Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2020ko azaroaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4767

EBAZPENA, 2020ko urriaren 20koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez aldatzen baitira «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» 2020 programa arautzen duten oinarri arautzaileak.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak– hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

Horri dagokionez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza gauzatu ditu Basque Industry 4.0 Estrategia sustatzea xede. Estrategia horren helburua da enpresek teknologia aurreratuak erabil ditzaten bultzatzea, hala nola robotika, fabrikazio aditiboa, material aurreratuak, etab. Enpresak duela gutxi hasi dira era horretako teknologiak erabiltzen eta, ondorioz, beharrezkoa da sustapen- eta sentsibilizazio-ekintzak gauzatzea.

Horrela, beraz, «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» 2020 Laguntza Programa diseinatu zen, eta 2020ko irailaren 21ean argitaratu (186. zenbakiko EHAA).

Testuinguru horretan, ikusi da proiektu asko aurkeztu direla Programara. Hala, ahalik eta proiektu gehien babesteko, aldatu egingo dira Programaren baliabideak, hots, Laguntza Programaren oinarri arautzaileetan jasota daudenak.

Gorago adierazitakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» 2020, Laguntza Programaren araudiko 4. artikulu lehenengo atalaren aldaketa onartzea, honela geldituko delarik:

«4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2020an programa honi dagozkion laguntzak esleitzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 565.000 eurokoa da, eta xede horretarako SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik aterako da; aurrekontu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren parte da.»

Bigarrena.– «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» 2020 laguntza programaren oinarri arautzaileak aldatzen dituen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bilbao, 2020ko urriaren 20a.

SPRI-Enpresaren Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.


Azterketa dokumentala