Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2020ko azaroaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5041

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 18koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bigarren deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko azaroaren 17ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bigarren deialdia onartu du, eta, Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutuak), organismo autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio hura argitaratzea.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bigarren deialdia, zeina organismo autonomo honetako Administrazio Kontseiluak onartu baitu 2020ko azaroaren 17ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez (deialdia ebazpen honen eranskinean jasota dago).

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdia onartzeko hartu duen erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 18a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
COVID-19AREN ONDORIOZ EZARRITAKO ALDI BATERAKO ENPLEGU-ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEEN ERAGINA JASAN DUTEN LANGILEENTZAKO OHIZ KANPOKO LAGUNTZEN BIGARREN DEIALDIA

COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko hartu diren neurriek enpresen jarduera etetea edo murriztea ekarri dute, eta horrek izugarrizko eragina izan du soldatako langileen enpleguan, zeren eta kalte handiak jasan baitituzte aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen bidez kontratuak eten zaizkielako edo lanaldia murriztu zaielako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia jabetu zen lehentasunezkoa zela kalteberatasun-maila handieneko pertsonak babestea, eta, horregatik, 2020ko ekainaren 18an, erabaki zuen soldata baxuenak zituzten langileentzat langabezia-prestazioaren osagarri bat arautzeko oinarriak ezartzea. Helburua zen errenta-gutxitze hori nolabait arintzea eta, ahal zen neurrian, pertsona horiei bizi-maila duin bat mantentzen laguntzea, beren premiak asebete ahal izateko.

Helburu hori lortzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko uztailaren 8ko bilkuran, COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen deialdia onartu zuen, zeina 2020ko uztailaren 27ko EHAAn argitaratu baitzen, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2020ko uztailaren 8ko Ebazpenaren bidez.

Deialdi horren babesean emandako laguntzek osatu egiten dituzte martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan oinarrituta dauden aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen ondoriozko langabezia-prestazioak, 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitartekoak; izan ere, ekainaren 26ko 24/2020 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren arabera, egun horretara arte luzatu ziren mota horretako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan jasotako langabezia-babesaren arloko neurriak.

COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiak oraindik ere ondorio negatiboak sortzen dituenez enpresetan eta enpleguan, irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez, 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatu dira martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan aurreikusita dauden salbuespenezko neurriak –alegia, ezinbesteko arrazoiak eta COVID-19arekin zerikusia duten arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak eta ekoizpenekoak direla-eta kontratuak eteteko eta lanaldiak murrizteko aurreikusitako neurriak–, bai eta halako kasuekin lotuta dauden langabezia-babesaren eta kotizazioaren arloko aparteko neurriak ere. Orobat, neurri espezifikoak aurreikusi dira, enpresen jarduerari eragozpenak edo mugak ezarri izanarekin zerikusia duten lanaldi-murrizketetarako eta kontratu-eteteetarako, baldin eta agintari eskudunek hartutako geldiarazpen-neurrien eta neurri murriztaileen ondoriozkoak badira.

Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren egoera nolakoa den ikusita, eta bat etorriz 30/2020 Errege Lege Dekretuan bildutako neurriekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiko Enplegu Taldeak, 2020ko irailaren 29an, erabaki du 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatzea 2020ko ekainaren 18ko Erabakiaren bidez hartutako neurriak.

Lan eta Enplegu Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren asmoa da, enpleguaren eta gizarte-kohesioaren arloan dituzten eskumenak eta helburuak eta haien esku utzi diren eginkizunak betetze aldera, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak hartu berri duen erabakiari erantzuna ematea eta, beraz, berritzea aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasaten ari diren langileentzat aurtengo uztailean onartutako laguntza ekonomikoko neurriak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, organismo autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2020ko azaroaren 17ko bilkuran, COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen bigarren deialdia onartu du, baldintza hauekin.

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango dituen laguntza jakin batzuk arautzea; hain zuzen ere, COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak direla-eta kontratua etenda edo lanaldia murriztuta izanik, soldata baxuenak jasotzen dituzten langileentzako laguntzak, zeinei esker halako pertsonek jasotzen duten langabezia-prestazioa osatu eta errentetan jasan duten murrizketa arindu nahi baita.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 12.000.000 eurokoak dira guztira; horietatik 5.250.000 euro 2020ko ekitaldiko kredituen kargura finantzatuko dira, eta gainerakoa (6.750.000 euro) 2021eko ekitaldiko kredituen kargura finantzatuko da.

2.– Azken horiei dagokienez, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan araututako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeko araubideari heltzen dio espedienteak, 5.000.000 euroko zenbatekoan. Beraz, agindu horren 5.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, 2021ean zehar laguntzak eman ahal izateko, ezinbestekoa da, aipatu urterako, aldez auretik kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira besteren kontura aritzen diren langileak eta lan-sozietateetako edo lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak, baldin eta 2020ko urriaren 1ean lan-kontratua etenda edo lanaldia murriztuta badute, Enpleguaren Aldeko Gizarte Neurrien irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege Dekretuaren 1., 2. edo 3. artikuluen ondorioz edo ekainaren 26ko 24/2020 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren ondorioz luzatu edo baimendu diren aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen bidez, eta kontribuzio-mailako langabezia-prestazioen titularrak badira edo egoera horretara igarotzen badira 2020ko urriaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra bitartean. Horrez gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi hau EHAAn argitaratu baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta benetan han bizitzea.

b) Lan-kontratua eten edo lanaldia murriztu aurretik, Gizarte Segurantzan kotizatzen zuten kontingentzia arruntengatiko oinarria 20.000 euro edo gutxiago izatea urtean.

2.– Aurreko apartatuetan aurreikusitako betekizunez gainera, onuradunek beste hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigor- edo administrazio-arloko zehapenik ez izatea, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexuan oinarritutako diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuko egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 1. eta 2. apartatuetan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Gehienez ere, zenbateko hauek ordainduko dira, langabezia-prestazioa jaso den egun-kopuruarekiko proportzioan:

– 150 euro/hilean, onuradunaren lanaldia –lan-kontratuaren arabera– % 50 edo hortik gorakoa denean.

– 100 euro/hilean, onuradunaren lanaldia –lan-kontratuaren arabera– % 50etik beherakoa denean.

2.– Diruz lagunduko den aldia honen baliokidea izango da: lan-kontratua etenda edo lanaldia murriztuta izateagatik, 2020ko urriaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra bitartean langabezia-prestazioa jaso den aldia.

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoaren, langabezia-prestazioaren eta, hala badagokio, soldaten edo soldataren ordezko errenten baturak ezingo du gainditu lan-kontratua eten edo lanaldia murriztu aurretik langileak jasotzen zuen ordainsari gordina, aparteko ordainsarien zati proportzionala barne. Muga hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betekizun hori betetzeko bezainbeste.

4.– Laguntzak PFEZari lotuta daude.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Dirulaguntzen eskabideak elektronikoki aurkeztu behar dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragarri egongo den inprimakia erabiliz: https://www.lanbide.euskadi.eus

2.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela; halakoetan, Administrazioak eskaerari buruzko ebazpen espresua eman beharko du, bai eta jakinarazi ere.

3.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko otsailaren 18an amaituko.

6. artikulua.– Prozedura instruitzea eta ebaztea.

1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskabideak azterturik, deialdiaren 3. artikuluan adierazitako baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten eskaera guztiei emango zaie laguntza, harik eta finantzaketa-funtsak amaitu arte.

Aurrekontu-zuzkidura amaitzen bada, geratzen diren eskabideei dirulaguntza ukatuko zaie, eta horren berri emango da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bat argitaratuta.

3.– Dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da onuradunari gehienez ere zer zenbateko dagokion Lanbidek data horretan dituen datuen arabera, eta berariaz ohartaraziko da zenbateko horren ordainketa guztiak egokitu egingo direla, bat etor daitezen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik jasoko diren langabezia-prestazioaren zenbatekoari eta benetako iraupenari buruzko datuekin.

Edozelan ere, dirulaguntzaren amaierako zenbatekoa ordaintzeko, 4.3 artikuluan araututako baldintza betetzen dela egiaztatu beharko da, 8.c) artikuluan aurreikusitako dokumentazioaren bidez.

4.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea egongo da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera; epe hori amaitutakoan, dirulaguntza-eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta ebazpen espresurik eman ez bada.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Bestalde, onuradunei ez zaie laguntzarik esleituko, ez ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek esleitutako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen zehapen- edo itzulketa-prozedura batean sartuta badaude eta prozedura horiek oraindik ere izapidetzen ari badira.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

7. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Esleipena eginda, dirulaguntza hilero ordainduko zaie onuradunei, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatu ondoren eskabidea egin duen pertsona bakoitzari aldi horretarako onartu zaion langabezia-prestazioaren zenbatekoa eta iraupena.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak zer banku-kontutan ordaintzen dion langabezia-prestazioa onuradunari, kontu horretan bertan egingo da ordainketa.

8. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebehar izango dira, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan –testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen– eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasota daudenak. Eta, bereziki, hauek:

a) Helburu berarekin bestelako administrazio publikotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

c) Diruz lagundutako aldian jaso diren soldata-ordainsariei eta soldataren ordezko errentei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, 2021eko martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Lanbidek emandako eredua erabili behar da.

d) Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa ematea eta eskatutako informazio oro ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila, eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

9. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok berekin ekar dezake emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

10. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, beste administrazio batzuek edo bestelako erakunde publiko edo pribatuek kontzeptu berarengatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin.

Orobat, deialdi honetako laguntzak ez dira bateragarriak izango dira enplegu-zentro bereziek edo laneratze-enpresek, hurrenez hurren, desgaitasuna duten pertsonei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei 2020ko bigarren seihilekoan ordaindutako langabezia-prestazioaren osagarriarekin, baldin eta enplegatzaileak, osagarri horiengatik, aparteko dirulaguntzak jaso baditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2020ko uztailaren 1eko bilkuran onartutako deialdiaren babesean (aparteko dirulaguntzetarako deialdi hori 2020ko uztailaren 7ko EHAAn argitaratu zen, eta haren hartzaileak laneratzeko enpresak eta enplegu-zentro bereziak dira, zehazki beren jarduerak etenda edo murriztuta dituztenak COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoera dela eta).

11. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzen onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurreikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez badute betetzen deialdi honetako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzuli eta dirulaguntza ordaindu zen unetik sortutako berandutze-interesak ordaindu beharra, ezertan eragotzi gabe egoki diren gainerako ekintzak, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin. Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela adieraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati batean jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

5.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

12. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago, hemen: https://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

13. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Hori guztia, ezertan eragotzi gabe honako hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.


Azterketa dokumentala