Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2021eko otsailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
799

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 3koa, Trafikoko zuzendariarena, 2021. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan azaltzen denez, trafiko-arloko agintaritzari eratxiki zaio trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, zirkulazio segurua eta arina bermatzeko behar denean, edo ingurumenarekin lotutako arrazoiak daudenean. Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onartzen duen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak 37. eta 39. artikuluetan, besteak beste, neurri horietako batzuk zehazten ditu, eta neurri horiek hartzeko prozedura arautzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio aipatutako neurri horiek hartzea, arau hauek ezartzen dutenaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoari trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko estatu-legeen betearazpena transferitzen dion urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuaren eranskineko B.1.g) apartatua; eta , Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 17.3.d) artikulua.

Ebazpen honen bidez, trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri nahi dira, zenbait ibilgailu edo ibilgailu-taldetarako, bide-segurtasuna, mugikortasuna eta zirkulazioaren arintasuna eraginda gerta daitezkeen egun zehatzetan. Egun horiek aukeratu dira zenbait faktore kontuan hartuta, esaterako, EAEko jaiegunen egutegia, asteburuak, oporren hasierako edo amaierako aldiak, jai-zubiak edo zirkulazioaren gainean eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zirkulazio-murrizketak.

2021. urterako EAEn, zerrenda honetako zirkulazio-murrizketak ezarri dira:

1.– Kirol-probak, txirrindularien lasterketak eta bestelako ekitaldiak.

Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak 55. artikuluan eta II. eranskinean xedatutakoaren arabera, Trafikoko Lurralde arduradunek ez dute inolako kirol-probarik edo bestelako ekitaldirik baimenduko (lehiaketa izan ala ez izan), ezta horien aldeko txostenik emango ere, baldin eta kirol-proba edo ekitaldi horiek egiteko, ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan, hiriarteko bide publikoetan, galtzadak eta bazterbideak bete behar badituzte.

Salbuespen gisa, baimendu ahal izango dira kirol-proba, bizikleta-martxa eta honelako ekitaldi hauek:

– Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (TNB) edo nazioz gaindiko antzeko erakundeek antolatzen dituzten nazioarteko mailakoak.

– Bi baldintza hauek betetzen dituztenak: irteerako edo itzulerako operazioengatik ibilgailu-intentsitate handia duten bideei ez eragitea, eta probara bertaratzeko nahiko agente egotea.

– Hauteskunde-prozesuekin bat datozenak, baldin eta bozkatzeko eskubidea bermatzen bada hauteslekuetarako sarbidea erraztuta, eta probara bertaratzeko nahiko agente badaude.

2.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

2.1.– Salgai Arriskutsuen Errepide Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera, debekatuta dago arriskuaz ohartarazteko arauzko panel laranjak eduki behar dituzten ibilgailuek zirkulatzea, EAEko bide publiko guztietan, zirkulazioaren edozein noranzkotan, egun eta ordu hauetan:

– Igande eta jaiegunetan 08:00etatik 24:00etara.

– Jaiegunen bezperetan, larunbatak ez badira, 16:00etatik 24:00etara.

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuei, 7.500 kg-tik gorako GMB badute, atal honetan ezarritako murrizketez gain, ebazpen honetan hirugarren murrizketaren barruan jasotzen direnak ere aplikatuko zaizkie, hau da, salgaiak garraiatzen dituzten eta 7.500 kg-tik gorako GMB duten ibilgailuei dagozkienak.

2.2.– Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbu daude ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, bertan xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

2.3.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Espainiar lurraldeko errepideetan zehar salgai arriskutsuen garraioak arautzen dituen otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak 5. artikuluan ezartzen duenaren arabera eta Salgai Arriskutsuen Errepide Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek ibilbide hauek erabili beharko dituzte:

A) Erabiltzaileei edo kontsumitzaileei salgaiak banatzeko egiten diren joan-etorrietan: ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari zein trafikoaren arintasunari begira. Errepide arruntetan zehar ahalik eta distantziarik laburrena egingo da, salgaia eman behar den lekuraino.

Biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, nahitaez erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago badago, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zamalanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere salgaiak emateko lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.

B) Bestelako joan-etorrietan: joan-etorriaren jatorria eta helmuga Salgai Arriskutsuen Ibilbideen Sarearen –SAIS– barruan badaude (ebazpen honen V. eranskinean dago), salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek nahitaez erabili beharko dituzte beren ibilbideetan.

Joan-etorriaren jatorria edo helmuga (edo biak) SAISetik kanpo badaude, sare horretan, martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen sarreratik sartzen uzten duten errepide arruntetatik egin beharko dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan egiten den ibilbidea ahalik eta laburrena izatea bermatze aldera. Arrazoi bera dela bide, salgaien helmugatik martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen irteera erabiliko da SAISetik irteteko.

Hemen aipatu diren bideez bestelakoetan ibiltzeko, baimen berezia beharko da, eta baimen hori ebazpen honen bigarren apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz emango da.

SAISetik irten daiteke gidariaren ohiko bizilekura edo handik egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzeko lanetarako, edo garraio-enpresa dagoen lekura sartzeko, baldin eta ADRn zehaztutako segurtasun- eta babes-baldintzak betetzen badira. SAIS uzten den kasu hauetan, gidariaren helmuga den tokitik hurbilen dagoen irteeratik irtengo da.

2.4.– Aurreko puntuetan xedatutakoa ez da aplikatuko, baldin eta zama mota, kopurua edo garraio mota dela-eta, salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetako baten arabera egiten bada.

3.– Salgaien garraiorako ibilgailuak edo ibilgailu-taldeak, gehieneko masa baimendua (GMB) edo ibilgailu-taldearen gehieneko masa baimendua (ITGMB) 7.500 kg-tik gorakoa denean.

3.1.– Debekatuta dago 7.500 kg baino gehiagoko GMBko edo ITGMBko ibilgailuek edo ibilgailu-taldeek zirkulatzea, EAEko bide publikoetan, II. eranskinean adierazitako egun eta orduetan.

3.2.– Aurreko debekua ez zaio aplikatuko ebazpen honen IV. eranskinean adierazitako salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioari.

4.– Zirkulazio baimen osagarria behar duten ibilgailuak (euren ezaugarri teknikoengatik edo garraiatzen duten zamaren ezaugarriengatik) eta zirkulazio baimen osagarria behar ez duten ibilgailu bereziak.

4.1.– Ezaugarri teknikoei edo garraiatutako zamari dagokienez, legez ezarritako gehieneko masak edo neurriak gainditzeagatik zirkulatzeko baimen osagarria behar duten ibilgailuek debekaturik izango dute bide publikoetatik zirkulatzea (abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikulua), egun eta ordu hauetan:

– Igande eta jaiegunetan (EAE osoan): 08:00etatik 24:00etara.

– Jaiegunen bezperetan (EAE osoan), larunbatak ez badira: 16:00etatik 24:00etara.

Halaber, ibilgailu horiek ebazpen honen II. eranskinean adierazitako zirkulazio-murrizketak bete beharko dituzte.

4.2.– Zirkulazio-baimen osagarririk gabeko nekazaritza-makineriako edo obretako eta zerbitzuetako ibilgailu bereziei ebazpen honen II. eranskinean jasotako murrizketak aplikatuko zaizkie.

4.3.– Hala ere, murrizketok ez zaizkie aplikatuko IV. eranskinean aipatutako gaiak garraiatzen dituzten edo eginkizun horiek dituzten ibilgailuei.

5.– Murrizketa osagarriak.

5.1.– Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ezustekoak edo aparteko gorabeherak izan direnean, zirkulazioa seguruagoa edo arinagoa izan dadin behar denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketok, behar den denbora guztirako, eta, horretarako, beharrezko erabakiak hartuko dituzte.

5.2.– Gainera, meteorologia-fenomeno kaltegarriak gertatzen direnean (elurra, izotza, behe-lainoaren ondoriozko ikuspen eskasa, edo haize bortitza...), ibilgailu zehatzei ezar dakizkiekeen zirkulazio-murrizketak eragotzi gabe, 3.500 kilo baino gehiagoko GMB duten kamioiek, autobusek, autobus artikulatuek eta ibilgailu-taldeek bidearen eskuineko erreitik joan behar dute nahitaez. Ezin izango dituzte aurreratu, ezta aurrea hartu ere, abiadura txikiagoan zirkulatzen duten ibilgailuak, aurreko paragrafoan aipatutako 37. eta 39. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

6.– Obrak egiteko murrizketak.

Zirkulazioaren ezaugarriak bereziak direnean eta ibilgailu ugari mugitzen direnean, bide-segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko xedez, Trafiko Zuzendaritza eta eraginpeko bideen erakunde titularrak koordinatuko dira, VI. eranskinean adierazita dagoena betetzeko.

Dena den, VI. eranskinean adierazitako bide eta datetan, obra batzuk premiaz egin behar badira, bidearen erakunde titularrak, behar bezala arrazoituta, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroari jakinaraziko dio, behar besteko aurrerapenaz.

Bigarrena.– Baimen bereziak.

Zerbitzu bat nahitaez egin beharra dagoela behar bezala justifikatuta dagoenean, aldi baterako edo bidaia bakarra egiteko baimen bereziak eman ahal izango dira, ebazpen honek zirkulazio-murrizketak ezarritako egunetan eta aldietan zirkulatzeko, Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluak xedatutakoaren arabera.

Baimen berezi horietan, hauek jasoko dira: matrikula, ibilgailuaren edo ibilgailu-taldearen ezaugarri nagusiak, garraiatutako salgaia, eraginpeko bideak eta garraioaren baldintzak.

Trafikoko lurralde-bulegoen arduradunei dagokie, Trafikoko zuzendariak eskuordeturik, baimen bereziak ematearekin zerikusia duten ahalmenez baliatzea.

Hirugarrena.– Zehapenak eta kautelazko neurriak.

Ebazpen honetan dauden neurri arautzaileak ez betetzea zehatuko da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.

Era berean, trafiko-diziplina eta -zaintza arloko ardura daukan agintaritzaren agenteek ibilgailua bidetik kendu ahal dute, eta agindutako lekuan gordailuan utzi. Neurri horiek ezarri ahal izango dira ibilgailuak zirkulazioa oztopatzen edo zailtzen duenean edo zirkulaziorako arriskutsua denean, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 105. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Laugarrena.– Zirkulazioaren murrizketak salbuespenez kentzea.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak ebazpen honetan ezarritako murrizketen eraginpeko ibilgailuei zirkulatzen utzi ahal izango die. Neurri hori salbuespenez hartuko da, zirkulazioaren baldintzak aintzakotzat hartuta, eta, ondorioz, behar diren jarraibideak emango zaizkio Ertzaintzari.

Halaber, neurri hori Trafiko Zuzendaritzaren webgunean ere argitaratuko da eta garraiolarien elkarte nagusiei edo antzekoei jakinaraziko zaie.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta indarraldia.

Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi egun baliodunera jarriko da indarrean eta 2021. urtean zehar egongo da indarrean. Dena den, indarraldia luzatuko da trafikoa arautzeko 2022. urterako neurri bereziak ezartzen dituen ebazpena indarrean sartu arte, I., II eta VI. eranskinetako data zehatzei dagozkien murrizketak izan ezik.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 3a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DIAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.

I. ERANSKINA
KIROL-PROBAK, TXIRRINDULARITZA-LASTERKETAK ETA BESTE EKITALDI BATZUK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
SALGAIAK, ORO HAR, ETA SALGAI ARRISKUTSUAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
SALGAI ARRISKUTSUAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
SALGAIAK, ORO HAR
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
SALGAI ARRISKUTSUETARAKO IBILBIDEEN SAREA (SAIS)
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
2021. URTEAN ZEHAR, ZIRKULAZIOAREN EZAUGARRI BEREZIENGATIK ERREPIDEETAKO OBRAK ETETEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala