Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2020ko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5612

AGINDUA, 2020ko abenduaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Ikerkuntzako Euskadi Sariaren 2020ko deialdia egiten baita, jarduera zientifikoa sustatzeko.

Abenduaren 5eko 261/2017 Dekretuak Ikerkuntzako Euskadi Saria arautzen du, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

Dekretu horren 1.3 artikuluan zehazten denez, Ikerkuntzako Euskadi Sarirako deialdia urtero egingo da, Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez. Agindu horrek honako alderdi hauek jasoko ditu: xedea eta hautagaiak aurkezteko epea –inolaz ere ez, hilabete baino gutxiago–.

Oinarri hartu da, gainera, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak xedatutakoa (zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzen baita).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Ikerkuntzako Euskadi Sariaren 2020ko ediziorako deialdia egitea, zientzia eta teknologia modalitatean –abenduaren 5eko 261/2017 Dekretuak arautzen du saria–.

2. artikulua.– Hautagaiak aurkezteko epea.

Hautagaiak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3. artikulua.– Datuak babestea.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetako sariak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baitu Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak 5.3 artikuluan (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzen da).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek aurreikusten ez dituen alderdietarako, abenduaren 5eko 261/2017 Dekretuak xedatutakoa beteko da, bertan arautzen baita jarduera zientifikoa sustatzeko asmoa duen Ikerkuntzako Euskadi Saria.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 22a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala