Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2021eko urtarrilaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
426

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa «I.B.22 Infernua» hiri-eremurako.

AURREKARIAK

2018ko irailaren 18ko ebazpenaren bidez Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) Aldaketa puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua eman zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, «I.B.22 Infernua» hirigintza-eremurako, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeari eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Donostiako Udalak planaren jendaurreko informazioa egin zuen, haren ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez (2019ko martxoaren 27ko GAO, 59. zk.), aldaketak ukituek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Donostiako Udalak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2020ko urriaren 27an, Donostiako Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu ziren: Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketa puntuala, «I.B.22 Infernua» hiri-eremuari dagokionez, behin-behineko onesteko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzen dituzten zenbait dokumentu.

Donostiako Udalak ohartarazten duenez, bi alegazio eta zenbait txosten jaso dituzte, administrazio-espedientean jasotako emaitza eta edukiarekin; gainera, alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Plan Partzialaren behin betiko bertsioa idaztean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea exijitzen badu planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengandik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da, hau da, aipatu legearen I. eranskineko A. apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, baldin eta ebaluatu beharreko plan horiek ingurumenean ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Donostiako Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Donostiako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren «I.B.22 Infernua» hiri-eremurako aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, irismen-dokumentuan azaltzen diren baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna da, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrarekin, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena– eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat etorriz), ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du. Adierazpenak aldeko balorazioa egiten du ingurumen-alderdiak Planaren proposamenean sartzeari buruz, eta planak ingurumenean izango dituen eragin esanguratsuen aurreikuspenari buruz, azkenean onartzen den planean sartu behar diren azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako.

Honako hauek ikusita: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteari buruzkoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauak), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «I.B.22 Infernua» hiri-eremuari dagokion Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, honako baldintza hauetan:

A) Planaren helburua da egiturazko araubidea aldatzea eta «IB.22 Infernua hiri-eremua»ren antolamendu xehatua ezartzea indarrean den Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, HAPO) premisei eutsita. HAPOk eremu osoa berroneratzea eta birgaitzea proposatzen du, gaur egun, zaharkituta eta hondatuta dagoen industrialde bat baita, eta ondare eraikia guztiz ordezkatzea. Horretarako, eraikuntza irekiko bizitoki-garapen berri bat eta hirugarren sektoreko jarduera ekonomikoetara xedaturiko gune bat antolatzea aurreikusten da.

«I.B.22 Infernua» hiri-eremua Ibaeta auzoko hegoaldeko muturrean kokatuta dago,GI-20 autobiaren eta Tolosa hiribidearen arteko bidegurutzean. Guztira, 66.161 m2-ko azalera du. Esparru osoa hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago.

Planak handitu egiten du bizitegi-erabilerara zuzendutako eraikigarritasuna, 46.025 m2(s)-ko bizitegi-sabaia ezarrita (indarrean den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak 19.100 m2(s) ematen dizkio); horri esker 540 etxebizitza gauzatu ahalko dira, gaur egun jasota dauden 222en ordez.

Gainera, Planak gaur egun martxan dauden hirugarren sektoreko erabilerak finkatu eta erabilera horretara xedaturiko beste lurzati bat planteatzen du. Hirugarren sektoreko erabilerako lurzati honetan 9.975 m2(s)-ko eraikigarritasuna aurreikusten dira jarduera ekonomikoetarako. Gainera, 1.200 m2(s) gehiago ematen zaizkio emakidadunari dagokion lurzatiari, etorkizunean handitu nahi izanez gero. Horrek hirugarren sektorerako sabaia gutxitzea dakar HAPOn guztira planteatutako kopuruaren aldean, 38.500 m2(s)-tik 11.175 m2(s)-ra igarota, eta, gainera, 8.840 m2(s) ere finkatuko dira.

Hiru azpieremu bereizten dira:

– IB.22.03: Opel eta Volkswagen/Audi marken kontzesionariori dagokion 10.070 m2-ko lurzatia. Parametro guztiak finkatu dira eta, eraikigarritasunari dagokionez, 1.200 m2(s) gehitu zaizkio, gaur egun etorkizuneko handitze-lanetarako esleitzen zaion 7.800 m2(s)-ko azaleraz gain.

– IB.22.02: gaur egungo gasolina-zerbitzugunearen 1.951 m2-ko lurzatiari dagokio, finkatuko baita.

IB.22.01: eremuaren gainerako zatia hartzen du barne eta 54.140 m2 ditu. Hiri-lurzoru finkatugabea da. Argi eta garbi bereizitako bi gune proposatzen dira. Batetik, hirugarren sektoreko erabilera izango duen gune bat, Zuatzura doan Zubiberriko bidearekin lotua. Gune hau eremuaren hego-ekialdeko muturrean egongo litzateke kokatuta, HAPOk planteatzen duen biribilgune berrian izango luke sarrera eta 8.130 m2(s)-ko muga eraikigarria izango luke. Bestetik, 46.025 m2(s)-ko sabai-azalera izango lukeen bizitoki-gune bat planteatzen da, hirugarren sektoreko erabileretara xedaturiko gune berriaren eta lehendik dagoen kontzesionarioaren artean, eta hirugarren sektoreko merkataritza-erabilerako 1.845 m2(s) gehiago beheko solairuan. Bizitoki-programa hori hainbat eraikuntza tipologiatan garatzen da: BS+7, BS+8 eta BS+13. Azpieremu honetan 8.700 m2 (s) tokiko zuzkidura publikoetara erreserbatzen dira, gehienbat bizitegi-eraikinen beheko solairuetan kokatuta.

Planak bere horretan mantentzen du N-1 errepidearekiko loturen hobekuntza –hala aurreikusten da indarrean den HAPOn ere–, biribilgune berri bat sortuta.

Era berean, Añorga erreka leheneratzeko eta hari balioa emateko asmoa mantentzen da; zatirik handiena estalita dago eremuan zehar. Planak erreka aire zabalera ateratzea planteatzen du, eta 500 m inguruko parke lineal bat sortzen du. Parke hori autopistaren eta antolamendu berriaren artean dagoen zuhaitz-masaren errematea litzateke.

Sistema orokorretako espazio librerako guztira erreserbatutako eremuak 6.005 m2-ko azalera du guztira; horietatik 5.679 m2 sistema orokorretako espazio libreetara zuzenduta, errekaren ibai-ibilguaren inguruan kokatuta. Kopuru horretarako ez da kontuan hartu Añorga errekan aurretik zegoen azalera (326 m2).

Batik bat hirugarren sektoreko erabilera izan duen hiri-eremu degradatu bat da, eta etxebizitzaren bat edo beste geratzen da oraindik; dena den, eremuaren hegoaldean kokatuta dauden eraikin gehienek ez dute erabilerarik edo iraungita daude. Iparraldean, gasolindegiaren eta kontzesionarioaren jarduerak mantentzen dira.

Eremuak ez du interes geologikoko punturik, ez dago ur-punturik eta akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna baxua da; era berean, ez dago naturagune babesturik, korridore ekologikorik, interes komunitarioko habitatik edo kultura-ondareko elementurik.

Añorga errekak zeharkatzen du eremua, zati batean estalita. Eremuaren erdigunean bakarrik zeharkatzen du aire zabalean, eta gune horretan ur-bazterreko landaredia garatzen da, hala nola haltzak, zumeak eta hezetasun handiko guneei atxikitako beste espezie batzuk. Eremu hori osatzen duen landaredia kontserbazio-egoera txarrean dago, hondakin eta alterazio antropiko ugari baitaude. Autopistaren ondoko hegalean hostozabal autoktonoen gune txiki bat dago eta, printzipioz, proposatutako garapenak ez dio inola ere eragingo. Bertan dagoen gainerako landaredia erruderal nitrofiloa da.

Eremuaren barnean, «lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan» identifikatutako lurzati batzuk daude. (20069-00261, 20069-00262, 20069-00263, 20069-00710, 20069-00711 eta 20069-00753 kodeak dituzten lurzatiak).

Inpaktu akustikoari buruzko azterlanean proposatutako neurri zuzentzaileak ezarrita (hau da: barrera akustikoan 3 eta 4 m-ra, Tolosa hiribidean eta GI-20 errepidean, hurrenez hurren), etorkizuneko garapenak Kalitate Akustikoaren Helburuak betetzen ditu (aplikatu beharreko araudian ezarrita daude) «Etorkizuneko bizitegi-eremua» eremu akustiko honen kanpoko ingurunean.

Kalitate Akustikoaren Helburuak ez dira betetzen bizitegi-erabilerako eraikinetako leihodun fatxada guztietan; haien solairu guztietan aurreikusita daude: A, C, D eta E blokeak, bai eta B eta F blokeetan, Tolosa hiribidera ematen duten fatxadetan, eta G blokean, GI-20 errepidera ematen duten fatxadetan. Nolanahi ere, bai betetzen direla, eraikin guztietan, Donostiako udalerriko «Antigua»ko Babes Akustiko Bereziko Eremuaren adierazpenak finkatutako erreferentziako muga-balioak. Horiek etorkizuneko hirigintza-garapenei aplikatu beharreko mugak 5 dB(A) gainditzeko tartea ahalbidetzen dute.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko irailaren 18ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da antzeman Planean birdefinitu edo kendu behar den jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Gainera, neurri babesle eta zuzentzaile hauek proposatzen dira:

D.1.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Plana Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako sei lekutan gauzatuko da (kodeak: 20069-00261, 20069-00262, 20069-00263, 20069-00710, 20069-00711 eta 20069-00753).

Hala, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada. Hein horretan, gogorarazten da aipatu Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duena, han esaten baita lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendu xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko dela; edo, halakorik ezean, jarduera hirigilearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onarpena eman aurretik.

D.2.– Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babesteko neurriak.

Bat etorriz indarrean dagoen EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarritako irizpideekin, proiektatutako eraikin berriek 12 metroko tartea gorde behar dute, gutxienez, Añorga errekaren ibilguarekiko; urbanizazioak, berriz, 5 metroko tartea gorde beharko du ibilgu horrekiko.

Arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko da baldin eta Jabari Publiko Hidraulikoari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, edo hari lotutako babes-eremuetan egin nahi badira jarduerok (zortasun- eta zaintza-eremuak). Organismo horrek obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko.

D.3.– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

D.4.– Lurraldearen leheneratze ekologikorako neurriak.

Añorga errekaren ibilguko ibai-igarobidearen leheneratze ekologikorako, kontuan hartu beharko dira ingurumen-azterketa estrategikoan jasotako neurriak, eremuaren lotura ekologikoa hobetzeko. Neurri horiek eremua urbanizatzeko proiektuaren barruan jaso beharko dira.

Gainerako espazio berdeak diseinatzeko, hauek hartuko dira kontuan: Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Udalsarea 21 lan-koadernoa (20b zenbakia, 2017ko apirilekoa) eta Eusko Jaurlaritzaren Ibaien eremuko ingeniaritza naturalistikoko tekniken eskuliburua.

Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik ez sartzeko mugitutako eta landaredirik gabeko lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketak babestea, eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

D.5.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

D.6.– Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena exekutatzen den bitartean.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki, honako hauek:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (Errege-dekretu horren bidez, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da).

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Landaredia babestea: oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredia naturala. Añorga errekaren inguruko guneetan egoera onean dauden aleak badaude eta Planean berdeguneetara zuzenduta badaude, kontu handiz ibili beharko da interes handieneko aleei kalterik ez egiteko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Ondare arkeologikoa babestea: lurrak mugitzen diren bitartean hondakin arkeologikoen zantzurik sortzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu behar diren.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira Planaren esparrukoa den urbanizazio-proiektuaren idazketa-faserako eta obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta kalkulu-metodologia baten arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko irailaren 18an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurraldearen lotura ekologikoa; lehentasuna ematea jada artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketa puntuala, «I.B.22 Infernua» hirigintza-eremuari dagokiona, onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den Ingurumen Adierazpen Estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 18a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala