Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

260. zk., 2020ko abenduaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5567

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 9koa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzen (Elkartek Programa) 2021eko ekitaldirako I. faserako deialdia.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduaren bidez (2016ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.), arlo estrategikoetan Elkarlaneko Ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen da: Elkartek Programa. Agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko abenduaren 17ko Aginduak aldatu du (2018ko abenduaren 27ko EHAA, 248. zk.).

Aipatutako agindu arautzailearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, I. fasearen –proiektuak onartzea eta hautatzea– deialdia egin behar da 2021erako, horretarako beharrezkoak diren arauak zehaztuz.

Horrenbestez, erreferentziako dekretuaren 10. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua hauxe da: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduan aurreikusitako I. fasearen –proiektuak onartzea eta hautatzea– deialdia egitea. Agindu horren bidez, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen da – Elkartek Programa.

2. artikulua.– Eskabideak: aurkeztea eta epea.

1.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira; agindu horren bidez, Elkartek programa arautzen da.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoa erabili beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1027107/ (gaztelania).

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027107/ (euskara).

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2021eko otsailaren 26ko 12:00etan amaituko da.

4.– Deialdi honetara, 2021eko eta 2022ko ekitaldietan garatuko diren proiektuak aurkeztu ahal izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratzen da, zeinaren osaera hauxe izango baita:

Lehendakaria: Teknologiaren arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako titularra, Alberto Fernández González eta ordezkoa: Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako titularra, Leyre Madariaga Gangoiti.

Honako kide hauek bokalak izango dira:

– Industriaren Garapenaren arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako titularra, Mikel Amundarain Leibar; eta ordezkoa: Industriaren Garapenaren arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako teknikari bat, Agustín García Pérez.

– SPRIren ordezkaria, Maite Hernández Hernández; eta ordezkoa: Miguel García Altuna.

– Teknologiaren arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako teknikari bat, Natividad Niño Bartolomé; eta ordezkoa: Catalina Chamorro Silgado, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 9a.

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana