Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2020ko azaroaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5040

3/2020 FORU ARAUA, azaroaren 6koa, iruzur fiskala eragozteko lanabes teknologikoak erabili beharra ezartzen duena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «3/2020 Foru Araua, azaroaren 6koa, iruzur fiskala eragozteko lanabes teknologikoak erabili beharra ezartzen duena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2020ko azaroaren 6a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemak, herrialde garatu gehienen ildo beretik, informazio betebehar ugari hartzen ditu gaur egun barnean; zenbaitetan autonomoak dira obligazio horiek, eta beste batzuetan zerga jakin batzuk atxikitzeko edo kontuan sartzeko betebeharrarekin lotuta daude, zergapekoek gauzatzen dituzten tributu arloko eragiketa garrantzitsuei dagokienez. Obligazio horiek ezartzearekin batera, Zergen Foru Administrazioa behar dituen kontrol tresnez hornitu da arian-arian, lortutako informazioari erabilera hobea eman eta informazio horretatik emaitza onenak lortzeko, eta zergapekoen multzo osoari kontrol maila bera ezartzeko asmoz, edozein dela ere haien forma juridikoa edo irabazten dituzten etekinen tipologia, zergak ordaintzeko obligazioa zuzen betetzen dutela berma dadin.

Hala ere, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) «Salmenten ezabapen elektronikoa: diru sarrera fiskalentzako mehatxua» (2013) izeneko txostenean agerian utzi zuen bezala, iruzur fiskal mota bereziak hautematen ari dira zerga agintaritza askotan: bereziki, diru sarrera urriagoak adieraztea salmenta elektronikoak ezabatuz eta gastu ugariagoak adieraztea faktura faltsuak erabiliz. Horregatik, soluzio teknologikoak ezartzeko gomendatzen die ELGAk zerga administrazioei, halako ihes eta iruzur fiskalak hautemateko eta galarazteko.

Azken urteotan, gomendio horiek gure inguruko herrialde askotan gauzatzen ari dira, bertan zerga sistemak ezarri direlako batik bat azken kontsumitzaileekin lan egiten duten enpresaburu eta profesionalen saltokietako terminalak kontrolatzeko; duela gutxi, horrela egin da, esate baterako, Austrian, eta aurreko urteetan, Suedian, Polonian, Portugalen eta Quebecen (Kanada), besteak beste.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Euskadiko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordeak –hiru foru ogasunek osatzen dute, Eusko Jaurlaritzaren koordinaziopean– Iruzurraren aurka borrokatzeko 2016ko Baterako Planean adierazi zuenez, azken urteetan tresna informatiko berezien erabilera ugaritu da jarduera sektore jakin batzuetan, salmentak ezkutatzeko eta kontabilitateko egoera orriak manipulatzeko. Horiek izaten direnez zerga aitorpenak egiteko oinarria, jardunbide horiei aurka egiteko baterako estrategia bat prestatzeko konpromisoa hartu dute, jarduera sektore jakin batzuetan fakturatzeko sistemen kontrola egiteko tresnen ezarpena aztertu ahal izan dadin.

Estrategia horrekin bat etorriz, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) kudeatzeko sistema berria ezarri zitzaien zergadun jakin batzuei –munta nahiko handiko eragiketa bolumenak dituzten pertsona juridikoak gehienak– berehalako informazio hornidura izeneko sisteman –BIH sisteman- oinarrituta.

Foru arau hau onartuta, Gipuzkoan aurrerapauso kualitatibo bat egiten da jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen eta pertsona juridikoen tributazioa kontrolatzeko neurriei dagokienez, haien tamaina edo eragiketa bolumena edozein dela ere. Izan ere, zergadunak behartuta geratzen dira fakturazio sistemetan neurri teknologiko aurreratuak erabiltzera tresna teknologiko berriak baliatuta. Kontrol sistema horri TicketBAI sistema deitu zaio.

Horrela, ezartzen dituen betebeharren ondorioz, TicketBAI sistema informatiko berriak ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzen ditu. Sistema hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Zerga Administrazioek elkarrekin sustatua da, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzaz.

Aurrekoarekin bat etorriz, TicketBAI obligazio berria berdin konfiguratu eta ezartzen da bai sozietateen gaineko zergaren foru arauan eta bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren foru arauan, eta, igorpenez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan tributatzen duten establezimendu iraunkorrei ere aplikagarri zaie.

Ildo horretan, pertsona fisikoen eremuan, jarduera ekonomikoak egiten dituztenak soilik izango dira obligaziodunak; pertsona juridikoen eremuan, aldiz, ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak egiten dituzten guztiek izango dute obligazio hori, alde batera utzita jarduera horiek ustiapen ekonomiko baten barruan edo eremu horretatik kanpo egiten diren. Horri dagokionez, ohartarazi behar da ezen entitate salbuetsiak eta irabazi asmorik gabeko entitateak ez direla behartuta egongo obligazio hori betetzera, eta partzialki salbuetsitako entitateak, berriz, errentak zerga oinarrian integratu beharra dakarten eragiketengatik bakarrik egongo direla horretara behartuta.

Foru arau honen bidez, aipatutako foru arauetan jasotzen da zer baldintza bete behar dituen sistema informatikoak ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak erregistratzean, fakturak edo eragiketak justifikatzen dituzten bestelako frogagiriak jaulkitzean, eta informazio hori Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzean. Sistemaren berezitasunak erregelamendu bidez garatu eta ezartzea gerorako uzten da.

Bai jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoek bai pertsona juridikoek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zerga Administrazioari helarazi beharko diete sistema informatiko horren erabileraren ondorioz sortzen den informazioa. Informazioa berehala bidali beharko da, eta, beraz, faktura jaulkitzearekin batera, hari buruzko informazioa jasotzen duen fitxategi bat bidaliko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Horrek esan nahi du, alde batetik, obligazioa eragiketaz eragiketa eta ia berehala gauzatuko dela, eta, bestetik, Zerga Administrazioak aldi berean izango duela informazio hori eskura, eta, zalantzarik gabe, horren ondorioz, etorkizunean modu erraz eta sinpleagoan bete ahal izango dituztela zergadunek beren zerga betebeharrak.

Alde horretatik, aipatzekoa da ezen, erregistroan bildu eta Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazten zaion informazioaren barruan, eragiketa justifikatzen duen fakturan jasotako eragiketaren edo eragiketen xehetasunak agertuko direla, betiere datuen babesari dagokion mugarekin, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduak, 2016ko apirilaren 27koak, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babestu eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duenak, ezarritakoa betez.

Era berean, erabaki da etorkizunean erregistro bat egongo dela, bertan inskribatzeko bai aipatutako obligazioak betetzeko behar diren software bereziak eta bai horien garatzaileak. Erregistro horrek konfiantzazko hornitzaileen zerrenda bat jarriko du zergadunen eskura; izan ere, bertan izena emanda daudenek konpromisoa hartuta egon beharko dute, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuta, TicketBAI sistemaren baldintzak betetzen dituen produktu bat emango dutela.

Nahitaezko sistema berri horren beste ezaugarrietako bat da orokortu egiten dela, halako moduz non, salbuespenez, zehaztuko baita zer kasu tasatutan geratuko den zergaduna –izan pertsona fisikoa izan juridikoa– ezarritako betebehar berriak betetzetik salbuetsita. Salbuespen horiek erabatekoak izango dira batzuetan eta obligazio hori osatzen duen elementuetako bat betetzera mugatuko dira beste batzuetan, baina, nolanahi ere, erregelamendu bidez garatuko dira.

TicketBAI sistemaren zutabeetako bat bezeroak edo eragiketaren hartzaileak hartzen duen eginkizuna da; izan ere, ematen zaion faktura edo tiket bakoitzean, QR kodeen irakurgailu baten bitartez egiaztatu ahal izango du faktura hori benetakoa den eta, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali zaion. Horrela, zerga betebeharrak bete diren jakin ahal izango du.

Betebehar hori indarrean jartzeari dagokionez, adierazi behar da 2022tik aurrerako ondorioak izango dituela, baina, ezarri, pixkanaka pixkanaka ezarriko dela, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza eta asistentzia teknikoa eskaini nahi duelako, zergadunak betebehar berrira ahalik eta erosoen eta errazen egokitu daitezen. Helburu horrekin, foru arauak xedapen iragankor baten bidez ezartzen du egutegi hori erregelamendu bidez garatuko dela.

Era berean, sistemaren nahitaezko ezarpena iritsi aurretik hura erabiltzea errazte aldera, xedapen gehigarri bakarrean epe bat ezartzen da zergadunak aukera izan dezan sistema bere borondatez erabiltzeko, haren zehapen araubidearen mende egon gabe. Epe hori 2021eko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta zergadun bakoitzaren nahitaezko ezarpen data iristen denean amaituko da.

Ongi jakinik nolako inpaktu ekonomikoa eskatuko duen egokitzapenak, dela fakturazio terminalen sistema berria ezartzeko, edozein modutakoa izanik ere, dela pertsona fisikoek eta juridikoek gaur egun ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak fakturatzeko erabiltzen dituzten sistema informatikoak ezartzeko, eta pertsona horien artean ahalik eta gehienak sar daitezen borondatez TicketBAI sistema indarrean jartzeko eta ondorioak izateko finkatu den eguna baino lehen, aldi baterako zerga pizgarriak xedatu dira sozietateen gaineko zergan, establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan. Hain zuzen ere, 100eko 30eko kenkaria ezartzen da kuotan, eta betekizun horretara egokitzeko egindako gastuek eta inbertsioek erabakiko dute kenkari horren oinarria zein izango den, muga jakin batzuekin; orobat, zergadunak ezarri zaizkien obligazio berriak betetzeko egin behar dituzten kostuak murrizteko balioko du kenkariak.

Bestalde, kontuan izanik bai kenkari hori eta bai txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitala laguntzeko kenkaria, zeina jasota ageri baita maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauan, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga arloko neurriei buruzkoan, pizgarri bat direla ekipo informatiko eta periferikoak erosteko, foru arau honetan aurreikusitako pizgarritik kanpo uzten dira zergadunek ekipo informatiko eta periferikoen erosketan egindako inbertsio eta gastuak baldin eta aurretik txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria aplikatu badute. Gainera, azken kenkari horren zenbatekoa konputatuko da kenkari honen xede izan daitezkeen inbertsio eta gastuen gehieneko zenbatekoa zehazteko, betiere aurreko paragrafoan aipatutako mugen barruan.

ELGAk egindako gomendioei jarraituz –2013ko txosten horretan eta, duela gutxiago, «Ihes eta iruzur fiskalari heltzeko tresna teknologikoak» (2017) eta «Implementing online cash register: benefits, considerations and guidance» (2019) argitalpenetan– dagokion intentsitatearen araberako zehapen araubidea ezarri da ixteko tresna gisa, sozietateen gaineko zergan, establezimendu iraunkorrentzako ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ezarritako obligazioak ez betetzearen ondoriozko arau hausteekin lotuta. Ildo horretan, bi arau hauste eta lau zehapen zehaztu dira.

Lehen arau haustea informazio betebeharra ez betetzea izango da, eta desberdin zehatuko da ez-betetzea orokortua edo noizbehinkakoa den. Bigarren arau haustea, bestalde, ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien euskarri gisa balio duten softwarea eta artxibo informatikoak suntsitzea, ezabatzea edo manipulatzea izango da, eta bi zehapen mota hartuko ditu barnean: bata zergadunarentzat, berak jokatu badu horrela, eta beste zehapen bat zergaduna ez den edozein subjekturentzat, softwarearen garatzailea nahiz hirugarren norbait izan, hark ere jokabide horretan esku hartu badu.

1. artikulua.– Sozietateen gaineko Zergaren Foru Araua aldatzea.

Lehenengoa.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Bat.– VIII. tituluko II. kapitulua honela berrizendatzen da: «Betebehar formalak eta kontabilitate arlokoak. Kontabilizatu gabeko ondasunak eta eskubideak. Borondatezko birbalorizazioak.»

Bi.– 122 bis artikulu berria gehitzen da, eta eduki hau izango du:

«122 bis artikulua.– Ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatiko bat erabili beharra.

1.– Zerga honetako zergadunak behartuta daude, erregelamendu bidez zehaztuko diren eskakizunen, mugen eta baldintzen arabera, sistema informatiko bat erabiltzera ondasun entrega eta zerbitzu prestazio guztiak dokumentatzen dituzten fitxategi informatikoen osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko, jarraian zerrendatutako eskakizunak betez:

a) Ondasunak entregatu eta zerbitzuak ematen direnean, elektronikoki sinatutako fitxategi informatiko bat sortu beharko du eragiketen faktura edo frogagiria jaulki aurretik, eta araudiaren arabera zehaztutako formatua, edukia eta ezaugarriak izan beharko ditu.

Bereziki, beste informazio batzuen artean, honako hauek jaso beharko ditu letra honetan aipatutako fitxategi informatikoak:

a’) Eragiketa dokumentatzen duenaren aurreko fakturaren edo frogagiriaren identifikazioa.

b’) Egin den eragiketaren fakturaren edo frogagiriaren datuak, babestekoak direnak zainduta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduak, 2016ko apirilaren 27koak, Datu pertsonalen tratamenduari eta datuon zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babestu eta 95/46 (EE) Zuzentaraua indargabetzen duenak, 9. artikuluan aurreikusitakoa betez.

c’) Hurrengo 2. apartatuan aurreikusitako baldintzak betetzen dituen sistema informatikoaren edo softwarearen identifikazioa, baita hura garatu duen pertsona edo entitatearena ere.

b) Zerga Administrazioari berehala bidali beharko dio aurreko a) letran xedatutakoaren arabera sortutako fitxategi informatiko bakoitza.

c) Faktura edo frogagiria identifikatzeko kode bat eta «QR» kode bat sartu beharko ditu eragiketaren fakturan edo frogagirian.

Foru arau honen 12. artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren entitate salbuetsiak eta irabazi asmorik gabeko entitateen araubidea aplikagarri dutenak ––Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan ezarritakoa–, ez dira betebehar horren pean egongo.

Era berean, partzialki salbuetsitako entitateak, foru arau honen 12. artikuluko 2. apartatuan aipatuak, errentak zerga oinarrian integratu beharra dakarten eragiketengatik bakarrik egongo dira betebehar horren pean.

2.– Aurreko apartatuan ezarritako obligazioa betetzeko, zergadunek honako hauek erabili beharko dituzte:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako haien esku jartzen duen aplikazio informatikoa, araudiaren arabera ezarritako baldintzen eta mugen barruan, edo

b) Horretarako eratutako erregistroan inskribatuta dagoen software bat. Era berean, erregistro horretan inskribatuta egon eta erantzukizunpeko adierazpena sinatu duen pertsona edo entitate batek garatutakoa izan beharko da.

Letra honetan aipatutako erregistroan, erregelamenduan xedatutako baldintzetan egingo dira inskripzioak, inskripzio aldaketak eta bajak.

Zergadunak berak garatu badu b) letra honetan aipatutako softwarea, hark sinatu beharko du erantzukizunpeko adierazpena eta aipatutako erregistroan inskribatu beharko du softwarea.

3.– Erregelamendu bidez, erregela bereziak ezarri ahal izango dira, aurreko 1. apartatuan jasotako obligazioari dagokionez, faktura eragiketen hartzaileek edo hirugarren pertsonek egiten duten kasuetarako.

4.– Fakturen edo frogagirien hartzaileei, faktura edo frogagiri horiek jaulki dituzten zergapekoek 1. apartatuan adierazi diren obligazioak bete dituzten egiaztatzeko aukera emango die Zerga Administrazioak.

Erregelamendu bidez garatuko da egiaztapen hori nola egingo den.»

Hiru.– 133. artikulua honela idatzita geratzen da:

«133. artikulua.– Arau hausteak eta zehapenak.

Hurrengo artikuluan eta foru arau honen gainerako artikuluetan xedatutakoa eragotzi gabe, zerga honetan ezartzen diren arau hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak xedatutakoaren arabera zehatuko dira.»

Lau.– 133 bis artikulu berria txertatzen da IX. tituluaren barruan, eta eduki hau izango du:

«133 bis artikulua.– Ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatiko bat erabiltzeko obligazioarekin lotutako arau hausteak eta zehapenak.

1.– Tributuen arloko arau hausteak izango dira:

a) Ez betetzea ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatikoa erabiltzeko obligazioa, foru arau honetako 122 bis artikuluan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritako baldintzei eta eskakizunei jarraikiz.

b) Foru arau honetako 122 bis artikuluan aipatutako sistema informatiko, software, artxibo edo fitxategi informatikoak suntsitzea, ezabatzea edo manipulatzea, dela eskuz, dela prozesu informatiko baten bidez.

2.– Hauek izango dira aurreko 1. apartatuko a) letran aurreikusitako arau haustearekin lotutako zehapenak:

a) Oro har, diruzko isun proportzional baten bidez zehatuko da, eta aurreko ekitaldiko negozio zifraren 100eko 20koa izango da, edo 20.000 eurokoa gutxienez.

Aurreko ekitaldia urte naturala baino txikiagoa izan bada, urtebetera handituko da negozio zifrari dagokion magnitudea.

Jarduera ekonomikoa ekitaldian hasi bada, ekitaldi horri dagokion negozio zifrari erreparatuko zaio, eta ekitaldi hori urtebetetik beherakoa bada, zifra hori kalkulatuko da ekitaldi horretako negozio zifrari dagokion magnitudea urtebetera eramanez.

Subjektu arau hauslea letra honetan xedatutakoaren arabera zehatua izan bada, administrazio bideko ebazpen irmo bat dela eta, aurreko 1. apartatuko a) letran aurreikusitako arau haustea egin aurreko lau urteetan, diruzko isun proportzional baten bidez zehatuko da, eta aurreko ekitaldiko negozio zifraren 100eko 30ekoa izango da, eta 30.000 eurokoa gutxienez.

b) Aurreko a) letran xedatutakoa gorabehera, ondasun entrega edo zerbitzu prestazio bati edo batzuei lotuta badago arau haustea, 2.000 euroko diruzko isun finko batekin zehatuko da araua urratu duen eragiketa bakoitza.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondoriozko zehapena ezingo da izan, inola ere, aurreko a) letran xedatutakoa aplikatuz gero aterako litekeena baino handiagoa.

Subjektu arau hauslea letra honetan xedatutakoaren arabera zehatua izan bada, administrazio bideko ebazpen irmo bat dela eta, aurreko 1. apartatuko a) letran aurreikusitako arau haustea egin aurreko lau urteetan, aurreko a) letrako lehen paragrafoan aurreikusitako zehapena ezarriko da.

3.– Hauek izango dira aurreko 1. apartatuko b) letran aurreikusitako arau haustearekin lotutako zehapenak:

a) Aurreko ekitaldiko negozio zifraren 100eko 20ren diruzko isun proportzionala, eta 40.000 eurokoa gutxienez.

Zehapen hori ezingo da ezarri aurreko 2. apartatuko a) letran xedatutako zehapenarekin batera.

Aurreko ekitaldia urte naturala baino txikiagoa izan bada, urtebetera eramango da negozio zifrari dagokion magnitudea.

Jarduera ekonomikoa ekitaldian hasi bada, ekitaldi horri dagokion negozio zifrari erreparatuko zaio, eta ekitaldi hori urtebetetik beherakoa bada, zifra hori kalkulatuko da ekitaldi horretako negozio zifrari dagokion magnitudea urtebetera eramanez.

Subjektu arau hauslea a) letra honen arabera zehatua izan bada, administrazio bideko ebazpen irmo bat dela eta, aurreko 1. apartatuko b) letran aipatutako arau haustea egin aurreko lau urteetan, diruzko isun proportzional baten bidez zehatuko da, eta aurreko ekitaldiko negozio zifraren 100eko 30ekoa izango da, eta 60.000 eurokoa gutxienez.

b) Zerga Administrazioak egiaztatzen badu softwarea garatu duen pertsonak edo entitateak edo zergaduna ez den beste edozeinek parte hartu duela aurreko 1. apartatuko b) letran aipatutako suntsipenean, ezabapenean edo manipulazioan, subjektu arau hausletzat hartuko dira parte hartu duten pertsona edo entitate horiek ere, eta haiek guztiak zehatuko dira 40.000 euroko diruzko isun finko batekin.

Parte hartu duen subjektu arau hauslea b) letra honen arabera zehatua izan bada, administrazio bideko ebazpen irmo bat dela eta, aurreko 1. apartatuko b) letran aipatutako arau haustea egin aurreko lau urteetan, 60.000 euroko diruzko isun finko batekin zehatuko da.

c) Zergadunak softwarea garatu badu eta, horrekin batera, aurreko 1. apartatuko b) letran aurreikusitako arau haustea egin badu, apartatu honetako a) letran xedatutakoaren arabera zehatuko da arau hauste hori.

Apartatu honen ondorioetarako, pertsona edo entitate batek aurreko 1. zenbakiko b) letran aipatutako suntsipenean, ezabapenean edo manipulazioan parte hartu duela ulertuko da, baldin eta, besteak beste:

– Sistema informatikoa, softwarea, edo artxibo zein fitxategi informatikoak aldatu baditu.

– Sistema informatikoaren edo software, artxibo edo fitxategi informatikoen gaineko kontrola badu edo izan badu nolabait.

– Aipatutako suntsipena, ezabapena edo manipulazioa egiteko sistemak, bitartekoak edo metodoak ipini edo jarri baditu beste pertsona edo entitate batzuen eskura.

– Aipatutako suntsipena, ezabapena edo manipulazioa egiteko jarraibideak adierazi, eman edo erakutsi baditu.

– Berez suntsipen, ezabapen edo manipulaziotzat hartua izateko nahikoa garrantzi izan gabe ere, hark egindako edo egin gabeko zerbait prozesu horren parte izan bada eta, beste pertsona edo entitate batzuek egin edo egin ez dutenarekin batera, horren ondorioa aipatutako suntsipena, ezabaketa edo manipulazioa izan bada.

4.– Artikulu honetan ezarritako arau hausteak eta zehapenak bateragarriak izango dira 2/2005 Foru Arau Orokorrak, martxoaren 8koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzkoak, 206. artikuluan aurreikusitakoekin.

Hala ere, aurreko 2. apartatuan aurreikusitako zehapenetako bat ezartzen denean, ez da bidezkoa izango Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 206.2.b) artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusten duen zehapena ezartzea.

5.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera ezarritako zehapenei aplikatu egingo zaie, hala badagokio, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 192.5 artikuluan aurreikusitako murrizketa.»

Bigarrena.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izateko, hogeita bigarren xedapen gehigarria gehitzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan, eduki hau duena:

«HOGEITA BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatikoaren ezarpena sustatzeko kenkaria.

1.– Foru arau honen 122 bis artikuluan aipatutako beharkizunak betetzen dituen sistema informatiko bat erabiltzera behartutako zergadunek 2020., 2021., 2022. eta 2023. urteetan egindako inbertsio eta gastuen 100eko 30 kendu ahal izango dute beren kuota osotik, sistema horren ezarpenarekin erlazionatuta badaude. Inbertsio eta gastu horiek honako hauek izan beharko dute:

a) Behar diren ekipoak eta terminalak erostea, baita horiekin lotutako softwarea eta periferikoak ere, foru arau honetako 122 bis artikuluan aipatutako obligazioa bete ahal izateko, instalazio eta ezarpen gastuak ere barne.

b) Foru arau honen 122 bis artikuluko 2. apartatuaren b) letran aipatzen diren ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien inguruko betebeharrak betetzeko behar den softwarea eskuratu, harpidetu, entregatu, eguneratu edo berritzea, instalazio eta ezarpen gastuak ere barne.

c) Ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien inguruko betebeharrak betetzeko ezarri behar den sinadura elektronikoko softwarea eskuratu, harpidetu, entregatu, eguneratu edo berritzea, instalazio eta ezarpen gastuak ere barne.

2.– Kenkariaren oinarria aurreko 1. apartatuan aipatutako gastu eta inbertsioen zenbatekoaz osatuta egongo da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 67. artikuluko 3. apartatuan jasotakoaren arabera kalkulatuko da.

Horrela kalkulatutako kenkariaren oinarria ezingo da handiagoa izan hauek baino:

a) 5.000 euro.

b) 2019an amaitutako azken zergaldiari dagokion negozio zifraren zenbateko garbiaren 100eko 1. Jarduera 2019. urtearen ondoren hasi bada, jarduera hasi den zergaldia hartuko da.

Horretarako, zergaldia urte naturala baino laburragoa denean edo zergaldi horretan jarduera ekonomikoa hasi denean, negozio zifraren zenbateko garbiari dagokion magnitudea urtebetera eramango da.

b) letra honen lehen paragrafoan jasotakoa jasota ere, emaitza hori 500 eurotik beherakoa denean, kenkariaren oinarria bi hauetako txikiena izango da:

a’) 2. apartatu honen lehen paragrafoan jasotako kenkariaren oinarria.

b’) 500 euro.

3.– Kenkarirako eskubidea ematen duten gastu eta inbertsioek zergaldi bat baino gehiago hartzen badute, aurreko 2. apartatuan jasotako gehieneko muga bakarra izango da zergaldi guztietarako.

4.– Inbertsio eta gastuen kenkaria ezingo da aplikatu foru arau honetako 122 bis artikuluan aurreikusitako obligazioa zergadun bakoitzarentzat exijigarri bihurtu ondoren egindakoak badira.

5.– Txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkaria, hain zuzen ere, maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga arloko neurriei buruzkoak, 15. artikuluan jasotakoa, aplikatzen duten zergadunek aurreko 1. apartatuko b) eta c) letretan aipatutako inbertsio eta gastuengatik baino ezingo dute aplikatu kenkari hau, betiere baldin eta eraldaketa digitalerako kenkaria 2020an aplikatu zaien inbertsio eta gastuek ez badute gainditzen kenkariaren oinarriaren muga, 15. artikuluaren arabera kalkulatua.

Kasu horietan, kenkari honen oinarriak ezin izango du gainditu eragiketa honen emaitza: 2. apartatuaren arabera kalkulatutako kenkariaren oinarriaren muga ken txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkariaren xede izan diren inbertsio eta gastuen zenbatekoa.

6.– Kuota nahikoa ez izateagatik egin ez diren kenkariak hurrengo hogeita hamar urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietako likidazioetan aplikatu ahal izango dira.

7.– Gastu edo inbertsio berarengatik ezingo da kenkaria entitate batean baino gehiagotan aplikatu, ez eta zerga honetan aurreikusitakoez besteko kenkariak entitate berean egin ere. Era berean, kenkari hau ezingo da aplikatu, foru arau honetako 53. artikuluan aipatutako ekintzailetza sustatu eta jarduera produktiboa sendotzeko erreserba berezia gauzatzeko balio izan duenean.

Kenkari hori ez da bateragarria izango inbertsio edo gastu berberekin erlazionatutako beste edozein zerga hobarirekin, salbu eta amortizatzeko askatasunari, amortizazio azkartuari eta baterako amortizaziori dagokienez.

8.– Foru arau honetako 14. artikuluan aipatutako ondare sozietateek xedapen honetan jasotako kenkaria aplikatu ahal izango dute.

9.– Kenkari honen aplikazioa aukerakoa da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 115. artikuluko 3. apartatuan eta foru arau honen 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera egikaritu daiteke.»

2. artikulua.– Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Foru Araua aldatzea.

Bat.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izateko, hamargarren xedapen gehigarri bat gehitzen zaio Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauari, eduki honekin:

«HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zehapen araubidea.

Establezimendu iraunkor baten bitartez errentak lortzen dituzten zergadunei aplikagarria izango zaie urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzkoak, 133. eta 133 bis artikuluetan xedatutakoa.»

Bi.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izateko, hamaikagarren xedapen gehigarri bat gehitzen zaio Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauari, eduki honekin:

«HAMAIKAGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sistema informatiko baten ezarpena sustatzeko kenkaria.

Foru arau honetako 19.4.a) artikuluan aipatutako kenkariez gain, establezimendu iraunkorren bidez errentak lortzen dituzten zergadunek zilegi izango dute urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzkoak, hogeita bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako kenkaria aplikatzea.»

3. artikulua.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Araua aldatzea.

Lehenengoa.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– 112 bis artikulu berria sartzen da, eta eduki hau izango du:

«112 bis artikulua.– Ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatiko bat erabili beharra.

1.– Foru arau honetako 24. artikuluan xedatutakoaren arabera jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak behartuta daude, erregelamendu bidez zehaztuko diren eskakizunen, mugen eta baldintzen barruan, sistema informatiko bat erabiltzera ondasun entrega eta zerbitzu prestazio guztiak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko, jarraian zerrendatutako eskakizunak betez:

a) Ondasunak entregatzean eta zerbitzuak ematean, elektronikoki sinatutako fitxategi informatiko bat sortu beharko du eragiketen faktura edo frogagiria jaulki aurretik, eta erregelamenduaren bidez zehaztutako formatua, edukia eta ezaugarriak izan beharko ditu.

Bereziki, beste informazio batzuen artean, honako hauek jaso beharko ditu letra honetan aipatutako fitxategi informatikoak:

a’) Eragiketa dokumentatzen duenaren aurreko fakturaren edo frogagiriaren identifikazioa.

b’) Egin den eragiketaren fakturaren edo frogagiriaren datuak, babestekoak direnak zainduta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduak, 2016ko apirilaren 27koak, Datu pertsonalen tratamenduari eta datuon zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babestu eta 95/46 (EE) Zuzentaraua indargabetzen duenak, 9. artikuluan aurreikusitakoa betez.

c’) Hurrengo 2. apartatuan aurreikusitako baldintzak betetzen dituen sistema informatikoaren edo softwarearen identifikazioa, baita hura garatu duen pertsona edo entitatearena ere.

b) Zerga Administrazioari berehala bidali beharko dio aurreko a) letran xedatutakoaren arabera sortutako fitxategi informatiko bakoitza.

c) Faktura edo frogagiria identifikatzeko kode bat eta «QR» kode bat sartu beharko ditu eragiketaren fakturan edo frogagirian.

Halaber, apartatu honetan aurreikusitako obligazioa izango dute errentak esleitzeko araubidean dauden entitateek eta testamentu ahalordea erabili gabe duten herentziek, jarduera ekonomikoa egiten dituztenean, kideei behar diren etekinak esleitzea ezertan eragotzi gabe.

2.– Aurreko apartatuan ezarritako obligazioa betetzeko, zergadunek honako hauek erabili beharko dituzte:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako haien esku jartzen duen aplikazio informatikoa, araudiaren arabera ezarritako baldintzen eta mugen barruan, edo

b) Horretarako eratutako erregistroan inskribatuta dagoen software bat. Era berean, erregistro horretan inskribatuta egon eta erantzukizunpeko adierazpena sinatu duen pertsona edo entitate batek garatutakoa izan beharko da.

Letra honetan aipatutako erregistroan, erregelamenduaren arabera xedatutako baldintzetan egingo dira inskripzioak, inskripzio aldaketak eta bajak.

Zergadunak berak garatu badu b) letra honetan aipatutako softwarea, hark sinatu beharko du erantzukizunpeko adierazpena eta aipatutako erregistroan inskribatu beharko du softwarea.

3.– Erregelamendu bidez, erregela bereziak ezarri ahal izango dira, aurreko 1. apartatuan jasotako obligazioari dagokionez, faktura eragiketen hartzaileek edo hirugarren pertsonek egiten duten kasuetarako.

4.– Fakturen edo frogagirien hartzaileei, faktura edo frogagiri horiek jaulki dituzten zergapekoek 1. apartatuan adierazi diren obligazioak bete dituzten egiaztatzeko aukera emango die Zerga Administrazioak.

Erregelamendu bidez garatuko da egiaztapen hori nola egingo den.»

Bi.– 117. artikulua honela idatzita geratzen da:

«117. artikulua.– Arau hausteak eta zehapenak.

Hurrengo artikuluan eta foru arau honen gainerako artikuluetan xedatutakoa eragotzi gabe, zerga honetan ezartzen diren arau hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak xedatutakoaren arabera zehatuko dira.»

Hiru.– 117 bis artikulu berria txertatzen da XIII. tituluaren barruan, eta eduki hau izango du:

«117 bis artikulua.– Ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatiko bat erabiltzeko obligazioarekin lotutako arau hausteak eta zehapenak.

1.– Tributuen arloko arau hausteak izango dira:

a) Ez betetzea ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatikoa erabiltzeko obligazioa, foru arau honetako 112 bis artikuluan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritako baldintzei eta eskakizunei jarraikiz.

b) Foru arau honetako 112 bis artikuluan aipatutako sistema informatikoa, softwarea edo artxibo zein fitxategi informatikoak suntsitzea, ezabatzea edo manipulatzea, dela eskuz, dela prozesu informatiko baten bidez.

2.– Hauek izango dira aurreko 1. apartatuko a) letran aurreikusitako arau haustearekin lotutako zehapenak:

a) Oro har, diruzko isun proportzional baten bidez zehatuko da, eta aurreko ekitaldiko negozio zifraren 100eko 20koa izango da, edo 20.000 eurokoa gutxienez.

Aurreko ekitaldia urte naturala baino txikiagoa izan bada, urtebetera eramango da negozio zifrari dagokion magnitudea.

Jarduera ekonomikoa ekitaldian hasi bada, ekitaldi horri dagokion negozio zifrari erreparatuko zaio, eta ekitaldi hori urtebetetik beherakoa bada, zifra hori kalkulatuko da ekitaldi horretako negozio zifrari dagokion magnitudea urtebetera eramanez.

Subjektu arau hauslea letra honetan xedatutakoaren arabera zehatua izan bada, administrazio bideko ebazpen irmo bat dela eta, aurreko 1. apartatuko a) letran aurreikusitako arau haustea egin aurreko lau urteetan, diruzko isun proportzional baten bidez zehatuko da, eta aurreko ekitaldiko negozio zifraren 100eko 30ekoa izango da, eta 30.000 eurokoa gutxienez.

b) Aurreko a) letran xedatutakoa gorabehera, ondasun entrega edo zerbitzu prestazio bati edo batzuei lotuta badago arau haustea, 2.000 euroko diruzko isun finko batekin zehatuko da araua urratu duen eragiketa bakoitza.

Aurreko paragrafoan xedatutakotik ondorioztatzen den zehapena ezingo da izan, inola ere, aurreko a) letran xedatutakoa aplikatuz gero aterako litekeena baino handiagoa.

Subjektu arau hauslea letra honetan xedatutakoaren arabera zehatua izan bada, administrazio bideko ebazpen irmo bat dela eta, aurreko 1. apartatuko a) letran aipatutako arau haustea egin aurreko lau urteetan, aurreko a) letrako lehen paragrafoan aurreikusitako zehapena ezarriko da.

3.– Hauek izango dira aurreko 1. apartatuko b) letran aurreikusitako arau haustearekin lotutako zehapenak:

a) Aurreko ekitaldiko negozio zifraren 100eko 20ren diruzko isun proportzionala, eta 40.000 eurokoa gutxienez.

Zehapen hori ezingo da ezarri aurreko 2. apartatuko a) letran xedatutako zehapenarekin batera.

Aurreko ekitaldia urte naturala baino txikiagoa izan bada, urtebetera eramango da negozio zifrari dagokion magnitudea.

Jarduera ekonomikoa ekitaldian hasi bada, ekitaldi horri dagokion negozio zifrari erreparatuko zaio, eta ekitaldi hori urtebetetik beherakoa bada, zifra hori kalkulatuko da ekitaldi horretako negozio zifrari dagokion magnitudea urtebetera eramanez.

Subjektu arau hauslea a) letra honen arabera zehatua izan bada, administrazio bideko ebazpen irmo bat dela eta, aurreko 1. apartatuko b) letran aipatutako arau haustea egin aurreko lau urteetan, diruzko isun proportzional baten bidez zehatuko da, eta aurreko ekitaldiko negozio zifraren 100eko 30ekoa izango da, eta 60.000 eurokoa gutxienez.

b) Zerga administrazioak egiaztatzen badu softwarea garatu duen pertsonak edo entitateak edo 112 bis artikuluaren arabera obligaziodun ez den beste edozeinek parte hartu duela aurreko 1. apartatuko b) letran aipatutako suntsipenean, ezabapenean edo manipulazioan, subjektu arau hausletzat hartuko dira parte hartu duten pertsona edo entitate horiek ere, eta haiek guztiak zehatuko dira 40.000 euroko diruzko isun finko batekin.

Parte hartu duen subjektu arau hauslea b) letra honen arabera zehatua izan bada, administrazio bideko ebazpen irmo bat dela eta, aurreko 1. apartatuko b) letran aipatutako arau haustea egin aurreko lau urteetan, 60.000 euroko diruzko isun finko batekin zehatuko da.

c) Zergadunak softwarea garatu badu eta, horrekin batera, aurreko 1. apartatuko b) letran aurreikusitako arau haustea egin badu, apartatu honetako a) letran xedatutakoaren arabera zehatuko da arau hauste hori.

Apartatu honen ondorioetarako, pertsona edo entitate batek aurreko 1. zenbakiko b) letran aipatutako suntsipenean, ezabapenean edo manipulazioan parte hartu duela ulertuko da, baldin eta, besteak beste:

– Sistema informatikoa, softwarea, edo artxibo zein fitxategi informatikoak aldatu baditu.

– Sistema informatikoaren, softwarearen, edo artxibo zein fitxategi informatikoen gaineko kontrola badu edo izan badu nolabait.

– Aipatutako suntsipena, ezabapena edo manipulazioa egiteko sistemak, bitartekoak edo metodoak ipini edo jarri baditu beste pertsona edo entitate batzuen eskura.

– Aipatutako suntsipena, ezabapena edo manipulazioa egiteko jarraibideak adierazi, eman edo erakutsi baditu.

– Berez suntsipen, ezabapen edo manipulaziotzat hartua izateko nahikoa garrantzi izan gabe ere, hark egindako edo egin gabeko zerbait prozesu horren parte izan bada eta, beste pertsona edo entitate batzuek egin edo egin ez dutenarekin batera, horren ondorioa aipatutako suntsipena, ezabaketa edo manipulazioa izan bada.

4.– Artikulu honetan ezarritako arau hausteak eta zehapenak bateragarriak izango dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 206. artikuluan aurreikusitakoekin.

Hala ere, aurreko 2. apartatuan aurreikusitako zehapenetako bat ezartzen denean, ez da bidezkoa izango martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 206.2.b) artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako zehapena ezartzea.

5.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera ezarritako zehapenei aplikagarri izango zaie, hala badagokie, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 192.5 artikuluan aurreikusitako murrizketa.»

Bigarrena.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, hogeita hamaseigarren xedapen gehigarri berria sartzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, eta honela dio:

«HOGEITA HAMASEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzeko sistema informatikoaren ezarpena sustatzeko kenkaria.

1.– 2020ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean, pertsona fisikoek, errentak esleitzeko araubidean dauden entitateek eta testamentu ahalordea erabili gabe duten herentziek jarduera ekonomikoak egiten badituzte, zilegi izango dute aplikatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezartzen duen kenkaria, bertan ezarrita dauden baldintzen eta eskakizunen arabera, eta xedapen gehigarri honetan jasotako berezitasunak kontuan hartuta.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen den kenkaria aplikatuko zaio zergadunaren jarduera ekonomikoen etekinek osatutako zerga oinarri orokorrean zerga honetan dagokion kuota osoari.

3.– Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateen eta testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzien kasuan, aipatutako hogeita bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan aurreikusitako gehieneko muga, errentak esleitzeko araubidean dauden eta jarduera ekonomikoak egiten dituzten entitateetako bazkide, oinordeko, komunero edo partaideei dagokiena, entitatearen negozio zifraren zenbateko garbia eta pertsona horien partaidetza kontuan hartuta kalkulatuko da.

Aurrekoa aplikatuko da errentak esleitzen dituzten entitateetako bazkide, oinordeko, komunero edo partaideei beren jarduera ekonomiko indibidualengatik egokitu dakizkiekeen gehieneko mugak edozein direla ere.

4.– Kenkari honen aplikazioa aukerakoa da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 115. artikuluko 3. apartatuan eta foru arau honen 104. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera baliatu daiteke.»

4. artikulua.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoa Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, aldatzea.

2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ezabatzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauaren 205. artikuluko 2. apartatuaren c) letran jasotzen den azken paragrafoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Foru arau honetan aurreikusitako tresna teknologikoak erabiltzeko borondatezko epea.

1.– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eta foru arau honetan aurreikusitako tresna teknologikoak erabiltzea zergadun bakoitzarentzat nahitaezko bihurtzen den egunera arte, sozietateen gaineko zergaren zergadunek, establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek bitarte horretako zati batean edo tarte osoan egindako ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategi informatikoak prestatu eta bidaltzeko erabili ahal izango dituzte beren borondatez tresna teknologiko horiek, baita horiek erabiltzeari utzi ere.

2.– Denbora horretan tresna horiek borondatez erabiltzea ez da foru arau honetan aurreikusitako arau-hausteen eta zehapenen araubideen mende egongo.

Era berean, borondatezko erabilera hori edo haren amaiera ez zaio aldez aurretik jakinarazi beharko Zerga Administrazioari.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Foru arau honetan aurreikusten diren lanabes teknologikoak erabiltzeko obligazioak ezartzeko egutegia.

Foru arau honek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 122 bis artikuluan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 112 bis artikuluan ezartzen dituen betebeharrak exijituko dira jarduera sektore bakoitzerako erregelamenduaren bidez definituko den ezarpen egutegiaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Fakturazioaren kontrolerako euskarri gisa balio duten programa edo artxibo informatikoak eta erabilitako kodifikazio sistemak suntsitu, ezabatu edo manipulatzeak dakarren arau haustearen araubide iragankorra.

Foru arau honen 4. artikuluan xedatutakoa gorabehera, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikagarria izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 205.2.c) artikuluko azken paragrafoa, foru arau hau indarrean jarri aurretik zeukan idazkeran, bi foru arau hauek adierazitako artikuluetan jasotzen dituzten obligazioak zergadun bakoitzarentzat exijigarri bihurtu aurretik egin diren arau hauste guztietarako: urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 122 bis artikuluan, edo urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 112 bis artikuluan, kasuan-kasuan zer dagokion.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, bere manuetan espresuki aurreikusten diren ondorioak ezertan eragotzi gabe.


Azterketa dokumentala