Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2021eko urtarrilaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
133

AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 4koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko hegaztien ustiategietan hegazti-gripearen aurka hartu beharreko prebentzio-neurriak ezartzen baitira.

Hegazti-gripea Orthomyxoviridae familiako A motako birus batek eragindako gaixotasun bat da; hegaztien hainbat espezieri erasaten die birus horrek, eta hainbat azpimota daude. Azpimota horien artean, halaber, patogenotasun altuko eta baxuko aldaerak daude (IAAP eta IABP hurrenez hurren); zaintzapean daude hegazti-gripea eragiten duten birusak; are gehiago, hegazti-gripea nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da, OIEren zerrenda barruan jasotakoa.

Basa-hegaztiek urtaroen arabera egiten dituzten migrazioek garrantzi berezia daukate hegazti-gripearen hedapenean; batez ere itsas hegaztiak dira, kasu askotan asintomatikoak, zeinak gaixotasunaren erreserborio nagusia baitira.

Gaur egun birusaren banaketa oso anitza da bai munduan bai EBko estatuetan. 2020an zehar IAAPren H5N8 azpimotako hainbat foku jakinarazi dira estatu kideetako etxeko hegaztietan, nola basatietan hala gatibuetan; estatu horiek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoa ere zeharkatzen duten hegaztien migrazio-ibilbidearen parte dira. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko hegaztien ustiategiak babesteko neurri osagarriak hartu behar dira egoerak irauten duen bitartean.

Hala, lurralde historikoetako foru-aldundiei kontsulta egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.9 artikuluan, urriaren 11ko 290/2005 Dekretuan eta indarreko Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legean ezarritakoaren babesean, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Biosegurtasuna indartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan honako debeku eta betebehar hauek aplikatuko dira:

a) Debekatuta dago Anseriformes eta Charadriiformes ordenetako txoriak amu gisa erabiltzea basa-hegaztiak erakartzeko ehiza-jardueretan; salbuetsita daude laginketa-lanetarako erabilitakoak, hegazti-gripea zaintzeko programak direla bide eta ikerketa-proiektuak, azterketa ornitologikoak edo aginte eskudunak baimendutako beste edozein jarduera egitekoak, aldez aurretik arriskuaren inguruko aldeko ebaluazioa egin bada eta biosegurtasuneko neurri egokiak aplikatuko direla egiaztatu ondoren.

b) Etxeko hegaztiak aire zabalean haztea debekatuta dago. Hala ere, hori ezinezkoa denean, kasuan kasuko foru-aldundiari jakinaraziko zaio, eta kasuan kasuko foru-aldundiak etxeko hegaztiak aire zabalean edukitzea baimendu ahalko du, baina txori-sareak edo basa-hegaztiak sartzea eragozten duen beste edozein gailu jarri beharko dira horretarako, betiere etxeko hegaztiek instalazioen barrualdean jan eta edaten badute, edo bestelako aterperen batean, kontuan izanik eragotzi egin behar zaiela basa-hegaztiei bertara iristea eta etxeko hegaztientzako ur eta elikagaiak ukitzea.

c) Debekatuta dago etxeko hegaztiei ura ematea, ur hori basa-hegaztien esku egon den ur-biltegietatik hartua bada, salbu eta biltegi-ur hura tratatu egiten bada, hegazti-gripearen balizko birusak inaktibo bihurtu direla bermatze aldera.

Etxeko hegazti jakin batzuen ongizaterako beharrezkoa bada kanpoaldean ur-biltegiak izatea, ur-biltegiak basa-hegaztien kontra babestu beharko dira.

d) Debekatuta dago etxeko hegaztiak edo bestelako hegazti gatibuak edukitzea Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legearen 3.7 artikuluan definitutako animalien zentroetan, abeltzaintza-sariketak, erakusketak eta kultura-ospakizunak barne; etxeko hegaztien edo beste mota bateko hegazti gatibuen aire zabaleko edozein metaketa ere debekatuta dago.

Horri dagokionez, ez dira hegazti gatibutzat hartuko partikularrei konpainia-hegazti gisa saltzeko baimendutako saltoki batean daudenak, ezta saltoki batean dauden etxeko hegaztiak ere, ondoren txikizka partikularrei saltzeko.

e) Ehiza-jardueretarako ehiza-esparruak etxeko hegaztiak askatzea birpopulatzeko, foru-aldundiaren berariazko baimena –aldez aurretik eskatua– eskuratu beharko da, eta ezinbestekoa izango da, halaber, arrisku-analisi batek aldeko irizpena ematea, biosegurtasun-neurri egokiak aplikatzen direla egiaztatu ondoren.

Bigarrena.– Datu-baseak eta erregistroak indartzea.

1.– Abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorra ezarri eta arautzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan aurreikusitakoa gorabehera, kasuan kasuko foru-aldundiak honako datu hauek eguneratzeko eskaera egin dezake, besteak beste:

a) Ustiategiaren helbidea eta jabearen identifikazioa.

b) Ohiko hegazti kopurua eta hegazti horiek zer espezietakoak diren.

c) Hazkuntza-sistema: itxia, irekia edo mistoa.

2.– Horrez gain, erregistro horretan tamaina txikiko edo autokontsumoko ustiategien datuak ere sartu ahalko dira.

Hirugarrena.– Zaintza aktiboa indartzea.

Hegazti-gripearen aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen apirilaren 3ko 445/2007 Errege Dekretuaren hirugarren artikuluari jarraikiz eta gaixotasunaren detekzio goiztiarreko sistemaren osagarri gisa, kasuan kasuko foru-aldundiak, arrisku-ebaluazioaren arabera, osasun-kontrolerako bisitak eta aldizkako analisiak egin ahalko ditu hegazti-gripeak bereziki erasaten dien espezieak dituzten ustiategietan eta gune zoologikoetan.

Laugarrena.– Zaintza pasiboa indartzea.

1.– Pertsona orok –fisiko nahiz juridiko, publiko zein pribatu– izaera epizootikoko gaixotasunen foku guztiak berehala jakinarazi beharko dizkio aginte eskudunari, Animalien Osasunari buruzko 8/2003 Legearen 5. artikuluko lehen artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Hegaztien hilotzak aurkituz gero, bereziki itsas espezieak direnean, kasu guztietan foru-aldundietako zerbitzu eskudunei jakinarazi beharko zaie; zerbitzu horiek beharrezko neurriak hartuko dituzte hilotzetan IAAP birusen presentzia baztertzeko.

Bosgarrena.– Neurrien bilakaera eta ondorioak.

1.– Agindu honetan ezarritako neurriak aldatu edo kendu egingo dira egoera epizootikoaren eta gaixotasunaren bilakaeraren arabera.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da agindu honen indarraldia.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 4a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana