Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2021eko martxoaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1177

67/2021 DEKRETUA, otsailaren 23koa, zeinaren bitartez onura publikoa aitortzen baitzaio «Beroa» Asociación de Familias Acogedoras de Gipuzkoa elkarteari.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Horren babesean, «Beroa» Asociación de Familias Acogedoras de Gipuzkoa elkarteak aitorpen hori eskatu du, uste baitu babesgabetasunean dauden haurren eta nerabeen defentsa sustatuz egiten dituen jarduerek onura publikoko erakunde gisa aitortzea merezi dutela.

«Beroa» Asociación de Familias Acogedoras de Gipuzkoa elkartea AS/G/07833/1999 zenbakiarekin dago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, hori egitea agindu baitzen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak 1999ko otsailaren 24an eman zuen Ebazpenaren bidez.

Gipuzkoako Lurralde Historikoan garatzen ditu elkarteak bere eginkizunak.

Eratu zen egunetik, «Beroa» Asociación de Familias Acogedoras de Gipuzkoa elkarteak bere helburuak betetzeko behar diren jarduera guztiak egiten ditu: harreran hartutako adingabeen eskubideak defendatzea, familia eta pertsona harreragileei laguntzea, eta haien eskubideak defendatzea, baita familia-harreraren legezko figura sustatzea ere.

Jarduera horiek guztiak interes orokorrekotzat jotzen ditu gizarteak.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu bidez aitortuko da, gaiaren arabera egoki diren sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Hori dela bide, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, interesa duten entitateek eta erakundeek egindako txostenak aztertu dira eta, Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 23ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Beroa» Asociación de Familias Acogedoras de Gipuzkoa elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago elkarte hori inskribatuta, AS/G/07833/1999 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko otsailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala