Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2021eko urtarrilaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
12

11/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, abenduaren 1ekoa, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoa.

COVID-19ak 2020. urtearen nondik-norakoa markatu du. Bere eragina ikaragarri handia izaten ari da bai osasunaren arloan bai arlo ekonomikoan.

Inpaktu ekonomikoak, gainera, zuzeneko eragina du gizarte eta lan eremuan, eta enplegu suntsiketa nabarmena ekarri du hainbat sektoretan, zerbitzuen sektorean bereziki.

Zirkunstantzia horiek aintzat hartuta, eta ikusita COVID-19aren ondorioek badutela oraindik ere presentzia biztanleriaren eguneroko bizitzan, beharrezko gertatzen da neurri ekonomiko eta finantzarioak hartzea egoera hori gainditzen lagundu eta azken hamarkadetan lortutako ongizate estatuari eusteko.

COVID-19aren pandemiaren ondorioei aurre egiteko lehen larrialdi neurriak 2020ko lehen seihilekoan hartu ziren, eta, horretarako, hainbat foru dekretu-arau onetsi ziren, Batzar Nagusiek dagoeneko baliozkotu dituztenak.

Deskribatutako zirkunstantziek Gipuzkoako Lurralde Historikoan izan ditzaketen oraingo zein etorkizuneko ondorioak aintzat hartuta, ezinbestekoa da neurriak planifikatzea krisialdi sozioekonomikoa gainditzea errazteko.

Horri guzti horri gehitu behar zaio uda amaieratik birusaren eragina areagotu egin dela, kutsatzeen «bigarren olatua» deritzona, eta horrek osasun egoera larriagotu duela, baita jarduera ekonomikoan duen eragina ere, batez ere sektore jakin batzuetan, hala nola ostalaritzan, jatetxeetan eta aisialdian.

Egoera horren ondorioz, estatuan urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua onetsi zen, alarma egoera deklaratzen duena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Alarma egoera hori, printzipioz, 2020ko urriaren 25etik azaroaren 9ko 00:00ak arte irautekoa zen. Alabaina, azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuak aldaketak sartu zituen dekretu horretan, eta alarma egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00ak arte luzatu zen.

956/2020 Errege Dekretuan, mugikortasuna murrizteko neurriak hartzen dira, eta autonomia erkidegoetako presidenteei ahalmena ematen zaie, delegatutako agintari eskudun diren aldetik, behar diren agindu, ebazpen eta xedapenak eman ditzaten, 926/2020 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatzeko.

Ahalmen horretaz baliatuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan Lehendakariak urriaren 26ko 36/2020 Dekretua eman zuen. Haren bidez, osasun publikoko prebentzio neurriak hartzen dira alarma egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. Neurri horiek azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuaren bidez aldatu ziren gero, eta foru dekretu-arau hau egiteko unean indarrean daude oraindik. Dekretu horien bitartez, mugikortasuna murrizteaz gainera, jarduera ekonomikoa mugatzeko neurriak hartzen dira, eta ostalaritza eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuak erabat ixtea ere aurreikusten da, besteak beste.

Egoera hori neguan luzatu daiteke, birusaren ondorioak neutralizatu ditzaketen txertoak prest ez dauden artean.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da zerga arloan presako neurriak planifikatu eta hartzea egoera gainditzen lagundu eta jarduera ekonomikoen jarraipena bermatzeko. Izan ere, horrek, azken finean, erraztuko du baliabide ekonomikoak sortzea zerbitzu publikoak finantzatzeko.

Jasotzen diren neurriek, denak ere 2021. urtean aplikatzekoak, jarraipena ematen diete, bereziki, 2020. urterako hartu diren beste neurri batzuei, zehazki, foru dekretu-arau hauek direla medio onartutakoei: maiatzaren 5eko 2/2020 Foru Dekretu-Araua, COVID-19aren osasun krisia dela eta zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituena; maiatzaren 12ko 3/2020 Foru Dekretu-Araua, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsagatik 2020an egin beharreko konturako ordainketak aldatzen dituena eta toki erakundeentzako aurrekontu eta zerga arloko hainbat neurri ezartzen dituena; maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Araua, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzkoa; eta urriaren 13ko 8/2020 Foru Dekretu-Araua, COVID-19aren zenbait ondorio arintzeko presako neurri osagarriei buruzkoa. Horietaz gain, neurri osagarriak jasotzen dira, hauek ere 2021. urtean soilik aplikatzeko.

Horrela, foru dekretu-arau honek bi kapitulu ditu, 21 artikuluz osatuak, bai eta amaierako lau xedapen ere.

Lehen kapitulua ekonomia suspertzeko neurriei buruzkoa da, eta hiru sekzio biltzen ditu. Lehenengoak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eragiten dioten neurriak jasotzen ditu, bigarrenak sozietateen gaineko zergari buruzkoak biltzen ditu, eta hirugarrenak bestelako neurrien inguruan jarduten du.

Hiru sekzio horietan, 3/2020 eta 5/2020 Foru Dekretu-Arauetan aipatzen diren neurrietako batzuk jasotzeaz gainera, neurri berriak ezartzen dira bai 2020rako bai 2021erako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta sozietateen gaineko zergan aplikatzeko.

Horrela, lehen sekzioan pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga malgutzeko neurriak ezartzen dira. Lehenik eta behin, eta betiere arintze aldera norberaren konturako langileen edo langile autonomoen tributazioa agintari eskudunek COVID-19a dela eta hartutako neurriengatik, jarduera eten edo geldiarazi beharra izan dutenean edo hura larriki kaltetuta gertatu denean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuesten dira, 2020ko eta 2021eko zergaldietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek emandako dirulaguntzei edo aparteko laguntzei dagozkien errentak, baldin eta horiek ez badira norberaren konturako langileek edo langile autonomoek COVID-19ak eragindako osasun krisiagatik jasotako prestazio publikoak, izan arruntak izan apartekoak.

Jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten pertsona fisikoei dagokienez ere, 2020an izandako galerak 2019an lortutako irabaziekin konpentsatzeko aukera irekitzen da berriro. Carry-Back izeneko sistema, uztailean jada aplikatu zena 2020an lortzea espero ziren galerei dagokienez, 2020an lortutako galera errealei aplikatuko zaie orain. Horrek likidezia emango die pandemiaren krisiak gehien jo dituen sektoreei.

Era berean, aurreikusten da jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten zergadunak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ordainketa zatikatutik salbuestea laugarren hiruhilekoari dagokionez.

Hirugarrenik, eta lan egoera pandemiagatik ukitua ikusi duten zergadunen tributazioa ez zigortzeko ideia berberarekin, 2020ko zergaldirako zenbait doikuntza egin dira aitortzeko betebeharrari dagokionez. Horrela, lan etekin gordinetarako ezarrita dagoen muga, haren kopurutik behera egonez gero aitortzeko obligaziotik salbuesten duena, 12.000 eurotik 14.000 eurora handitzen da. Gainera, zergadunek aitortzeko obligazioa badute ordaintzaile batek baino gehiagok emandako 14.000 eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak jasotzeagatik, ezartzen da betebehar horretatik salbuetsita geratzen direla baldin eta bigarren eta gainerako ordaintzaileetatik jasotako zenbatekoen batura, zenbatekoaren hurrenkerari jarraituta, urtean 2.000 eurotik gorakoa ez bada. Hau da, horrelakoetan, 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak jasotzen dituzten zergadunek ez dute aitorpena aurkeztu beharrik izango.

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen errenboltsoen tributazioari dagokionez –errenboltso horiek berariazko arauketa bat izan zuten jada 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 5. artikuluan–, zeinaren barruan aipatzen baitzen 2020ko martxoaren 25eko Ebazpena, Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako zuzendariarena (haren bidez baimentzen da BGAEetako kideek modu aurreratuan kobratzea prestazioak, osasun krisiagatik ABEEE edo EEE bat jasan duten ezinbesteko kasuetan), neurri berri gisa ezartzen da ezen, egoera horretan dauden zergadunen tributazioaren ondorioak arintzearren prestazio horiek 2020ko eta 2021eko ekitaldietara zabalduz gero, ekitaldi bakoitzean jasotako zenbatekoaren gainean 100eko 75eko integrazio portzentajea aplikatu ahal izango dutela prestazio horiei dagokien lan etekin gordina kalkulatzeko.

Era berean, malgutu egiten dira langileek entitate enplegatzailean parte hartzeagatik eta entitateak eratzeagatik araututa dauden kenkariak aplikatzeko baldintzak.

Bigarren sekzioan sozietateen gaineko zergari dagozkion aldaketak jasotzen dira. Horien artean, nabarmentzekoa da amortizazio askatasunaren aplikazioa ezartzen dela 2020ko maiatzaren 27tik 2021eko abenduaren 31ra bitartean eskuratutako ibilgetu materialeko elementu berrietarako (higiezinak izan ezik). 5/2020 Foru Dekretu-Arauak elementu horien amortizazio azkartua ezartzen zuen. Hala ere, egoera berria dela eta, amortizazio askatasuna aurreikusi da epealdi honetarako.

Horrez gain, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 36. artikuluan aparteko mozkinetarako aurreikusten den ez-integrazioa beste kasu batean ere aplikatu ahal izango da, 2021ean hasitako zergaldietarako soil-soilik. Izan ere, ekitaldi horretan posible izango da ibilgetuaren salmentatik lortzen den zenbatekoa sorrera berriko entitate berritzaileen partaidetzetan berrinbertitzea (sorrera berriko entitate berritzaileak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan aipatuak).

Bestalde, 2021erako luzatzen dira 5/2020 Foru Dekretu-Arauan onartutako neurri hauek: finantza errentamenduko kontratuen baldintzak malgutzea; mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik aplikatzen den aparteko kenkaria; mikroenpresek eta enpresa txikiek garatutako I-G-B proiektuetan parte hartzea; eta enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkari gehitua.

Hirugarren sekzioan, ekonomia suspertzeko beste neurri batzuk arautzen dira; besteak beste, ezartzen da posible dela zerga kuotaren ordainketa interesik gabe zatikatzea 2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitarteko borondatezko epean aurkeztutako autolikidazioei dagokienez. Kuota 6 zati berdinetan ordainduko da, 3 hilabeteko gabealdia aplikatu eta gero. Horrelako gabealdirik ezarri ez bada, 3 hilabete horiek lehen 3 hilabeteetako kuotak sortzen diren denbora tarteari dagozkionak izango dira. Neurri honek arintze handia ekarriko die, zalantzarik gabe, zergadunei, Zerga Administrazioarekiko betebeharrak betetzeko garaian.

Bestalde, 2020. eta 2021. urteetarako soil-soilik ezartzen da ezen Elkargiren eta Kreditu Ofizialeko Institutuaren abal lerroetan oinarrituta, finantza entitateek enpresaburu, profesional eta entitateei, COVID-19aren osasun krisiaren ondorio negatiboak arintzeko, mailegu gisa emandako laguntzen onuradunek lortutako zenbatekoei aktiboaren barruan dagokien zatia ez dela hartuko jarduera ekonomikoa egiteko beharrezkoa ez den aktibotzat ondarearen gaineko zergan salbuetsita dauden ondasun eta eskubideak zehazteko. Higiezinetako inbertsio kolektiboko erakundeetan eta kapital aldakorreko inbertsio sozietateetan dauden partaidetzei ez zaie aurreko hori aplikatuko.

Azkenik, 2021. urterako luzatzen dira txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria, osasun langileen doako aseguru kolektiboaren salbuespena, eta udalei udal tasak hobaritzeko emandako ahalmena, denak ere 3/2020 eta 5/2020 foru dekretu-arauetan jasotakoak.

Bigarren kapituluak zenbait zerga tratamendu malgutzeko neurriak jasotzen ditu, eta, oro har, haien xedea da 2021erako luzatzea maiatzaren 5eko 2/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren osasun krisia dela eta zerga arloko neurri osagarriei buruzkoak, 1etik 3ra bitarteko artikuluetan onartutako neurriak.

Besteak beste, epe hauek luzatzen dira: etxebizitza kontuetan sartutako kopuruak erabiltzeko epea, etxebizitzaren eraikuntza lanak exekutatzekoa, edo haren sustatzaileari konturako zenbatekoak ematekoa. Era berean, berrinbertitzeko epea ere luzatzen da ohiko etxebizitza beste berri bat erosi ondoren eskualdatzen den kasuetarako. Ondorio horietarako, etxebizitza kontuek 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko epemuga dutenean, urtebete luzatzen da dirua baliatzeko epea, eta inbertsioa egiteko epea 6 urtetik 7 urtera luzatzen da kasu horietan.

Gauza bera gertatzen da sozietateen gaineko zergan eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan aurreikusita dauden beste epe batzuei dagokienez ere. Lehenengoaren kasuan, esate baterako, luzatu egiten da aparteko mozkinen berrinbertsioa gauzatzeko epea.

Neurri horiek onesteak badu eraginik foru arau bidez erregulatu behar diren gaietan, eta, bilatzen den erantzuna, presakoa izanik, ezin denez lortu foru arauak onartzeko araututa dagoen prozedura arrunta erabilita, haren epeak luzeak baitira oso, egoki iritzi da neurriak foru dekretu-arau bidez onestea, berehala aplikatzekoak direla kontuan hartuta.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari eragin. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

I. KAPITULUA
EKONOMIA SUSPERTZEKO NEURRIAK
1. SEKZIOA
PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

1. artikulua.– 2019ko aparteko kenkaria 2020an izandako galerengatik.

1.– 2019ko eta 2020ko zergaldietan jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek azken zergaldi horretan etekin garbi negatiboa badute, 2019ko zergaldiko autolikidazioan soilik kuota likidoaren kenkari bat aplikatu ahal izango dute, artikulu honetan ezarritakoari jarraituz.

2020an zenbatetsitako galerengatik 2019ko aparteko kenkaria aplikatu zutenek, hain zuzen ere, maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzkoak, 1. artikuluan araututakoa, kenkari hori aplikatu ahal izango dute, kasu horietarako aurreikusitako berezitasunekin, betiere baldin eta 2020an izandako galerak handiagoak badira kenkari horren oinarri gisa erabilitako galera zenbatetsiak baino. Ondorio horietarako, galeratzat hartuko da jarduera ekonomikoaren etekin garbi negatiboa.

2.– Kenkariaren oinarria 2020ko zergaldiko etekin garbi negatiboaren zenbatekoa izango da.

Kenkari honen oinarriak ezingo du inola ere gainditu zergadunaren jarduera ekonomikoak 2019ko zergaldian izan duen etekin garbi positiboaren zenbatekoa. Ondorio horietarako, etekin garbitzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 65. artikuluaren b) letran aipatzen duen saldoa.

3.– Kenkaria kalkulatzeko, kenkariaren oinarriari aplikatuko zaio zergadunaren 2019ko zergaldiko oinarri likidagarri orokorrari dagokion batez besteko karga tasa, aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 75. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan eta 77. artikuluan aurreikusitakoaren arabera kalkulatua.

Dena den, kenkariak ezingo du inola ere gainditu zergadunak zerga hau dela eta 2019ko zergaldian izandako kuota likidoaren zenbatekoa.

Kenkari horren emaitzari kendu egin beharko zaio, hala badagokio, lehen aipatutako 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 1. artikuluan aurreikusitakoaren arabera aplikatutako kenkariaren zenbatekoa.

4.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzen duten zergadunek 2020ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu beharko duten zenbatekoa 2019ko zergaldian kenkariaren oinarri gisa konputatutako etekin garbi negatiboa izango da.

Dena den, gertatzen bada kenkaria zergadunaren zergaren kuota likidoak mugatu duela aurreko 3. apartatuan xedatutakoarekin bat, 2020ko zergaldiko jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu beharreko zenbatekoa eragiketa honen emaitza izango da: egindako kenkaria zati 2019ko zergaldiari dagokion batez besteko karga tasa, aurreko 3. apartatuan aipatua.

Zergadunek, kenkari honekin batera, lehen aipatutako 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 1. artikulukoa ere aplikatu badute, aplikatutako kenkari guztiengatik 4. apartatu honetan xedatutakoa hartuko dute kontuan, eta ez lehen aipatutako Foru Dekretu-Arauaren 1. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa.

5.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, zergadunek eskaera bat aurkeztu behar dute, eta bertan adierazi jarduera ekonomikoak zer etekin garbi negatibo izan duen 2020an.

Dena den, jarduera ekonomikoak egiten dituzten familia unitate bereko hainbat zergadunek 2019ko zergaldia batera tributatzea hautatu badute eta 2020ko zergaldian beren jarduera ekonomikoek etekin garbi negatiboak izan badituzte, eskaera bakarra aurkeztu beharko dute kenkaria aplikatzeko. Eskaera horretan, bakoitzak indibidualizatuta adierazi beharko du zer etekin garbi negatibo izan duen jarduera ekonomikoan.

Foru diputatuak foru agindu bidez ezartzen duen epea behin amaituta, ezingo da eskatu aparteko kenkaria aplikatzea.

6.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko du zer eredu erabiliko den kenkariaren aplikazioa eskatzeko, hura noiz eta nola aurkeztu beharko den, eta zer beste alderdi hartu beharko diren kontuan kenkariaren aplikazioarekin lotuta.

2. artikulua.– Gizarte aurreikuspeneko sistemetako eskubideen aparteko xedapena, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz.

1.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, langabezia prestazioa kobratzen bada Finantza Politikako zuzendariak 2020ko martxoaren 25ean emandako Ebazpenaren arabera (haren bidez BGAEetako kideei baimena ematen zaie langabezia prestazioa kobratzeko, COVID-19a dela eta Enplegu Erregulazioko Espediente bat eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente bat ezinbestean jasan dutenean), eta kobrantza hori 2020ko eta 2021eko ekitaldietara zabaltzen bada, ekitaldi bakoitzean jasotako zenbatekoaren gainean 100eko 75eko integrazio portzentajea aplikatuko da prestazio horiei dagokien lan etekin gordina kalkulatzeko.

2.– Artikulu honetan aipatzen den 100eko 75eko portzentajea aplikatzen zaien etekinen zenbatekoa kontuan hartu beharko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 19. artikuluko 2. apartatuaren azken paragrafoan aurreikusitako muga konputatzeko, eta integrazio portzentaje hori Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 99.2 artikuluan jasotako terminoetan hartuko da kontuan.

3. artikulua.– Kenkaria langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek zilegi izango dute 2020an eta 2021ean kenkaria aplikatzea langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik, hain zuzen ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 artikuluan aurreikusitakoa, artikulu horretan ezarritako terminoetan, berezitasun hauek kontuan hartuta:

a) 89 artikulu horren 1. apartatuan aipatzen diren hiru urteko epeak 2 urtekoak izango dira.

b) 4. apartatuko e) letran aipatzen den muga 100eko 40koa izango da.

4. artikulua.– Kenkaria langileek entitateak eratzeagatik.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek zilegi izango dute kenkaria aplikatzea langileek entitateak eratzeagatik, hain zuzen ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 quater artikuluan aurreikusitakoa, 2021. urtean eratzen diren entitateei dagokienez, artikulu horretan ezarritako terminoetan, berezitasun hauek kontuan hartuta:

a) Kenkari portzentajeak 5 puntu gehituko dira.

b) 89 quater artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoan aipatzen diren kopuruak 6.000 eta 8.000 izango dira hurrenez hurren.

c) Kuota nahikoa ez izateagatik kendu ez diren kopuruak hurrengo lau zergaldietako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira, betiere aurreko muga errespetatuz.

d) Lehen aipatu den 89 quater artikuluaren 2. apartatuko g) letran aurreikusitako baldintza, entitatean langile guztiek parte hartzeari buruzkoa, 100eko 40koa izango da gutxienez.

e) Entitatea eratzeko akzio edo partaidetzen harpidetzan gutxienez zortzi langilek hartu beharko dute parte.

Dena den, baldin eta eratutako entitatea sorrera berriko entitate berritzailetzat hartuta badago 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, nahikoa izango da harpidetzan hiru langilek parte hartzea.

f) Eratutako entitatea sorrera berriko entitate berritzailetzat hartuta badago aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoarekin bat, 89 quater artikuluaren 2. apartatuko f) letran aurreikusitako betekizuna 100eko 40raino gehitu ahal izango da.

5. artikulua.– Autolikidatzeko betebeharra 2020. eta 2021. urteetarako.

1.– 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 101.2 artikuluko a) eta b) letrak honela geratzen dira idatzita:

«a) 14.000 euro bitarteko lan etekin gordinak urtean, banaka aitortzen bada. Batera aitortzen den kasuetan, muga hori etekin mota hau lortzen duen zergadun bakoitzari dagokionez aplikatuko da.

b) 14.000 eurotik gorako eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak urtean, banaka aitortzen bada, non eta ez dauden sartuta ondorengo 3. apartatuan jasotako kasuetako batean. Batera aitortzen bada, muga hori etekin mota hau lortzen duen zergadun bakoitzari dagokionez aplikatuko da.»

2.– 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 101.3 artikuluko a) eta b) letrak honela geratzen dira idatzita:

«a) Lan etekinak ordaintzaile batetik baino gehiagotik jasotzen diren kasu guztietan. Hala ere, ez dute autolikidazioa aurkeztu beharrik izango baldin eta bigarren eta gainerako ordaintzaileetatik jasotako zenbatekoen batura, zenbatekoaren hurrenkerari jarraituta, ez bada urtean 2.000 eurotik gorakoa.

b) Lan etekinak ordaintzaile batetik jaso arren, ekitaldiaren barruan lan kontratu bat baino gehiago sinatu dutenean, laborala izan edo administratiboa izan, edo indarrean zegoena luzatu dutenean.»

6. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan 2020ko laugarren hiruhilekoaren ordainketa zatikatua egiteko obligaziotik salbuestea.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek ez dute Gipuzkoako Foru Ogasunean autolikidatu eta ordaindu beharko 2020ko laugarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua.

7. artikulua.– Norberaren konturako langileek edo langile autonomoek jasotzen dituzten aparteko laguntza jakin batzuk salbuestea.

2020. eta 2021. urteetan ondorioak izateko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita geratzen dira norberaren konturako langileek edo langile autonomoek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetatik jasotzen dituzten dirulaguntzei edo aparteko laguntzei dagozkien errentak, horiek jasotzeko arrazoia baldin bada haien jarduera eten, geldiarazi eta larriki kaltetu dela agintari eskudunek COVID-19a dela eta hartutako neurriengatik.

Zehazki, salbuetsita egongo dira xedapen hauek direla medio emandakoak:

a) 2020ko azaroaren 13ko Agindua, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez EAEko ostalaritza sektorerako laguntzak arautzen baitira eta deialdia egiten baita.

b) 2020ko apirilaren 8ko Ebazpena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, aparteko dirulaguntzetarako deialdi bat argitaratzeko dena; dirulaguntzen hartzaileak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak izango dira, zehazki beren jarduerak etenda dituztenak COVID-19ak eragindako osasun krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoera dela eta.

Artikulu honetan araututako salbuespenetik kanpo geratzen dira norberaren konturako langileek edo langile autonomoek COVID-19ak eragindako osasun krisiagatik jasotako prestazio publikoak, izan arruntak izan apartekoak.

2. SEKZIOA
SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA

8. artikulua.– Aparteko amortizazio askatasuna.

Ibilgetu material berriko elementuak –kanpoan utzita Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 31. artikuluko 3. apartatuaren a) letran eta c) letraren bigarren paragrafoan eta 4. apartatuaren lehen eta bigarren paragrafoetan adierazitako arauak aplikatzen zaizkien eraikinak eta garraiobideak– 2020ko maiatzaren 27tik 2021eko abenduaren 31ra bitartean eskuratzen badira, askatasunez amortizatu ahal izango dira funtzionatzen hasten direnetik aurrera eta haien balio bizitzan zehar. Barruan sartuta geratzen dira enpresak berak eraikitako ibilgetu materialeko elementuak eta 2020ko maiatzaren 27tik 2021eko abenduaren 31ra bitartean sinatutako obra exekuzioko kontratu baten ondorioz agindutakoak, betiere kontratua amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan jartzen badira eskura.

9. artikulua.– Finantza errentamenduko kontratuak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 18. artikuluan jasotakoa aplikagarri izango zaie 2021ean birnegoziatzen edo sinatzen diren finantza errentamenduko kontratuei, nahiz eta haiek ez bete artikulu horretako 1. apartatuko f) letran jasotako beharkizuna.

10. artikulua.– Aparteko mozkinak berrinbertitzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 36. artikuluan aurreikusitako ez-integrazioa berdin aplikatuko da, halaber, baldin eta artikulu horretan deskribatutako ondare elementuak kostu bidez eskualdatzeagatik lortzen den zenbatekoa 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietan berrinbertitzen bada sorrera berriko entitate berritzaileen akzio edo partaidetzak eskuratzeko (sorrera berriko entitate berritzaileak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan aipatuak). Entitate horiek, beren aldetik, artikulu horren 4. apartatuan jasotako beharkizunak bete behar dituzte.

Alabaina, gertatzen bada errenta agerian jarri dela entitate horiei ondare elementuen ez-diruzko ekarpen bat egiteagatik, berrinbertsioa ezingo da gauzatu ekarpen hori jaso duen entitatearen funts propioetako partaidetzaren balore adierazgarrietan.

11. artikulua.– Aparteko kenkaria mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik.

1.– Sozietateen gaineko zergaren zergadunek 2021eko ekitaldian ordaindutako kopuruen 100eko 10 kendu ahal izango dute zerga horren kuota likidotik, enpresen akzio edo partaidetzak harpidetu edo eskuratzeagatik, baldin eta enpresa horiek mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak badira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Kenkariaren gehieneko oinarria 100.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak eratuko du.

2.– Akzioak edo partaidetzak enpresa berrietan edo sortu berrietan harpidetu edo eskuratzen direnean, aurreko apartatuan ezarritako kenkaria 2021ean ordaindutako kopuruen 100eko 15ekoa izango da, baldin eta enpresa horiek mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak badira aipatutako 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat. Kapital ekarpena egiteaz gainera, zilegi da ezagutza enpresarial edo profesionala ere eskura jartzea inbertsioa egiten duten entitatea egoki garatzeko.

Kenkari hau aplikatzeko, enpresak jarduera ekonomiko berria garatzeko behar diren bitarteko pertsonal eta materialak eduki behar ditu. Baldintza hau ez dela betetzen ulertuko da sozietateak bat-egiteen, zatiketen, aktibo ekarpenen, aktibo eta pasibo osoaren lagapenen, jarduera adarren ekarpenen, interes ekonomikoko taldeen edo aldi baterako enpresa elkarteen bidez sortutakoak direnean, edo jarduera ekonomiko berri bat benetan eta eraginkortasunez agertzea ez dakarren beste edozein modu edo eragiketaren ondorio direnean.

Entitate baten akzioak edo partaidetzak harpidetu edo eskuratzeak ez du kenkari hau aplikatzeko eskubiderik emango, baldin eta, entitate horren bitartez, lehendik beste titulartasun baten bidez egiten zen jarduera bera egiten bada.

Apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, kenkariaren gehieneko oinarria 150.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak eratuko du.

3.– Eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzak entitate berritzaileenak edo hazkunde prozesuan dauden entitateenak direnean, aurreko apartatuan ezarritako kenkaria 2021ean ordaindutako kopuruen 100eko 20koa izango da, baldin eta, eskurapen edo harpidetzaren urtean, enpresa horiek mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak badira aipatutako 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ondorio horietarako, honako entitateak bereizten dira:

a) Entitate berritzaileak: partaidetza hartzen den ekitaldian, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuaren a) letran xedatutakoa betetzen dutenak.

b) Hazkunde prozesuan dauden entitateak: partaidetza hartzen den ekitaldian, aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 2. apartatuaren bigarren paragrafoan xedatutakoa betetzen dutenak.

Apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, kenkariaren gehieneko oinarria 200.000 eurokoa izango da, eta eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioak eratuko du.

4.– Zergadunaren ekitaldi ekonomikoa ez badator bat urte naturalarekin eta ordaintzen diren kopuruek kenkarirako eskubidea eman badezakete maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzkoak, 8. artikuluan jasotakoarekin eta artikulu honetan xedatutakoarekin bat, bi artikuluotan ezartzen diren hiru kenkarien gehieneko oinarriak batera konputatuko dira zergaldi berean ordaintzen diren kopuruetarako.

5.– Aurreko 1., 2. eta 3. apartatuetan ezarritako kenkariak aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira 6. apartatuan aipatzen den gutxieneko edukitze denboran:

a) Akzioak edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzen zaizkion entitateak sozietate anonimoa, erantzukizun mugatuko sozietatea, kooperatiba, lan sozietate anonimoa edo erantzukizun mugatuko lan sozietate anonimoa izan behar du, Kapital Sozietateen Legearen testu bateginak (uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretua) eta Lan sozietateei eta partaidetutako sozietateei buruzko urriaren 14ko 44/2015 Legeak ezarritako baldintzetan.

b) Akzioak edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzen zaizkion entitatea ezin da egon negoziatzeko onartuta ezein merkatu antolatutan.

c) Zergadunak entitatean duen partaidetza, izan zuzenekoa izan zeharkakoa, gehi 2/2014 Foru Arauaren 42.3 artikuluan ezarritako eran zergadunarekin lotuta dagoen beste edozein pertsonak edo entitateak entitate berean izan lezakeena, ezin da izan entitatearen kapital sozialaren edo boto eskubideen 100eko 25 baino handiagoa.

6.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako kenkariak aplikatzeko, entitatea eratzen den unean bertan edo hura eratu ondorengo bost eta zazpi urte bitartean eskuratu behar ditu zergadunak akzioak edo partaidetzak, dela eraketa bidez, dela kapital zabalkuntzaz, dela bigarren mailako merkatu batean eskuratuta.

Hazkunde prozesuan dauden entitateei, zeinak aipatu baitira aurreko 3. apartatuko b) letran, ez zaie aplikatuko zazpi urteko epe hori.

7.– Eskuratu edo harpidetutako akzio edo partaidetzek bost urtetik beherakoa ez den epe batean iraun beharko dute zergadunaren ondarean, salbu eta zergaduna edo entitate partaidetua konkurtso prozedura baten ondorioz likidatzen denean.

8.– Kenkari hau ez zaie aplikatuko inbertsioei, horiek jaso dituztenak entitate hauek direnean:

a) Berreskuratze agindu baten mende dauden enpresak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

b) Krisian dauden enpresak, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014/EB Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

c) Artikulu honetako 1. 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren akzioak edo partaidetzak jaulkitzean Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014/EB Erregelamenduaren 21. artikuluko 9. apartatuan aipatzen den arriskuko finantzaketaren zenbateko osoa gainditu duten edo gainditzen duten enpresak. Erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, 107. artikulua eta 108. artikuluak aplikatuz.

9.– Kenkari hau aplikatu ahal izateko, akzioak edo partaidetzak harpidetu edo erosi zaizkion entitatearen ziurtagiri bat lortu behar da, non adierazi behar den haren akzio edo partaidetzak eskuratu ziren zergaldian entitateari kenkarirako eskubidea izateko eskatutako beharkizunak bete zirela.

10.– Aurreko 1etik 7ra arteko apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen ez badira, zergadunak ez-betetzea gertatzen den zergaldiko autolikidazioan sartu beharko du kenkariaren ondoriozko kuota, bai eta horri dagozkion berandutze interesak ere.

11.– Kenkari hau aplikatzeko, kontuan hartu beharko da 2/2014 Foru Arauaren 59. eta 67. artikuluetan xedatutakoa, eta, bereziki, foru arau horren V. tituluaren III. kapituluan araututako kenkariei aplikatu beharreko erregela orokorrak.

Zehazki, 2/2014 Foru Arauaren 67.6 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, funts berberek ezingo dute sortu kenkarirako eskubiderik pertsona edo entitate batentzat baino gehiagorentzat.

12.– Artikulu honetan aipatutako kenkarien aplikazioa aukerakoa izango da, eta martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 115. artikuluaren 3. apartatuan eta 2/2014 Foru Arauaren 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera gauzatu ahal izango da.

13.– Halaber, artikulu honetan araututako kenkariak aplikatu ahal izango dituzte establezimendu iraunkor bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aplikatu behar bazaie, baldin eta zergadun horien zerga egoitza ez badago kokatuta zergarik gabeko edo paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz.

12. artikulua.– Mikroenpresek edo enpresa txikiek garatutako ikerketa eta garapen proiektuetan edo berrikuntza teknologikokoetan parte hartzea.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauren 13. artikuluan jasotakoari jarraituz 2021ean mikroenpresatzat edo enpresa txikitzat hartzen diren entitateek garatutako ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan parte hartzen duten sozietateen gaineko zergaren zergadunek foru arau horren 64 bis artikuluan jasotako kenkaria aplikatu ahal izango dute, bertan xedatutakoaren arabera eta berezitasun hauek kontuan hartuta:

a) Zergaren foru arauak 64 bis artikuluaren 2. apartatuko c) letran xedatutako betebeharra ez da aplikatuko.

b) artikulu horretako 5. apartatuaren lehen paragrafoan xedatutako muga ez da aplikatuko.

c) artikulu horretako 5. apartatuaren bigarren paragrafoan xedatutako muga 1.000.000 euro izango da proiektu bakoitzeko.

2.– Aurreko apartatuan jasotakoa ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko proiektu hauei aplikatuko zaie:

a) 2021ean hasitakoei.

b) 2022an hasitakoei, 64 bis artikuluko 2. apartatuaren d) letran aipatutako finantzaketa kontratua 2021ean formalizatzen denean.

c) 2021 baino lehen hasitakoei, baldin eta finantzaketa kontratua aldatua izan bada maiatzaren 5eko 2/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituenak, 2. artikuluko 8. apartatuan xedatutakoari jarraituz.

3.– Halaber, artikulu honetan araututako kenkaria aplikatu ahal izango dute establezimendu iraunkor bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aplikatu behar bazaie, baldin eta zergadun horien zerga egoitza ez badago kokatuta zergarik gabeko edo paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz.

13. artikulua.– Enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkari gehitua.

1.– 2021. urtean egiten diren lan kontratu mugagabeei Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 66. artikuluko 1. apartatuan enplegua sortzeagatik araututako kenkaria aplikatuko zaie, 7.500 euroraino gehienez, kontratatutako pertsona bakoitzeko.

2.– Aipatutako 66. artikuluaren 2. apartatuko seigarren paragrafoan jasotako hiru urteko epea zenbatzeko, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko denbora ez da kontuan hartuko, eta paragrafo horretan jasotako baldintza betetzen dela joko da.

3. SEKZIOA
EKONOMIA SUSPERTZEKO BESTE NEURRI BATZUK

14. artikulua.– Zerga zorren salbuespenezko zatikapena.

1.– Zatikatu ahal izango dira, bermerik eratu gabe eta berandutze interesik sortu gabe, betiere artikulu honetan jasotakoaren arabera, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek eta balio erantsiaren gaineko zergari lotuta eta salbuetsi gabe dauden ondasun higiezinen errentamenduarengatik kapital higiezinen etekinak lortzen dutenek hartzen dituzten zerga zorrak, bai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 13. artikuluan jasotako mikroenpresen eta enpresa txikien zerga zorrak ere, baldin eta zor horien guztien jatorria badira borondatez aurkeztu eta ordaintzeko epea 2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitartean amaitua duten autolikidazioak.

2.– Salbuespenezko zatikapen hau lortzeko, beharrezkoa izango da zergadunak zerga obligazioak beteta edukitzea eta eskaera autolikidazioaren borondatezko epean aurkeztea.

3.– Artikulu honetan aipatutako zergapekoek beren zerga zorra ordaintzeko, zorra hileko 6 kuota berdinetan zatikatzeko eskatu ahal izango dute; lehendabiziko kuota 3 hilabeteko gabealdia igaro ondoren ordaindu beharko dute.

4.– Autolikidazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuan aurkezterakoan egingo da eskaera.

5.– Artikulu honetan aipatutako salbuespenezko zatikapenak Zerga-bilketako zuzendariorde nagusiak ebatziko ditu.

6.– Artikulu honetan araututako salbuespenezko zatikapenei, artikulu honetan erregulatu gabeko alderdiei dagokienez, aplikagarri izango zaie abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaz onartutako Zerga-bilketako Erregelamendu Orokorrak jasotakoa. Dena den, zatikapena eskatzen denean, ez da beharrezkoa izango haren 38. artikuluko 3. apartatuaren c) letran aipatutako dokumentazioa aurkeztea, eta ez da aplikagarri izango haren 44.1.A.b) artikuluaren bigarren paragrafoan jasotakoa.

15. artikulua.– Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria.

1.– Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek, sozietateen gaineko zergaren zergadunek eta establezimendu iraunkorraren bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek kuota osoan kenkari bat egin ahal izango dute, jarraian zehazten diren beharkizunak betez gero, digitalki eraldatu eta merkataritza elektronikoa ezartzeko 2021ean egindako gastu eta inbertsioen 100eko 30ekoa.

Zergadunek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Sartuta egotea apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratzailea onartzen duenak, I. eranskineko I. sekzioaren 64 eta 65 multzoetan eta 662 taldean (txikizkako merkataritza).

b) Sozietateen gaineko zergaren zergadunek eta establezimendu iraunkorraren bidez diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek mikroenpresatzat edo enpresa txikitzat hartuta egon beharko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan jasotakoaren arabera.

2.– Gastu eta inbertsio hauek izango dute kenkaria:

a) Ekipo eta terminalen eta beren softwarearen eta periferikoen erosketa, bai eta haiek instalatzeak eta ezartzeak duen kostua ere.

b) Softwarearen erosketa, harpidetza, entrega, eguneratzea edo berritzea, hura merkaturatzea eta elektronikoki saltzea ahalbideratzen badu, haiek instalatzeak eta ezartzea duen gastua barne.

3.– Kenkariaren oinarria aurreko 2. apartatuan aipatutako gastu eta inbertsioen zenbatekoaz osatuta egongo da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 67. artikuluko 3. apartatuan jasotakoaren arabera kalkulatuko da.

Horrela kalkulatutako kenkariaren oinarria ezingo da handiagoa izan hauek baino:

a) 5.000 euro.

b) 2019an amaitutako azken zergaldiari dagokion negozio zifraren zenbateko garbiaren 100eko 1a. Jarduera 2020an edo 2021ean hasten denean, jarduera hori hasi den zergaldia hartuko da kontuan.

Horretarako, zergaldia urte naturala baino laburragoa denean edo zergaldi horretan jarduera ekonomikoa hasi denean, negozio zifraren zenbateko garbiari dagokion magnitudea urtebetera eramango da.

Dena den, b) letra honen lehen paragrafoan jasotakoa jasota ere, emaitza hori 500 eurotik beherakoa denean, kenkariaren oinarria bi hauetako txikiena izango da:

a’) 3. apartatu honen lehen paragrafoan jasotako kenkariaren oinarria.

b’) 500 euro.

4.– Kenkarirako eskubidea duten gastu eta inbertsioak 2021ean zehar egiten direnean zergaldi bat baino gehiago hartuta, aurreko 3. apartatuan jasotako gehieneko muga bakarra izango da haien guztien multzorako.

Era berean, kenkarirako eskubidea duten inbertsio eta gastuak zergaldi batera baino gehiagotara zabaltzen direnean, COVID-19aren osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzera bideratutako koiunturazko tributu neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak 15. artikuluan jasotako kenkaria aplikagarria izateagatik, 3. apartatu honetan ezarritako gehieneko muga bakarra izango da haien guztien multzorako.

5.– Aurreko 3. apartatuan jasota dagoen eta artikulu honetan jasotako jarduera ekonomikoak egiten dituzten errenta esleipenaren araubideko entitateetako bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideei dagokien gehieneko muga zehazteko, erreparatuko zaie entitatearen negozio zifraren zenbateko garbiari eta pertsona horiek haren emaitzetan duten partaidetzari.

6.– Kuota nahikoa ez izateagatik kenkaririk izan ez duten kopuruak aplikagarri izan daitezke ondoko eta jarraiko 30 urteetan amaitzen diren zergaldietako likidazioetan.

7.– Gastu edo inbertsio berak ezin izango du berekin ekarri kenkaria zergadun batengan baino gehiagorengan aplikatzea eta zerga hauetan ezarritakoak ez diren kenkariak zergadun berarengan aplikatzea.

Era berean, berekin ez du ekarriko kenkari hau aplikatzea sozietateen gaineko zergan eta establezimendu iraunkorrarekin diharduten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan, gastu edo inbertsioaren bidez gauzatu denean 2/2014 Foru Arauak 53. artikuluan aipatutako ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezia.

Kenkari hau ez da bateragarria izango inbertsio edo gastu berberekin erlazionatutako beste edozein zerga hobarirekin, salbu eta amortizatzeko askatasunari, amortizazio azkartuari eta baterako amortizaziori dagokienez.

8.– Kenkari honen aplikazioa aukerakoa da, eta martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 115. artikuluko 3. apartatuan, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Sozietateen gaineko Zergarenak, 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan eta urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 104. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera gauzatu ahal izango da.

16. artikulua.– Osasun langileentzako doako aseguru kolektiboa.

Osasun langileei dagokien oinordetza eta dohaintzen gaineko zergatik salbuetsita egongo dira, 2021ean, COVID-19ak eragindako gaixotasun eta heriotza kontingentziengatik ordaindutako prestazioak, horiek aseguru etxeek Espainiako Aseguru eta Berraseguru Enpresen Elkartearen bidez izenpetutako osasun langileen aldeko doako aseguru kolektibotik eratorriak direnean.

17. artikulua.– Elkargiren eta ICO Kreditu Ofizialeko Institutuaren mailegu gisa jasotako laguntzak.

1.– Ondarearen gaineko Zergaren ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 5. artikuluko hamar apartatuaren eta 6. artikuluaren aplikazioaren ondorio bakarrerako, ez da jarduera ekonomikoa egiteko behar ez den aktibotzat hartuko COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz enpresaburu eta profesionalengan eragindako efektu negatiboak arintzearren Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, Elkargiren eta ICO Kreditu Ofizialeko Institutuaren abal lerroetan oinarrituta, finantza entitateek mailegu gisa enpresaburu eta profesionalei eta entitateei eman dizkieten laguntzen onuradunek lortutako zenbatekoei aktiboaren barruan dagokien zatia, eta zati horri ez zaio aplikatuko aipatutako 6. artikuluko sei apartatuan jasotakoa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez zaie inoiz aplikatuko ez inbertsio kolektibo higiezinetarako erakundeetan ez kapital aldakorreko inbertsioko sozietateetan dauden partaidetzei.

2.– Artikulu honetan jasotakoa aplikaziozkoa izateko, beharrezkoa izango da zergadunak salbuespenerako eskubidea izatea, aipatutako 6. artikuluko bat apartatuan jasotakoari jarraituz edo aipatutako artikuluko bi apartatuan xedatutakoaren arabera, haren a) letratik d) letrara bitartean jasotako beharkizunak betetzeagatik.

3.– Artikulu honetan xedatutakoak 2020 eta 2021erako bakarrik izango ditu ondorioak.

18. artikulua.– Tasen hobariak.

2021ean tokiko entitateek aparteko hobariak onartu ahal izango dituzte Gipuzkoako Toki Entitateei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak II. tituluaren III. kapituluaren 3. sekzioan jasotakoari jarraituz ezarrita dauden udal tasen zenbatekoaren gainean.

Hobari horiek jasotzeko arrazoiak COVID-19aren osasun krisiarekin lotuta egon behar dira, eta krisi horrek bereziki eragindako kolektiboei aplikatu ahal izango zaie.

Artikulu honetan aipatutako hobarien ondorioek 2020ko urtarrilaren 1era arteko atzera eragina izan dezakete.

II. KAPITULUA
TRATAMENDU TRIBUTARIO JAKIN BATZUK MALGUTZEKO NEURRIAK

19. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

Bat.– 1.– Kreditu entitateetako kontuetan sartutako kopuruak ohiko etxebizitzaren erosketan erabiltzeko epea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 87. artikuluko 5. apartatuaren b) letran ezarritakoa, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean amaitzen bada, 7 urtekoa izango da kontu horiek ireki diren egunetik kontatzen hasita.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera etxebizitza kontuan sartzen diren kopuruek eskubidea emango dute urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 87. artikuluan jasotako kenkaria aplikatzeko.

2.– Eraikitzen ari den ohiko etxebizitza erosteko epea, hain zuzen ere, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 66.1 artikuluaren b) letran ezarritakoa, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean amaitzen bada, 5 urtekoa izango da inbertsioa hasten denetik aurrera.

3.– Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 49. artikuluan aurreikusten dituen ohiko etxebizitzaren eskualdaketa kasuetan, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 45. artikuluko 3. apartatuan aipatzen den berrinbertsio epea 3 urtekoa izango da.

Apartatu honetan aipatzen den epearen luzapena aplikatuko da ohiko etxebizitzaren eskualdaketak 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean egindakoak direnean, edo ohiko etxebizitza 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean erosi eta, horren ondoren, aurrekoa eskualdatzen denean.

4.– Ohiko etxebizitza benetan eta modu iraunkorrean okupatzeko epea, hain zuzen ere, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 64. artikuluko 2. apartatuan aipatua, sei hilabetez luzatuko da 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean amaitzen bada.

5.– Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 42. artikuluko b) eta c) letretan eta 49. artikuluan ezartzen dituen salbuespenak aplikatzeko ez bestetarako, ulertuko da zergaduna ohiko etxebizitza eskualdatzen ari dela une horretan etxebizitza hori bere ohiko etxebizitza denean edo, bestela, hura eskualdatu aurreko hiru urteetako edozein egunetara arte halakotzat hartu denean.

Apartatu honetan aipatzen den epearen luzapena aplikatuko da soil-soilik baldin eta, 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean etxebizitzak ohiko etxebizitza izateari utzi badio, arau orokorrei jarraituz, eta betiere, baldin eta, artikulu honetako 3. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako aplikazio eremu tenporalean, horren xedea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 49. artikuluan aurreikusten den salbuespena aplikatzea bada.

6.– Etxebizitzak familia etxebizitza izateari utzitakoan, hura eskualdatzeko gehieneko epea, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 45. artikuluko 2. apartatuan aurreikusia, 3 urtekoa izango da.

Apartatu honetan aipatzen den epearen luzapena aplikatuko da soil-soilik baldin eta 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean etxebizitzak familia etxebizitza izateari utzi badio 2. apartatuan xedatutakoarekin bat, betiere, artikulu honetako 3. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako aplikazio eremu tenporalaren barruan.

7.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 quater artikuluak langileek entitateak eratzeagatik arautzen duen kenkaria aplikatzearen ondorioetarako, eta entitateak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean eratu diren kasuetarako, jarraian aipatzen diren epeak urtebetekoak izango dira entitateen eraketaren unetik aurrera:

a) Harpidetzak entitatea eratzea helburu duela jotzeko epea, aipatutako 89 quater artikuluko 2. apartatuaren a) letran aurreikusia.

b) Zergadunak entitatean langile gisa jarduten hasteko epea, aipatu den 2. apartatuaren e) letran aurreikusia.

c) Aipatutako 2. apartatuaren azken paragrafoan aurreikusitako epea, zeinean ez den exijigarria langile guztiek apartatuko horretako g) letran ezarritako baldintza betetzea.

d) 89 quater artikuluko 3. apartatuaren azken paragrafoan aurreikusitako epea, zeinean ez den exijigarria zergadunak langile gisa jardutea.

Bi.– artikulu honetan jasotako epeen luzapena ez zaie aplikatuko COVID-19aren osasun krisia dela eta zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituen maiatzaren 5eko 2/2020 Foru Dekretu-Arauak 1. artikuluan luzatutako epeei.

20. artikulua.– Sozietateen gaineko zerga.

Bat.– 1.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 13. artikuluko 5. apartatuan jasotako kasuetan mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertaintzat hartzeko, ez da urtebetera eramango eragiketa bolumenari dagokion magnitudea, urte naturalaz azpiko zergaldia 2021. urtean hasten denean edo sorrera berriko entitateak eta entitate inaktiboak 2021ean ustiapen ekonomiko bat eramaten hasten direnean.

2.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 21. artikuluko 1. apartatuaren b) letran eta 2. apartatuan (amortizazio askatasunari eta amortizazio azeleratuari buruzkoa) ondare elementua eskura jartzeko jasotzen duen 12 hilabeteko epea beste 12 hilabetez luzatuko da, epe hori 2021ean amaitzen baldin bada.

3.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 36. artikuluko 1. apartatuan eta 38. artikuluko 1. apartatuan ondare elementua entregatu edo eskura jarri ondorengo hiru urtetan aparteko mozkinak berrinbertitzeko aipatzen dituen epeak urtebetez luzatuko dira, epe horiek 2021ean amaitzen baldin badira.

Era berean, zergadunak ondasun bat 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean eskuratu duenean eta haren asmoa eskurapen horretatik aurrerako urtebeteko epean beste bat eskualdatzea eta aipatutako apartatuetan erregulatutako zerga onurak jasotzea denean, apartatu horietan adierazitako urtebeteko epe hori beste urtebetez luzatuko da.

4.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 36. artikuluko 4. apartatuaren bigarren paragrafoan aparteko mozkinak berrinbertitzeko aipatzen duen 3 hilabeteko epea 6 hilabetez luzatuko da, epe hori 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean amaitzen baldin bada.

5.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 116. artikuluko 5. apartatuan (ondasun higiezinen errentamendu kualifikatuan aritzen diren entitateen araubideari buruzkoa) jasotzen duen aparteko mozkinen berrinbertsio epearen 5 urterako luzapena urtebetez zabalduko da, luzapen hori 2021ean amaitzen baldin bada.

6.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 52. artikuluko 2. apartatuan (mozkinak nibelatzeko erreserba bereziari buruzkoa) zerga oinarria kenkarien bidez gehitzeko aipatzen duen 5 urteko gehieneko epea zergaldi batez luzatzen da, epe hori 2021ean amaitzen baldin bada.

Zergadunak aurreko paragrafoan aipatutako epearen luzapena erabiltzen badu, aipatutako 52. artikuluko 3. apartatutan xedatutakoaren arabera erreserbaren saldoa erabili ezingo duen epea zergaldi batez luzatuko da, era berean.

7.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 53.2 artikuluan ekintzailetza sustatu eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba bereziari zuzkitutako kopuruak bertan jasotako helburuetako batean erabiltzeko aipatzen duen 3 urteko gehieneko epea urtebetez luzatuko da, epe hori 2021ean amaitzen baldin bada.

Zergadunak aurreko paragrafoan aipatutako gehieneko epearen luzapena erabiltzen badu, aipatutako 53. artikuluko 4. apartatutan xedatutakoaren arabera erreserbaren saldoa erabili ezingo duen epea urtebetez luzatuko da, era berean.

Zergaduna erreserbaren saldoa osorik edo zati batean aipatutako 53. artikuluko 2. apartatuaren c) letran jasotzen dituen helburuetan erabiltzera doanean, Zerga Administrazioari komunikazio bat aurkeztu beharko dio, hala badagokio, egutegian izandako aldaketaren eta haren arrazoien berri emanda.

8.– Sorrera berriko entitate berritzaileek egindako ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuak finantzatzeko 2021eko ekitaldian hasi dituzten kontratuen formalizazioa, baldin eta kontratu horiek urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 64 bis artikuluko 2. apartatuaren d) letran aipatutako finantzaketa kontratuak badira, proiektua gauzatzen hasi aurretik egin beharko da, nahiz eta, era berean, hura gauzatzen den lehendabiziko bederatzi hilabeteen barruan egin ahal izango den, betiere aipatutako 64 bis artikuluko 7. apartatuan aipatutako txostena proiektua gauzatzen hasi aurretik eskatu denean eta aitortzeko borondatezko epea amaitu ez denean.

Aipatutako 64 bis artikuluko 2. apartatuaren d) letran xedatutakoa xedatuta ere, artikulu horretan jasotakoa aplikagarri izango zaie ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko urte anitzeko proiektuei, baldin eta haiek finantzaketa kontratua sinatu aurretik gauzatzen hasi badira, betiere kontratu hori 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiaren lehendabiziko bederatzi hilabeteetan sinatzen denean eta aipatutako 64 bis artikuluko 7. apartatuan jasotako txostena proiektua gauzatzen hasi aurretik eskatu denean.

2021ean martxan dauden finantzaketa kontratuak aldatu ahal izango dira ordainketa eta gastuen egutegia eta inbertsioen egutegia doitzeko. Aldaketa horren berri emango zaio Zerga Administrazioari, komunikazio osagarri baten bidez, hura formalizatzen denetik 3 hilabeteko epean eta, nolanahi ere, 2021eko abenduaren 31ren aurretik.

Salbuespen gisa, zilegi izango da jadanik formalizatutako kontratuetan parte hartzen duen zergadunaren posizioan subrogatzea, baldin eta subrogazio hori 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiaren lehen bederatzi hilabeteetan gertatzen bada.

9.– Lan harremana azkentzen denetik langile kopuru bera berriro kontratatzeko 2 hilabeteko epea, alegia, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 66. artikuluko 2. apartatuan jasotako epea, 4 hilabetez luzatuko da, lan harremana 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean azkendu denean.

10.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 67. artikuluko 5. apartatuaren bigarren paragrafoan kenkariari lotutako inbertsioa gauzatzeko erabiltzen diren aktibo ez-korronteak lehengoratzeko aipatzen duen 3 hilabeteko epea 6 hilabetez luzatuko da, epe hori 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean amaitzen baldin bada.

11.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, hamabosgarren xedapen gehigarriaren bat apartatuko 7. puntuan film luze zinematografikoa eta ikus-entzunezko seriea estreinatzeko jasotzen duen 2 urteko gehieneko epea urtebetez luzatuko da, ikus-entzunezko lana 2021ean amaitu baldin bada.

12.– Espainiako film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen ekoizpenengatik, baldin eta produkzioa 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean bukatu bada, 2022ko abenduaren 31ra arte eskatu ahal izango da ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduak zazpigarren xedapen gehigarrian jasotako «pizgarri fiskala aplikatzeko txostena».

2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean Euskadiko Autonomia Erkidegoan Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hamabosgarren xedapen gehigarriaren bi apartatuan jasotako kenkaria izan dezaketen gastuak egin eta atzerriko lan baten ekoizpen exekutiboaz arduratzen diren enpresek 2022ko abenduaren 31ra arte eskatu ahal izango dute «pizgarri fiskala aplikatzeko txostena».

Bi.– Artikulu honetan jasotako epeen luzapena ez zaie aplikatuko COVID-19aren osasun krisia dela eta zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituen maiatzaren 5eko 2/2020 Foru Dekretu-Arauak 2. artikuluan luzatutako epeei.

21. artikulua.– Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga.

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauak 11.1 artikuluaren c) letraren azken paragrafoan lokal bat etxebizitza moduan gaitzeko jarritako 18 hilabeteko epea 6 hilabetez luzatzen da, epe hori 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean amaitzen baldin bada.

Artikulu honetan jasotako epeen luzapena ez zaio aplikatuko COVID-19aren osasun krisia dela eta zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituen maiatzaren 5eko 2/2020 Foru Dekretu-Arauak 3. artikuluan luzatutako epeari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru dekretu-arau hau indarrean jartzean, indargabetuta gelditzen da COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga arloko neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 12. artikulua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmenak.

1.– Baimena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

2.– Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru agindu bidez foru dekretu-arau honetan jasotako zerga neurrien indar epea luzatzeko, betiere hura onartzea eragin zuten aparteko zirkunstantziak irauteak hala justifikatzen badu.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aldatzea COVID-19aren zenbait ondorio arintzeko presako neurri osagarriei buruzkoa urriaren 13ko 8/2020 Foru Dekretu-Araua.

Aldatu egiten da COVID-19aren zenbait ondorio arintzeko presako neurri osagarriei buruzko urriaren 13ko 8/2020 Foru Dekretu-Arauak 3. artikuluan jasotakoa. Honela idatzita gelditzen da:

«3. artikulua.– Prestazioak, jarduera ekonomikoak egiten dituzten langile autonomoen jarduera eteteagatik.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, jarduera ekonomikoen etekintzat hartuko dira jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek honako hauek direla eta jasotako zenbatekoak: COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko urgentziazko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 17. artikuluan araututako jarduera eta lana eteteagatiko prestazioa; enpleguaren sustapenari eta lan autonomoaren babesari eta sektore industrialaren lehiakortasunari buruzko ekainaren 26ko 24/2020 Errege Lege Dekretuak 9. eta 10. artikuluetan jasotako prestazioak; irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege Dekretuak, Enpleguaren aldeko gizarte neurriei buruzkoak, 13. eta 14. artikuluetan eta laugarren xedapen gehigarrian jasotako prestazioak; eta, hala badagokio, prestazio horien indarraldiaren luzapena arautzen duten xedapenetan ezarritako prestazioak.»

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zerga onartzen duena.

Aldatu egiten da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 5. apartatua. Honela idatzita gelditzen da:

«5. Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria, hain zuzen ere, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga arloko neurriei buruzko maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak 15. artikuluan eta COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzko abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak 15. artikuluan jasotakoa aplikatzen duten zergadunek aurreko 1. apartatuaren b) eta c) letretan aipatutako inbertsio eta gastuengatik baino ezingo dute aplikatu kenkari hau, betiere baldin eta eraldaketa digitalerako kenkaria 2020an eta 2021ean aplikatu zaien inbertsio eta gastuek ez badute gainditzen kenkariaren oinarriaren muga bateratua, aipatutako 15. artikuluen arabera kalkulatua.

Kasu horietan, kenkari honen oinarriak ezin izango du gainditu eragiketa honen emaitza: 2. apartatuaren arabera kalkulatutako kenkariaren oinarriaren muga ken txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkariaren xede izan diren inbertsio eta gastuen zenbatekoa.»

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2020ko abenduaren 1a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala