Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2021eko martxoaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1376

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 23koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Geologia Sailaren arautegian egindako aldaketak onartzekoa.

2019ko irailaren 26an, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak sailak berrantolatzeko prozesua onartu zuen, eta horren ondorioz, batu egin ziren unibertsitate honetako Mineralogia eta Petrologia, Geodinamika eta Estratigrafia eta Paleontologia Sailak eta Geologia Saila sortu.

Aurtengo urtarrilaren 13ko bileran, Geologia Saileko Kontseiluak aldatu egin zuen behin-behineko arautegia (2020ko otsailaren 18an onartua).

Sailen Esparru Arautegiko 4.3 artikuluari jarraituz, idazkari nagusiari dagokio sailen arautegiaren aldaketak onartzea, Gobernu Kontseiluak horretarako eskumenak eskuordetuta, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu proposamena Gobernu Kontseiluan aurkezteko artikulu horretan zehaztutakoaren arabera, bestalde, honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Adierazitakoagatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Geologia Sailaren arautegia, eranskinean jaso bezala.

Bigarrena.– Agindu ematea erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Geologia Sailaren arautegia argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2021eko otsailaren 23a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
UPV/EHUko GEOLOGIA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

UPV/EHUko Geologia Sailak Zientzia eta Teknologia Fakultatean dauka egoitza (Sarriena auzoa, z.g., 48940 Leioa).

2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 8.2 artikuluaren zehaztapena.

Geologia Sailak ez dauka sail-atalik.

3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.

Hauek izango dira saileko kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkari akademikoa, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat, sailak ematen dituen zikloetako (graduko, masterreko eta doktoregoko) ikasleen bina ordezkari, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari.

4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko II. atalaren zehaztapena.

Geologia Sailak Batzorde Iraunkorra izango du kontseiluko kideez osatua, eta hauek izango dira osakideak: zuzendaria, idazkaria, sail-ataletako koordinatzaileak, irakasle-ikertzaileen zazpi ordezkari (sei irakasle-ikertzaile iraunkorren eta irakasle-ikertzaile doktore ez-iraunkorren artetik aukeratuko dira eta bat saileko gainontzeko irakasle-ikertzaileen artetik), ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Hauek izango dira eginkizunak:

– Doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimendutako baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideak izendatzekoak ere.

– Saileko irakasle-ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak bultzatzea.

– Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak esleitu eta kontratuak berritze aldera.

– Urriaren 17ko 209/2006 Dekretuaren eranskinean (edo hura ordezkatzen duten arauetan) aipatzen diren txostenak egitea (Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari osagarriei buruzko Dekretua, martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuak aldatua). Horretarako, UPV/EHUko irakasle-ikertzaileei gehigarrizko ordainsari osagarriak esleitzeko deialdi bat irekita dagoenean, saileko zuzendariak behar adina aldiz bilduko du Batzorde Iraunkorra eskatutako txosten guztiak tramitatzeko.

– Bere eskumenen esparruan, kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren, teknikaren edo artearen arloko lanak egiteko.

5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 20.1 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoa balio osoz eratuta geratuko da lehenengo deialdian, kideen gehiengo osoa bertan dela, fisikoki edo telematikoki, eta, bigarren deialdian, kideen herena gutxienez. Deialdi batetik bestera arteko tartea 10 minutukoa izango da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluaren zehaztapena.

Botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetu ahal izango zaio, hauteskunde prozesuetan izan ezik. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Botoa idatzi bidez eskuordetu behar da (idatzi sinatua), eta bileraren hasieran eman behar zaio idazkariari aktan erantsita ager dadin.

7. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 24.2 artikuluaren zehaztapena.

Erabakiak hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira beranduen jota, eta datuak babesteko legeria errespetaturik betiere. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Arautegiak ez badu zehazten nola emango diren argitara erabakiak, sailak hartutako erabakien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkariak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Ziurtagiria saileko idazkaritzako iragarki oholean jarriko da, bai eta sailaren ohol birtualean ere, halakorik egonez gero. Horrez gain, posta elektronikoz bidaliko zaie Saileko Kontseiluko kide guztiei, eta saileko AZP eta IRI guztiei.

8. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.

Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta behin baino ezin izango da izan jarraian berriz aukeratua beste lau urterako.

9. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Saileko Kontseiluan hutsunerik egonez gero, idazkariak ordezkoa nor izango den jakinarazi behar du zazpi eguneko epean, hutsunea sortu denetik kontatzen hasita.

10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

Saileko Kontseiluko kideren bat kanpoan, gaixorik edo antzeko egoeraren batean badago, idatzi arrazoituaren bidez eman beharko zaio horren berri saileko zuzendariari bilera baino gutxienez 48 ordu lehenago, horrela ordezkoa izendatu ahal izateko.

11. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Saileko zuzendaria aukeratzeko hauteskundeetan onartuko da botoa aldez aurretik ematea, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluari jarraikiz.


Azterketa dokumentala