Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2020ko abenduaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5305

96/2020 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki hau argitaratzea: Hernaniko (Gipuzkoa) Electroquímica de Hernani SA enpresaren kanpoko larrialdietarako plan berezia onartzea.

Gobernu Kontseiluak, 2020ko azaroaren 10eko batzarrean, Hernaniko (Gipuzkoa) Electroquímica de Hernani SA enpresaren kanpoko larrialdietarako plan berezia onartzeko erabakia hartu zuen. Eta behar bezalako publikotasuna izan dezan, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzen Aldizkarian argitaratzea Hernaniko (Gipuzkoa) Electroquímica de Hernani SA enpresaren kanpoko larrialdietarako plan berezia onartzeko erabakiaren testua (ikusi eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 23a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, AZAROAREN 23KO 96/2020 EBAZPENARENA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIARENA
GOBERNU KONTSEILUAREN 2020KO AZAROAREN 10EKO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA HERNANIKO (GIPUZKOA) ELECTROQUÍMICA DE HERNANI SA ENPRESAREN KANPOKO LARRIALDIETARAKO PLAN BEREZIA ONARTZEA

Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibila zuzentzeko eta koordinatzeko organo gorena, bere eskumenen esparruan. Lege beraren 11. artikuluak dioenez, Segurtasun Saila da Babes Zibileko politikaren organo arduraduna, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorretara egokituko du bere jarduna.

Erabaki-proposamen honen xedea da goiburuan aipatzen den Kanpoko Larrialdi Plana (aurrerantzean KLP) Gobernu Kontseiluari igortzea, kontseiluak onar dezan.

Kanpoko larrialdi plana babes zibileko plan berezia da, eta instalazio horietan gerta litezkeen istripu-hipotesi jakin batzuen aurrean kanpoko erantzuna artikulatzea du helburu, baldin eta istripu-hipotesi horiek enpresatik kanpo eragina izan badezakete. Ildo horretan, enpresak bere barneko larrialdi planean aurreikusitako neurriak osatzen dituzte kanpoko plan bereziek.

Plan horien nahitaezkotasuna eta erregulazioa jarraian azaltzen diren arauak jasotzen dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 2012/18/EB Zuzentaraua, substantzia arriskutsuak tarteko diren istripu larrien berezko arriskuak kontrolatzeari buruzkoa; Estatuko araudian, Babes Zibileko Sistema Nazionalaren uztailaren 9ko 17/2015 Legea; Istripu-arriskua kontrolatzeko eta planifikatzeko babes zibileko Oinarrizko Gidalerroa, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean (1196/2003 Errege Dekretua, irailaren 19koa), eta 840/2015 Errege Dekretua, irailaren 21ekoa, istripu larrietan substantziak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituena. Autonomia-erkidegoei dagokienez, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretua; Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana; larrialdi-egoerei aurre egiteko jarduera, zentro edo establezimendu jakin batzuei eska dakizkiekeen autobabes-betebeharrak arautzen dituen azaroaren 2ko 277/2010 Dekretua; eta 34/2001 Dekretua, otsailaren 20koa, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriei buruzko eskumenak banatzekoa.

Araudi horretan aurreikusten da babes zibileko larrialdi bat eragin dezaketen jardueren katalogo ofizial bat, eta, besteak beste, ezartzen da jarduera horiek egiten dituzten enpresek barneko larrialdi plan bat izan behar dutela, bai eta, hala badagokio, agintariek onartutako kanpoko larrialdi plan bat ere, istripu larrien ondorioak prebenitzeko eta, hala badagokio, arintzeko. Kanpoko larrialdi planetan aurreikusiko dira babes-neurri egokienak, behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak, eta baita esku hartu behar duten agintari, organo eta zerbitzuen koordinazio-eskema, beti ere, aldez aurretik balizko arriskuak aztertu, sailkatu eta ebaluatu ondoren.

Araudi honen aplikazio-eremuaren barruan zerrendatzen diren produktuak biltegiratzen edo jarduerak egiten dituzten industrialek nahitaez eman behar diete organo eskudunei (gure kasuan, Eusko Jaurlaritzan industria-administrazioaren arloan eskumena dutenei) ekoizpen-prozesuei, segurtasuneko eta istripuen prebentzioko politikei eta barneko larrialdi planari buruzko informazioa. Industria-arloko agintari eskudunek aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa ebaluatzen dute, eta babes zibileko organo eskudunei ematen diete. Organo horiek kanpoko larrialdi plana egin behar dute, industrialen laguntzarekin.

Kanpoko larrialdi plana egiteko prozedurak erreferentziazko araudian xedatutakoa bete du: Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena eman du 2019ko abenduaren 18ko ohiko bilkuran, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalaren aldeko txostena jaso da 2020ko urriaren 2an, eta jendaurreko informazioaren izapidea egin da, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren 2020ko otsailaren 6ko Ebazpenaren bidez (EHAA, 33. zk., 2020ko otsailaren 18koa).

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde lehenaren eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, gaia eztabaidatu ondoren, honako hau ebatzi du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Onartzea Hernanin (Gipuzkoa) dagoen Electroquímica de Hernani SA enpresari dagokion Kanpoko Larrialdietarako Plan Berezia.

Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzak eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du.


Azterketa dokumentala