Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2020ko azaroaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5021

94/2020 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Osasun sailaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialen arteko lankidetza-hitzarmena, lanbide-jarduera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpoko osasungintza eremuetan egiten edo egin duten pertsonak akreditatzeko prozedura ezartzeko, erizainek ahalmena izan dezaten gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzeko, horrela eskatzen baitu urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak, zeinak urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretua aldatzen baitu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osasun sailaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialen arteko lankidetza-hitzarmena, lanbide-jarduera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpoko osasungintza eremuetan egiten edo egin duten pertsonak akreditatzeko prozedura ezartzeko, erizainek ahalmena izan dezaten gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzeko, horrela eskatzen baitu urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak, zeinak urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretua aldatzen baitu. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 12a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 12KO 94/2020 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, OSASUN SAILAREN ETA ARABAKO, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO ERIZAINEN ELKARGO OFIZIALEN ARTEKOA, LANBIDE-JARDUERA OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUTIK KANPOKO OSASUNGINTZA EREMUETAN EGITEN EDO EGIN DUTEN PERTSONAK AKREDITATZEKO PROZEDURA EZARTZEKO, ERIZAINEK AHALMENA IZAN DEZATEN GIZAKIENTZAKO SENDAGAIAK ETA PRODUKTU SANITARIOAK AHOLKATZEKO, ERABILTZEKO ETA BANATZEA BAIMENTZEKO, HORRELA ESKATZEN BAITU URRIAREN 22KO 1302/2018 ERREGE DEKRETUAK, ZEINAK URRIAREN 23KO 954/2015 ERREGE DEKRETUA ALDATZEN BAITU
BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio Berraondo Zabalegui jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea, zeinak jarduten baitu Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak 5.2.g) artikuluan ematen dion eskuduntzari jarraikiz.

Eta bestetik, Hosanna Parra Vinós andrea, Arabako Erizainen Elkargoko presidentea; María José García Etxaniz andrea, Bizkaiko Erizainen Elkargoko presidentea, eta Pilar Lecuona Ancizar andrea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoko presidentea.

AZALTZEN DUTE:

Urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak, urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretua aldatu eta erizainek gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzeko prozedura arautzekoak, 2. artikuluan ezartzen du erizainek, beren jarduera profesionalean, gizakientzako sendagaiak –medikuaren preskripziorik gabekoak– eta produktu sanitarioak aholkatu, erabili eta banatzea baimendu ahal izango dutela, modu autonomoan, 5. artikuluan ezarritako ezaugarriak izango dituen banaketa-agindu baten bidez. Hori egiteko, zainketa espezializatuetako erizainak dagokion akreditazioa eduki beharko du, dagokion autonomia-erkidegoko organo eskudunak errege-dekretu horretan ezarritakoa betez emanda.

Halaber, errege-dekretu beraren 3. artikuluak xedatzen du erizainek, beren jardun profesionalean, medikuaren preskripzioa duten sendagaiak aholkatu, erabili eta banatzea baimendu ahal izango dituztela, 6. artikuluan aipatutako praktika kliniko eta asistentzialeko protokolo edo gidei jarraikiz eta banatze-agindu egokiaren bidez. Elkarlaneko jarduera horiek betetzeko, bai zainketa orokorrez bai zainketa espezializatuez arduratzen diren erizainek dagokien akreditazioa eduki beharko dute, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko organo eskudunak emanda.

Osasun Sailak, bere eskumenak betez, Osasuneko sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Agindua eman du, eta agindu horren bidez xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan zer erakundek bideratuko dituzten Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo osasungintzako beste eremu batean jardun profesionalean aritzen edo aritu diren pertsonen akreditazioak.

Osasuneko sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz (agindu horren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan erizainek gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzeko baldintzak betetzen dituztela akreditatzera bideratutako prozedura), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpoko eremu batean jardun profesionalean aritzen edo aritu diren erizainak akreditatzeko sistema hitzartu da Erizainen Elkargo Profesionalekin, urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan ezarritakoa betetzeko; eta Osasun Sailaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erizainen Elkargo Profesionalen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu behar da, akreditazio hori izapidetzeko baldintzak ezartzeko.

Horregatik guztiagatik, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hauek izango dira lankidetza-hitzarmena arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honek xedetzat du Osasun Sailaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erizainen Elkargo Profesionalen arteko lankidetza-baldintzak ezartzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo osasungintzako beste eremu batean jardun profesionalean aritzen edo aritu diren erizaintzako profesionalek gizakientzako sendagaiak eta produktu sanitarioak aholkatzeko, erabiltzeko eta banatzea baimentzeko behar duten akreditazioa izapidetzeko, eskatutako eskakizunekin bat etorrita.

Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Erizainen Elkargo Ofizialen konpromisoak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialek, nork bere lurraldean, konpromiso hauek hartzen dituzte:

1) Urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak aldatutako 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea. Hau da, Erizaintzako Graduko, Erizaintzako Diplomaturako edo Osasun Laguntzaile Teknikoko titulazioa –edo horren baliokidea– edukitzea, eta honako bi baldintza hauetako bat betetzea:

a) Urtebeteko gutxieneko lanbide-esperientzia egiaztatzea.

b) Administrazio sanitarioak doan eskainitako egokitze-ikastaroa gainditzea.

Hori guztia egiaztatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte akreditazioa eskatzen duten pertsonek:

a) Akreditazio-eskaera.

b) Titulazioaren ziurtagiri ofiziala.

c) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eginiko lan-bizitzaren ziurtagiria, erizaintzako urtebeteko lan-esperientzia egiaztatzeko.

d) Egokitze-ikastaroa gainditu dutela egiaztatzen duen ziurtagiria, horrela dagokionean.

e) Araudian ezarritako akreditazio-baldintzak betetzen dituztela dudarik gabe bermatzen duen beste edozein agiri, aurrekoak argitzeko.

2) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Zuzendaritza eskudunari berehala jakinaraztea dagokion akreditazioa jaso behar duten pertsonen zerrenda.

3) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Zuzendaritza eskudunari jakinaraztea, halaber, beste autonomia-erkidego batzuetako erregistroetan izena emanda duten profesionalen akreditazio-zerrenda eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo emandako egokitze-ikastaroa gainditu dutenen zerrenda.

4) Hitzarmen honetako jarraipen-batzordean parte hartzea.

2.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren konpromisoak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

1) Akreditazioa egitea, dagokion elkargo profesionalak interesdunen zerrenda jakinarazi ondoren, 2019ko abenduaren 10eko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz; horri dagokion ziurtagiria ematea eta berau jakinaraztea interesdunari eta Estatuko zein Euskal Autonomia Erkidegoko Profesional Sanitarioen Erregistroei.

2) Hitzarmen honetako jarraipen-batzordean parte hartzea.

Hirugarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da lankidetza-hitzarmen honetan hitzartutako helburuen jarraipena egiteko. Alderdi sinatzaileen bina ordezkari egongo da bertan, eta funtzio hauek edukiko dituzte:

a) Hitzarmen honen helburuak lortzeko proposatutako jarduera-plana onartzea. Jarraipen Batzordeak jarduera zehatzak onartuta ere, jarduera horiek berariazko akordio edo hitzarmen bat izapidetu edo sinatzea eska dezakete, horretarako aplikatu beharreko araudiaren arabera.

b) Egutegi bat ezartzea, hitzarmenaren jarraipena adierazitakoaren arabera egiteko beharrezkoak diren bileretarako.

c) Hitzarmen honen interpretazioak eta aplikazioak auzirik sortuz gero, horren gaineko ebazpena ematea.

2.– Jarraipen Batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Osasun Sailaren ordezkari izango dira Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.

b) Erizainen Elkargo Ofizialen ordezkari izango dira: Pilar Lecuona Ancizar andrea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoko presidentea eta Cecilia Nabal Vicuña Elkargo horretako aholkulari juridikoa.

3.– Era berean, hitzarmena sinatzen duten aldeei eskumena ematen zaie egokitzat jotzen dutenean batzordekideak izendatzeko. Betebehar bakarra izango da: beste aldeari batzordearen eraketan eginiko aldaketen berri ematea; kasu horietan, ez da beharrezkoa izango beste hitzarmen bat sinatzea.

Laugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean bertan jarriko da indarrean, eta 2022ko ekainaren 30ean amaituko da.

Nolanahi ere, alderdiek hitzarmena salatu ahal izango dute, baina idatziz jakinarazi beharko diote beste aldeari, hitzarmena amaitu nahi duten eguna baino hiru hilabete lehenago.

Halaber, adierazitako indarraldia amaitu baino lehen, bi alderdiek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea gehienez ere beste lau urtez.

Bosgarrena.– Aplikatu beharreko araudia.

Hitzarmen honek administrazioen arteko hitzarmenaren izaera du, eta hauek ditu arau: hitzarmenaren klausulak, aplikatzekoak zaizkion arau bereziak, eta, zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen VI. kapituluak ezarritakoa.

Alderdi sinatzaileek honako arau hauetan xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dute: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; eta 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

Seigarrena.– Aldaketa-araubidea.

Hitzarmen honetan edozein aldaketa egiteko, alderdiek aho batez erabaki beharko dute.

Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek lankidetza-hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 16a.

Osasuneko sailburuordea,

IGNACIO JESÚS BERRAONDO ZABALEGUI.

Arabako Erizainen Elkargoko presidentea,

HOSANNA PARRA VINÓS.

Bizkaiko Erizainen Elkargoko presidentea,

MARÍA JOSÉ GARCÍA ETXANIZ,

Gipuzkoako Erizainen Elkargoko presidentea,

PILAR LECUONA ANCIZAR.


Azterketa dokumentala