Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2020ko azaroaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
4900

EBAZPENA, 2020ko irailaren 24koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako irakurlea hautatzeko deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Georgiako Ivane Javakhishvili Tbilisi State University Unibertsitaterako, hemendik aurrera TSU, irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzea, ondoko unibertsitatean aritzeko:

– Irakurle bat Ivane Javakhishvili Tbilisi State University Unibertsitaterako.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:

– TSU Unibertsitaterako: sei mila (6.000) euro 2020-2021 ikasturterako. Hamar mila (10.000) euro 2021-2022 ikasturterako.

Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletza mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.

Horretaz gain, kontuan izan behar da TSU Unibertsitateak eskola orduko 25 GEL-eko ordainsari gordina eskainiko diola irakurleari, baita kontratuari lotutako onurak ere, osasun asegurua barne. Gainera kontratatutako irakurleari Unibertsitatetik gertu hiri erdialdean apartamentua bermatuko dio eta TSU-k ordainduko du hilero apartamentuaren alokairua, erabilerako gastuak ezik.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

Giza zientzien, Gizarte-zientzien edo Letretan gradu edo lizentzia bat (adibidez hizkuntzak, filosofia, historia, hizkuntzalaritza, itzulpengintza) eta Giza zientzien, Gizarte-zientzien edo Letretan Masterra izatea. Euskara gaitasunean 3 HE edo C1 mailako egiaztagiri baliokidea izatea eta gutxienez ingeleseko C1 maila egiaztatua izatea. Hizkuntzalaritza arloan artikuluren bat argitaratua izatea edo arlo horretako konferentziaren batean hitzaldi batekin parte hartu izana egiaztatzea.

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko (A Hizkuntza: euskara) Gradua edo lizentziak eta arlo horietako masterrak lehenetsiko dira, baita euskararen 4. HE edo C2 maila egiaztatuta izatea ere, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

4. artikulua.– Lan baldintza zehatzak helburuko Unibertsitatean.

Eskola orduak: irakasleak lanaldi osoko ordukako kontratua izango du (asteko 15 ordu arte jardun akademikoetan).

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.

Hautatua TSU Unibertsitateari atxikiko zaio, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko du eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaizkion ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromisoak onartzea ekarriko du eta honako eskubideak izatea:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– 2020-2021eko bigarren seihilean zehar Humanitate Fakultateko unitate administratibo eta akademikoekin aktiboki lan egitea Euskara eta Euskal Kulturako modulua [edo programa akademikoa] garatzeko eta euskara eta euskal kultura TSUko komunitatean sustatzeko.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– 2021eko otsailaren 15erako TSU unibertsitatera bertaratzea, bi asteko egokitze aldia egitera (eta COVID-19aren ondoriozko 8 eguneko berrogeialdia) 2021eko martxoaren lehen egunetan klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea 2021-2022 ikasturte amaiera arte, zehazki 2022ko abuztuaren 22a arte hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dagoelarik. Hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan. Kasu guzti hauetan, salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.

– 2020-2021 ikasturtea eta 2021-2022 ikasturtea amaitutakoan zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat bidaltzea Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.

– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.

– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio TSU unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak.

TSU unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Hautagaiek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: www.euskadi.eus gunean aurkeztu ahalko dira eskabideak, artikulu honetako 2. atalean adierazitako helbidean. Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

2.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

TSU Unibertsitatea: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042308

3.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

5.– Hautagaiek eskabidea egiterakoan ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

– Nortasun Agiria, AIZ edo pasaportearen kopia.

Espainiakoa Nortasun Agiria baduzu, hautazkoa duzu kopia aurkeztea.

– Unibertsitate mailako Tituluaren kopia.

Espainiako Unibertsitate bateko Titulua baduzu hautazkoa duzu kopia aurkeztea.

– Master Tituluaren kopia.

– Euskara Maila egiaztatzen duen agiriaren kopia.

HABE, EGA, IVAP edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko Agiria baduzu, hautazkoa duzu kopia aurkeztea.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek bere gisara erabiltzeko bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek bere gisara erabiltzeko bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere 9000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Karaktere kopurua gainditzen duten proiektuak ez dira onartuko. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da.

– Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien kopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskeraren erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteko 30 eguneko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

9. artikulua.– Hautagaiaren betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesatuek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesatuak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Hautagaiak espainiar nortasun agiri edo pasaporterik ez duenean, pasaportearen kopia aurkeztu beharko du. Hautagaiak espainiarra ez den unibertsitate bateko titulua duenean, fotokopia aurkeztu beharko du.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin aldaketarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Hautagaiak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Hautagaiak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

10. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa eta 40/2015 urriaren 1eko Legeak, Alor Publikoaren Araubide Juridikoak kide anitzeko organoei buruz esandakoa kontuan hartuko da.

Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.

11. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Giza zientzien, Gizarte zientzien eta Letretako graduak edo lizentziak, baldin eta 4.HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0,5 puntu ikasturteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea, Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko ondoko irizpideen arabera, betiere tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:

A2= 0,25 puntu.

B1= 0,50 puntu.

B2= 0,75 puntu.

C1= puntu 1.

C2= 1,5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.

Bestelako masterra: 0,5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

IGI-CAP: 0,5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0,5 puntu.

Excellence in Basque Studies/Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa: 0,25 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan ondoko irizpideak erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia ondoko ataletan (helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia). Proiektu pedagogikoko gehienezko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batez bestekoa izango da.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Bereziki baloratuko dira hizkuntzalaritzaren inguruko argitalpenak eta kongresuetan hitzaldiak, hau deialdi honetan parte hartzeko ezinbesteko baldintza denez, bigarren argitalpen/kongresutik aurrera hasiko da puntuatzen. Honakoak ere hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, giza zientzietako argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua. Lan eskarmentuari dagokionez, bereziki baloratuko da Goi Mailako Hezkuntzarako Europar Esparruan irakaskuntzan lan egin izana. Irakaskuntzako edo itzultzaile gisa egindako lan eskarmentuari dagokionez lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko modua eman beharko da (kontratua/ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.

12. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 11. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratuko du. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hiru hautagai berri proposatuko dizkio, posible den einean. Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plaza esleitu gabe gelditu ahal izango da ondoko kasuetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

13. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Unibertsitateari proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitatea izango da azken erabakia hartzen duena.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

14. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Unibertsitateak hala eskatzen badu hautatuak medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzakela egiaztatzen duena. Gainera, unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko du, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

15. artikulua.– Lan poltsa, ukoak eta ordezkapenak.

Behin Unibertsitateko irakurlea aukeratua izan denean, irakurletza hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatuko da lan poltsa eta hautapen batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko du. Etxepare Euskal Institutuak irakurle postuan hutsuneak sortzen direnean egokia ikusiz gero lan poltsa horretara joko du.

Hautatuak 2021-2022 ikasturtea amaitu baino lehenago bere lanpostuari uko egiten badio, ezingo du berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan bere ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Euskal Hizkuntza eta Kultura Lektoreak eta Katedretako Irakasle Gonbidatuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta deialdi honen xedeetarako erabiliko dira soilik. Honen arduraduna Etxepare Euskal Institutua izango da. Legezko betebeharrik izan ezean, eta proposatutako hautagaien kasuan, dagokien unibertsitateetara bidaltzearen kalterik gabe, ez zaizkio hirugarren bati lagako.

Interesdunak ondoko eskubideak ditu: datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko, baita banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko ere. Interesdunak eskubide hauek egikaritu ditzake, eskabidea ondoko helbidera zuzenduz: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza, 1, Tabakalera eraikina, 20012 Donostia, edo Datuen babes ordezkariari, hurrengo helbidean: dpd-dbo@euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2020ko irailaren 24a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala