Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2020ko azaroaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4656

8/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, urriaren 13koa, COVID-19aren zenbait ondorio arintzeko presako neurri osagarriei buruzkoa.

COVID-19ak osasun publikoaren arloan eragin duen eta Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiatzat jo duen larrialdi egoera gertatu eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma egoera Estatuko lurralde osoan deklaratu zuenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat izaeratako neurriak onartu eta hartu ditu, osasun larrialdiak eragindako ondorio gogorrak arintzearren.

Haien artean nabarmentzen dira tributuen esparruko neurriak, Euskadiko Autonomia Estatutuak eta Ekonomia Itunaren Legeak lurralde historikoei esleitutako eskumenen arabera hartutakoak.

Horrela, eskumen horiek baliatuta, sei foru dekretu-arau eta hainbat foru agindu bideratu ditu Ogasun eta Finantza Departamentuak.

Foru dekretu-arau honen bitartez, sei neurri berri hartzen dira, denak ere COVID-19ak 2020. urtean eta, bereziki, hirugarren hiruhilekoan eragindako egoerei erantzuteko.

Horietako lehenengoak errenta salbuetsi gisa sartzen du Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 9. artikuluan, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ekonomikoa, onartu den maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege-Dekretuaren bidez ezarria.

Bigarren neurria lotuta dago COVID-19ak ekarritako osasun larriaren ondorioak arintzeko ematen diren laguntza jakin batzuekin.

Laguntza horien helburua da, alde batetik, kalteberatasun ekonomiko eta sozialean dauden pertsona edo familiei etxebizitzarako eskubidea bermatu eta familia eta lana bateragarri egitea, eta, bestetik, turismo, sukaldaritza eta ostalaritza sektoreetako establezimenduetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza sektorean kontsumoa sustatzea «Euskadi Turismo Bonua» eta «Euskadi Bono-Denda» programen bitartez.

Xedapen arautzaile horien arabera ematen diren laguntzak salbuetsitzat jotzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, pertsonengan, familietan eta sektore ekonomikoetan COVID-19ak eragin dituen ondorio negatiboak arintzeko emandakoak direla kontuan hartuta.

Hirugarren neurriak jarduera ekonomikoen etekintzat hartzen ditu COVID-19a dela eta autonomo edo profesionalek jarduera uzteagatik 2020an jasotzen dituzten prestazio ekonomikoak, 8/2020, 24/2020 eta 30/2020 Errege Lege-Dekretuetan arautuak.

Laugarren neurriak zerikusia du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek jarduera ekonomikoak egiten dituztenean egin behar duten ordainketa zatikatuarekin.

COVID-19aren eragina dela eta, enpresaburuen eta profesional autonomoen jarduera ekonomikoetan diru-sarrerak murriztu egin dira haien jarduerak behera egiteagatik, eta murrizpen horrek oso zaila egiten du jardueraren gastuei erregulartasunez erantzutea.

Zirkunstantzia hori aintzat hartuta, eta jarduera horien garapenean sortzen diren finantza arazoak partez arintzearren, zergadun horiek salbuetsita geratzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan hirugarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua egiteko obligaziotik, eta horrekin jarraipena ematen zaio jada lehen eta bigarren hiruhilekoetarako hartutako neurriari, zeina jasota ageri baita martxoaren 24ko 1/2020 Foru Dekretu-Arauaren 11. artikuluan (COVID-19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri jakin batzuk onartzen dituen Foru Dekretu-Araua).

Bosgarren neurriak jarraipena ematen die lehenago aipatutako xedapenen bitartez sartu diren malgutze neurriei, zeinetan ia gehienek araudian ezarritako epeak luzatzea baitzuten helburu. Neurri honek sozietateen gaineko zergan enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkariarekin du zerikusia, eta ezartzen du ezen 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko epea ez dela kontuan hartuko kontratazioa egin den zergaldia amaitu osteko hurrengo hiru urteetan bukatutako zergaldien barruan langilearen soldata berdin mantendu edo handitzeko baldintza betetzeari dagokionez; epe horretan baldintza hori betetzen dela joko da.

Seigarren eta azken neurriaren xedea da ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergatik salbuestea hipoteka mailegu eta kredituetan eta hipoteka bermerik gabeko errentamendu, mailegu, leasing eta renting eragiketetan moratoriak formalizatzeko egiten diren eskriturak, betiere 2020ko uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege-Dekretuaren 18tik 23ra bitarteko artikuluetan salgaien garraio publikoa eta bidaiarien autobus bidezko garraio diskrezionala hartzen dituen sektorerako arautzen den moratoria aplikatuta egiten direnean (uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege-Dekretua, ekonomikoa suspertzeko neurriak hartzen dituena COVID-19ak garraio eta etxebizitza gaietan duen eraginari aurre egiteko). Era horretan, eragiketa horiei beste moratoria batzuek uztailaren 21eko 6/2020 Foru Dekretu-Arauaren 2. artikuluan jasotzen duten tratamendu bera ematen zaie (6/2020 Foru Dekretu-Araua, COVID-19aren osasun larrialdiaren ondorengo zerga neurri gehigarriei buruzkoa).

Neurri horiek onartzeak badu eraginik foru arau bidez erregulatu behar diren gaietan, eta, bilatzen den erantzuna, presakoa izanik, ezin denez lortu foru arauak onartzeko araugintzako prozedura arruntaren bidez, haren epeak luzeak baitira oso, egoki iritzi da neurri horiek foru dekretu-arau bidez onartzea, hartu beharreko neurriak berehala aplikatzekoak baitira.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari eragin. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera salbuestea.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, h) letra gehitzen zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 9. artikuluko 12. zenbakiari, eduki hau duena:

«h) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ekonomikoa, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege-Dekretuaren arabera jasotakoa.»

2. artikulua.– COVID-19ak ekarritako osasun krisiaren ondorioz ematen diren laguntza publiko batzuk salbuestea.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan salbuetsita egongo dira COVID-19ak sortutako osasun krisiaren ondorioak arintzeko ematen diren laguntza hauek:

– Etxebizitza librea alokatzeko laguntzak, agindu honen arabera emandakoak: 2020ko apirilaren 30eko Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, COVID-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoerei aurre egiteko etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten duena.

– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 31ko Aginduaren arabera emandako laguntzak (Alokairu erregimeneko etxebizitza babestuen arloan COVID-19 birusaren inpaktu ekonomikoari erantzuna emateko hartu beharreko neurriak arautzen dituen Agindua).

– Seme-alabei (duten adinagatik), mendeko pertsonei edo COVID-19ak jotako gaixoei (kutxatuei zein bakartuei) lagundu, arreta eman edo haiek zaintzeko, familiek jasotzen dituzten laguntzak, agindu honen arabera emandakoak: 2020ko apirilaren 8ko Agindua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, familientzako laguntzen arloko neurri zehatzak arautzen dituena COVID-19aren inpaktu ekonomikoari erantzuteko.

– «Euskadi Turismo Bonua» dirulaguntza programaren onuradunei emandako laguntzak, 2020ko uztailaren 28ko Aginduan arautuak (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren Agindua, turismo, sukaldaritza eta ostalaritza sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzea helburu duen «Euskadi Turismo Bonua» programa arautu eta 2020rako deialdia egiten duena), eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru aldundien, EAEko hiru hiriburuetako udalen eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen arteko Jarduera Protokolo Orokorraren esparruan ematen diren beste batzuk.

– «Euskadi bonu-denda» dirulaguntza programaren onuradunei emandako laguntzak, 2020ko uztailaren 28ko Aginduan arautuak (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzea helburu duen «Euskadi Bono-Denda» programa arautu eta deialdia egiten duena), eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren, Araba eta Bizkaiko foru aldundien, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen eta Bilboko eta Gasteizko udalen arteko erakunde arteko akordioaren esparruan ematen diren beste batzuk.

3. artikulua.– Prestazioak langile autonomoen jarduera eteteagatik.

Norbere konturako langileek edo autonomoek edo Gizarte Segurantzako itsas langileen erregimen berezian jarduera eteteagatik jasotako aparteko prestazioa jarduera ekonomikoen etekin gisa konputatuko da, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-Dekretuak, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko urgentziazko ezohiko neurriei buruzkoak, 17. artikuluan jasotakoaren babesean. Era berean konputatuko dira norbere konturako jarduera eta lana eteteagatiko prestazioa eta denboraldiko langileen jarduera eteteagatiko ezohiko prestazioa, betiere ekainaren 26ko 24/2020 Errege Lege-Dekretuak, enpleguaren sustapenari eta lan autonomoaren babesari eta sektore industrialaren lehiakortasunari buruzkoak, 9. eta 10. artikuluetan jasotakoaren babesean jaso badira, bai eta irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege Dekretuak, Enpleguaren aldeko gizarte neurriei buruzkoak, 13. eta 14. artikuluetan ezarritako prestazioak ere.

4. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan 2020ko hirugarren hiruhilekoaren ordainketa zatikatua egiteko obligaziotik salbuestea.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek ez dute Gipuzkoako Foru Ogasunean autolikidatu eta ordaindu beharko 2020ko hirugarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua.

5. artikulua.– Enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkaria.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak enplegua sortzeagatik araututako kenkariari dagokionez 66. artikuluaren 2. apartatuko seigarren paragrafoan jasotzen duen hiru urteko epea zenbatzearen ondorioetarako, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko epea ez da kontuan hartuko, eta paragrafo horretan aurreikusitako baldintza epe horretan betetzen dela joko da.

6. artikulua.– Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga aldatzea.

2020ko uztailaren 9tik aurrerako ondorioekin, eduki hau ematen zaio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 41.I.b) artikuluko 23. zenbakiari:

«23. Hipoteka mailegu eta kredituetan eta hipoteka bermerik gabeko errentamendu, leasing eta renting eragiketetan moratoriak formalizatzeko eskriturak, betiere uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege-Dekretuaren 18tik 23ra bitarteko artikuluetan salgaien garraio publikoa eta bidaiarien autobus bidezko garraio diskrezionala hartzen dituen sektorerako arautzen den moratoria aplikatuta egiten direnean (uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege-Dekretua, ekonomikoa suspertzeko neurriak hartzen dituena COVID-19ak garraio eta etxebizitza gaietan duen eraginari aurre egiteko).»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaie foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2020ko urriaren 13a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala