Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2021eko otsailaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1144

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 10ekoa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2021eko probetarako deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) 69.4 artikuluan ezartzen denez, «Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenak baliatuta, aldian-aldian probak antolatuko dituzte Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako tituluak zuzenean eskuratzeko, Gobernuak erregelamenduz ezartzen dituen baldintzekin eta ezaugarriekin bat etorriz».

Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren bidez, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen da. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan, Lanbide Heziketako irakaskuntzen antolamendua errege-dekretu horretara egokitzeko xedez, otsailaren 2ko 14/2016 Dekretua eman zen, zeinaren bidez aldatzen baita otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.

1147/2011 Errege Dekretuak, 35.b) artikuluan, titulua lortzeko aukera ematen die horretarako antolatutako probak gainditzen dituztenei; eta, 36. artikuluan ezartzen du, halaber, hezkuntza-administrazioek aldian-aldian antolatuko dituztela 2/2006 Lege Organikoaren 69.4 artikuluan ezarritako probak teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko eta, gainera, gutxienez urtean behin egingo dela proba horietarako deia. Halaber, adierazten du hezkuntza-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen eremuan, deialdietan zehaztu behar dutela heziketa-zikloetako zer lanbide-modulutarako egingo diren probak, zein den matrikula egiteko epea eta zein ikastetxe publikotan eta noiz egingo diren probak; horrez gain, 37. artikuluan ezartzen du zer baldintza bete behar diren proba horietan parte hartzeko.

Orobat, otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan eta hura garatzeko emandako arauetan ezartzen da erregimen presentzialeko ikasleak deialdi-kopuru mugatu batera aurkeztu ahal izango direla (14/2016 Dekretuaren bidez, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua aldatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena). Ondorioz, heziketa-zikloak erregimen presentzialean egin dituzten zenbait ikaslek ezin izango dute ikasketekin jarraitu, ezarritako gehieneko deialdi-kopurua gainditua dutelako. Gainera, 32/2008 Dekretuari egindako seigarren aldaketan, 10. artikulua aldatzen da, honela: probak zehazten dira, eta parte hartzeko betekizunak ezartzen.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduak Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen ditu. Haren hirugarren xedapen iragankorrean, honako hau ezartzen da, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE) heziketa-zikloei dagokienez: aurrerantzean ere probak egingo dira teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko, bai Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloak –LOGSE zikloak ordezten dituztenak– ezartzen diren ikasturtean bertan, bai hurrengoan. Hartara, titulua lortzeko aukera emango zaie LOGSEtik eratorritako heziketa-zikloak edozein modalitatetan hasi baina amaitu gabe dituztenei. Era berean, aldi horretan heziketa-ziklo horiek eskaintzen jarraitu ahal izango da eskaintza partzialaren modalitatean.

Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak.

Otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuak, bederatzigarren aldaketan, 32/2008 Dekretuaren 12. artikulua aldatzen du, eta honela geratzen da: «Lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formalak kapitalizatzeko xedez, pertsona helduek tituluak ere eskura ditzakete hemen xedatutako prozeduraren bidez: Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Legearen 8. artikulua, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuan garatua [...]».

Beraz, helburutzat hartuta pertsona guztiek aukera izan behar dutela bizitza osoan zehar prestakuntza jasotzeko, eta, era berean, administrazio publikoek, hezkuntza-sistemaren bidez, sustatu behar dutela herritar guztiek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondoko prestakuntza-maila edo parekoa lortzea, bada, egin beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probetarako deialdia, goian deskribatutako egoerak kontuan hartuta, eta ikasleek aukera izan dezaten titulu bat lortzeko edo hura lortzeko ikasketak egiten jarraitzeko.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2021eko probetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Deialdiaren eremua.

1.– Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan (LOGSE) ezarritako Lanbide Heziketako tituluak, eskaintzaren edozein modalitatetan ematen direnak, eskuratzeko probak (1/1990 Lege Organikoa, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzkoa).

1/1990 Lege Organikotik eratorritako heziketa-ziklo horiek, gaur egun, modu presentzialean emandakoak izan daitezke, edo iraungitze-fasean egon daitezke Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako Lanbide Heziketako titulu berriak ezarri direlako.

Horrenbestez, LOGSE ziklo hauetarako deitzen dira proba libreak:

– I. eranskina – LOGSE zikloak, 2020-2021 ikasturtean modalitate presentzialean ematen direnak.

– II. eranskina – Iraungitze-fasean dauden LOGSE zikloak. Ziklo horietarako deialdiak egingo dira bai ziklo horien ordezko LOE heziketa-zikloak ezartzen diren ikasturtean bertan, bai hurrengoan, hala adierazten baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean.

2.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako Lanbide Heziketako tituluak eskuratzeko probak, lege horretatik eratorritako Lanbide Heziketako titulu bat eskuratzeko interesa dutenei zuzenduak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako hezkuntza-eskaintzaren parte direnak 2020-2021 ikasturtean.

3. artikulua.– Prozesuaren garapena.

Aurrematrikulazio-epe bat zabalduko da, probetan parte hartzeko. Aurrematrikulazio hori EAEko sare publikoko ikastetxeetan egin ahal izango da, 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketaren eskaintza osatzen duten zikloetan, bai eta iraungitzekoak diren LOGSE zikloetan ere (II. eranskinean daude zehaztuta).

Litekeena da eskabideak gehiago izatea eskaintzen diren plazak baino; horregatik, eskabideak barematu egingo dira, ebazpen honetan ezarritako irizpideak erabiliz.

Prozesu honetako datuak oinarri hartuta, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak ezarriko du zer ziklo eta modulu sartuko diren deialdi honetan eta sare publikoko zer ikastetxetan egin ahal izango diren.

Zikloen eta moduluen eskaintza argitaratu ondoren, plazak esleituko dira, baremazio-ordenari jarraituz. Esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko dute esleipendunek, eta, horrela, gauzatu egingo da matrikula.

Honi erantsitako egutegian prozesu guztia biltzen da, eta, hor, adierazita daude data guztiak, azterketen data zehatzak izan ezik, ikastetxe bakoitzak zehaztuko baititu horiek.

Ebazpen honetan araututako prozesuan sortzen diren zerrendak kontsultatzeko, aurrematrikulazioa egin den ikastetxeko idazkaritzara jo beharko da, eta han identifikatu. Ondoren, probak egin behar diren ikastetxean kontsultatu ahal izango dira zerrendok, bai eta Ikasgunean ere, eta, horretarako, beharrezkoa izango da erabiltzailea eta pasahitza izatea.

4. artikulua.– Betekizunak.

1.– Interesdunek, ebazpen honen xede diren probak egin ahal izateko, zenbait sarbide-betekizun bete beharko dituzte, zehazki Hezkuntzako sailburuaren 2020ko maiatzaren 27ko Aginduaren I. eranskinaren bigarren jarraibidean ezarritakoak. Agindu horren bidez, egutegi komun bat ezartzen da non jasotzen baita zer epe dauden izena emateko eskaerak aurkezteko, onartzeko eta matrikulatzeko, 2020-2021eko ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoek eta pribatu itunduek eskaintzen duten hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako zikloetan; gainera, ikastetxe horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onartzen dira, bai eta irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxe guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak ere.

2.– Aurrematrikula egiteko epea amaitu arte egiaztatu ahal izango dira betekizunak.

3.– Konpetentziak ebaluatu eta aitortzeko deialditik datozen pertsonek proba libreak egiteko deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, nahiz eta aurrematrikula egiteko epean lehenago aipatutako sarbide-betekizunak ez bete; azterketak egiteko, ordea, sarbide-betekizun horiek bete beharko dituzte, eta hala justifikatu, probak egiteko egunaren aurreko egun baliodunean, beranduenez. Konpetentziak ebaluatu eta aitortzeko deialditik datorren pertsona batek modulu bat edo gehiago egin eta gainditzen baditu betekizun horiek bete gabe, haren matrikula automatikoki ezereztuko da, eta egindako azterketak baliogabetuko dira.

4.– Gainera, teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, ezinbestekoa da gutxienez hemezortzi urte izatea, 2021eko abenduaren 31 baino lehen; goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, berriz, gutxienez hogei urte izatea, 2021eko abenduaren 31 baino lehen, edo, teknikariaren titulua dutenen kasuan, hemeretzi urte izatea.

5.– Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 36.4 artikuluan proba horiei buruz ezarritakoarekin bat etorriz, ikasleak ezingo dira ikasturte batean modulu berean matrikulatu autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Orobat, ezingo dira modulu berean matrikulatu urrutiko modalitatean eta modalitate presentzialean, eta, 5. artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, ikasturte batean, ikasleek ezingo dute modulu berean matrikulatu erregimen presentzialean eta tituluak lortzeko probetan. Prozeduraren edozein fasetan halako inguruabarren bat gertatu dela egiaztatuz gero, deialdi honetatik baztertuko da hori egin duena, eta baliorik gabe geratuko da egindako matrikula, alde batera utzi gabe jokabide horrek berekin ekar ditzakeen bestelako erantzukizunak. Betekizun hori betetzen dela azaltzen duen zinpeko adierazpena jasoko da matrikula eskatzeko dokumentuan.

Bateraezintasun hori ez zaie aplikatuko 2020-2021 ikasturtean matrikulatutako ikasleei, baldin eta, aurrematrikulazio-epea bukatu baino lehen, lanbide-moduluren batean agortu badute uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 51. artikuluan ezarritako gehieneko deialdi-kopurua (errege-dekretu horren bidez, Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen da).

5. artikulua.– Aurrematrikulazioa.

1.– Aurrematrikula egin beharra dute deialdi honetan araututako probak egiteko interesa duten pertsona guztiek.

2.– Honako bi era hauetako batean aurkeztu ahal izango dira aurrematrikulak:

– Presentziala: hezkuntza-administrazioaren mende dagoen Lanbide Heziketako ikastetxe publikoren batean. Aurrematrikulazioa egiteko unean, egiaztatuko da interesdunak erabiltzailea eta pasahitza dituela Ikasgunean, eta, halakorik ezean, une horretan bertan eskuratu ahal izango ditu.

– Online: horretarako, https://ikasgunea.euskadi.eus helbidean sartu behar da, Hezkuntza Sailak hartarako diseinatu duen aplikazio informatikoaren bitartez.

3.– Heziketa-zikloaren modulu baterako edo gehiagotarako egingo da aurrematrikula, salbu eta Proiektuaren modulua, hala badagokio, eta Lantokiko Prestakuntzaren modulua; izan ere, bi horiek modalitate presentzialean egin behar dira, heziketa-zikloaren gainerako moduluak gainditu ondoren, eta dagokion urteko aginduan zehazten den matrikulazio-epean (agindu horren bidez, egutegi komun bat ezartzen da non jasotzen baita zer epe dauden izena emateko eskaerak aurkezteko, onartzeko eta matrikulatzeko, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako zikloetan).

Hala ere, behin modulu guztiak gainditurik, ikasleek eskatzen badute Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuesteko, eta horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkezten badute, ebazpen honetan ezarritako aurrematrikulazio-epean formalizatu ahal izango dute matrikula.

4.– Honako datu hauek emango dira aurrematrikulazioa egitean:

a) Probetarako irispidea, baremazioa egiteko erabiliko dena; hauetako bat izango da:

I.– Konpetentziak ebaluatzeko eta aitortzeko deialdia.

II.– Eskaintza partziala.

III.– Deialdiak agortuta izatea.

IV.– Heziketa-zikloetan lehendik matrikulatuta egotea.

V.– Gainerakoak.

b) Lurralde historikoa.

c) Zer ziklotan egin nahi den matrikula.

d) Zer modulutan egin nahi den azterketa.

e) Zer hizkuntza-eredutan egin nahi den proba (A edo D).

5.– Aurrematrikulazioa egitean aurkeztu behar den dokumentazioa:

– Erroldatze-ziurtagiria, gehienez 3 hilabeteko antzinatasuna duena: agiri hori ez aurkezteak ez dakar berekin prozesutik kanpo geratzea. Izan ere, baremazioari baino ez dio eragingo.

– Ikasketa-espedientea edo sarbide-betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentua: beharrezkoa izango da dokumentu hori aurkeztea, sarbide-betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, eta aukera edukitzeko baremazioan lehentasuna izateko (Oharra: EAEn 2015-2016 ikasturtetik aurrera, ikasturte hori barnean dela, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak egin dituzten pertsonek ez dute ikasketa-espedienterik aurkeztu behar).

– Salbuespenak eta hobariak justifikatzeko dokumentazioa.

6. artikulua.– Baremazioa.

Aurrematrikulazio-epea amaitu ondoren, eskabideen baremazioa egingo da. Lurralde historikoaren, zikloaren eta ereduaren arabera egingo da prozesu hori. Irizpide hauen arabera egingo da baremazioa, jarraian adierazten den lehentasun-hurrenkeraren arabera:

1.a EAEn konpetentziak ebaluatzeko eta aitortzeko deialdian parte hartu duten pertsonak, deialdi horretan gutxienez lanbide-kualifikazio bat lortu duten zikloetarako, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

2.a EAEko eskaintza partzialeko heziketa-zikloak egin dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

3.a EAEn egindako heziketa-zikloen deialdiak agortuak dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

4.a EAEn emandako heziketa-zikloetan lehendik matrikulatuta egon diren eta zenbait modulu gainditu gabe dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

5.a EAEn erroldatuta dauden gainerako pertsonak.

Lehentasun-irizpide horiek berak aplikatuko zaizkie, ondoren, Lanbide Heziketako ikasketak EAEtik kanpoko ikastetxeetan egin dituzten pertsonei, edo beste autonomia-erkidego batzuetan konpetentzia ebaluatzeko eta aitortzeko egindako deialdietan parte hartu duten pertsonei, edo EAEtik kanpo erroldatuta daudenei.

Aipatutako irizpide horietako bakoitzean berdinketa gertatuz gero, alfabetoaren araberako hurrenkera ezarriko da, abizenak eta izena aintzat hartuta. Hurrenkera hori ezartzeko, «V» letratik hasiko da, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2020ko otsailaren 7ko Ebazpenean zehaztutakoaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara ematen da 2020-2021 ikasturtean ordezkogaiak kudeatzeko prozesuan –baita ikasturtean zehar deitzen den edozein hautatze-prozesutan ere– alfabeto-hurrenkera zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza.

Pertsonaren bat adierazitako irizpide batean baino gehiagotan sartzen bada, aukerarik onena aplikatuko zaio.

7. artikulua.– Eskaintza zehaztea eta plazak esleitzea.

1.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak aztertuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta, jasotako eskaria kontuan hartuta, zehaztuko du deialdia zer ziklotarako eta zer modulutarako egingo den eta sare publikoko zer ikastetxetan. Ondoren, plazak esleituko ditu, baremazio-hurrenkeraren arabera, eta esleipendunen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, haietako bakoitzean adierazita zer ikastetxe esleitzen den hasiera batean; esleipendunek ikastetxe horietan egin beharko dituzte probak, matrikulazio-prozesua osatuko badute.

2.– Zerrenda horien aurka, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira, bai aurrez aurre, bai Ikasgunean, egutegian horretarako finkatutako epean. Erreklamazioak aztertu ondoren, esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, hau da, ordainketa egin aurrekoak, probak zer ikastetxetan egin behar diren zehaztuta; Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak ofizioz aldatu ahal izango du ikastetxea, azkenean zenbat lagun matrikulatu diren kontuan hartuta.

8. artikulua.– Prezio publikoa ordaintzea.

1.– Esleipendunen behin betiko zerrendak, ordainketa egin aurrekoak, argitaratu ondoren, prezio publikoa ordaintzeko epea irekiko da. Matrikula ez da gauzatuko, ordainketa eginda egon arte.

2.– Konpetentzia ebaluatzeko eta aitortzeko deialditik datozen pertsonak heziketa-zikloetan sartzeko probak gainditzeko zain badaude sarbide-betekizunak bete ahal izateko, proben nota jakin ondoren egingo dute ordainketa, erantsitako egutegian adierazten den datan.

3.– 18 euro izango da Lanbide Heziketako teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak eskuratzeko probei aplikatu beharreko prezio publikoa, hala ezarrita baitago Hezkuntzako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 5. artikuluan. Agindu horren bidez, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dira.

4.– Azterketa-eskubideak irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak ezarritako moduetan ordaindu ahal izango dira (1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoen Legearen testu bategina onartzen da). Dagokion epean ordaindu ezean, probetan parte hartzeari uko egin zaiola ulertuko da.

5.– Ezingo da dirua itzuli.

6.– Salbuespenak eta hobariak:

– Honako egoera hauetako batean dauden ikasleek ez dute prezio publikoa ordaindu beharrik izango:

– Kategoria bereziko familia ugariko kide izatea.

– Azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako egoeraren batean egotea (dekretu horren bidez, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen da).

– Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugariko kide diren ikasleek.

9. artikulua.– Egutegia.

(Ikus .PDF)
XEDAPEN GEHIGARRIA

Probak egiteko ezarri den egutegia kontuan izanda ezin direnez aldi berean egin proba horiek eta Lantokiko Prestakuntzaren modulua, 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako heziketa-zikloak ezarri ondoren aurreikusitako bi ikasturteak amaitu ondorengo hurrengo ikasturtera arte matrikulatu ahal izango dira, Lantokiko Prestakuntzaren modulua bakarrik egiteko (2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraikiz), baldintza hauek guztiak betetzen dituztenak: heziketa-zikloan sartzeko ezarri diren betekizunak bete, 1/1990 Lege Organikotik (LOGSE) eratorritako heziketa-zikloetan (2/2006 Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloen ezarpenak eragindakoetan) teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko proben deialdietan parte hartu, eta heziketa-zikloko curriculuma osatzen duten lanbide-modulu guztiak gainditu dituztenak, Lantokiko Prestakuntzaren modulua izan ezik.

Ikaslearen banakako espedienteko azken idatzoharra jasota dagoen hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxean egingo da matrikulazioa; eta matrikula egiteko epea, berriz, heziketa-zikloak egiteko eskabideak aurkezteko eta ikasleak onartzeko egutegi komuna ezartzen duen urteko aginduan adierazten da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan osagarri gisa aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 10a.

Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,

NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala