Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2021eko otsailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
626

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 19koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita «Euskal Autonomia Erkidegoko Ostalaritzaren II. Esparru Akordioa (2021-2023)» erregistratu, gordailatu eta argitaratzea (akordio-kodea: 86100015082017).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2021eko urtarrilaren 13an aurkeztu zen REGCON erregistroan aipatutako akordioari buruzko dokumentazioa, negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak 2020ko abenduaren 30ean sinatutakoa.

Bigarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Lan eta Enplegu Saila sortu du 2. artikuluan, eta 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea dagokio, besteak beste. Bestalde, dekretu horretako xedapen iragankor bakarrak adierazten duenez, azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitakoa gauzatzen den bitartean, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eta Jaurlaritzako sailen egitura eta egitekoak zehazten dituzten arau organikoek, eta, beraz, indarrean jarraituko du Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak. Besteak beste, sail horren eginkizunak dira Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa zuzendu eta kudeatzea, erregistroa arautzen duen dekretuan eta indarreko gainerako araudietan xedatutakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu beharreko funtsezko araudia honako hauetan dago jasota: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzkoa, eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzkoa.

Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetako betekizunen arabera sinatu da.

Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea akordioa inskribatu eta gordailutu dadin Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan, eta horren berri alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 19a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO OSTALARITZAREN II. ESPARRU AKORDIOA (2021-2022)

1. artikulua.– Langile- eta jardun-esparrua.

Ostalaritzan diharduten eta Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Ostalaritzako egungo hitzarmen kolektibo probintzialen jardun-esparruetan barne hartutako, edo gerora barne hartuko diren enpresen eta enpresa horietan zerbitzu egiten duten langileen lan-harremanetan aplikatuko da hitzarmen hau; hitzarmen horiek izango dira: a) indarrekoak, eta b) Langileen Estatutuaren Legearen (aurrerantzean, LE) 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioz indarraldia galduagatik, legitimatutako alderdiek negoziatzen jarraitzen dituztenak edo negoziazioei bi alderdien adostasunez berrekiten zaienak, eta galera horren ondoren sinatzen direnak, horrela estatutu-indarraldia berreskuratuz.

Beraz, hitzarmen honek ostalaritza-zerbitzuak prezio bidez emateko jarduerak establezimendu edo instalazio finko edo mugikorretan egiten dituzten enpresa guztiak behartzen ditu, edozein dela ere haien titulartasuna (pertsona fisiko edo juridikoak, eta edozein elkarte publiko, erdi-publiko edo pribatu) eta xedea. Ostalaritza-zerbitzuak prezio bidez eskaintzeko jarduera horiek modu jarraituan edo noizean behin egiten dituzte: ostatua, edariak eta elikagaiak, aisia eta atsedena edo ikuskizunak, edo baita zerbitzu mistoak ere.

Oro har, baina ez modu mugatzailean, berariaz sartzen dira jarduera nagusi gisa honako zerbitzu hauek ematen dituzten enpresak:

– Ostatua hoteletan, hostaletan, turismo-helburuekin merkaturatutako etxebizitzetan, ostatu-etxeetan, moteletan, apartamentuetan, bainuetxeetan, aterpeetan, landetxeetan eta kanpinetan, bai eta prezio baten truke ostatua eta/edo janaria ematen duten egoitza edo establezimendu mota guztietan ere.

– Elikagaiak eta edariak jatetxeetan eta cateringetan, bai eta produktu horiek unean bertan kontsumitzeko prest eskaintzen edo zerbitzatzen dituzten establezimendu mota guztietan ere.

– Elikagaiak eta edariak kolektibitateei (lantokiak eta ikastetxeak, osasun-zentroak, eta abar), bai bezeroen instalazioak (sukaldeak) erabiltzen badira, bai zerbitzuak ematen dituen enpresaren instalazioak erabiltzen badira. Oro har, baina ez beti, Kolektibitateentzako Otorduak eskaintzen dituzten Enpresen barruan sartzen dira.

– Kolektibitateentzako Otordu-zerbitzuak enpresetako jantokietan.

– Elikagaiak eta edariak pizzerietan, hamburgesategietan, krepe-saltokietan, ogitarteko-saltokietetan, Fast-food delakoetan eta antzekoetan. Sukaldean prestatutako produktuak etxera eramateko saltzeari dagokienez, ez da produktuen salmentatzat hartuko, baizik eta jaki-zerbitzutzat: halakotzat hartuko da prestatutako eta establezimenduan bertan nahiz establezimendutik kanpo kontsumitzeko prest dagoen janari-eskaintza oro. Aplikazio-eremu honetatik kanpo geratuko dira helburu edo jarduera ekonomiko nagusi gisa, prestatu ondoren etxez etxe banatzeko diren sukaldean prestatutako produktuez arduratzen diren enpresak.

– Elikagaiak eta edariak establezimendu finko edo mugikorretan kontsumitzeko prest dauden elikagaiak eta/edo edariak zerbitzatzen dituzten kafetegietan, kafe-etxe eta tabernetan, taberna berezietan, ziberkafetegietan, garagardotegietan eta antzekoetan.

– Elikagaiak eta edariak txokolategietan, dastaketa-guneetan, izozki-dendetan eta te-aretoetan, bai eta janariekin eta/edo edariekin batera kafeak, infusioak edo izozkiak dastatzen diren establezimendu mota guztietan ere; halaber, zinema, antzoki, tablao eta antzekoetako edaritegietan egiten diren ostalaritza-zerbitzuak, eta baita azoka, kirol-instalazio edo beste edozein lokaletan integratutakoak ere.

– Jai- eta dantza-aretoak, diskotekak eta antzeko beste jarduera batzuk (kafe-antzokiak, tablaoak, eta abar).

– Janari- eta/edo edari-zerbitzuak kasinoetan, bingoetan, billarretan, jolas- eta joko-aretoetan.

2. artikulua.– Lurralde-eremua.

Akordio hau EAEko lurralde-eremu osoan aplikatuko da.

3. artikulua.– Indarraldia eta salatzea.

Alderdiek 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arteko indarraldia adostu dute. 2021eko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango du. Espresuki itundu da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, akordioa salatu eta itundutako iraupena amaitu eta gero, hitzarmenak indarrean jarraituko duela izaera ultraaktiboarekin beste 4 urtez.

Akordio hau salatu dezakete horretarako legitimatutako alderdiek, LEren 86. artikuluaren arabera: idatziz egin beharko da, amaitu baino 30 egun lehenago, eta berrikusi nahi diren manuak barne hartuko ditu, baita berrikusketaren irismena ere.

Salatzerik ez bada, automatikoki luzatuko da akordioa, LEn ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Egitura.

a) Sektoreko negoziazio kolektiboa eta hitzarmen kolektibo probintzialen aplikazio-lehentasuna EAEn.

Akordio-esparru honen sinatzaileek uste dute EAEn sinatutako egungo ostalaritzako hitzarmen kolektibo probintzialek, edo egungoak berrituz alderdi legitimatuek negoziazio-esparru berean sina ditzaketenak, indarrekoak izan zein ez, aplikazio-lehentasuna izan behar dutela estatu-mailako indarreko edo sina daitekeen bestelako hitzarmen edo akordioren gainetik, LEren 83.2 artikuluaren arabera.

Horregatik, akordio honen oinarrizko helburua da, EAEko ostalaritza-sektoreko hitzarmen kolektibo probintzialen nagusitasuna ezartzea estatu- edo autonomia-mailako aldibereko hitzarmen edo akordioen gainetik; ostalaritza-sektoretzat hartzen da EAEko ostalaritzako egungo hitzarmen kolektibo probintzialen jardun-esparruaren barnean dauden sektoreak edo jarduera-arloak, indarrekoak zein LEren 86 artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren ondorioz indarraldia galdu dutenak, eta estatutu-indarraldi hori galdu eta gero negoziazioan jarraitzen dutenak edo berriro ere negoziatzen hasiko direnak.

Beraz, arau hauek erabakitzen dira, LEren 83.2 artikuluan xedatutakoaren arabera:

1.– EAEko Ostalaritzako Esparru Akordioa.

Estatu-mailako sektoreko edo lanbide arteko aldibereko esparru-akordio ororen gainetik, lehentasunez aplikatuko da esparru-akordio hau, baita, ostalaritza-sektoreko ezein negoziazio kolektiboaren egiturari dagokionez, esparru bereko sektoreko beste hitzarmen kolektibotan xedatutakoaren gainetik ere, bai aurretik existitzen direnean, bai akordio hau sinatu ostekoak direnean.

2.– Aplikatu beharreko lehentasunak.

Alderdi sinatzaileek uste dute ostalaritzaren sektoreko negoziazioa hitzarmen kolektibo probintzialen bidez egituratu behar dela, lurralde historiko bakoitzaren berezitasunei erantzun ohi izan baitiete.

Esparru Akordio honek, LEren 83.2 artikuluan xedatutakoaren babesean, bermatzen du EAEn sinatutako eta egun arlo guztietan indarrean dauden hitzarmen kolektibo probintzialak aplikatzeak duela lehentasuna, sektoreko estatuko edo autonomiako beste hitzarmen edo akordio kolektibotan xedatutakoaren gainetik, izan akordio hau sinatu aurrekoak zein ostekoak. Horregatik, probintzia-eremuko berezko arlo esklusibotzat hartzen dira ostalaritzako hitzarmen kolektibo probintzialak, eta, ondorioz, eremu horretarako bereizitzat, hargatik eragotzi gabe estatuko eremuari dagokionez LEren 84.4 artikuluan xedatutakoa eta enpresa-hitzarmenei dagokienez LEren 84.2 artikuluan xedatutakoa.

Egungo indarreko ostalaritzako hitzarmen kolektiboen ordez edo LEren 86.3 artikuluaren arabera indarraldia galduagatik negoziatzen segitu diren edo, negoziazioa etenik ere, berriz ekin zaien ostalaritzako hitzarmen kolektiboen ordez gerora sinatuko direnek, negoziazio-esparru berean, aurreko paragrafoko aplikazio-lehentasun bera izango dute sinatu eta gero.

Negoziazio-esparru bera esatean, ulertzen dugu aurrekoa ordezkatzen duen hitzarmen kolektibo probintziala, jardun-esparru berean, eraginpeko sektoreei edo azpisektoreei dagokienez.

Gerora, negoziazio-esparru berrietan sina litezkeen ostalaritzako hitzarmen kolektibo probintzialek lehenengo paragrafoan ezartzen den aplikazio-lehentasun bera izango dute sinatzen direnetik, baina berau negoziatzeko legitimitatea duten alderdiek aho batez hala erabakitzen badute, betiere.

Negoziazio-esparru berria esatean, ulertzen da jardun-esparru berri batekin ostalaritzako hitzarmen kolektibo probintzial bat sorrarazten duena, baina barne hartzen duena, osorik edo partez, egun dauden hitzarmen kolektibo probintzialen bateko jardun-esparruan barne hartutako ostalaritzako sektoreak, azpisektoreak edo enpresak, izan indarrekoak edo izan LEren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioz indarraldia galdu dutenak, baina negoziatzen jarraitzen direnak edo negoziatzera berriz ekin zaienak.

Dena den, akordio honetako Batzorde Mistoari jakinarazi beharko zaio esparru-akordio honetako jardun-esparruan barne hartutako sektoreko negoziazioko –probintziala edo autonomiakoa– esparru berrietako negoziazioa sustatzen dutela indarreko lan-arloko legeriak legitimatutako subjektuek.

5. artikulua.– Batzorde Misto Paritarioa.

Batzorde Paritario bat ezartzea adostu da, akordio hau eta sortzen den arazo oro interpretatzeko eta betetzen dela behatzeko; legeak edo berau aplikatzearen ondoriozko akordioek emango diote eskumena batzorde horri.

Hitzarmen hau sinatu duten sindikatuetako kide banak eta haiek adinako ugazaba-ordezkarik osatuko dute Batzorde Paritarioa.

Lan Harremanen Kontseiluarena izango da Batzorde Paritarioaren egoitza: Urkixo zumarkalea 2, 3. solairua, Bilbao.

Batzorde honek aholkularien zerbitzuak erabili ahal izango ditu bere eskumenekoak diren arloetan, zeinak alderdi bakoitzak izendapen askez izendatu ahal izango baititu horiek, eta alderdi bakoitzaren gehiengoarekin hartuko ditu bere erabakiak batzordeak. Erakunde bakoitzak negoziazio-batzordean izan zuen ordezkaritza-pisua izango du, proportzioan.

Batzorde Mistoaren egoitzan idazkia jaso eta gero, jasotzaileak Batzorde Mistoko kideak deitu ahal izango ditu bilera egiteko.

KOLEKTIBITATEENTZAKO OTORDUEN AZPISEKTOREARI BURUZKO ERANSKINA.

Kolektibitateentzako otorduen azpisektore bereziari dagokionez, aldeek adostu dute lehentasunez aplikatuko direla Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan sinatutako azken hitzarmen kolektibo probintzialak (argitaratze-data: Araba 2018-12-07ko ALHAO, Bizkaia 2018-09-18ko BAO eta Gipuzkoa 2009-02-05eko GAO), gai guztiei dagokienez eta akordio hau sinatu aurretik edo ondoren egon daitekeen estatuko beste edozein sektoreko hitzarmen edo akordio kolektiboen gainetik. Horregatik, probintzia-eremuko berezko arlo esklusibotzat hartzen dira ostalaritzako hitzarmen kolektibo probintzialak, eta, ondorioz, eremu horretarako bereizitzat, hargatik eragotzi gabe estatuko eremuari dagokionez LEren 84.4 artikuluan xedatutakoa eta enpresa-hitzarmenei dagokienez LEren 84.2 artikuluan xedatutakoa.

Egungo indarreko kolektiboentzako otorduak arautzen dituzten hitzarmen kolektiboen ordez edo LEren 86.3 artikuluaren arabera indarraldia galduagatik negoziatzen segitu diren edo, negoziazioa etenik ere, berriz ekin zaien kolektiboentzako otorduetarako hitzarmen kolektiboen ordez gerora sinatuko direnek, negoziazio-esparru berean, aurreko paragrafoko aplikazio-lehentasun bera izango dute sinatu eta gero.

Negoziazio-esparru bera esatean, ulertzen dugu aurrekoa ordezkatzen duen hitzarmen kolektibo probintziala, jardun-esparru berean, eraginpeko sektoreei edo azpisektoreei dagokienez.

Era berean, aplikatzeko lehentasun bera izango dute alderdiek sortzea erabakitzen duten eta otordu-zerbitzuen azpisektoreari erreferentzia egiten dioten hitzarmen berriek.


Azterketa dokumentala