Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2020ko abenduaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5404

AGINDUA, 2020ko azaroaren 26koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lan eta Enplegu Sailaren, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea erakunde autonomoaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren kontratazio-mahaien osaera.

Eusko Jaurlaritzako sailak berregituratu dira lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan ezarritakoari jarraituz –dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu–. Berregituratze horren ondorioz, beharrezkoa da Lan eta Enplegu Sailaren, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea erakunde autonomoaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren kontratazio-organoei laguntzen dieten organoak berriro osatzea.

Bestalde, egokitzat jo da agindu bakar batean biltzea bai sailaren bai sail horri atxikitako erakunde autonomoen mahaien konfigurazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluak kontratazio-mahaiek izan behar duten egitura zehazten du, bai eta aplikatzekoak diren arau-xedapenak ere, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Lan eta Enplegu Sailaren kontratazio-organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du, prozedura irekietan, mugatuetan eta publikotasunez egindako prozedura negoziatuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu mahai horrek, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Mahaiburua:

1.– Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendaria izango da, Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzaren eskumenekoak diren gaiei buruzko kontratuetan eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzaren eskumenekoak ez diren sailaren gaiei buruzko kontratuetan. Postua hutsik dagoenean, arduraduna bertan ez dagoenean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzaren titularrak ordezkatuko du.

2.– Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria izango da, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzaren eskumeneko gaiei buruzko kontratuetan. Postua hutsik dagoenean, arduraduna bertan ez dagoenean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzaren titularrak ordezkatuko du.

b) Mahaikideak:

– kontratazioa eskatzen duen zuzendaritzaren ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua. Pertsona horrek aholkularitza teknikoa emango dio kontratazio-organoari.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, erakunde horren titularrak izendatua.

– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritzako titularrak izendatua. Pertsona horrek IKT arloko ondasunak, azpiegiturak eta zerbitzuak kontratatzeko espedienteetan jardungo du.

c) Idazkaria-mahaikide aholkulari juridikoa: teknikari bat izango da, Zuzenbideko gradua edo lizentziatura duena, eta Zerbitzu Zuzendaritzaren Kontratazio Zerbitzuari atxikia. Kontratazio-organoak izendatuko du, organo horren aholkulari juridikoa eta kontratazio-mahaiko idazkaria izango da, eta hitza eta botoa izango ditu.

2. artikulua.– Lan eta Enplegu Sailari atxikita dagoen Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea erakunde autonomoaren kontratazio-organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du, prozedura irekietan, mugatuetan eta publikotasunez egindako prozedura negoziatuetan. Mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu, eta kide hauek izango ditu:

a) Mahaiburua: erakunde autonomoaren Antolamendu, Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariordea. Postua hutsik dagoenean, arduraduna bertan ez dagoenean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, zuzendariorde teknikoak ordezkatuko du.

b) Mahaikideak:

– kontratazioa eskatzen duen zuzendariordetzaren ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua. Pertsona horrek aholkularitza teknikoa emango dio kontratazio-organoari.

– Zuzenbideko gradua edo lizentziatura duen pertsona bat, erakunde autonomoaren Aholkularitza Juridikoari atxikia, eta kontratazio-organoak izendatua. Hain zuzen ere, pertsona horrek aholkularitza juridikoa emango dio kontratazio-organoari.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, erakunde horren titularrak izendatua.

– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritzako titularrak izendatua. Pertsona horrek IKT arloko ondasunak, azpiegiturak eta zerbitzuak kontratatzeko espedienteetan jardungo du.

c) Idazkaria: Osalan erakunde autonomoaren Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako teknikaria, hitzarekin eta botorik gabe. Postua hutsik dagoenean, arduraduna bertan ez dagoenean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa Sailaren arduradunak ordezkatuko du.

3. artikulua.– Lan eta Enplegu Sailari atxikita dagoen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren kontratazio-organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du, prozedura irekietan, mugatuetan eta publikotasunez egindako prozedura negoziatuetan. Mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu, eta kide hauek izango ditu:

a) Mahaiburua: Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria. Postua hutsik dagoenean, arduraduna bertan ez dagoenean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzaren titularrak ordezkatuko du.

b) Mahaikideak:

– kontratazioa eskatzen duen zuzendaritzaren edo sailaren ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua. Pertsona horrek aholkularitza teknikoa emango dio kontratazio-organoari.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, erakunde horren titularrak izendatua.

– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritzako titularrak izendatua. Pertsona horrek IKT arloko ondasunak, azpiegiturak eta zerbitzuak kontratatzeko espedienteetan jardungo du.

c) Idazkaria-mahaikide aholkulari juridikoa: teknikari bat izango da, Zuzenbideko gradua edo lizentziatura duena, eta organismoari atxikia. Kontratazio-organoaren aholkulari juridikoa eta kontratazio-mahaiko idazkaria izango da, eta hitza eta botoa izango ditu.

4. artikulua.– Aukeran, eta kontratazio-organoak eskatuta, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat ere izan daiteke 1., 2. eta 3. artikuluetan eratutako kontratazio-mahaietako partaide, aipatutako zuzendaritzaren titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.

5. artikulua.– Kontratu bakoitzaren administrazio-klausula zehatzen agirietan jasoko da kontratazio-mahai bakoitzaren osaera eta kideen identifikazioa, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzaile-profilean argitaratuko da.

6. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaiek eskumena izango dute, halaber, beste zenbait esleipen-prozeduratan esku hartzeko, baldin eta dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen badu, nahiz eta halakoetan kide anitzeko organo horien esku-hartzea beharrezkoa ez izan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Lan eta Justiziako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2017ko maiatzaren 10eko Agindua, Lan eta Justizia Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea erakunde autonomoaren kontratazio-mahaien osaera ezartzen duena, eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urtarrilaren 20ko Agindua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren Kontratazio Mahaia sortzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 26a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala