Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2021eko urtarrilaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
147

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 21ekoa, Kulturako sailburuordearena, 2020-2022 aldirako Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko dirulaguntzak emateko dena.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko uztailaren 22ko Aginduaren bidez (irailaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 171. zk.), Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko dirulaguntzen deialdia arautu zen 2020-2022 aldirako, eta dirulaguntza horiek emateko araubidea ezarri zen.

Eskabideak aurkezteko epea, aipaturiko aginduaren 9. artikuluaren arabera, 2020ko urriaren 1ean amaitu zen.

Aginduaren 14. artikuluan aurreikusitako Balorazio Batzordea bildu eta eskabideak aztertu ondoren, laguntzak esleitzeko ebazpen-proposamena eman zuen 2020ko azaroaren 26an, eta, horrekin batera, aginduaren 16. eta 17. artikuluen araberako balorazio-irizpideak ezarri zituen.

Balorazio Batzordeak egindako proposamena ikusita eta aginduaren 18. artikuluan eta gainerako xedapen orokorretan ezarritakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ez onartzea I. eranskinean adierazitako eskabideak, bertan zehaztutako arrazoiengatik.

Bigarrena.– II. eranskinean zerrendatzen diren eskatzaileei bertan adierazitako dirulaguntzak ematea.

Hirugarrena.– III. eranskinean zerrendatzen diren pertsona eta erakundeei eskatu duten dirulaguntza ukatzea, behar besteko puntuaziorik lortu ez dutelako.

Laugarrena.– Onuradunak dirulaguntzak arautzen dituen Aginduak ezarritako baldintzen mendean geratzen dira, bai eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eremuan indarrean dauden gainerako baldintza orokorren mendean ere.

Bosgarrena.– Diruz lagundutako jarduera guztiak amaitzeko epea 2022ko abenduaren 31n bukatuko da, dirulaguntzak arautzen dituen Aginduaren 7. artikuluarekin bat etorriz. Dena dela, diruz lagundutako proiektuek 2020ko urtealdian hasi behar dute edo dagoeneko hasita egon behar dute.

Emandako dirulaguntzen justifikazioa, likidazioa eta ordainketa egiteko, aginduaren 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Era berean, kontuan hartu beharko da diruz lagundutako proiektuak, gehienez ere, data hauetarako justifikatu beharko direla:

– 2020an gauzatzekoak diren jarduerak: 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen.

– 2020-2021 epealdian gauzatzekoak diren jarduerak: 2020an gauzatutako jarduerak 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen; 2021ean gauzatutako jarduerak, berriz, 2022ko urtarrilaren 15a baino lehen.

– 2020-2022 epealdian gauzatzekoak diren jarduerak: 2020an gauzatutako jarduerak, 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen; 2021ean gauzatutako jarduerak, 2022ko urtarrilaren 15a baino lehen, eta 2022an gauzatutako jarduerak, 2023ko urtarrilaren 15a baino lehen.

Diruz lagundutako jarduerak gauzatu direla justifikatzeko, eskabidearekin batera aurkeztu den aurrekontua hartuko da ardaztzat, eta, horrekin batera, aginduaren 24. artikuluan ezarritako gainerako alderdiak.

Seigarrena.– Agindu honen babesean eman beharreko dirulaguntzak zatika ordainduko dira, era honetan:

– Lehenengo zatian, emandako dirulaguntzaren herena ordainduko da, behin 22.1 artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

– Gainerakoa ebazpen honen II. eranskinean ezarritako zatikatzearen arabera ordainduko da, gastua justifikatu ondoren.

Zazpigarrena.– Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.

Zortzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, interesdunek ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera edo, hala badagokio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 21a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

I. ERANSKINA
ONARTU EZ DIREN ESKABIDEAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ONARTUTAKO ESKABIDEAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
UKATUTAKO ESKABIDEAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala