Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2021eko martxoaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
1356

AGINDUA, 2021eko otsailaren 19koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez prozedura abian jartzen baita Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako mutualitateen osasun-zentroak eskueran jartzeko, COVID-19aren aurkako txertaketan laguntze aldera.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretua COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzkoa da, eta aurreikusten du COVID-19 gaixotasuna hedatzeko arrisku posibleen aurrean prebenitzeko, geldiarazteko eta koordinatzeko zenbait premiazko neurri hartzea, pertsonen osotasun fisikoa eta osasuna bermatzea arriskuan jarriko luketen eta eskuragarri dauden osasun-baliabideak berriz ere laguntza-presio handiaren pean jarriko lituzketen agerraldi epidemiologiko berriak eta identifikatu gabeko transmisio-kate berriak agertzeagatik, botere publikoek prebentzio-neurrien bidez osasun publikoa antolatzeko eta babesteko duten betebehar konstituzionalaren ikuspegitik, krisi-egoera ofizialki amaitu dela deklaratzen ez den bitartean.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratzen du, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. Errege-dekretu hori 2021eko maiatzaren 9ko 00:00ak arte luzatu zuen azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuak, eta honako hau adierazi zuen: «urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan (zeinaren bidez alarma-egoera deklaratzen baita SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko) eta, hala badagokio, aipatutako urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak emandako gaikuntza erabiliz onartzen diren dekretuetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, hargatik eragotzi gabe hurrengo xedapenetan ezarritakoa.»

Aipatutako urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren zioen azalpenean adierazten denez, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, arau horretan aurreikusita ez dagoen guztian, osasun publikoan eskumena duten osasun-administrazioek behar diren neurriak hartzen jarraitu beharko dute COVID-19k eragindako osasun publikoko larrialdi-egoerari aurre egiteko, bat etorriz osasun-legeriarekin, hauekin bereziki: Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra, eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorra, bai eta dagokion araudi autonomikoa ere.

Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak hau aurreikusten du 1. artikuluan: «osasun publikoa babesteko eta hura galtzea edo hondatzea prebenitzeko, Administrazio Publikoetako osasun-agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartu ahal izango dituzte, urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean».

Horretarako, Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorrak honako hau aurreikusten du 26.1 artikuluan: «Osasunerako berehalako eta ezohiko arrisku bat dagoela susmatzeko arrazoiak badaude, osasun-agintariek egoki iritzitako prebentzio-neurriak hartuko dituzte, hala nola, produktuak konfiskatzea edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo instalazioak ixtea, baliabide materialetan eta pertsonaletan esku hartzea eta osasun-arloan justifikatutzat jotzen den beste neurri oro».

Era berean, Osasun Publikoari buruzko 33/2011 Lege Orokorrak 54. artikuluan aurreikusten du osasun-agintariek herritarren osasuna prebenitzeko eta babesteko neurriak hartzeko aukera, baliabide materialetan edo pertsonaletan esku hartzekoak barne.

Bestalde, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak hau dio 3. artikuluan: «Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea prebentzio-neurrien bidez, osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia bermatzea, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko, batez ere titulartasun publikoko baliabideen dotazioaren, mantenimenduaren eta antolamendu-hobekuntzaren bidez».

12. artikuluan adierazten denez, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da Euskadiko osasun-sistemaren zuzendaritza, plangintza eta programazioa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunen bidez gauzatzen da. Egiteko hauek izango ditu, besteak beste:

«a) Osasun publikoaren babes orokorra bermatzeko beharrezkoak diren eta agintea erabiltzea dakarten esku-hartzeak. (...)».

Halaber, lege horren 14. artikuluak prebentziozko atentzioa eta osasunaren sustapena ditu hizpide, eta, han ezartzen duenez, «izen horien barruan jarduketa hauek daude: batetik, osasunari buruzko oinarrizko legeriak egiten duen esparru-zerrendarekin bat etorriz, osasuna babesteko, sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko egindako jarduketak, eta bestetik, osasun indibidualari eta kolektiboari buruzko antolamendu juridikoan adierazitako interbentzio publikoko ahalmenak erabiliz egindakoak.»

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren azaroaren 26ko 18/2020 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Osasun Sailari:

a) Plangintza eta antolamendu sanitarioa.

b) Osasun publikoa eta elikadura- eta ingurumen- osasuna babestea.

c) Zaintza epidemiologikoa. (...).

g) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluaren arabera, Osasuneko sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak erabiltzea, bai eta Osasun Sailari dagozkion jardun-eremuen eta egitekoen arloan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.

Gaur egungo pandemia-egoerak zentro pribatuetan osasun-laguntzaren arloko neurriak hartu beharra dakar, baita haien baliabide materialetara eta pertsonaletara jotzeko aukera ere, COVID-19ak sortutako asistentziari hobeto erantzuteko, batez ere herritarren txertaketan.

SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez luzatua), egoeraren bilakaera ikusita eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, osasun-agintaritzaren jardunean, bat etorriz goian adierazitako araudian arautuarekin, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluari dagokionez, Osasuneko sailburuak

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako mutualitateen osasun-zentroei atxikitako baliabide materialak eta pertsonalak eskueran jartzea.

1.– Abian jartzea, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako mutualitateen osasun-zentroak eskueran jartzeko prozedura, herritarren osasuna eta segurtasuna babeste aldera.

2.– Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eskatzea baimena eman dezala, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutualitateen osasun-zentroak eskueran jartzeko, honako helburu eta baldintza hauetarako:

– Mutualitateetako osasun-zentroetan COVID-19aren aurka txertatzea horietako bakoitzera afiliatutako langileak, Eusko Jaurlaritzak ezarritako lehentasun-ordenaren arabera, bat etorriz COVID-19aren aurkako Espainiako txertaketa-estrategiarekin. Horretarako, Osasun Sailak garaiz eta behar bezala emango du txertoak jartzeko behar den material suntsikorra, mutualitateetako langileak prestatuko ditu txertoak jar ditzaten, eta txertaketa-erregistroko aplikazio informatikoan sartzeko aukera emango die langile horiei.

– COVID-19aren aurkako txertaketan ez da kontraprestaziorik aurreikusten, eta honako gastu hauek hartzen ditu bere gain Eusko Jaurlaritzak: material suntsikorra mutualitateetako osasun-zentroetan eskueran jartzea; txertoa jarri behar duten mutualitateetako langileak prestatzea, eta txertaketak erregistratzeko aplikazio informatikoak. Giza baliabideak eta baliabide materialak jarduera horretan aritzeak eragindako mutualitateen gastuak Gizarte Segurantzaren kargura izango dira, ezohiko kontzeptu guztietan.

– Osasun Sailari egokituko zaio, osorik, aseguru-estaldura, haien osasun-zentroetako jarduera profesionalaren ondoriozko erantzukizun zibileko erreklamazioen aurrean, mendekotasun-egoeran zerbitzuak ematen dituzten bitartean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren jarraibideak betez.

Bigarrena.– Eskudantzia.

Osasuneko sailburuorde den José Luis Quintas Díezi ahalmena ematea Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatzeko Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako mutualitateen osasun-zentroak eskueran jartzeko.

Hirugarrena.– Argitaratzea eta ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 19a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana