Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2021eko otsailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
870

AGINDUA, 2021eko otsailaren 9koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko 2021erako deialdia egiten baita.

Baliabide genetikoen kontserbazioa, karakterizazioa eta hobekuntza, batez ere autoktonoenak, eredu izan dira Europako legeria berria eta FAOren mundu-estrategia diseinatzeko orduan. Eredu horrek laguntza-mekanismoak ezarri beharra ekarri du, politika horiek abeltzain-elkarteen jarduerara moldatzeko.

Elkarte horiek, batetik, ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituzte, liburu-genealogikoak kudeatuz, hautaketa-programak baliatuz eta errendimenduen kontrola eginez. Bestetik, lortutako emaitzak jakinarazten dituzte, eta abereak eta haien produktuak merkaturatzen laguntzen dute; modu horretan, produkzioa eraginkorragoa izatea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriagoak izatea lortzen dute, programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuz apurka-apurka. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuen eta mendi-nekazaritzako inguruen garapenean eta sustapenean laguntzen dute.

Neurriak erabat eraginkorrak direla ziurtatzeko, hartzaile izan daitezkeenek laguntzak eskuratzeko eta erabiltzeko aukera berberak dituztela bermatzeko, eta araudi zooteknikoaren aplikazioa homogeneoa izan dadin, urriaren 24ko 240/2017 Dekretua onartu zen, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen baita.

Dekretu arautzaile horren 13. artikuluak xedatzen duenez, urtero deialdi bat egingo da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko. Dekretu horren arabera, deialdi-aginduan zehaztuko da zenbat diru bideratuko den dirulaguntza horietara eta zer epe dagoen eskaerak aurkezteko, eta, hala behar izanez gero, azalduko da zein den Emakume Nekazarien Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren edukia.

Laguntzen deialdi honek nahikoa aurrekontu-zuzkidura du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak, 2021eko ekitaldirako luzatuak, onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Dirulaguntza ematerakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza-jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei laguntzak emateko 2021eko ekitaldirako deialdia egitea. Laguntza horiek urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarrita daude.

Bigarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarritako laguntzen 2021eko deialdian eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen da.

2.– Eskatzaileek bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak honako helbide elektroniko hauetan egongo dira eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/servicios/1046105

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046105

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoa erabiltzekotan, honako hauen bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta (gaztelania).

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta (euskara).

4.– Eskabideak 1. apartatuan adierazitako helbideetan eskuratu daitezke, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren eranskinean ageri diren inprimaki normalizatuetara egokituta, eta elkarte eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonak sinatuta aurkeztuko dira, dekretu horren 11. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan zehazten diren agiriekin batera.

5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskaera eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, elkarte eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabidea aurkeztu duen elkarteak aurreko deialdietan aurkeztu badu, ez da beharrezkoa izango eraketa-aktaren, elkartearen estatutuen edo Bikain - Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren edo euskararen normalizazio-planaren kopiak aurkeztea, baldin eta agiri horiek ez badira aldatu.

Hirugarrena.– Diru-hornidura eta laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzak hauek 2021ean finantzatzeko gehieneko aurrekontu osoa Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-orokorretatik aterako da, eta, guztira, 350.000 eurokoa izango da.

2.– Baldin eta 350.000 euroko diru-zuzkidura ez bada nahikoa elkarte onuradun guztiei zuzenduta dagoen eta diruz lagundu daitekeen gastuaren gehieneko zenbatekoa betetzeko, dirulaguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

1.– Eskaerak baloratzeko, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c artikuluan zehaztutako prozedurari jarraituko zaio. Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa dekretu horren 6., 7. eta 8. artikuluetan finkatutako mugen barruan egongo da, eta, zenbatekoa zehazteko, dekretu horren 10. artikuluan bildutako irizpideak aplikatuko dira. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ezin da diruz lagundu, BEZari buruzko legeriak agintzen duen moduan berreskura ezina denean izan ezik.

2.– Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarriari jarraituz, Administrazioak ez die elkarteei dirulaguntzarik emango, baldin eta zuzendaritza-organoetan emakumerik ez badute.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: urriaren 24ko 240/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 9a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala