Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2020ko azaroaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5022

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 11koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez baimentzen baita 30 kV-ko «Miranda-Ircio 1» goi-tentsioko aireko linea 41 eta 51 euskarrien artean desbideratzeko instalazioa, hegazti-fauna babesteko egokitzeko, Zanbranako udalerrian (Araba); horrez gain, proiektua onartzen da eta onura publikokoa dela deklaratzen da.

Espediente zk.: 01-AT-Y-2020-00014.

AURREKARIAK

1.– 2020-03-06an, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU– k administrazio-baimena, onura publikoaren deklarazioa eta egikaritze-proiektuaren onespena eskatu zituen Zanbranako udalerrian (Araba) 30 kV-ko «Miranda-Ircio 1» goi-tentsioko aireko linea 41. eta 51. euskarrien artean desbideratzeko, hegazti-fauna babesteko egokitzeko.

2.– Jendaurrean erakusgai jarri dira delako proiektua eta aipatutako eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua; 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17 eta 52. artikuluak eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua.

3.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkiak argitaratu ziren Zanbranako Udalaren iragarki-taulan –2020ko uztailaren 21etik abuztuaren 24ra–, 2020ko uztailaren 27ko ALHAOn, 2020ko uztailaren 16ko EHAAn, «Diario Noticias de Álava» egunkariaren 2020ko uztailaren 22ko alean eta «El Correo» egunkariaren 2020ko uztailaren 28ko alean.

4.– Jendaurrean jartzeko izapidea egiten ari zelarik, sail honek Zanbranako udalari separata bat bidali zion 2020-07-17an, eta Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura eta Mugikortasun Sailari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari, eta Telefónica de España, SAU-ri 2020-10-06an. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak eta Telefónica de España, SAU-k aldeko txostena eman zuten, eta besteek ez dute epearen barruan alegaziorik aurkeztu.

5.– Arauzko epearen barruan, María Concepción Cañas García de Andoain andreak alegazioak aurkeztu zituen 2020-08-06ko datarekin, bere lurzatiaren mugan kokatu beharreko euskarriaren eta bertan dagoen hesiaren inguruan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Espedientean, arauzko izapideak bete dira, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legean; Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan; eta Goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean, eta bat datorren gainerako legeak.

2.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

3.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpenaren arabera, energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzen esku uzten da. Eskuordetza horren bidez, ebazpen hau ematen da.

4.– Baietsi egiten da Maria Concepción Cañas García de Andoain andreak 2020-08-06an aurkeztutako alegazioa, berretsi egiten da bere mugaren ezagupena eta sustatzaileak egin beharreko hesia aldatzeko edozein obratan duen erantzukizuna, eta hori jasotzen du sustatzaileak 2020-09-24ko alegazioari emandako erantzun espezifikoan.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– Baimena ematea i-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresari Zanbranako udalerrian (Araba) 30 kV-ko «Miranda-Ircio 1» goi-tentsioko aireko linea 41. eta 51. euskarrien artean desbideratzeko instalazioa jartzeko, hegazti-fauna babesteko egokitzeko, eta dagokion proiektua onartzea.

2.– Baimendu den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea.

Ebazpen hau ematen da 282/2002 Dekretuan xedatutakoaren arabera eta baldintza orokor hauek kontuan hartuz:

1) Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

2) Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera zenbatzen hasita.

3) Lanak amaitzean, instalazioen titularrak Arabako Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman eta abian jartzeko akta egiteko.

4) Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak edozein direla ere eta horiek eragotzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industriako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 11.

Arabako lurralde-ordezkaria,

JESÚS PASCUAL LORENTE.


Azterketa dokumentala