremuan ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko azaroaren 26an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Donostiako «CE.04 Zabalgunea» hiri-eremuan ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Berezia (hemendik aurrera, Plan Berezia) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera; edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Donostiako «CE.04 Zabalgunea» hiri-eremuan ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruz, jarraian zehazten den moduan:

Indarrean dagoen HAPOk, 2010eko ekainaren 25ean behin betiko onartu zenak (azaroaren 19ko GAO, 222. zenbakikoa), baimena ematen du hirugarren sektoreko erabilerak (hotel-establezimenduak) ezartzeko –betiere erabilera bateragarri edo onargarrien araubide orokorra betetzen badute– «a.20 Zabalguneko bizitegia» esparruko (horri dagokio «AU.CE.04 Zabalgunea») zona globaletan.

Orain arte, Donostiako Garibai kaleko 23. zenbakiko etxearen 1. eta 2. solairu osoak eta 3. solairuen zati bat hirugarren sektoreko erabileretarako baliatu izan dira, eta goiko gainerako solairuak, berriz, bizitegi-erabilerarako. Plan Berezi honen helburua eraikinaren goiko solairuetako hirigintza-erabilerak egokitzea da, den-denak «ostatu-erabilerarako» baliatze aldera, zehazkiago, bizitegi-erabilerarekin bateragarriak diren apartamentu turistikoen modalitaterako, hori izaki, hain zuzen, dagokien esparruaren erabilera bereizgarria.

Eraikina proiektatutako jarduera gauzatzeko egokituta dago; beraz, obra gehigarririk egikaritu behar ez denez, aurreikus daitezkeen ingurumen-ondorioak proiektatutako jarduera abian jartzeari buruzkoak izango dira soil-soilik.

Plan Berezi honen esku-hartze esparrua Donostiako Garibai kaleko 23. zenbakiko etxeak hartzen duen orubera mugatuta dago, eta xede materiala, berriz, goiko solairuen multzora; beraz, ez du eraginik izango ez beheko solairuan ez soto-solairuan, zeinaren egungo erabilera (hirugarren sektorekoa, bulego-kategorian) esku-hartze horretatik kanpo geratzen baita.

Horrenbestez, Donostiako hirigunean kokatutako eta guztiz antropizatutako eremua da. Ez dago babestutako edota ingurumen-interes nabarmeneko ezein gunetan. Gauza bakar bat adierazi behar da: eraikina (goiko bi solairuak izan ezik) Katalogatutako Hirigintza Ondarea Babesteko 2014ko Plan Bereziko eraikinen zerrendan –D graduan– jasota badago ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren iritziz, Plana aplikatzeak ez du inolako eraginik Kultura Ondarean.

Bigarrena.– Donostiako «CE.04 Zabalgunea» hiri-eremuan ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, xedatu da Planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoa aintzat hartuta.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Donostiako «CE.04 Zabalgunea» hiri-eremuan ostatu-erabilera ezartzeko Hiri Berrikuntzako Plan Berezia ez bada baimentzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala