Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2021eko urtarrilaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
274

AGINDUA, 2020ko abenduaren 4koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez 2020. urterako dirulaguntzak ematen baitzaizkie Sindikatu Hauteskundeen Batzordea eta lurralde-batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei, bai eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, II. Xedapen Gehigarrian, dekretu horren bidez sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei orduko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura ematekoak diren dirulaguntzak emateko prozedura zehaztu zuen.

Halaber, aipatutako Dekretuaren 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko Bigarren Xedapen Gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztiori, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Bigarren xedapen gehigarri horren 2. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz, Lan eta Justiziako sailburuak, 2020ko abuztuaren 31ko Aginduaren bidez, Hauteskunde Sindikalen Batzordea eta lurralde-batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei 2020. urterako dirulaguntzak emateko prozedura hasi zuen, baita azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere.

2020ko uztailaren 30ean, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak erabaki bat hartu zuten: Lan eta Justiziako sailburuari proposatu zioten zati berdinetan bana zezala 2020. urterako abenduaren 27ko 13/2019 Legeak –2020ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu orokorrak onartzen dituenak– 3112 programan (11. zerbitzua) ezarritako dirulaguntza, aurrekontuetan 622.873 euroko zuzkidura baitu.

Aipatutako azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarriaren 3.etik 5.era bitarteko ataletan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honen bidez dirulaguntza ematen zaie bertan aurreikusitako Sindikatu Hauteskundeen Batzordea, Lurralde Batzordeak eta Ikuskaritza osatzen dituzten erakunde sindikalei.

Hori guztiori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Dirulaguntza ematea.

1.– Hauteskunde Sindikalen Batzordea eta lurralde-batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei 2020rako dirulaguntzak ematen zaizkie, bai eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere (237/2000 Dekretua, azaroaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituena).

2.– Dekretu horren Bigarren Xedapen Gehigarriko 3. puntutik 5. puntura agindutakoaren arabera, eraginpeko alderdiek erabaki zutenez zati berdinetan banatzea abenduaren 27ko 13/2019 Legean ezarritako 622.873 euroko aurrekontu-dotazioa –13/2019 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena–, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatu guztiek –ondoren aipatzen dira– 155.718,25 euro jasoko dituzte:

– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).

– Confederación Sindical de CC.OO. de Euskadi.

– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

– Unión General de Trabajadores (UGT – Euskadi).

2. artikulua.– Dirulaguntza jasotzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako dirulaguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden sindikatuek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du interesatuta dauden sindikatuek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, behar den aldi guztietan, eta horretarako ez dute zertan izan sindikatuen baimenik.

Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, sindikatuak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

b) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da. Dokumentu horrek honako hauek egiaztatu beharko ditu:

b.1.– Lan eta Justizia Sailak aurretik emandako dirulaguntzak justifikatu izana.

b.2.– Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapenik ez izatea edo horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik ez izatea adierazten duena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetako Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta.

b.3.– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluan xedatutako ezein inguruabarretan ez dagoela jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

b.4.– Erantzukizunpeko adierazpena, itzulketa prozeduren edota prozedura zehatzailearen egoerari buruzkoa, baldin eta halako prozedurak hasi badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek izaera bereko dirulaguntzak eman eta gero, eta prozedura horiek oraindik izapidetzen ari badira.

b.5.– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duela jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena, araudiaren arabera zehazten den moduan.

3. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko da dirulaguntza, agindu honetan ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.

4. artikulua.– Bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak dira sindikatuek jaso ditzaketen beste laguntza, dirulaguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta ez badira azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez araututako laguntzen helbururako. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ematen denetik aurrera sortuko ditu ondorioak agindu honek, baina horrek ez du eragotziko interesdunei jakinarazpena egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Jende orok jakin dezan, argitara bedi Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 4a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala