Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2021eko otsailaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1141

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 24koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariena; horren bidez, krisi-egoeretan ardoaren biltegiratze pribaturako laguntzak jaso ahal izateko aurkeztu diren eskariak ebazten dira.

Aztertu dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan aurkeztu diren eskariak, ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren babespean. Errege Dekretu horren bidez, ardoaren sektorean ezohiko neurriak hartu ziren, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, eta ardoaren sektoreari laguntzeko programa aldatu zen, beste gai batzuen artean.

Ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuak egokitu egin du azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan (Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari laguntzeko 2019-2023 programako neurriak aplikatzekoan) araututakoa. Batzordearen 2020ko apirilaren 30eko 2020/600 Egikaritze Erregelamendua (EB) ere aplikatu du. Horren bidez, salbuespenak ezartzen dira 2017/892 Egikaritze Erregelamendurako (EB), 2016/1150 Egikaritze Erregelamendurako (EB), 2015/1368 Erregelamendurako (EB) eta 2017/39 Egikaritze Erregelamendurako (EB), COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko neurri zehatzen gainean. Hala, nolabaiteko malgutasuna ahalbidetzen da gaiaren gainean indarrean den araudia aplikatzeko orduan.

Aurkeztutako eskarietan, Batzordearen 2020ko apirilaren 30eko 2020/592 Erregelamendu Delegatuan (EB) xedatutakoa ere aplikatu behar da. Azken horrek aldi baterako salbuespen-neurriak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduko (EB) xedapen jakin batzuetarako salbuespenak baimentzeko, eta, hala, COVID-19aren pandemiak fruta eta barazkien sektorean eta mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean eragin duen asaldurari aurre egiteko. Halaber, lotutako neurriak ere ezartzen ditu.

Ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak 2020ko uztailaren 16an ebatzi ditu ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuan ezarritako ardoaren arloko salbuespen-neurrietan aplikatu beharreko koefizienteak, krisi-egoeretan ardoaren biltegiratze pribatua gauzatu ahal izateko. Neurri horiek Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztutako eskarietan ere aplikatu behar dira.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Ebazpen honen eranskinean zerrendatzen diren eskatzaileek aurkeztu dituzten eskariak onartzea, eta, eranskin horretan, berariaz zehaztea biltegiratze pribaturako onartu den ardo-bolumena eta laguntza zuzen gisa aitortu den zenbatekoa. Zenbateko osoa 1.837.782,25 eurokoa da jatorri-deitura babestuko ardoetan eta 3.642,57 eurokoa adierazpen geografiko babestuko ardoetan. Laguntza horiek Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kargura finantzatzen dira, osorik.

2.– Laguntza ordaindu baino lehen, nahitaezkoa izango da ardoaren biltegiratze pribaturako kontratua egitea Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen eta laguntza horien onuradunetako bakoitzaren artean, laguntzaren eskarian ezarritako baldintzetan eta ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 17.d artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen aldeko laguntza-eskariarekin batera aurkeztutako bermearen ordez beste bat jarri ahalko da, baldin eta ebazpen honen eranskinean onartutako laguntzaren zenbateko osoaren % 110era egokitzen bada.

4.– Laguntza hauen babespean biltegiratutako ardoa ezin izango da beste biltegi batera lekualdatu, salbu eta justifikatutako egoeretan, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak hala baimendu ondoren. Biltegiratze-aldia ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean hasiko da, eta laguntzen eskarian adierazitako aldiarekin amaituko da.

5.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 24a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

PELI MANTEROLA ARTETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala