Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2021eko otsailaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
698

20/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2021eko ohiko lehenengo deialdiko probetan parte hartzeko deialdia onartzen duena.

Ebazpen hau honako egitate hauetan oinarritzen da:

AURREKARIAK

Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko prozesua arautzen du. Dekretu horrek zehazten du Osakidetzan aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak direla (86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Prozesua arautzen duena).

Gaur egun, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiaren ondorioz botere publikoek dekretatutako alarma-egoeran, eta osasun-esparruko agintariek zehaztutako prebentzio-arau eta jarraibideetara egokiturik, ez ohiko neurriak ezarri behar dira hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2021eko lehenengo deialdia gauzatzeko, zuhurtasuna eta segurtasuna gidari. Batetik, aurreratu egingo da bigarren deialdiaren egutegia, eta, bestetik, azterketa-denbora murrizteko, zenbait proba laburtuko dira, betiere proben eskakizun maila bermaturik, Ebazpen honen 8. eta 9. oinarrietan zehazten den erara.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak ezartzen du Osakidetzak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, Entitate horrek helburu zehatz horrekin deituko dituen ohiko deialdi nahiz ohiz kanpoko deialdien bidez.

Azaldutako guztiagatik eta emandako ahalmenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben 2021eko lehenengo ohiko deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 22a.

Osakidetzako-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

ERANSKINA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIA
OINARRIAK

1. oinarria.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honek aukera ematen du lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Prozesuak atal hauek izango ditu: izena emateko aldia; onartuen eta baztertuen zerrenda; dagozkion probak, bakoitza bere behin-behineko kalifikazioekin eta erreklamazio-epearekin; eta, amaitzeko, behin betiko kalifikazioen argitalpena.

Egiaztatze-prozesua Ebazpen hau argitaratzearekin hasten da, eta jarraibide hauek arautuko dute azterketaldia.

2. oinarria.– Deialdian parte hartu dezaketenak.

Deialdi honetan parte har dezakete 2019ko bigarren egiaztatze-prozesuko matrikulazio-epe amaieratik (2020ko ekainaren 30etik) prozesu honen matrikulazio-epe amaiera bitarteko denboraldian (2021eko otsailaren 24ra arte), zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon diren edo dauden Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere.

3. oinarria.– Izena ematea.

Deialdi honetako egiaztatze-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea otsailaren 10etik 24ra bitartean izango da, biak barne.

Deialdi honetan izena emango duten pertsonak hizkuntza-eskakizun bakarrera aurkeztu ahalko dira. Osakidetzaren deialdiaren prozesua eta IVAPen deialdiarena bat etorriz gero, azterketa bera izango litzateke, eta batera egina. Hala balitz, Osakidetzaren deialdi honetan izena ematen duenak aldi berean IVAPen deialdian ere eskabidea egingo balu, aukeratzeko eskatuko litzaioke, bi deialdietako batean soilik parte har dezan.

Izena emateko, izangaiek eskabide elektronikoa bete beharko dute, ondorengo helbide elektronikoetara joz:

https://www.osakidetza.eus/sites/Intranet/eu/profesionales/plan-de-euskaldunizacion/perfiles-linguisticos/acreditacion-pl/Orriak/1convocat.aspx

Era berean, badaude eskabidea aurkezteko beste era batzuk ere, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotakoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenaren bigarren paragrafoan adierazten denarekin bat etorrita eta 2018ko abuztuaren 31ko 11/2018 Errege Lege-Dekretuaren V. tituluaren seigarren artikuluarekin aldatuta.

4. oinarria.– Laugarren hizkuntza-eskakizunera aurkeztuko direnak.

Laugarren hizkuntza-eskakizunaren probetan parte hartzeko, hirugarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta eduki behar da, deialdian izena emateko epearen azken egunerako. Horretarako, beharrezkoa izango da egiaztapen hori Osakidetzaren Erregistro Ofizialean erregistratuta edukitzea. Laugarren hizkuntza-eskakizunaren probak egiteko eskatzen den hirugarren hizkuntza-eskakizuna Osakidetzako langileen erregistroan jasota ez badago, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du laugarren hizkuntza-eskakizunaren probetan parte hartu ahal izateko: hizkuntza-eskakizunen probetarako eskabidearen fotokopia (intranet bidez egina) eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna baliokidetzeko eskabidea, behar bezala beteta eta inskripzio-epearen barruan aurkeztuta, dagokion dokumentazioarekin (ikusi Giza Baliabideen zuzendariaren 11/2012 Jarraibideak, beste Herri Administrazio batzuek emandako hizkuntza-eskakizunen egiaztapenen baliokidetzari eta euskaraz egindako ikasketa ofizialen aitortzeari eta erregistratzeari buruzkoak).

5. oinarria.– Probak egiteko egokitzapenak behar dituzten pertsonak.

Probak egiteko egokitzapenak behar dituzten pertsonek eskabide-orrian adierazi behar dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak, eta abar) eta eskaera oinarrituta dagoen mediku-txostena aurkeztu behar dute. Baldintzak beteta, behar den azterketa-egokitzapena egingo zaie, betiere azterketaren edukia indargabetzen ez bada edo eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.

6. oinarria.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda. Gora jotzeko errekurtsoak.

Egiaztatze-prozesu bakoitzean izena emateko epea amaitutakoan, Giza Baliabideen zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartuko ditu. Baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren intranetean eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan jarriko da jendaurrean.

Halaber, bertan adieraziko da ahozko proban zein izangaik parte hartu ahalko duen, proba idatzia egin gabe, 8. oinarrian araututakoaren arabera.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jarri eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek hilabeteko epea izango dute gora jotzeko errekurtsoa Osakidetzako zuzendari nagusiari aurkezteko.

Azterketetan parte har dezakete onartu eta baztertuen zerrendaren ebazpenean onartuta agertzen diren izangaiek.

Era berean, azterketan parte har dezakete, baztertuta egon arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri eta beraren kopia azterketaren egunean aurkezten dutenek. Gora jotzeko errekurtsoaren kopiarekin batera, eskabidearen kopia ere aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, azterketaren emaitzak bakarrik balio izango du baldin eta errekurtsoa ebatzi ondoren izangaia onartuta geratzen bada.

7. oinarria.– Epaimahai kalifikatzailea.

Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdiaren ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Epaimahaikide izango dira epaimahaiburua, sei mahaikide eta idazkaria. IVAPek epaimahaikideetako bi izendatuko du. Epaimahaikide gehienak Euskal Herri Administrazioen zerbitzuan dauden langile finkoak izango dira, eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.

Epaimahaikideek zerbitzuagatik dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, bertaratzeak barne, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan arauturik dagoenarekin bat etorrita. Era berean, epaimahaiari aholkuak ematen edo zaintza lanetan arituko direnek ere izango dituzte ordainsariak.

8. oinarria.– Idatzizko probak.

Lehen azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan trebetasun bi neurtuko dira: idatzizkoaren ulermena eta idatzizkoaren adierazpena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egongo da. Azterketa gainditzeko, trebetasun bietako bakoitzari dagozkion probak gainditu beharko dira, zein bere aldetik. Idatzizkoaren ulermenaren probak bi ariketa izango ditu eta idatzizko adierazpenarenak ariketa bakarra.

Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatutako 2020ko azken azterketa-aldian idatzizko probak gainditu bai baina ahozko probak gainditu gabe geratu ziren izangaiak salbuetsita daude deialdi honetako idatzizko ulermenaren eta adierazpenaren probak egitetik, baldin eta aurrekoan salbuetsita ez bazeuden. Hortaz, zuzenean joko dute ahozko probetara.

Hala eta guztiz ere, izangai guztiek epe barruan eman beharko dute izena probetarako, salbuetsita dauden ala ez kontuan izan gabe.

9. oinarria.– Ahozko probak.

Ahozko azterketa gainditzeko, ahozkoaren ulermenaren eta ahozkoaren adierazpenaren probak gainditu behar dira, zein bere aldetik. Ahozkoaren ulermena, adierazpenaren proba-saioarekin batera neurtuko da, berariazko ahozko ulermen probarik egin gabe.

Aztertzaileek izangaien ahozko proba grabatu ahalko dute, premia ikusten badute, bakar-bakarrik kalifikazioaren alderdiren bat berrikusteko, lagungarri bat eskueran edukitzearren.

10. oinarria.– Azterketa egunak eta toki-orduak.

Azterketa egutegi bat prestatuko da, bai onartutako eskatzaileen kopurua bai azterketak egiteko beharko diren baliabideak kontuan hartuta. Baliteke proba bat baino gehiago bateratzea ekitaldi edo egun bakarrean.

Azterketen egunak, lekuak eta orduak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzaren intranetean jakinaraziko dira.

Edozein hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko prozesuan, trebetasun hauek ebaluatuko dira: idatzizko ulermena eta adierazpena eta ahozko ulermena eta adierazpena. Proba bereiziak onartutako izangaien kopuruaren eta dauden baliabideen arabera bateratu ahalko dira.

11. oinarria.– Behin-behineko emaitza orokorrak. Erreklamazioak.

Trebetasun ezberdinak (idatzizko ulermena, adierazpena eta ahozko ulermena eta adierazpena) ebaluatzen dituzten probetako behin-behineko kalifikazioak Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen bidez jakinaraziko dira, ebaluatutako proba bakoitzari dagokion «gai» edo «ez gai» kalifikazioa zehaztuta. Emaitzak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzaren intranetean ikusi ahalko dira.

Behin-behineko kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek gutxienez 5 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari aurkezteko.

Erreklamazioak egin ahal izateko, Osakidetzaren intraneteko orrian dagoen formularioa erabili beharko da, betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.

12. oinarria.– Behin betiko emaitza orokorrak. Gora jotzeko errekurtsoak.

Behin-behineko kalifikazioen aurkako erreklamazio-epea amaituta eta erreklamazioak ebatsi ondoren, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Ebazpen horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, zuzendari nagusiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Izangai bakoitzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetan lortutako behin betiko kalifikazioa bakarra izango da, «gai» edo «ez gai» adierazita.

13. oinarria.– Emaitzak argitaratzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian proba guztiak gainditu eta ondorioz hizkuntza-eskakizun baten ziurtagiria jasoko dituztenen kalifikazioak argitaratuko dira.

14. oinarria.– Egiaztapenaren balio-data.

Hizkuntza-eskakizunen egiaztapenek ondorioak izango dituzte behin betiko kalifikazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duen Ebazpenaren datatik.

15. oinarria.– Ziurtagiriaren bidalketa.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak gainditu dituztenek Osakidetzako zuzendaritza nagusiaren ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri hori izangaiak lan egin duen azken zerbitzu-erakundera bidaliko da.

16. oinarria.– Ebaluatzeko irizpideak.

Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatuko den euskara ezagutza-maila neurtzeko ondorengoak hartuko dira kontuan: batetik, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena; eta bestetik, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dituena.

17. oinarria.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betez, jakinarazten da deialdi honen eremuan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua kudeatzeko datu pertsonalen tratamendua Osakidetzaren ardurapean egingo dela. Interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak Osakidetzak tratatuko dituela eta Giza Baliabideen Kudeaketa Integratua izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

Tratamendu horren helburua da Osakidetzako langileak kudeatzea, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke, eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan sartzeko.

Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere. Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa


Azterketa dokumentala