Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2020ko azaroaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5026

AGINDUA, 2020ko azaroaren 4koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegora sartzeko 2021eko prestaketa-laguntzak.

Giza baliabideen garrantzia abiaburu hartuta, eta jakinda zenbateraino den beharrezko Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegora sartzeko bidea ematea eta erraztea, egonkortasuna bultzatzeko eta Justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea ona izateko, eta, hartara, herritarrak gustura egoteko eta konfiantza handiagoa izateko Justizia Administrazioarekin, erabaki dugu duela hamarkada bat baino gehiago abiarazitako jarduera-ildoarekin jarraitzea, eta agindu honen bidez hainbat laguntza ematea, Zuzenbideko lizentziadunak motiba daitezen beren urratsak Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegora bideratzera. Hartara, Justizia Administrazioak langile egonkorrak izango ditu, eta lana eraginkorrago eta kalitate hobeaz jarduteko moduan egongo da.

Aurreko deialdiekin alderatuz, eutsi egin zaie deialdi horien ildo orokorrei, baina, aldaketa aipagarri gisa, hauek nabarmendu behar dira: batetik, justifikatzeko modua, familia-mendetasunik ez dagoenean diru-sarrera propioak egiaztatuz gero, eta, bestetik, bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarrerak bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko berregokitzea, merezimenduen balorazioaren kasuan.

Lan eta Justizia Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan –Lan eta Justiziako sailburuaren 2020ko otsailaren 11ko Aginduaren bidez onartua– kokatzen da deialdi hau, eta gastu-espedientearen aurretiko izapide-araubidearen mende dago, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua aplikatuz. Agindu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako gastu-espedienteen aurretiko izapidea.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, kendu eta aldatu ziren, eta bakoitzaren funtzioak eta jardun-eremuak zehazten dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan xedatutakoaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean txertatzen dira iraungitako Lan eta Justizia Saileko Justizia Sailburuordetzako organoak eta unitateak.

Era berean, Administrazio Publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora iristeko oposizioak prestatzeko 40 beken 2021eko deialdia iragartzea eta arautzea.

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.

1.– Urteko 6.600 euro izango da beka bakoitzaren zenbatekoa. 550 euro emango dira hilean.

2.– Laguntza hilero ordainduko da, eta, ahal dela, hilaren hasieran.

3.– 2021eko ekitaldian, agindu honetan jasotako laguntzetarako berrehun eta hirurogeita hamalau mila (264.000) euroko kopurua ezarriko da, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarritako aurrekontu-partidaren kontura.

4.– 2021eko ekitaldirako kreditu egokia eta nahikoa izan arte ez dira emango bekak.

3. artikulua.– Iraupena.

1.– Bekek urte naturaleko iraupena izango dute, hau da, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte.

2.– Baldin eta, aurreko zenbakian ezarritako epean, dagokion hautaketa-prozesua gainditzen badu onuradunak, laguntzaren aldia bere izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean amaituko da, edo, lehenago gertatzen bada, Eskola Judizialean sartzen denean.

3.– Deialdi honen xede diren bekak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

4. artikulua.– Eskakizunak.

Eskatzaileek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkeztean:

a) Oposizioaren azken deialdian eskatutako baldintzak betetzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta azken zazpi urteetatik gutxienez bostetan bertan bizi izana.

c) Zuzenbideko lizentzia edo gradua izatea.

d) Lizentzia edo gradua, gehienez ere, orain dela zazpi urte lortutakoa izatea.

e) Espediente akademikoan, batez besteko nota 6 izatea.

f) Karrera Judizialeko edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izatea, edo, laguntzaren onuradun izatekotan, zuzendaritza hori izateko konpromisoa adieraztea.

Prestatzailea beste kidego batekoa izan daiteke, baldin eta prestakuntza-prozesua gidatzeko merezimenduak dauzkala irizten bazaio. Horretarako, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak behar bezala arrazoitutako baimena eman beharko du.

Horretarako, norbait gai dela iritziko da baldin eta arlo juridikoan ospe eta esperientzia profesional aitortua badu eta egiaztatzen badu Zuzenbideko Lizentzia edo Gradua baduela eta karrerako funtzionario gisa 15 urte egin dituela Administrazio Publikoetako kidegoetan, zeinetan sartzeko, espresuki galdatzen bada Zuzenbideko Doktoretza edo Lizentzia edukitzea eta Justizia Epaitegietan esku hartzea badakarte.

g) Deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko bekaren baten, antzeko ezaugarriak dituen graduondokoren baten edo laguntzaren baten onuradun ez izana hiru urteko gehienezko epean, izan jarraian zein aldizka.

h) Eskatzailea mantentzen dutenek 80.000 euro gordinetik gorako diru-sarrerarik ez edukitzea, edo 20.000 euro gordin, norbere sarreren mende badago. Diru-sarreratzat hartuko dira laneko edota jarduera ekonomikoetako etekinen ondoriozkoak eta kapital higiezin zein higigarrietako etekinen ondoriozkoak. Era berean, irabazizko transmisioetatik eratorritako ondare-irabaziak ere zenbatuko dira.

Berdin zenbatuko dira langabeziagatiko, aurretiko erretiroagatiko, ezintasunagatiko eta DSBEgatiko prestazioak, kontribuzio-prestazioak edo kontribuziorik gabeko prestazioak, gizarte-behar larrietarako diru-sarrerak, gizarteratzeko diru-sarrerak edo aurrekoen antzeko beste batzuk.

Baldin eta independentzia ekonomikoa eta familiarra badute eskatzaileek, norbere baliabide ekonomiko nahikoak egiaztatu beharko dituzte, bai eta familiarena ez den bestelako helbide bat ere.

Baldin eta bere gurasoak ez diren pertsonek mantentzen badute eskatzailea ekonomikoki, gutxieneko denboraldi batez elkarrekin bizi izana egiaztatu beharko du ebazpen bidez, epai bidez edo zuzenbidean onartutako legezko bitartekoren baten bidez. Denboraldi hori 2019ko urtarrilaren 1etik eskabideak aurkezteko epea ireki bitartekoa izango da gutxienez.

Karrera judizialerako eta fiskalerako eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegorako oposizioak prestatzeko xedearekin, eskatzaileek jasotako laguntza publikoak edo pribatuak, edo antzeko beste laguntza batzuk, ez dira norbere diru-sarreratzat hartuko.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen legezko debekurik.

Sexuagatiko diskriminazioa dela-eta zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

Betebehar horiek onuradun izaten hasteko zein onuradun izaten jarraitzeko galdatu ahal izango dira, eta, beraz, horiek betetzen direla egiaztatuko da, bai laguntzak ematen diren unean, bai ordaintzen diren unean.

k) Ezin izango dira beken onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusten den debekuren bat dutenak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide horiek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dira.

– Aurrez aurre: eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean zerbitzuan), Eusko Jaurlaritzaren Justiziako Lurralde Kudeaketako Unitateetan, edota Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

– Bitarteko elektronikoak erabiliz: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, artikulu honen 4. apartatuan adierazitako helbideetan.

3.– Eskabidea izapidetzeko eta dokumentuak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak ez dakar hortik aurrera bide bera erabili beharra prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta une oro alda daiteke aukeratutako bidea.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre zein elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/becas-carrera-judicial-2020-2021/web01-tramite/es

Eskabidearen osteko izapideak, elektronikoki, honako webgune honetan egin daitezke: https://www.euskadi.eus/mi-carpeta/web01-sede/es/

5.– Eskabidea, agindu honi erantsitako eredu normalizatuaren arabera (I. eranskina), egoitza elektronikoan eskuragai dagoen inprimakian beteko da osorik, eta aginduzko dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da.

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen egiaztagiriak. Gainera, eskabidearen ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen duen bezala.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskakizunak egiaztatzea eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

NANaren fotokopia.

Udal ziurtagiria, jatorrizkoa edo kopia ziurtatua, eskatzailearen administrazio-auzotasuna eta bizilekua egiaztatzen dituena 4. artikuluko b) letran ezarritako epean. Ziurtagiriak, gainera, eskatzailearen bizilekuan bizi diren pertsona guztiak jaso beharko ditu.

Eskatzailea mantentzen dutenen egoera ekonomikoari buruzko egiaztagiriak. Horretarako, 2019. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, bestela, 2019an izandako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten dokumentuak, haien sarrera-maila dela-eta, aipatu aitorpena egin behar ez dutenen kasuan.

Betiere, PFEZaren dokumentazioa eta eranskinak aurkeztuko dira, eta, horietan, berariaz jaso beharko dira diru-sarrera gordinak eta lan-etekinen eta jarduera ekonomikoen etekin garbiak, bai eta kapital higiezinen, higigarrien eta ondare-irabazienak ere.

Halaber, eskatzaileak edo hura mantentzen dutenek langabezia-prestaziorik, aurre-erretirorik, larrialdi sozialeko diru-sarrerarik, gizarteratzeko laguntzarik edo halako sarrerarik jaso izan badute 2019. urtean, horien egiaztagiriak (INEMekoak, Gizarte Segurantzakoak edo dagokien erakunde edo organoenak), jasotzailea errenta-aitorpenean sartuta egon zein ez.

Eskatzailea mantentzen duten pertsonen banaketa, dibortzio edo antzeko egoerarik baldin bada, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioaz gain (familia liburua, epaia, eta abar), beharrezkoa da hitzarmen arauemailea ere aurkeztea. Hitzarmen arauemaile horretan jasotako diru-sarrerak ordaindu ez izana zuzenbidean onartutako legezko bitartekoren baten bidez egiaztatuko da.

Baldin eta, independentzia ekonomikoa eta familiarra justifikatzeko, haien diru-sarrerak baliatu nahi badituzte eskatzaileek, pertsona fisikoen 2019. urteko errentaren gaineko zergaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, bestela, 2019ko ekitaldian izandako diru-sarreren egiaztagiriak, haien sarrera-maila dela-eta, aipatu aitorpena egin behar ez dutenen kasuan.

Halaber, alokairu-kontratua, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo bizi den etxebizitzaren titulartasuna egiaztatzen duen bestelako titulu bat aurkeztu beharko dute.

Eskatzaileak bere gurasoak ez diren pertsonen mende badaude ekonomikoki, salbuespenezko egoera hori egiaztatu beharko dute, eta, horretarako, mendetasun hori justifikatzen duen ebazpena, epai judiziala edo legez onartutako bestelako bitartekoren bat aurkeztu beharko dute.

Espediente akademiko osoa, jatorrizkoa edo kopia autentikoa.

Aurreko deialdietan ikasketa-espedientea aurkeztu duten eskatzaileek ez dute berriro aurkeztu beharrik izango.

Espediente horretan, batez besteko nota orokorra jaso beharko da berariaz (0tik 10erako zenbaki-eskalan).

Euskara-maila egiaztatzeko dokumentazio originala edo haren kopia ziurtatua. Aurreko deialdietan dokumentazio hori aurkeztu duten edo Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan dauden eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik izango.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duten jatorrizko ziurtagiriak, organo eskudunek emanak.

Artikulu honetako a) eta f) puntuetan galdatutako dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du laguntzak kudeatzen dituen organoak, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren arabera.

Era berean, ofizioz egiaztatu ahal izango da, artikulu honetako e) puntuan galdatutako dokumentazioa eskatzean aldez aurretik baimena eman eta gero. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:

Prestatu asmo duen oposizioaren azkeneko deialdian eskatu ziren eskakizunak betetzen dituela.

Ez dela izan deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko bekaren, antzeko izaeradun graduondokoren edo laguntzaren baten onuradun hiru urteko gehieneko epean, izan jarraian zein aldizka.

Eskatzaileak Karrera Judizialeko edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza duela, edo izango duela baldin eta laguntzaren onuradun izatea lortzen badu.

Ez duela xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

Ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea desgaitzen duen legezko debekurik, berariaz aipatuz sexuagatiko diskriminazioarengatik direnak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren xedapenean ezartzen dena betez.

Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela.

Ez dagoela itzultze- edo zehapen-prozedura batean, edo hori amaituta duela; hortaz, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

Betetzen dituela laguntza hauen onuraduna izateko indarreko araudian ezarritako baldintzak.

Egiazkoak direla eskabidean eta erantsitako dokumentazioan jasotako datuak.

Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekurik.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak egiaztatzen badu zerbait falta dela edo ez direla aurreko artikuluetan adierazitako eskakizunak betetzen, hamar eguneko epea emango zaio hutsa zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, aldez aurretik ebazpena emango da.

9. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio deialdi hau kudeatzea.

10. artikulua.– Merezimenduen balorazioa.

1.– Onuradun izan ahal izateko, honako merezimendu hauek hartuko ditu kontuan hautaketa-batzordeak:

a) Egoera ekonomikoa, 0tik 45 puntura bitarteko eskalan baloratuko da, banakapen honen arabera:

a) Diru-sarrerak eurotan, familia-unitateko.

(Ikus .PDF)

b) Diru-sarrerak eurotan, familia-unitateko kide bakoitzeko, gehienez:

(Ikus .PDF)

Etekin garbien arabera zenbatuko dira PFEZren aitorpenaren bidez egiaztatzen diren diru-sarrerak, bai laneko eta jarduera ekonomikoko etekinen ondoriozkoak, bai kapital higiezin zein higigarrietako etekinen ondoriozkoak. Era berean, irabazizko transmisioetatik eratorritako ondare-irabaziak ere zenbatuko dira.

Zuzenbidean legez onartutako eta PFEZren aitorpenaz bestelako bitartekoen bidez egiaztatutako gainerako diru-sarreretan, diru-sarrera osoak zenbatuko dira.

Tarte bakoitzeko puntuazioa bateratua eta haztatu gabea izanen da.

b) Espediente akademikoa espediente horren batez besteko nota orokorraren arabera baloratuko da, 0tik 35era puntu artean, banakapen honen arabera:

– 9tik ohorezko matrikulara: 35 puntu.

– 8tik 8,99ra: 30 puntu.

– 7tik 7,99ra: 25 puntu.

– 6tik 6,99ra: 15 puntu.

c) Euskara jakitea: 0 eta 15 puntu bitartean, B1: 5 puntu, B2: 10 puntu, eta C1: 15 puntu.

d) Aurreko urteetan onuraduna izatea: 0tik 5 puntu bitartean. Urtebetez: 2 puntu; bi urtez: 5 puntu.

2.– Eskatzaile biren edo gehiagoren artean puntuazio-berdinketa egonez gero, hauek hartuko dira kontuan berdinketa hori hausteko: lehenik, espediente akademikoaren batezbesteko nota orokorra; berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna emango zaio egoera ekonomikoagatik lortutako puntuaziorik altuenari; eta, oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna emango zaio aurreko urteetan onuraduna izateagatik lortutako puntuaziorik altuenari.

11. artikulua.– Laguntzen onuradunak hautatzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, hautaketa-batzordeak proposatuko ditu beken hautagaiak. Honako hauek, edo beraiek izendatutako ordezkoek, osatuko dute batzorde hori:

Lehendakaria:

– Justizia Administrazioko zuzendaria.

Bokalak:

– Karrera Judizialeko kide bat, Euskadiko Justizia Epaitegi Nagusiko presidenteak izendatua.

– Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia.

– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justiziako zuzendaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu-salako idazkaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Fakultateetako dekanoak.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzako teknikari bat izango da idazkaria, haren titularrak izendatua.

2.– Aurrez ezarritako baremoen arabera hautatuko dira hautagaiak, hautaketa-batzordeak onartutako garapenaren arabera, zeinaren bidez baloratuko baititu eskatzaileek egiaztatutako merezimenduak. Akordioak hartzeko, batzordeko kideen gehiengo osoak ados egon behar du. Berdinketarik sortzen bada, presidenteak izango du boto erabakigarria.

3.– Batzordeak, 40 hautagaien zerrendarekin batera, lortu duten puntuazioaren arabera hautatuak oposiziogilearen kidegoa edozein dela ere, hurrengo puntuazioak lortu dituzten 10 eskatzaileen beste zerrenda bat proposatuko du, ordezko izan daitezen, lehenengo zerrendan proposatutakoek onuradun izateari uzten badiote, amaitzea, uko egitea, ez-betetzea, gerora sortutako desgaitasuna edo beste edozer gerta ere, betiere laguntza eman eta bi hilabeteko epean jazotzen bada egoera hori.

4.– Ordezko izango diren 10 hautagai horien zerrenda merezimendu lehenetsien arabera lortu duten puntuazioaren hurrenkeran osatuko da.

5.– Deialdi honen bidez emango diren beketan bakanterik sortuko balitz, lehenengo ordezkoak eskuratuko du hutsik geratutako beka, 3. artikuluan ezarritako epea osatzeko falta den aldian.

Edonola ere, ekitaldiko aurrekontutik erabilgarri dagoenaren araberako laguntza emango zaio ordezkoari.

12. artikulua.– Bekak esleitzea.

1.– Hautaketa-batzordearen proposamena aztertu ondoren, Justizia Sailburuordetzak deialdia ebatziko du, hautatutako izangaiak, haien ordezkoak eta, halakorik balego, bakanteak adierazita. Sei hileko epea izango du, gehienez, erabakia hartu eta jakinarazteko, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera.

Batzordeak epe horretan ez badu erabakirik adierazten, eskabide guztiak ezetsitzat joko dira. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio, hilabeteko epean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari.

2.– Hautatutako izangaiak ez dira itzultze- edo zehapen-prozedura batean egongo, edo hori amaituta izan behar du; hortaz, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

3.– Prozedurari buruzko ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteaz gain, hautatutako izangaien zerrenda, ordezkoen zerrenda eta, halakorik balego, bakanteen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira Justiziako sailburuordearen ebazpen baten bidez, bai eta emandako beka bakoitzaren zenbatekoa ere.

13. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntzen onuradunek prestatzaile baten zuzendaritza izan beharko dute, zeina Karrera Judizialekoa edo Fiskalekoa izango baita, edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegokoa, edo agindu honen 4. artikuluaren f) letraren 2. eta 3. paragrafoetan ezarritakoaren arabera berariaz baimendutako pertsonena.

2.– Beka jasotzea bateraezina da bestelako beka oro jasotzearekin, gai honen antzeko graduondoko ikasketekin edo ordaindutako zerbitzu-emate ororekin, non eta ez diren ordezkapen-lanak egiten Organo Judizialetan edo Fiskaltzan; kasu horretan, eta aldez aurretik eskatuta, bekaren ondoriozko eskubide ekonomikoak eten egingo dira prestazio horrek dirauen artean. Egoera hori ez da inolaz ere 6 hilabete baino gehiago luzatuko, bekak dirauen aldian.

3.– Beka etenda geratuko da, halaber, istripuagatik edo gaixotasun larriren batengatik onuraduna ezinduta geratzen bada. Behar bezala egiaztatu beharko du ezintasun hori, eta ez du aurreko puntuan ezarritako denbora-muga gainditu beharko.

4.– Epe hori igarota, oraindik ere beka etetea eragin zuten gorabeherek hor jarraitzen badute, bukatutzat emango da beka.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunak beka onartzeak dakar deialdi honetan jarritako arau guztien men geratzea, eta, zehazki, 13. artikuluan jasotako gorabeherarik gertatuz gero, horren berri eman beharra.

Emate-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera 15 egun pasata, onuradunak laguntza onartu duela ulertuko da, aurkakorik adierazi ezean.

2.– Karrera Judizialeko edo Fiskaleko kideek, Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko kideek edo, hala badagokio, laguntzen organo kudeatzaileak baimendutako pertsonek emandako prestaketa-ikastaroetara erregulartasunez eta aprobetxamenduz joatea.

3.– Deialdi honen ondoren egingo den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea, betiere gutxienez urtebeteko tartea baldin badago laguntzak emateko ebazpena argitaratzen den egunaren eta hautaketa-prozesuaren deialdia argitaratzen den egunaren artean.

Ondorio horietarako, hautaketa-prozesuan parte hartu duela ulertuko da prozesu horretako onartuen zerrendan badago eta azterketetara aurkeztu eta egiten baditu. Baldintza horiek egiaztatzeko, zuzenbidean legez onartuta dauden ziurtagiriak edo egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

Betiere, aurreko urteetan onuradun izan direnek ondorengo hautaketa-prozesuetan parte hartu beharko dute, puntu honen lehen paragrafoan aipatzen den urtebeteko epea igaro ez bada ere.

Hautaketa-prozesu horietan parte hartzen dutenek ziurtagiriak edo egiaztagiriak bidali beharko dituzte parte hartu duten hautaketa-prozesua egin eta berehala.

4.– Hiru hilean behin, oposizioa prestatzen egindako gastuen justifikazio-memoria helaraztea; prestatzaileak epe horretan egin dituen fakturak (jatorrizkoak nahiz kopia konpultsatuak) erantsi behar zaizkio memoriari.

5.– Dirulaguntza indarrean den bitartean gertatutako gorabeheren berri ematea Administrazioari.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, haien egitekoak betez, laguntzen xedea fiskalizatzeko eskatutako informazio guztia ematea.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura jasotzen diren laguntzen inguruan indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezartzen diren gainerako betebehar guztiak, eta, zehazki, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazten dena (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, laguntza eta dirulaguntza publikoen onuradunek dituzten betebeharrei buruzkoa, onartzen duena).

15. artikulua.– Onuradunen justifikazio-memoria.

1.– Laguntzen onuradunek agindu honen 14. artikuluaren 4. apartatuan aurreikusitako justifikazio-memoria aurkeztu beharko dute hiru hilean behin, agindu honen II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Eredua euskadi.net egoitza elektronikoan argitaratuko da.

2.– Justifikazio-memoria aurrez aurre aurkez daiteke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, Justiziako Lurralde Kudeaketako Unitateetan, edota Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetan, dokumentu normalizatuan, atal guztiak behar bezala beteta.

3.– Halaber, justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira helbide honetan: https://www.euskadi.eus/mi-carpeta/web01-sede/es/

16. artikulua.– Onuradunei jarraipena egitea.

1.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak egingo die jarraipena laguntzen onuradunei. Horretarako, hiru hilez behingo txostena eskatuko die onuradunen prestatzaileei.

2.– Prestatzaileek, aldizka eskatzen zaien txostena egiteaz gain, eskatzaileen aprobetxamenduan gertatzen den gorabeheraren berri eman beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari.

17. artikulua.– Lehentasunezko destinoa eskatzea eta zerbitzu-ematearen iraupena.

1.– Laguntzen onuradunek, oposizioa gainditua badute, Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren destinoak eskatu beharko dituzte lehentasunez.

Beste destino bat hautatuz gero, itzuli egin beharko dira kontzeptu hori dela-eta jaso diren laguntzak, hautaketa hori justifikatzen duen ezinbesteko arrazoi objektiborik ez badago behintzat.

2.– Hautaketa-prozesua gainditu ondoren destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortuz gero, gutxienez bi urtez jardun beharko dute lanean autonomia-erkidegoan bertan, halabeharrak eraginda beste nonbait jardun beharra egokitzen ez bazaie behintzat.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

Jasotako laguntza agindu honetan aurreikusten ez diren jardueretarako erabiltzea osorik edo zati batean.

Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo, hala badagokio, emate-ebazpenean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

Hala badagokio, dirulaguntza likidatzeko ebazpenean ezartzen den zenbatekoa horretarako zehaztu den epean ez itzultzea.

Dirulaguntzen arloan bete beharreko bestelako baldintzak, eta, zehazki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dira.

2.– Ez-betetze horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako kopuruak, eta itzulketa egokia dela hitzartzen denetik ordainketa egin artean sortzen diren berandutze-interesak eskatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraikiz eta horietan zehaztutako baldintzen arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta berau garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluak ezarritakoa aplikatuko zaie.

Modu osagarrian aplikatuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 4a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala