Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2021eko otsailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
843

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 2koa, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, Euskadiko Ehiza Federazioaren estatutuetan aldaketak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen duena.

Euskadiko Ehiza Federazioa EAEko Kirol Elkarteen eta Federazioen Erregistroan inskribatu zen 1987ko urtarrilaren 16an, 132 zenbakiarekin. Federazioaren estatutuetan zenbait aldaketa aurkeztu dira orain.

Euskadiko Ehiza Federazioak, 2019ko martxoaren 14an eta 2020ko irailaren 7an egindako Ezohiko Batzar Nagusietan, Federazioaren estatutuetan aldaketak onartzeko erabakia hartu zuen, eta onarpen hori agiri bidez frogatu da.

Estatutuen aldaketak bat datoz Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.

Ondorioz, nire eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Ehiza Federazioaren estatutuetan aldaketak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea. Artikuluak honela geldituko dira:

21. artikulua.– Ohiko nahiz ezohiko Batzar Nagusirako deialdia eta gai-zerrenda gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkie Batzarreko kideei, idatziz. Nahitaezko dokumentazioa Federazioaren web orrian agertuz gero, ez da beharrezkoa izango dokumentazio hori idatziz jakinaraztea. Debekatuta dago Federazioko organoen bileretan soinuak eta irudiak grabatzea eta erreproduzitzea. Lehendakariak bakarrik izango du grabatzeko baimena, aktak osatzeko helburuarekin.

26.5. artikulua.– Zuzendarien eta Federazioaren arteko erlazioa organikoa da, ez kontratuzkoa, ordainsariak jaso ditzaketen arren, Federazioen 16/2006 Dekretuaren 111. artikuluan adierazitakoaren arabera. 16/2006 Dekretuaren 115. artikuluaren arabera, Federazioko zuzendariek ordainsariak jaso ahal izango dituzte Federazioan ardura handiak izateagatik, euren funtzioak betetzearen ordainetan. Ordainsari horiek ezin izango dira dirulaguntza publikoekin ordaindu, eta Federazioak berezko finantzaketa duen kasuetan baino ezin izango dira eman. Zuzendarien ordainsarien politikak neurritsua eta gardena izan beharko du. Ordainsariak, gehienez, agintaldia bukatu arte emango dira, eta zuzendariek ez dute kalte-ordain ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

37. artikulua.– Bai lehendakaria bai Zuzendaritza Batzordea agintaldi-mugarik gabe hautatu ahal izango dira.

99. artikulua.– Federazioaren eta horren federatu edo kideen artean sor litezkeen auzi-mailako gaiak edo desadostasunak, aldeek espresuki onartuz gero, zuzenbide-arbitrajearen bidez ebatzi ahal izango dira, indarrean dagoen legerian, estatutu hauetan eta garapen-araubidean ezarritako baldintzetan.

100. artikulua.– Arbitrajearen edo, oro har, gatazken judizioz kanpoko ebazpenaren bidez konpon daitezkeen auzi-mailako gaiak edo desadostasunak, aldeek espresuki onartuz gero, Kirol Arbitrajeko Euskal Epaimahaiaren erabakiaren mende jarri ahal izango dira.

101. artikulua.– Administrazioak Federazioaren esku utzitako funtzio publikoetan jardutearekin zerikusia duten gaiak eta legeriak arbitrajetik legez eta espresuki baztertzen dituenak salbuetsita, gainerakoak, aldeek espresuki onartuz gero, bide horretatik ebatzi ahal izango dira.

102. artikulua.– Arbitrajearen bitartez ebatz daitezkeen auzi-mailako gaiak edo desadostasunak badaude, aldeetako edozeinek aurkakoari edo aurkakoei bidezko arbitraje-hitzarmena sina dezan edo dezaten eskatu ahal izango dio edo die; horren bidez, auzia arbitrajearen mende jartzen da, eta ematen den laudoa bete eta onartzeko konpromisoa hartzen dute. Alde guztiek (Federazioak, federatuek edo kideek) nahitaez ados egon beharko dute bidezko arbitraje-hitzarmena sinatzearekin, gaia arbitrajearen mende jarri ahal izateko. Aldeek (Federazioak, federatuek edo kideek) bidezko arbitraje-hitzarmena ez sinatzeak berekin ekarriko du gaia arbitrajearen mende jarri ahal ez izatea.

Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 2a.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,

JON REDONDO LERTXUNDI.


Azterketa dokumentala