Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2020ko abenduaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
5269

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 26koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2020ko «Nazioarteko Gauzatu» Laguntza Programa arautzen duten oinarriak, eta deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Hala, Laguntza Programa hau beraizik diseinatu da euskal enpresen atzerriko ezarpenak sustatzeko.

Gorago adierazitakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Nazioarteko Gauzatu» 2020 Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Laugarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bilbao, 2020ko azaroaren 26a.

SPRI-Enpresaren Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
NAZIOARTEKO GAUZATU 2020 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Plana (aurrerantzean ENP) Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-eredua ezartzen duen tresna estrategikoa da. Plan horretan politika publiko bat definitzen da, enpresei euren lehen urratsetan laguntzeko kanpoko merkatuetara irekitzen hasten direnean, eta, horrezaz gain, apustu sendo bat egiten da esportatzea ohikotzat duten enpresei balio erantsiko zerbitzuak emateko, zeren enpresa horiek, lehiakortasuna irabazi beharrez, arrisku berriak hartzen dituzte beren gain, merkatuak dibertsifikatzen dituzte eta beren produktuak eta zerbitzuak egokitzen dituzte merkatu globalen eskakizunetara.

Berrikuntza bezala, ENPk aipatzen du egungo errealitate ekonomikora eta euskal enpresen premietara egokitutako finantzaketa-tresnak definitu beharra dagoela, horrela babesa emateko enpresen lehiakortasuna indartuko duten nazioartekotze-ereduen aniztasun handiagoari.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bere ekarpena egin nahi die Nazio Batuek sustatutako Garapen Jasangarriko Helburuei. NBEk 17 helburu (GIH) onartu zituen pobreziari buru emateko bere forma guztietan, desberdintasunak murrizteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko; betiere, bermatuz inor ez dela atzean geratzen.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere egin du 2030 Agendaren erronka unibertsala, eta erabaki du bere politika publikoak 2030 Agendaren erronken arabera bideratzea. Hori dela eta, beraizik txertatuko ditu inplikatuta dauden lurraldeei arlo ekonomiko nahiz sozialeko nazioartekotze-estrategia bermatuko dieten hautaketa-irizpideak.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak erronkatzat hartu du enpresa guztiei laguntzea euren nazioartekotze-prozesuan, ikuspegi inklusiboago eta iraunkorrago batetik abiatuta. Horretarako, apustu bikoitza egin du; alde batetik, laguntasuna emango die kanpoko merkatuetan euren lehendabiziko urratsak ematen ari diren enpresei, euren esportazio-jarduera sendotu nahi dutenei, eta, bestetik, esportatzaileak diren baina, atzerriko herrialdeetan ezarriz, euren irismen globalean jauzi kualitatiboak eman nahi dituztenei.

ENPk orobat aipatzen du premia dagoela Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze arloko gaitasun eta aktiboak integratzeko eta indartzeko. Eta, hain zuzen, premia horri erantzuteko abiarazi zen 2018an Basque Trade & Investment, Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotzeko Euskal Agentzia berria, zeinak erakunde kolaboratzaile bezala parte hartzen baitu Nazioarteko Gauzatu 2020 programan. Era berean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortu da (zuzenbide pribatuko erakunde publikoa), eta haren barruan, Nazioartekotze Zuzendaritza, eskuartean duguna bezalako nazioartekotze arloko laguntza-programak bultzatzeko.

Nazioarteko Gauzatu 2020 programaren kudeaketa berri honek nahitaez eskatzen du programaren araudia errealitate berrietara egokitzea.

Nazioarteko Gauzatu 2020 Programak badu behar besteko aurrekontu-kreditua, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 2020rako prestatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2020ko ekainaren 22an onartua) sartuta dago.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da atzerrian, hots, nazioartean dauden euskal enpresen ezarpenak (ezarpen produktiboak edo produkzio-prozesuari lotutako zerbitzu teknikoenak) kokatzen, zabaltzen eta berritzen laguntzea, babesa emanez sendotu daitezen eta kanpo-merkatuko presentzia indartu dezaten, horrela euren lehiakortasuna eta, beraz, etorkizuneko bideragarritasuna handitzeko.

2. artikulua.– Laguntzaren izaera.

1.– Oinarri hauetan arautzen den laguntza prozedura bakar batean emango da, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz.

2.– Laguntza hauek zuzen jaso diren eskabideen jarraikako aitortza-prozeduraren arabera izapidetuko dira. Zentzu horretan, banan-banan eta hurrenkeran ebatziko dira, eskabidea oinarri hauetan eskatzen den dokumentazioa eta guzti bete den unearen arabera.

3.– Emango den laguntza finantzaketa itzulgarria izango da, interesik gabekoa, eta urtero ordainduko da, eginiko inbertsioen araberako proportzioan.

Interesik gabeko finantzaketa itzulgarria denez, itzuli behar ez den dirulaguntza gisa konputatzen den zatia izango da jasotako zenbatekoa merkatuko baldintzetan jaso balitz ordaindu beharko litzatekeen interes-tasaren baliokidea. Interes-tasa hori deialdia egin den urteko Estatuko aurrekontu orokorretan dago zehaztuta.

4.– Jasotako finantzaketa linealki itzuliko da bost urteko epean, inbertsio-proiektua amaitu ondorengo bigarren ekitalditik aurrera.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2020ko baliabide ekonomikoak 3.935.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2020ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Hauek dira oinarri hauetan jasotako laguntza eskuratu dezaketenak:

– Enpresa Txiki eta Ertainak (ETEak), zeintzuei aplikatuko baitzaie Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB) –zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz- zehazki, araudi horren 17. artikulua, eta, subsidiarioki, laguntza horizontalen araudia eta baita ere laguntza sektorialena, betiere kanpoan uzten badira Salbuespenen Araudi Orokorreko 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategoriak.

– Enpresa handiak, zeintzuei aplikatuko baitzaie Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

ETE definizioa aplikatzeko kontuan hartzen da Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan adierazitakoa (DOUE Aldizkari Ofiziala, L 124, 2006-05-20, 0036-0041 orr).

2.– Enpresek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon behar dute, edo instalazio produktibo bat izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

3.– Onuradun izateko baldintza guztiak dirulaguntzaren indarraldi osoan zehar bete behar dira.

5. artikulua.– Laguntzetatik kanpo geratzen diren inbertsio, erakunde eta enpresak.

1.– Laguntzetatik kanpo geratzen diren inbertsioak:

a) Ez dira onartuko sektore hauetara zuzendutako inbertsioak: eraikuntza, higiezinak, finantzak, aseguruak, defentsa, arrantzako produktuak eta akuikultura eta nekazaritzako ekoizpen primarioa.

b) Enpresa baten akzioak eskuratze hutsa ez da hartuko inbertsiotzat, Batzordearen 651/2014 Salbuespenen Araudi Orokorraren 17. artikuluaren arabera.

c) Ez dira diruz lagunduko ekipamendua edo makineria ordezkatzea beste helbururik ez duten inbertsioak, baldin eta ez badute aldaketa nabarmenik eragiten ekoizpen-prozesuan.

d) Ez dira diruz lagunduko atzerrian banaketa-sare bat ezartzea helburu duten inbertsioak.

2.– Laguntzetatik kanpo geratzen diren erakunde eta enpresak:

a) Enpresa Handien kasuan, ez dira onuradun izango 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso dutenak, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta.

b) Ez dira onuradun izango 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan onuradun izaera lortu ezin dela zehazten duten kasuetan daudenak, eta, bereziki, egoera hauetan daudenak:

i) Enpresa ez egotea egunean Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan.

ii) Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozeduran badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

c) Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

d) Dirulaguntzen deialdi hau egin aurreko 5 urteetan enpresa edota haren lege-ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

e) Armak egitea, merkaturatzea eta finantzatzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraiki.

f) Ezingo dira onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak, ezta sozietate publikoak, eta ezta ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko teknologia-ikerketako erakundeak ere.

6. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen inbertsioak.

1.– Laguntza hau eskuratu ahal izateko, enpresa berriak sortuta edo lehendik daudenak erosita egon behar dira laguntza-eskaera aurkeztu aurretik. Era berean, laguntzaren xede diren inbertsioak eskaera aurkezten den deialdiaren ekitaldian hasi beharko dira; betiere, aurre-eskaera edo eskaera aurkeztu ondoren.

2.– Diruz lagun daitezkeen proiektuek 120.000 euroko gutxieneko inbertsioa lortu beharko dute artikulu honetako 5. puntuan zehaztutako Kontabilitateko Plan Orokorraren kategorietan, eta inbertsioa, gehienez ere, 36 hilabeteko epean gauzatu beharko da. Gutxieneko inbertsioa euskal enpresak proiektuan duen partaidetzaren araberakoa izango da.

3.– Atzerrian ezartzeko proiektutzat jotzen da atzerriko herrialde batean establezimendu berri bat irekitzea edo atzerriko sozietateak eskuratzea, betiere euskal enpresak horietan duen partaidetza gehiengoa bada, salbu eta inbertsioa jasoko duen herrialdeko legeak besterik agintzen badu. Era berean, Batzordearen 651/2014 (EB) Araudiko 17. artikuluan adierazitakoa bete beharko da:

– Establezimendua itxita egotea edo ixtekotan izatea erosia izan ez balitz.

– Aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea.

– Operazioa merkatuko baldintzetan egitea.

4.– Berritze proiektutzat joko dira lehendik dagoen establezimenduaren produkzio-prozesu orokorra esanguratsuki aldatzen dutenak.

5.– Posible da laguntza ematea aktibo finko berriak eskuratzeko, baldin eta laguntzaren xede den ezarpenaren aktiboan txertatzen badira.

a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuko Kontabilitateko Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, edo inbertsioa egingo den herrialdeko Kontabilitate Planaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetan dauden aktiboak izatea:

– 203 Industri Jabetza eta Patenteak.

– 206 Aplikazio informatikoak.

– 210 Lurrak eta Ondasun naturalak.

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makinak.

– 214 Tresneria.

– 215 Bestelako instalazioak.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

«Lurrak eta Ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren gehienezko zenbatekoa laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboen berdina izango da. Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da kontuan hartuko laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa, laguntzak zehazteari dagokionez.

Nolanahi ere, aktiboek zuzeneko lotura izan beharko dute enpresak xede sozialtzat duen jarduerarekin.

Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga edo jomuga herrialdeko baliokidea kenduta ateratzen den balioa.

b) Lehenengo aldiz erabilitakoak edo martxan jarritakoak izatea. Lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak erosten diren kasuetan, berriak balira bezala hartuko dira.

c) Gutxienez hiru urteko amortizazio epea izan beharko dute, eta gutxienez hiru urtez egon beharko dute enpresaren aktiboan.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (eta, nolanahi ere, inoiz ez dira zenbatuko barne hartzen dituzten kanpo-kontsumoak baino balio handiagoarekin).

f) Ez dira diruz lagunduko bazkide batek kapitalari generotan egindako ekarpenak.

g) Posible izango da finantza-alokairuaren bidez finantzatutako inbertsioentzat laguntza ematea, baldin eta enpresa berariaz konprometitzen bada erosketa aukera gauzatzera.

h) Diruz lagun daitezkeen aktibo immaterialak enpresa onuradunaren establezimenduan bakarrik ustiatu beharko dira, aktibo amortizagarriko elementutzat hartuko dira, hirugarrenei merkatuko baldintzetan erosiak izango dira, eta gutxienez bost urteko epean mantendu beharko dira enpresaren aktiboan.

Aurrekoa gorabehera, baldintza hauek betetzen direnean baino ez da diruz lagunduko establezimendu bateko aktiboen erosketa:

i) Establezimendua itxita egotea edo ixtekotan izatea erosia izan ez balitz,

ii) Aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea,

iii) Operazioa merkatuko baldintzetan egitea.

6.– Enpresa elkartu edo lotuei aktiboak erostetik eratorritako inbertsioak espreski jakinaraziko zaizkio SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz emandako 651/2014 Salbuespenen Araudi Orokorrekoaren arabera, eta kanpo-ikuskaritzetan oinarrituta baloratuko dira.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Oinarri hauetako 4. artikuluaren arabera, enpresa onuradunek laguntza hauek jaso ahal izango dituzte:

a) Enpresa txikiek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 50eko finantzaketa itzulgarria.

b) Enpresa ertainek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35eko finantzaketa itzulgarria.

c) Enpresa handiek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko finantzaketa itzulgarria.

2.– Laguntza ezingo da izan 1.000.000 euro baino handiagoa enpresako.

3.– Proiektu bakar baterako laguntza emango da deialdi, enpresa eta herrialde bakoitzeko.

4.– Laguntza kalkulatzerakoan ez dira kontuan hartuko proiektu horiei eragin diezaieketen zergak, edozein motatakoak direla ere.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

Programa honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek xede bererako ematen dituztenekin, baldin eta:

– Enpresa txiki eta ertainen kasuan, ez badute gainditzen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko Salbuespenen Araudi Orokorreko 8. artikuluan ezarritako muga, eta laguntza horien berri eman beharko diote SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari. Muga hori gainditzen bada, soberakinari dagokion kopurua kenduko zaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako laguntzari.

– Enpresa handien kasuan, ez badute gainditzen Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Araudiaren 5. artikuluan ezarritako muga.

9. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean eta 2020ko abenduaren 18an amaituko da. Aurrekoa gorabehera, publikoarentzako arreta 2020ko abenduaren 18ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) bukatuko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza-deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.

3.– Tramitazioa elektronikoki egiteko xehetasunak www.spri.eus/gauzatuinternacional helbide elektronikoan daude, eta helbide horretan bete beharko dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak.

4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.

5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira, www.spri.eus/gauzatuinternacional helbidean.

6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Laguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileek ondoko hauek atxiki behar dizkiote eskaerari:

a) Eskaera telematikoa, enpresari buruzko datuekin behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta.

b) Inbertsio-proiektuari buruzko memoria xehea, zeinetan jasoko baitira inplementazio-egitasmoa, plan ekonomiko-finantzarioa eta horiek burutzeko epeak. Atzerriko sozietate bat erosten den kasuetan, beste enpresa batek egindako balorazioa aurkeztu beharko da, salerosketaren ondorioetarako. Berritze proiektu bat egiten den kasuetan, memoriak xeheki justifikatu behar du berritze horrekin esanguratsuki aldatu dela lehendik dagoen establezimenduaren produkzio-prozesu orokorra.

Kasu guztietan, memoriak frogatu behar du proiektua baliagarria dela enpresak merkatuan duen posizioa, lehiakortasuna eta etorkizuneko jasangarritasuna indartzeko, eta bere baitan jaso beharko du eskatzaileak garrantzitsutzat jotzen duen informazio guztia.

c) Oinarri hauek argitaratu baino lehen aurre-eskaera bat aurkeztu bada, enpresak aurre-eskaera hori atxiki beharko du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ezarritako sarrera-zigiluarekin.

d) Enpresa eskatzailearen eta laguntzaren xede izan den ezarpenaren eratze-eskritura edota ordezkaritza ahalordea eta, hala badagokio, horren aldaketena.

e) Kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

g) ETEen kasuan: Sozietateen gaineko Zergaren azken 200 inprimakia, eskatzailea ETEa dela ziurtatzen duena.

h) Enpresa handien kasuan: aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak.

i) Azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan utzitako Urteko kontuak eta dokumentazio osagarria, edo halakorik ezean Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.

j) Emandako datuak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak behar den dokumentazio edota informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari, aurkeztutako laguntza-eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

3.– Ez da derrigorrezkoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Horrelakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentu horiek, Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoari buruzko Legean ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez.

11. artikulua.– Eskaeren azterketa.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igarotakoan, erakunde onuradunak ez badu akatsa zuzendu horretarako arrazoi justifikaturik gabe, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak txostena ebatziko du eta ebazpen horren berri emango dio erakunde eskatzaileari.

3.– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, eta, orobat, oinarri hauetako 17. artikuluan esleitzen zaizkion funtzioen barruan, txosten bat egitea, non enpresa-proiektua eta berorren bideragarritasuna aztertuko baitira.

Basque Trade & Investment-ek egiaztatuko du kategoria honetan sartzen diren enpresak ETEak direla, Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan adierazitakoaren arabera (DOUE Aldizkari Ofiziala, L 124, 2006-05-20, 0036-0041 orr).

Basque Trade & Investment-ek eskaerei buruzko txosten bat igorriko dio proiektuen jarraipena egiteko sortutako Balorazio Batzordeari, zeinetan egongo baitira:

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria, Batzordeko presidentea izango dena: Iñaki Ezkurra.

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Programa eta Zerbitzuen arduraduna, Batzordeko bokala izango dena: Maite Subinas.

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Programen teknikaria, Batzordeko bokala izango dena: Enbor Barruetabeña

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Tramitazio arduraduna, idazkari izango dena: Iker Arruabarrena,

Batzordearen funtzionamenduari dagokionez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Balorazio Batzordeak aztertuko ditu kanpo ezarpenetarako proposamenak bere sarreraren hurrenkera jarraituz; programen baldintzak betetzen dituela aztertuko du.

Batzordeak hartutako erabakian oinarriturik, finantzaketa itzulgarria emateko proposamen bat idatziko da SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzarentzat.

12. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak oinarri hauetan eskatzen den dokumentazioa eta guzti bete den unearen araberako hurrenkeran izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariari dagokio.

2.– Ebazpenean adieraziko da eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren, eta laguntza ematen den kasuetan, alderdi hauek zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua, onartutako inbertsio-plana, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskaera ukatzen denean, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

3.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkio enpresa interesdun bakoitzari. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa enpresa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota interesdunei ebazpenik jakinarazi ez bazaie, ulertu beharko dute dirulaguntzaren eskaera ukatu zaiela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutako ondorioetarako.

5.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak emango du eskaera onartzeko edo ezezteko ebazpena eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.

1.– Laguntzak jasotzeko, enpresa onuradunek Basque Trade & Investment agentziari aurkeztuko diote gauzatutako inbertsioen aitorpen bat, aitorpen horri erantsiko dizkiotelarik fakturen koadroa –eman zaien ereduaren arabera– eta fakturak eurak.

Behin amaitzen denean inbertsioa gauzatu den ekitaldia, enpresak proiektuaren kanpo ikuskaritza –behar bezala itzulita– aurkeztu behar du, ordainketa egin dadin. Ikuskaritza horrek egiaztatu beharko du inbertsoak gauzatu direla.

Enpresa onuradunak, hala badagokio, SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Basque Trade & Investment-en esku jarriko ditu egindako inbertsioak egiaztatzeko eskatzen zaizkion agiri guztiak.

2.– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen bat emango du, non adieraziko duen zein den enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala). Finantzaketa itzulgarria urtean behin ordainduko zaio enpresa bakoitzari.

3.– Goian adierazitako ebazpena, enpresa onuradunari ez ezik, Finantzen Euskal Institutuari (FEI) ere igorriko zaio, ordaindu dadin bertan adierazitako zenbatekoa.

4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak erabaki negatibo bat hartu duen hura itzultzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketaren eskaerarekin batera, hura ezeztatu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da, ez baita ordainduko hori justifikatu arte.

14. artikulua.– Finantzaketa itzulgarria itzultzea.

1.– Behin inbertsioak amaitu ondoren, enpresek urtebeteko gabealdia izango dute itzulketak egiten hasi aurretik; beraz, lehen itzulketa egingo da proiektua amaitu eta hurrengo 2. urtean, eta gainontzekoak lau urtetan, bata bestearen ostean eta linealki.

Finantzaketaren itzulketak urtero egin beharko dira Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) kontu batean, itzulketari dagokion ekitaldi ekonomikoaren lehen bi hilabeteetan. Urte bakoitzean itzuli beharrekoa jasotako laguntzaren bosten bat izango da.

2.– Enpresa onuradunek autolikidazio txosten bat egin beharko dute emango zaien ereduari jarraiki, bertan adieraz dezaten bost ekitaldietako bakoitzean egin beharreko itzulketaren kalkulua. Behin itzulketa egindakoan, enpresak auto-likidazio txosten hori eta bankuko transferentziaren kopia bat bidaliko dio Basque Trade & Investment agentziari.

Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenek aurreko ekitaldietan egindako itzulketen aipamen bat jasoko dute.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen inbertsioa egiteko eta emandako finantzaketa itzultzeko konpromisoa, edo ez baditu betetzen Oinarri hauetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin ondoren, ebazpen administratibo bidez adieraziko du onuradunak galdu egin duela laguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, jasotako laguntzaren printzipala eta dagozkion interesak itzuli behar dizkiola SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari; betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta beronen garapen arauetan ezarritakoari jarraiki. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien ondorio guztietarako.

2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea, eta posible da espedientea Basque Trade & Investment agentziak edo Finantzen Euskal Institutuak (FEI) proposatuta abiaraztea itzulketei buruzko gorabeherak daudenean.

3.– Enpresa onuraduna konkurtso-prozedura batean badago, Administrazioak aplikagarri diren xedapenen bidez aitortutako lehentasuna izango du eman dituen dirulaguntza itzulgarriak berreskuratzeko.

16. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Inbertsioaren exekuzioa atzeratzea: salbuespen gisa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak urtebeteko atzerapen bakar bat eman ahal izango du egin beharreko jarduerak egiteko, enpresak aldez aurretik eskatu eta justifikatzen badu. Atzerapen horrek dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratuko du, gehienez urtebetez; betiere, alegatutako arrazoiek hala justifikatzen badute. Atzerapen horrek ez du aldatuko onuradunak jasotako finantzaketa itzulgarriaren zenbatekoa, ez eta itzultzeko baldintzak; soilik suposatuko du urtebete atzeratzea laguntza emateko ebazpenean ezarritako itzulketa-datak.

2.– Luzapena itzulketen egutegian: salbuespen gisa, eta enpresaren finantza arloko egoera ebaluatu ondoren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak luzapen bat eman ahal izango du, enpresak aldez aurretik eskatu eta justifikatzen badu. Luzapen horrek eragina izan dezake hasierako egutegian ezarritako itzulketa guztietan edo batzuetan, eta ezingo da izan hasieran finkatutakoa baino urtebete luzeagoa. Luzapen hau emateak berekin dakar dagozkion interes legalak ordaintzeko betebeharra, eta posible da luzapena eman aurretik bermeak eskatzea.

3.– Aldatu badira laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak –betiere, beteta egonik laguntzaren xedea-, eta horrekin batera, eskuratu badira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak, posible da dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, kontuan izanik arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko dela dirulaguntzaren onuradun izateko. Horretarako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak dagokion ebazpena emango du, non emandako laguntzaren zenbatekoa berregokituko baita.

17. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honetan jasotako araubideari jarraituz ematen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua (FEI), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz eta arau honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin bat etorriz.

2.– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Inbertsio-proiektuak aztertu eta kalifikatzea.

b) Ezarpen-plana eta enpresa-proiektua aztertzeko txostenak prestatzea, eta txosten horiek Balorazio Batzordeari helaraztea.

c) Ordainketa-proposamenak eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

d) Itzulketen autolikidazioak ebaluatzea.

e) Oinarri hauetako 16. artikuluan araututako baldintzak aldatzeko proposamenak egitea.

3.– Finantzen Euskal Institutuak (FEI), erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:

a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –interesik badago– haien interesak jasotzea, eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.

c) Programako funtsen finantza-kontrola.

d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea eramatea.

e) Kontabilitateari eta izan litezkeen intzidentziei dagokienez, aldizkako komunikazioak helaraztea Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziari eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

18. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun diren enpresek betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, baldin eta laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, onartutzat joko da.

2.– Laguntza hori eman zen helbururako erabiltzea.

3.– Hitzartutako inbertsioa bete eta justifikatzea.

4.– Inbertsioa egin bitartean, eskatutako informazio osagarri oro igortzea, Administrazioak egin ditzan proiektuaren garatze eta gauzatzeari buruz egokitzat jotzen dituen egiaztapen guztiak.

5.– Inbertsio-proiektuarekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uztea bost urtez.

6.– Eskatzen zaizkien agiri guztiak eman beharko dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, erakunde horiek, deialdi honen kontura jasotako dirualguntzak direla-eta, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dietenean.

7.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein obligazio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraiki, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa dela SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa, berau sortzen duen legeari eta garatzen duen araudiari jarraiki.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi: www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala