Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2021eko otsailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKADIKO KIROL PORTUAK
549

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 20koa, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita hastea, deialdi publikoaren bidez, Plentziako portuan 7. zerrendako aisia-ontziek amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura.

Euskadiko Kirol Portuak erakundeak Plentziako portuan aisia-ontzientzako amarralekuak ditu, eta, horiek okupatzeko, amarralekuak erabiltzeko gaikuntza-titulua eman behar da aldez aurretik.

Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasuneko portuetan, titulu horiek emateko prozedura agindu honetan ezarrita dago: Agindua, 2017ko urriaren 19koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura eta horren araubidea arautzen baitira. 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioak amarralekuak eskatzeko epea irekiko du, eta, deialdi horretan, eskaintzen diren amarralekuak eta horien kokapena adieraziko dira. Aginduaren 6. artikuluak ezartzen duenez, deialdia ebazpen baten bidez egingo da, eta honako hauetan argitaratuko da: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietatik bitan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 24. artikuluak Euskadiko Kirol Portuak erakundearen xedea ezartzen du, eta, besteak beste, jasotzen du Jaurlaritzak esleitzen dizkion itsas-aisialdiko erabilerako portuen eta horiei lotutako erabilera-guneen kudeaketa integrala dela. Ildo beretik doa estatutuen 5. artikulua, zeinak maiatzaren 12ko 58/2020 Dekretuaren bidez onartu baitziren.

Halaber, Euskadiko Kirol Portuak erakundeari bere eginkizunak garatzeko behar dituen baliabideak atxikitzen dizkion maiatzaren 12ko 59/2020 Dekretuaren 1. artikuluak erakundeari esleitzen dio hainbat portutako kirol-portuaren zerbitzu publikoaren kudeaketa, Plentziako kirol-portuarena, besteak beste. Beraz, Euskadiko Kirol Portuak erakundeari dagokio kudeatzea Plentziako kirol-portuari dagokion portuko jabari publikoa, eta, horrekin batera, amarralekuak erabiltzeko emakiden deialdia egitea.

Horiek horrela, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen estatutuetako 15.2 o) artikuluak zuzendaritza honi ematen dizkion ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Plentziako portuko moduluak erabiltzeko 7. zerrendako ontziei emakidak emateko prozedura hastea, deialdi publikoaren bidez, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 20a.

Euskadiko Kirol Portuak erakundearen zuzendaria,

EDURNE EGAŃA MANTEROLA.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da amarralekuak erabiltzeko emakideak ematea, 7. zerrendako aisia-ontzientzat, Plentziako portuan. Deialdi hau ebazten denetik aurrera kirol-amarralekuak kudeatzeko zerbitzuak nola emango diren aintzat hartuta, honela katalogatuta dago: 2. taldea; portuko zerbitzu esklusiboa duten aisialdiko azpiegitura nautikoak, 24 ordutik beherako txandetan, zerbitzu-orduak astean bi edo hiru lanaldi osoren parekoak izanda, goi-denboraldian salbu, orduan egunero emango baitira.

Bigarrena.– Eskainitako amarralekuak.

1.– Berrehun eta lau (204) amarraleku eskainiko dira.

2.– Kategoria bakoitzeko amarraleku kopurua honako hau da:

a) Pantalaneko amarralekuak, 4 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta finger arteko 3,60 metro inguruko zabalerarekin: 17.

b) Pantalaneko amarralekuak, 5 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta finger arteko 4,00 metro inguruko zabalerarekin: 28.

c) Pantalaneko amarralekuak, 6 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta finger arteko 4,60 metro inguruko zabalerarekin: 71.

d) Pantalaneko amarralekuak, 7 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta finger arteko 5,00 metro inguruko zabalerarekin: 57.

e) Pantalaneko amarralekuak, 8 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta finger arteko 6,00 metro inguruko zabalerarekin: 16.

f) Pantalaneko amarralekuak, 9 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta finger arteko 6,20 metro inguruko zabalerarekin: 6.

g) Pantalaneko amarralekuak, 10 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta finger arteko 6,80 metro inguruko zabalerarekin: 5.

h) Pantalaneko amarralekuak, 11 metro edo gutxiagoko gehieneko luzera duten ontzientzat eta finger arteko 7,60 metro inguruko zabalerarekin: 4.

3.– Amarralekuen kokapena ebazpen honen II. eranskineko planoan adierazitakoa da.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Eskabidea ebazpen honen III. eranskineko eredu normalizatuan aurkeztu beharko da, zeina doan emango baita Euskadiko Kirol Portuak (aurrerantzean EKP) erakundearen bulegoetan, Plentzian (Arraun kalea 2, 48620 Plentzia).

2.– Halaber, www.euskadi.eus web-orri elektronikoan ere deskarga daiteke, hemen sartuta: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila – Portuak – Kirol-portuetako amarralekuak, «amarratzeko eskaera»; horrez gain, EKPren web-orri elektronikoan ere deskarga daiteke (www.ekpsa.eus).

Laugarrena.– Dokumentazioa.

Eskabideekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera:

– Eskatzailearen dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoak: NANa edo pasaportea, IFZ edo AIZ.

b) Pertsona juridikoak: Enpresaren IFK, eratze-eskritura edo -agiria, estatutuak edo sortze-akta, baita legezko ordezkariaren ordezkaritza-ahalordea eta NANa ere.

c) Finantza-errentamendua: finantza-errentamenduaren kontratuaren kopia.

d) Bankuko datuak: A atalean adierazitako kontuaren titulartasun-ziurtagiria.

e) Pentsioduna izanez gero, egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiria, dagokion erakunde ofizialak emana, eta PFEZaren azken aitorpenaren kopia.

f) Eskatzaileari edo ontzia benetan maneiatzen duenari amarralekuaren xede den ontzia maneiatzeko ahalmena ematen dion egiaztagiria; azken horrek nabigazio-baimenaren barruan egon behar du, edo titularrak edo titularkideak idatziz baimendu behar du.

– Ontziaren dokumentazioa (ontziaren titularra izanez gero):

a) Rola, nabigazio-lizentzia edo inskripzio-ziurtagiria.

b) Nabigagarritasun-ziurtagiria.

c) Ontziaren inskripzio-orria, eskaera egin aurreko sei hilabeteen barruan eguneratua.

d) Ontziaren argazkia, 10 x 15 cm-koa.

e) Eskaeraren unean indarrean dagoen ontziaren aseguru-poliza eta azken ordainagiria, indarrean dauden legezko xedapenek eskatutako estaldurekin (erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua, ontzi-hondarrak portutik kentzeko estaldura kontuan hartzen duena). Hartzaileak bat etorri behar du eskatzailearekin.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko tokia.

1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

Modu presentziala:

Eskabideak zuzenean aurkeztu ahal izango dira EKPren Plentziako bulegoetan (Arraun kalea 2, 48620 Plentzia), hitzordua eskatu ondoren, astelehenetik ostiralera 09:30etik 17:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoa.

Gaur egungo osasun-larrialdia dela-eta, eskabideak modu presentzialean aurkezteko, ezinbestekoa izango da hitzordua eskatzea, eta horretarako ordu-erreserbarik ez dutenek ezin izango dute izapide hori egin. Aurretiko hitzordua Euskadiko Kirol Portuak erakundearen web-orriaren bidez (www.ekpsa.eus) egin beharko da, «Amarratze-deialdiak» atalean.

Bide elektronikoa:

Eskabideak www.ekpsa.eus helbide elektronikoan aurkeztuko dira, «Amarratze-deialdiak» atalean.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

2.– Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

Zazpigarrena.– Prozedura.

1.– Eskatzaileen betekizunak.

Amarralekuak esleitzeko eskaera egin ahal izango dute 7. zerrendan erregistratutako ontzi baten jabe edo titular diren pertsona guztiek, bai eta 7. zerrendan erregistratutako aisia-ontzien finantza-errentamenduko kontratu baten jabe edo titular direnek ere.

Halaber, amarralekuak eskatzeko aukera izango dute 7. zerrendan erregistratutako aisia-ontzi bat erosteko fasean dauden pertsonek, edo 7. zerrendan erregistratu beharreko aisia-ontzi bat erosteko asmoa dutenek, baldin eta amarraleku-esleipen baten titularrak badira.

Eskatzaileei amarralekuen eskabideak egiteko eskatzen zaizkien baldintzak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoak dira.

2.– Amarralekua esleitzea.

Amarralekuak esleitzeko prozedura lehia askea izango da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta. Agindu horren bidez, aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura eta horren araubidea arautzen dira.

Agindu horren 14.1 artikuluaren arabera, amarralekua esleitzeko, ontziaren neurri zehatzak hartuko dira kontuan, eta lehentasuna emango zaie amarralekua eskatzeko unean ontzia duten eskatzaileei. Horrenbestez, eskatzaile bakoitzak neurriei buruz egiten duen adierazpenak benetako neurriak jaso behar ditu. Hori dela eta, adierazitako neurriak benetakoak ez badira, eskabidea baztertu edo emakida errebokatu daiteke.

Zehazki:

– Eskatzaileak zinpeko adierazpenean adierazitako ontziaren neurriak ez badatoz bat dagokion dokumentazioan ontzi horrentzat ezarritako neurriekin, salbu eta desberdintasunaren arrazoia ontzi horretan egiturazko elementuak sartzea bada edo elementu horiek ontziaren zati badira, urriaren 6ko 186/2015 Dekretuan ezarritako guztizko luzeraren definizioaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoen kudeaketaren zenbait alderdi arautzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzekoa–, aurkeztutako eskabidea automatikoki baztertuko da esleipen-prozeduratik.

– Eskabidea egiteko unean eskatzaileak ontzirik ez badu eta deialdi hau ebatzi ondoren amarraleku bat esleitzen bazaio, ebazpen hori indarrik gabe geratuko da, baldin eta eskatzaileak azkenean erosiko duen ontzia ez badator bat eskabidean egiaztatu duen ontziaren neurriekin (10 cm2-ko edo gehiagoko neurri-diferentzia).

Era berean, amarralekuak esleitzeari dagokionez, bi ontzi berdinak direla joko da haien arteko eta amarralekuaren gehieneko neurriarekiko (ontziari dagokion amarraleku-kategoriaren arabera) neurri-diferentzia % 10ekoa edo txikiagoa denean, betiere zabalerak gainditzen ez badu eskatzaileak deialdi honetan parte hartzen duen ontziari dagokion amarraleku-kategoriarako ezarritako gehieneko neurria.

Kontuan hartuta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14.1 artikuluan ezarritakoa, zeinaren bidez arautzen baita aisia-ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta amarralekuak erabiltzeko emakiden araubidea, ontziek neurri berdina badute, lehentasuna izango dute eskabidea egiteko unean ontzia duten eskatzaileek, eta, ontzien neurrien arteko berdintasun-egoerak ebazteko notarioaren aurrean egingo den zozketaren ondorioetarako; lehen zozketa bat egingo da berdintasun-egoeran dauden eta eskabidea egiteko unean ontzia duten eskatzaileen artean, eta bigarren zozketa bat ontzirik ez dutenen artean. Bigarren zozketa horretatik ateratzen den zerrenda lehen zozketan sortutako zerrendako azkenari gehituko zaio.

Berdintasun-egoera horiek zozketa bidez ebatziko dira. Zozketa hori notario baten aurrean egingo da, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen webgunean eta Bizkaiko Lurralde Historikoko tirada handieneko bi egunkarietan jakinarazten den egunean eta lekuan.

Zortzigarrena.– Amarralekua erabiltzeko emakida.

1.– Amarralekua erabiltzeko emakidaren epea hamabost urtekoa izango da, ematen den egunetik aurrera.

2.– Behin emakida emanda, ezin izango dira aldatu emakida eragin duen eskabidearekin batera aurkeztu den zinpeko adierazpenean ezarritako ontziaren neurriak, kasu hauetan izan ezik: elementu finkoak edo ontziaren parte direnak gehitzea, urriaren 6ko 186/2015 Dekretuan ezarritako baldintzetan (186/2015 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoen kudeaketaren zenbait alderdi arautzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzekoa), edo ontzia aldatzea; bi kasuetan, agindu horretan ontzi-aldaketetarako ezarrita dagoena betez jardungo da.

Aldaketa hori eskatzen bada, emakida-ebazpena berrikusi egingo da, eta errebokatu egin ahal izango da.

3.– Amarralekuak erabiltzeko emakiden araubide juridikoa aipatutako aginduaren III. kapituluan ezarritakoa izango da.

4.– Deialdi hau ebazten denetik aurrera, kirol-amarralekuak kudeatzeko zerbitzuak nola emango diren aintzat hartuta, honela katalogatuta geratuko da Plentziako kirol-portua: 2. taldea; portuko zerbitzu esklusiboa duten aisialdiko azpiegitura nautikoak, 24 ordutik beherako txandetan, zerbitzu-orduak astean bi edo hiru lanaldi osoren parekoak izanda, goi-denboraldian salbu, orduan egunero emango baitira. Emandako emakidak berekin ekarriko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritako portu-tarifak likidatzea. Tarifak eguneratu egingo dira, onartzen diren portu-tarifen zenbatekoen eguneratzeen arabera.

Bederatzigarrena.– Publikotasuna.

1.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin bat etorriz, EKPren Plentziako bulegoetako iragarki-taulan (Arraun kalea 2, 48620 Plentzia) jakinaraziko dira aurkeztutako eskabideen eta agirien zuzenketak eta, hala badagokio, deialdi hau garatzeko alderdiei buruzko informazioa.

2.– Prozedurari amaiera emango dion ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala