Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2020ko azaroaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5083

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Tolosako Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko irailaren 29an, Tolosako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Tolosako Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Tolosako Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Tolosako Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak

Tolosako Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak xedetzat du azpieremu horren hirigintza-antolamendu xehatuaren zehaztapen berriak ezartzea. Jarduketak bizitegi-espazio, ekipamendu, espazio libre, oinarrizko azpiegitura eta bideak antolatzeko dira.

Indarrean den Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) behin betiko onetsi zen 2009ko martxoaren 3ko osoko bilkuran (2009ko martxoaren 31ko GAO, 60. zk.), eta, plan horretan, Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremua jasota dago, Iurre-Iurramendi Pasealekua 24. hirigintza-eremuaren barruan. HAPOren araudi bereziak Iurramendi Pasealekua azpieremuaren antolamendu xehatuaren zehaztasunetan adierazten du azpieremu etena dela, 61.369 m2-ko azalerakoa, eta Tolosako HAPOn 19 Jarduketa Integratuko Esparrua (19. JIE) osatzen duela.

Proposatutako antolamenduak HAPOn ezarritako Sistema Orokorren neurriak eta aprobetxamenduak errespetatzen ditu. Era berean, haren kokapenak, kontzeptuari dagokionez, antzekotasun handia du plan orokor horretan ezarritakoarekin.

Gaur egun, Iurramendi egoitza-ekipamendu komunitarioan sartzeko bideak banantzen du eremua, eta batetik, berdegune handi batez, eta beste batetik, eremuko iparraldeko mugan, Iurramendi pasealekuaren ondoan, bizitegi-erabilerako eraikin batzuez osatuta dago. 7 lurzati pribatuk osatzen dute azpieremua, eta dauden eraikinak finkatuko dira horietatik 3tan. Gainerako eraikinak, indarrean den plangintzaren arabera, antolamenduz kanpo geldituko dira, eta eraitsi egingo dira.

Planaren eremuan honako jarduketa hauek proposatzen dira indarrean den planari dagokionez:

– Eremuaren iparraldean hiru lurzatiri eutsiko zaie, zein bere eraikin blokearekin, eta ipar-ekialdeko mazelako eraikigarritasuna 4 bloke linealekoa ezarriko da.

– Ipar-mendebaldeko mazelan dagoen eraikigarritasunaren zati bat ipar-ekialdeko mazelara eramatea; era horretan, espazioa liberatuko da ipar-ekialdeko mazelan, eta espazio publikoaren erreserba handitzera eta neurri handiagoko hiri-parkea sortzera bideratuko da espazio hori.

– Eraikin blokeak gutxienez 2 metro aldentzea espaloietatik, behe solairuko etxebizitzek pribatutasuna eta hobekuntza orokorra izateko.

– Iurramendi Ibiltokiak eta Paper kaleak bat egiten duten gunea gauzatzea; bloke kurbatu batekin diseinatu da, Iurramendi eraikina Paper kaletik ikusteko.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak hirigintza-antolamendu xehatuko zehaztapen berriak ezartzen ditu. Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eta antolamendu-eremuaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ingurumen-ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruneko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela. Halaber, planak ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik dauden hiri-garapenetan eragiten baitu.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren eremua Tolosako herriguneko hego-mendebaldean dago. Azpieremu etena da, eta muino horretako tokirik garaienean dagoen Iurramendi egoitza-ekipamendu komunitarioan sartzeko bideak bananduta dago. Gaur egun bizitegi-erabilerako zenbait eraikin daude haren ipar-ekialdeko mugan, Iurramendi pasealekuaren ondoan, eta baratze txikiak daude haien artean. Ipar-mendebaldeko mugan hostozabalen heskai bat dago, muinoko goiko aldean hostozabalen eta koniferoen zenbait espezieren zuhaitz-lerro batzuk daude, eta hegoalde / hego-ekialdeko mugan espezie apaingarrien sailak daude. Planaren ingurumen-efektu nagusiak etxebizitza berrien urbanizazio- eta eraikuntza-lanen ondoriozkoak eta eraikinek etorkizunean izango duten egoera akustikoa izango dira, bizitegi-erabilerako eremuetarako kalitate akustikoaren helburuak gaindituko direlako.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planean proposatutako jarduketek, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo efektuak larriagotzea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Plana egokia ote den ingurumenaren arloko Batasuneko edo Espainiako estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Espainiako estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari, zaratari eta biodibertsitateari dagokienez.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planak antolatutako eremua hiri-eremu bat da. Eremua Tolosako herriguneko hego-mendebaldean dago, Araxes eta Oria ibaiek bat egiten duten tokian dagoen muinoan. Azpieremu etena da, eta muino horretako tokirik garaienean dagoen Iurramendi egoitza-ekipamendu komunitarioan sartzeko bideaz bananduta dago. Gaur egun bizitegi-erabilerako zenbait eraikin daude haren ipar-ekialdeko mugan, Iurramendi pasealekuaren ondoan, eta baratze txikiak daude haien artean. Ipar-mendebaldeko mugan hostozabalen heskai bat dago, muinoko goiko aldean hostozabalen eta koniferoen zenbait espezieren zuhaitz-lerro batzuk daude, eta hegoalde / hego-ekialdeko mugan espezie apaingarrien sailak daude.

Hauek dira eragindako ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Eremua Araxes eta Oria ibaiek bat egiten duten tokian dago; lehena Iruña hiribidetik hegoaldean dago, eta eremuaren hegoaldeko muga ere bada, eta bigarrena eremutik 100 bat metro ipar-mendebaldera. Alde horretan Oria ur-masa oso aldatua da (ES028MAR002662), eta haren egoera globala «ona baino okerragoa» da, eta Araxes ibaia ur naturaleko masa bat da (ES023MAR002591), eta egoera global «ona» du.

– Araxes ibaia, eremuko hegoaldean doan zatian, Araxes ibaia KBE Kontserbazio Bereziko Eremua da (ES2120012). Gainera, bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko eremu bat da, espeziea kudeatzeko planaren arabera (2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduaren bidez onetsita), eta lotura-intereseko ibai-zatia, EAEko igarobide ekologikoen sarearen arabera.

– EAEko Batasunaren intereseko habitaten kartografiaren arabera, eremuko belardiak «altitude baxuetako sega-belardi elkorrak» (6510) Batasunaren intereseko habitatarekin bat datoz.

– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan Araxes ibaia jasota dago interes ekonomikoko espezieen kategorian (arrain-ziprinido bizitza), KBE eta espezie mehatxatuentzako interes bereziko eremu gisa (bisoi europarra).

– Iurramendi egoitza Donejakue Bidera atxikitako elementu bat da, monumentu-multzoaren kategoriaren barruan. Nolanahi ere, Donejakue Bidea ez doa eremutik, Oria eta Araxes ibaien eskuineko ertzetik baizik.

– Ez da interes geologikoko lekurik zehaztu. Gipuzkoako klase agrologikoen maparen arabera, eremuko iparraldeko mazelan alubioi estuko lurrak eta malda apaleko metaketa-mazelak daude, hau da, laborantza jarraituko ustiapen-sistemen bidez landatu daitezkeen lurzoruak dira.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, Oria eta Araxes ibaien 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuak eragiten die, hurrenez hurren, eremuko ipar-muturrean dagoen zona txiki bati (Iurramendi pasealekua) eta hegoaldean kokaturiko beste bati (Iruña ibilbidea). Zona horretan Oria ibaia Oria ibaia UAHEren barruan dago (ES017-GIP-15-2). Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna handia da oro har, eta oso handia da eremuko hegoaldeko eta iparraldeko mugetako zona batzuetan. Gainera, eremuan ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan bildutako lurzatirik.

– Eremua Tolosako ikuspen-arroan dago, paisaia-balio txikia du, eta bertako paisaia oso arrunta da.

– Hurbilen dauden zarata-fokuak hauek dira: GI-2130 (eremuko ekialdeko mugatik doa) eta N-1 (urrutiago dago, eremutik hegoaldean). Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera (2017ko ekaina), eremua N-1 errepidearen eragin-eremuaren barnean dago.

Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da udalerrian indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Hori horrela, inpaktu nagusiak etxebizitza berrien urbanizazio- eta eraikuntza-lanen ondoriozkoak izango dira; hondakinak eragingo dituzte horiek, eraikinak eraistearen ondoriozko hondakinak barne, baita soberakinak, istripuzko isurien arriskua eta emisio atmosferikoek eta akustikoek eragindako eragozpenak, etab. Horiek guztiak nagusiki etxebizitza blokeak dauden hiri-periferiako ingurune batean gertatuko dira.

Araxes ibaiaren KBEri dagokionez (eremuko hegoaldeko isurialdean), planaren ondoriozko jarduketak Iurramendi muinoaren iparraldeko isurialdean egingo dira, eta, horrenbestez, ez du zuzeneko eraginik izango (ibilguaren morfologiari, ibaiertzeko landaretzari, faunari eta habitati eragitea), ezta zeharkako eraginik ere (uren kalitatea gutxitzea, emisio atmosferikoak eta akustikoak lanetan, faunari eragozpenak egitea, etab.). Gainera, zarataren ondoriozko eragina nabarmendu behar da N-1 errepidearen eragin-eremuan egongo diren etxebizitza berrien gainean.

Arriskuei dagokienez, eremuaren zati bat 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskugunean dagoela hartu behar da kontuan.

Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen prebenitzeko, babesteko eta zuzentzeko neurriak eta aurrerago zehazten diren neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Tolosako Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

1) Bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

2) Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Tolosako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Jarduera-eremuan hautemandako flora aloktono inbaditzailea guztiz kenduko da (Buddleja davidii eta Cortaderia selloana). Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

• Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Tolosako Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Tolosako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Tolosako Iurramendi Pasealekua 24.1 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala