Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2021eko otsailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
828

12/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, abenduaren 22koa, 2021. urterako berandutze interesa, AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzeko kanona eta zerga arloko eguneratze koefiziente batzuk zehazten dituena.

COVID-19aren pandemiak sortutako egoera eta hark garapen ekonomikoan izandako eragina direla medio, zalantza nagusitu da 2020ko emaitza ekonomikoan, betiere Gipuzkoako Lurralde Historikoaren gastu eta sarrera publikoen ikuspuntutik.

Sarrerei dagokienez, haiek murrizteak berekin dakar beste finantzaketa iturri batzuk bilatzea, hala nola zor publikoa eta estatuko nahiz nazioarteko erakundeek eskainitako diru funtsak.

Horren guztiaren ondorioz, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontuen izapidea eta onarpena 2021eko aurrekontu ekitaldiaren lehendabiziko egunetik harago atzeratuko dira. Hori dela eta, urtero aurrekontuen testuan sartzen diren zerga arloko xedapenak ez dira indarrean jarriko aipatutako azken data horretan.

Hori horrela, 2021eko urtarrilaren 1erako urte horretako aurrekontu bat izango ez denez, automatikoki luzatutzat eman beharko dira 2020rako aurrekontuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 78. artikuluan jasotakoari jarraituz.

Era berean, kontuan hartu behar da Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 9/2019 Foru Arauak hirugarren xedapen iragankorrean jasotakoa, alegia, 2020ko aurrekontuaren luzapen aldian, halakorik badago, aurrekontu kredituen eta haien aldaketen araubide orokorra Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko 4/2007 Foru Arauaren 78. artikuluan eta 9/2019 Foru Arauaren III. tituluan jasotakoari jarraituz arautuko dira.

Era berean, azken foru arau horren aurrekontuaren luzapenaldian zehar, aplikagarriak izango dira II., IV., V. eta VII. tituluetan jasotako xedapenak, bai eta foru arau horren xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak.

Zehazki, arautu egiten dira, lehendabizikotik bosgarrenera bitarteko xedapen gehigarrietan, foru dekretu-arau honen xede diren eta antolamenduari segurtasun juridiko handiagoa emateko helburua duten zerga arloak, aurrekontu luzapenaren aplikazioaren hainbat alderdi argituz eta erregulatuz. Gainerako xedapen gehigarri eta iragankorrei aurrekontu luzapeneko araubidea izango zaie aplikagarri, hirugarren xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera.

Lehendabizikotik bosgarrenera bitarteko xedapen gehigarrietan agertzen den kasuistika kontuan hartuta, komenigarria da labur azaltzea zer egoeratan geldituko den haietako bakoitza 2021ean.

Auzitegi Konstituzionalak nahiz Auzitegi Gorenak emandako epaiei jarraituz, lurralde historikoek finkatutako berandutze interesak bat etorri behar du lurralde erkidean jasotakoarekin, beraz, bidezkoa da interes bera ezartzea 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko denboraldirako.

Katastro balioak eguneratzeari dagokionez, kontsumoaren prezioen indizeak 2020an zehar izandako bilakaera aintzat harturik, komenigarria da 2020ko balio berberak mantentzea.

Katastro balioak eguneratzean erabilitako argudio berberei eusten zaie Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek kudeatutako tasa finkoei dagokienez, tasak oinarrian portzentaje baten bidez zehaztuta ez egoteagatik edo oinarria moneta unitatetan baloratuta ez egoteagatik.

AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzeko kanonaren zenbatekoak 100eko 3,50era eguneratzen dira, 2020an indarrean zeuden zenbatekoen aldean, betiere kontsumoko prezioen indizea ez diren hainbat faktoreri erreparatuta, hala nola azpiegitura horiek mantentzeak duen kostuari.

Azken finean, kontuan hartuta herritarrek segurtasun juridikoa behar dutela, komenigarria da foru arau mailako xedapen batek aipatutako alderdi guztiak argitzea. Denbora premia dagoenez eta foru arau hori 2021eko urtarrilaren 1aren aurretik onartua izatea materialki ezinezkoa denez, behar-beharrezkoa da foru dekretu-arau bat onartzea, berehala Batzar Nagusiei balioztatu edo indargabetu dezaten helaraziko zaiena.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari eragin. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, gaurko bileran honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Berandutza interesa.

2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko ondorioekin, 100eko 3,75 izango da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutza interesa.

2. artikulua.– Balio katastralak.

2021eko zergaldian, mantendu egiten dira 2020rako finkatutako balio katastralak, uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 13. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako.

3. artikulua.– Tasak.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, ez dira aldatuko, 2020an aplikatutakoen aldean, departamentuek kudeatutako Gipuzkoako Foru Ogasuneko zenbateko finkodun tasen eta ordainarazpen parafiskalen tipoak (oinarrian portzentaje bat aplikatuz zehaztu gabeak izateagatik edo oinarria moneta unitatetan baloratuta ez egoteagatik), betiere uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak, garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituenak, 5.4 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

4. artikulua.– AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeko kanonaren zenbatekoak.

1.– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa, handitu egiten da 2020. urtean exijitutako zenbatekoari 1,035eko koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino. Zenbatekoak hauek dira (BEZa barne):

(Ikus .PDF)

(*) Via-T edo Abiatu gailuen erabiltzaileei bakarrik aplikatu beharreko tarifa

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

2.– Kanbioa errazteko eta irteera/sarrera operazioetan trafiko-arintasuna hobetzeko, ordainketa asko eskudirutan egiten direla kontuan izanda, Irun langa ordainlekuan, ibilgailu arinen tarifa 2,75 eurokoa izango da, uztailaren 23tik irailaren 1era arte, biak barne.

3.– 2020. urteko AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontuen planari atxikitako erabiltzaileei aplikatutako deskontuak berdin mantentzen dira.

4.–100eko 3,50a igotzen da 2020ean aplikatu den joan-etorriko bidaiaren murrizketa gehigarria, 2021erako 0,52 eurotan ezarrita gelditzen delarik.

5.– 100eko 3,50a igotzen da 2020an AP-1 eta AP-8 autobideetako Gipuzkoako zatietan egiten diren joan-etorriengatik aplikatu beharreko deskontuetara atxikitako pertsonek hilero ordaindu beharreko zenbatekoa, dagozkion deskontuak eta kenkari gehigarriak aplikatu eta gero 2021erako, 33,37 euro izango da.

6.– 100eko 3,50a igotzen da AP-8 eta AP-1 autobideen deskontu planari atxikitako erabiltzaileentzat, Gipuzkoatik kanpoko ibilbideetan AP-1 autobidea (Araban) eta AP-8 autobidea (Bizkaian) erabiltzeagatik, gastu gehigarriaren mugari, hileko gehiengoari, 2020an aplikatu dakiokeen gehieneko zenbatekoa. Hala, gehieneko zenbateko hori 49,30 euro izango da.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egun berean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotako ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2020ko abenduaren 22a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala