Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2021eko urtarrilaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
418

AGINDUA, 2020ko urriaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Síndrome de Down del País Vasco» fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak.

Ikusi eta aztertu da fundazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko urriaren 10ean, eskabide telematiko bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan, zeinetan eskatzen baita «Fundación Síndrome de Down del País Vasco» fundazioaren estatutuen 4. artikuluaren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori fundazioaren patronatuak erabaki zuen 2019ko urtarrilaren 30ean.

Bigarrena.– Eskabidearekin batera, fundazioaren estatutuen aldaketaren eskritura publikoa aurkeztu da, zeina 2019ko urriaren 9an egiletsi baitzen Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villa jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2232).

Eskritura publiko horretan, Bilbon 2019ko urtarrilaren 30ean eginiko ziurtagiri bat jasotzen da, patronatuak 2019ko urtarrilaren 30ean egin zuen batzarrari buruzkoa. Batzar horretan erabaki zen, hain zuzen ere, fundazioaren estatutuen 4. artikulua aldatzea.

Hirugarrena.– 2020ko otsailaren 26ko idazkiaren bidez, bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion Fundazioen Erregistroak fundazioari; hau da, estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eskatu zitzaion.

Laugarrena.– 2020ko uztailaren 6an, eta aurreko eskaeran atzemandako akatsak zuzentzeko, fundazioaren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eskritura publikoa sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan. Eskritura hori fundazioak egiletsi zuen, 2020ko uztailaren 3an, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villa jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1089). Halaber, horien testu bategina erantsi da.

Eskritura publiko horretan, Bilbon 2020ko ekainaren 25ean eginiko ziurtagiri bat jasotzen da, patronatuak 2020ko ekainaren 25ean egin zuen batzarrari buruzkoa. Batzar horretan, bertaratutakoek aho batez erabaki zuten, besteak beste, estatutuak ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzea eta, horrenbestez, estatutuen 4., 6., 7., 9., 10., 11., 12., 13., 15., 16. eta 22. artikuluak aldatzea.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Hirugarrena.– Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Fundación Síndrome de Down del País Vasco Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Fundazioaren Patronatuak 2020ko ekainaren 25ean erabakitakoa, betiere 2020ko uztailaren 3an Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villa jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 1089).

Eskritura horrek zuzendu egiten du 2019ko urriaren 9an Bilboko notario beraren aurrean egiletsitakoa (protokolo-zenbakia: 2232).

1.– Aldatzea Fundazioaren estatutuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitu daitezen.

2.– Aldatzea estatutuen 4. artikulua, Fundazioaren xedeei buruzkoa.

3.– Aldatzea estatutuen 6. artikulua, Fundazioaren onuradunei buruzkoa.

4.– Aldatzea estatutuen 7., 9., 10., 11., 12., 13., 15., 16. eta 22. artikuluak, artikulu horiek egokitzeko.

Estatutuen 4. artikuluaren aldaketaren ondorioz (fundazioaren xedeak), honako hauek dira xede eguneratuak:

«4. artikulua.– Fundazioaren xedeak.

Hauek dira fundazioaren xedeak:

a) Down sindromea, adimen-desgaitasuna eta garapen-desgaitasuna dutenei laguntzea, eta, beraz, horiei buruzko azterketa, diagnostikoa eta tratamendua, baita gaiaren inguruko ikerketa, zabalkunde eta argitalpenak ere egitea.

b) Zerbitzu, zentro eta erakundeen sustapena, helburu hori bete ahal izateko.

c) Down sindromea, adimen-desgaitasuna eta garapen-desgaitasuna dutenak gizarteratzea, zeinak fundazioaren onuradun baitira.

d) Down sindromea, adimen-desgaitasuna eta garapen-desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-sustapena eta/edo lan-bitartekotza.

e) Adierazitako helburu horiekin lotuta dagoen beste edozein xede».

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala