Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

254. zk., 2020ko abenduaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5459

277/2020 DEKRETUA, abenduaren 9koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Agencia Vasca de Internacionalización-Basque Trade and Investment SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta baimena ematen baita sozietate horren estatutuetako 6. artikulua aldatzeko.

SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 22ko bileran, Eusko Jaurlaritzara jotzea erabaki zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 5. zenbakiaren c) letraren arabera, baimena eman ziezaion SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari Agencia Vasca de Internacionalización-Basque Trade and Investment SA sozietatearen kapitala, guztira 15.000 euro ordainduta, hau da, gehikuntza horren % 100. Eragiketa horren ostean, enpresa horretan % 100koa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuan, non eta ez diren doan eskuratzen, nahitaez adieraziko da sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Agencia Vasca de Internacionalización-Basque Trade and Investment SA sozietatearen xedea da ekonomiaren eta euskal enpresen nazioartekotzea, eta enpresei eta eragile eskudunei sostengua ematea haien nazioartekotze-proiekzioan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko inbertsioak erakartzeko.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko abenduaren 9an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematea Agencia Vasca de Internacionalización-Basque Trade and Investment SA sozietatearen kapital-gehikuntza harpidetzeko eta ordaintzeko, guztira 15.000 euroko zenbatekoan. Eragiketa horren ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak % 100eko partaidetza izango du enpresa horren kapital sozialean.

2. artikulua.– Baimena ematea SPRI–Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren titulartasuneko akzioen ordezkariari, kapital-gehikuntzaren ondorioz, Agencia Vasca de Internacionalización-Basque Trade and Investment SA sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko, zeina honela idatzia geratuko baita:

«Sozietatearen kapitala hirurogeita hamabost mila euro da (75.000), honela banatuta: 750 akzio izendun, bakoitza ehun euroko (100,00) balio nominalekoa eta guztiak mota berekoak, 1etik 750ra bitarteko zenbaki korrelatiboekin, biak barne, eskubide politiko eta ekonomiko berdinak dituzte eta oso-osorik harpidetuta eta ordainduta daude».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala