Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2021eko urtarrilaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
13

285/2020 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari EiTB Media SAU sozietate anonimo publikoaren kapital-gehikuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona, eta, horren ondorioz, sozietate horren estatutuak aldatzeko baimena ematen diona.

Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca SA, Gasteiz Irratia-Radio Vitoria SA eta Eitbnet SA sozietate publikoak desegiteko eta Euskal Telebista-Televisión Vasca SA sozietate publikoaren estatutuak aldatzeko baimena emateko uztailaren 14ko 92/2020 Dekretuaren bidez, sozietate horiek Euskal Telebista SA sozietate xurgatzailean bat egiteko proiektua baimendu zen, zeinaren izena ere aldatu baitzen, EiTB Media SAU izatera pasatuta.

EiTB Media SAU sozietate anonimo publikoak, 2020ko azaroaren 9ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala lau milioi hirurehun eta hemeretzi mila bederatziehun eta hirurogeita hamabost euro eta laurogeita hemezortzi zentimoan (4.319.975,98) gehitzea; eta, horretarako, bakoitzak sei koma zero bat (6,01) euroko balio nominala duten zazpiehun eta hemezortzi mila zazpiehun eta laurogeita hemezortzi (718.798) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 9766279tik 10485076ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatutako erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzeko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietateari loturik dagoen edo hari loturik egongo den saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzea baimentzen duen dekretuak, doako eskurapena ez bada behintzat, nahitaez adierazi beharko du sozietatearen xedea eta autonomia-erkidegoak sozietatean izango duen partaidetzaren ehunekoa, zuzenekoa zein zeharkakoa.

EITB Media SAU sozietatearen helburu soziala, sozietatearen estatutuen 3. artikuluaren arabera, honako hau da:

«3. artikulua.– Sozietatearen xedea.

Sozietatearen xedea da:

a) Irudi eta soinuak aldi berean sortu eta transmititzea uhinen bidez edo kableen bidez, bitarteko gisa edo berehalakoan, publiko orokorrari zuzenduta, helburu informatibo, kultural, artistiko, komertzial nahiz jolas- eta publizitate-helburuekin, hezkuntza-sistemarekin lankidetzan aritzeko eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko, eta, bereziki, euskara sustatu eta garatzeko.

b) Argitalpen grafikoa, musika-edizioa eta ekoizpen diskografikoa eta bideografikoa.

c) Informazioaren gizarterako edukiak ekoiztea, erreproduzitzea, argitaratzea, erostea, saltzea, haien merkataritza-ustiapena egitea eta banatzea, batez ere interaktiboak, multimediakoak eta sarekoak komunikazio- eta zerbitzu-euskarri berrietarako.

d) Komunikazio- eta zerbitzu-kanalak martxan jartzea eta mantentzea euskarri berrietan, gaur egun telebista digitalak, teletestuak, Internetek eta telefonia mugikorrak ordezkatzen dituztenak, eta etorkizunean garapen teknologikoak ahalbidetuko dituenak.

e) Teknologia-zentroekin lankidetzan aritzea eremu horretako berrikuntza-proiektuetan.

f) Ikus-entzunezkoen euskal sektorea garatzen eta sektorea beste merkatu batzuetara zabaltzen laguntzen duten enpresa-proiektuetan eta izaera estrategikoko aliantzetan parte hartzea.

Sozietatearen xedetik kanpo geratzen diren jarduerak honako kasuan izango dira: jarduera horiek gauzatzeko legeak betekizun bereziak eskatzen baditu, eta betekizun horiek sozietate honek betetzen ez baditu.»

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111. artikuluaren bigarren puntuak, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak eta haien aldaketak onartzeko adostasuna emateko, Gobernu Kontseiluak baimena emango duela, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea lotuta dagoen saileko sailburuak batera proposatuta.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2020ko abenduaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea EiTB Media SAU sozietate anonimo publikoaren kapital-gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, lau milioi hirurehun eta hemeretzi mila bederatziehun eta hirurogeita hamabost euro eta laurogeita hemezortzi zentimoko (4.319.975,98), guztizko zenbatekoan, % 100ekoa dena. Operazio horren ostean, Euskal Irrati Telebistak % 100eko partaidetza izaten jarraituko du.

Bigarrena.– Baimena ematea Euskal Irrati Telebista erakunde publikoaren titulartasunpeko akzioen ordezkariei, EiTB Media SAU sozietatearen estatutuetako 5. artikuluan egindako aldaketa onartzeko, kapital-gehikuntzaren ondorioz, honela idatzita geratzeko: «Sozietatearen kapital soziala hirurogeita hiru milioi hamabost mila hirurehun eta sei euro eta hirurogeita hamasei zentimokoa izango da (63.015.306,76), 10.485.076 akzio izendunetan banatuta. Akzio bakoitzak 6,01 euroko balio nominala du, 1etik 10485076ra arteko zenbakiak (biak barnean direla) dituzte hurrenez hurren, kapital sozial hori guztiz harpidetuta eta ordainduta dago, eta Euskal Irrati Telebista entearena da».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala