Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2020ko urriaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4517

AGINDUA, 2020ko irailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez ardogintza-entitateen kanpo-sustapenerako 2020ko laguntza-deialdia egiten baita «Lehiatu Ardoa Programa».

Elikagaigintza merkatu globala denez gero, bereziki mahastizaintzaren eta ardogintzaren industriaren kasuan nahitaezkoa da sektore horretako entitateei espresuki laguntzea. Izan ere, gaur egun ardoa merkaturatzeko hainbat oztopo daude munduan, batez ere euskal ardo-industriaren merkatuetan: Brexit-a, AEBek ardoari ezarritako muga-zergak eta, batik bat, COVID-19aren pandemia. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da ardo-produktuen munduko inportatzaile edo banatzaileek ondo baino hobeto ezagutzea upategi ekoizleen ardoak, industriaren euskarri diren mahastiak eta lehengaia ekoizten den landa-ingurunea. Komeni da, beraz, jarduera horren alde egitea, eta, horretarako, ardogintza-entitateen kanpo-sustapenerako laguntza-lerro bat ezarri da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak dirulaguntzen plan estrategiko bat dauka –Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko otsailaren 19ko Aginduaren bidez onartua–, eta haren barruan dago agindu honen bidez deitzen den laguntza, zeina euskadi.eus webgunean kontsulta baitaiteke.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean baimendutako kredituen arabera aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ardogintza-entitateen kanpo-sustapenerako 2020ko laguntza-deialdia egiten da.

Bestalde, Estatuko laguntza baten deialdia denez, estatu-laguntzen gaineko Europar Batasuneko araudia bete behar da. Kasu honetan, honi jarraikiz emango da laguntza: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; halako laguntzak, gehienez, 200.000 eurokoak izan daitezke onuradun bakoitzeko eta hiru urteko epean.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ardo-produktuen kanpo-merkataritzak gaur egun dituen zailtasunak ikusita, agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ardogintza-entitateei laguntzak emateko 2020ko deialdia egitea, produktuak kanpoan susta ditzaten eta merkataritza-irtenbide berriak bidera ditzaten «Lehiatu Ardoa Programa». Sustatuko diren ardo-produktuek kategoria hauetako batekoak izan behar dute:

a) Jatorri-deitura babestua duten ardoak.

b) Adierazpen geografiko babestua duten ardoak.

c) Ardo-mahatsaren barietatea (edo barietateak) zehaztua duten ardoak.

Agindu honen hirugarren ebazpen-zatiaren 1. apartatuan adierazitako sustapen-jarduerak egiteko, hautagarritzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatu guztiak, baita Euskal Autonomia Erkidegokoak ere, baldin eta enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazioko ikus-entzunezko katalogoak eta materialak egiteko jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan bertan egiten badira.

Bigarrena.– Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke onuradun, baldin eta egoitza soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan badute:

a) Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskadiko Erregistroan (NEIE) establezimendu aktibo bat duten ardogintza-entitateak.

b) Getariako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Arabako Txakolina jatorri-deiturak kudeatzen dituzten organoak.

c) Ekoizleen aldi baterako elkarteak edo elkarte iraunkorrak, baldin eta beren helburuen artean ardoa sustatzeko eta merkaturatzeko ekimenak garatzea badute.

d) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten esportazio-partzuergoak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Nortasun juridiko propioa izan behar dute, partzuergoa osatzen duten enpresa edo entitateekiko independentea.

– Gutxienez hiru enpresak edo entitatek osatuko dute.

– Partzuergoa osatzen duten enpresen bi herenek, gutxienez, Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskadiko Erregistroan inskribatuta egon behar dute.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastu finantzagarriak.

1.– Honako jarduera hauek jaso ahal izango dituzte deialdi honetako laguntzak, 2020. urtean garatzen badira osorik:

a) Izaera profesionala duten nazioarteko azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz stand indibidual edo partekatuetan.

b) Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako nazioarteko azoketara.

c) Zuzeneko misioak egitea eta estatutik kanpoko merkatuetan produktuak aurkeztea, hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkeztea edo haiek dastatzeko aukera ematea, atzerriko merkatu horietan merkataritza-harremanak eta produktuen esportazioa areagotzeko.

d) Alderantzizko misioak egitea, hau da, atzerriko erosleak edo iritzi-emaileak gonbidatzea, enpresen ekoizpen-establezimenduetan bisitaldiak egin ditzaten; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egingo dira bisitaldi horiek.

e) Estatutik kanpoko merkatuetako salmenta-puntuetan esklusiboki sustapen-jarduera zehatz eta espezifikoak egitea, hau da, produktuaren publizitatea egitea eta hura dastatzeko aukera ematea, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko. Sustapen-jarduera zehatz eta espezifiko horiek gehienez hiru hilabeteko iraupena izango dute.

f) Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da, enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea, gutxienez atzerriko hizkuntza batean.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak agindu honen I. eranskinean zehaztutakoak izango dira.

3.– Joan-etorrietarako, ostaturako eta mantenurako gastuei dagokienez, hauek dira jarduera bakoitzaren gehieneko zenbateko osoak, eremu geografikoaren arabera banatuta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoa eta Estatuko gainerako tokiak: mila (1.000) euro.

b) Europa: mila eta bostehun (1.500) euro.

c) Amerika, Afrika, Asia eta Ozeania: bi mila eta bostehun (2.500) euro.

Jarduera bat hainbat datatan eta/edo merkatutan egiten bada, banaka zenbatuko da, adierazitako gehieneko zenbatekoa aplikatzeko.

4.– Ez da dirulaguntzarik emango azoketan parte hartzeko, baldin eta azoka horietan stand bat jarri badu deialdi hau sustatu duen sailak, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganberek edo kanpoko merkatuan enpresei laguntza finantzarioa ematen dieten erakundeek, eta euskal enpresei azoka horietan parte hartzeko tokia eskaini bazaie. Hala ere, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte aipatutako entitateei azoketan tokia eskatu baina baiezko erantzunik jaso ez duten enpresek.

Laugarrena.– Betekizunak.

1.– Bigarren ebazpen-zatian ezarritako eremu subjektiboaren barruan dauden pertsonak edo entitateak laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta:

– Hirugarren ebazpen-zatian aurreikusita dauden diruz laguntzeko jardueraren bat egin badute 2020. urtean, eta:

• Enpresaburuen elkarte edo antolakundeen kasuan, zuzendaritza-organoetan emakumeak badaude, Emakume Nekazarien Estatutuaren 19.3 artikuluan eta bigarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoan xedatutakoa betez.

• Ardogintza-enpresen kasuan, jarduerari ekiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu badute edo Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Euskadiko Erregistroan (NEIE) inskribatuta badaude.

– 2019ko abenduaren 31n enpresa krisialdian ez bazeuden; horretarako, aintzat hartuko da krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauek emandako definizioa, betiere kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorraren arabera. Nolanahi ere, laguntza jaso dezakete krisialdian ez dauden enpresek eta/edo 2019ko abenduaren 31n krisialdian egon ez arren, gerora, COVID-19aren agerraldiaren ondorioz krisialdian sartu direnek.

– Berreskuratze-agindu baten mende ez badaude, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki duelako laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2.– Ezingo dute agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonek edo entitateek:

– Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenek edo delitu hauetako bat egiteagatik kondenatuak izan direnek: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legez kontrako ordainarazpenak edo hirigintza-arloko delituak.

– Konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskatu dutenek, prozedura batean kaudimengabetzat jo direnek, konkurtsoan deklaratuta daudenek, salbu eta horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartu badu, esku-hartze judizialaren mende daudenek edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenek, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaikuntza-aldia amaitu gabe badago.

– Kausaren batean errudun deklaratu direnek, baldin eta horrek berekin ekarri badu Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa.

– Pertsona fisikoek, merkataritza-sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariek, baldin eta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Eusko Legebiltzarraren Legean aipatutako kasuren batean sartuta badaude edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak badira, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek erregulatzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenek.

Edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu ez dituztenek, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 21. eta 25. artikuluetan ezarritako baldintzetan –errege-dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zen–.

Eta Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

Orobat, ezingo dute deialdi honetako laguntzarik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik zehapen administratiboa edo penala ezarrita dutenek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zehatuta daudenek.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen inplizitu hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.

1.– Laguntza-deialdi honetarako eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Agindu honen II. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikulua betetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira agindu honetan araututako laguntzetarako eskabideak; horretarako, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikora jo behar da.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/servicios/0082209

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082209

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, hemen egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartuta dauden bitartekoak helbide honetan zehaztuta daude:

https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan sartzeko, hona jo behar da:

https://www.euskadi.eus/representantes

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Prozeduraren eskuliburua onartzen da, zeina eskuragarri egongo baita http/www.euskadi.eus web-orrian eta argitara ematen baita agindu honen I. eranskinean.

8.– Eskatzaileek, laguntza-eskabidearekin batera, agindu honen III. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Memoria xehatua egiteko, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako web-helbideko «fitxa-txostena» bete beharko da.

9.– Eskatutako dokumentazioa lehendik entregatuta badago administrazio honetan edo beste batean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egon, horiek aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu zituen dokumentuak. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

10.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, entitate eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da laguntza-eskaeraren ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

Seigarrena.– Betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek artikulu hauetan jasotako betebeharren araubidea bete behar dute: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua –testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen–; eta, bereziki, hauek bete behar dituzte:

14.1 artikuluari dagokionez:

a) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarduera egitea, jarrera hori hartzea, proiektua egikaritzea edo helburua betetzea.

b) Dirulaguntza ematen duen organoari edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela.

c) Dirulaguntza ematen duen organoak edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileak egingo dituen egiaztapen-ekintzak betetzea, eta eskumena duten kontrol-organoek –estatukoek zein Europar Batasunekoek– finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen beste edozein ekintza betetzea. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideak lortu izanaren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari edo erakunde laguntzaileari. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio hori, eta betiere jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Agindu honen xede den laguntza Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) de minimis Erregelamenduan araututa dagoenez, eskatzaileek aurreko bi zerga-ekitaldietan eta aribidekoan jaso dituzten de minimis laguntzen gaineko adierazpena aurkeztu beharko dute, laguntzok erregelamendu honen edo bestelako de minimis erregelamenduen mende badaude.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, laguntza edo dirulaguntza likidatu arte.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

g) Emandako laguntza onartzea. Horri dagokionez, laguntzaren onarpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunak laguntzari berariaz uko egiten ez badio, pentsatuko da onartu egin duela.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluaren jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan jasotzen diren kasuetan.

46. artikuluari dagokionez, laguntzeko betebeharra ezartzen da:

1.– Onuradunek, erakunde laguntzaileek eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin lotuta dauden hirugarrenek beren laguntza eta beharrezkoak diren agiriak eman beharko dizkiete honako hauei, kontrol-jarduerak egiten dituztenean eta dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruaren barruan: Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusia, autonomia-erkidegoena edo toki-korporazioena. Horiez gain, Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako egitekoak esleituta dituzten organoei ere eman beharko diete informazio hori; xede horretarako, ahalmen hauek izango dituzte:

a) Egiaztatu beharreko dokumentazioa haien esku jarri behar dute, are programa eta fitxategi informatikoak ere.

b) Negozio-lokaletan sartzen utzi behar diete, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietan eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak direnez egiaztatzeko arakatu beharreko tokietan ere.

c) Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko dokumentuak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

d) Dirulaguntza kobratu den finantza-erakundeko banku-kontuko edo funtsak baliatzeko erabili den kontuko informazio guztia eman behar diete.

2.– Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahalko dira.

Halaber, laguntzen entitate onuradunek beren gain hartu behar dituzte Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak, hala nola tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasuna eta diferentzia errespetatzeko printzipioen arabera jarduteko betebeharra. Publizitatean eta sortzen dituzten dokumentuetan, hizkeraren eta irudien erabilera inklusiboa egingo dute, sexuarekin lotutako rolak eta estereotipoak saihestuz.

Amaitzeko, azkeneko bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez bada, Hirugarrenen Alta dokumentua aurkeztu beharko da, laguntza ordaindu ahal izateko; hau da, agiri hori dirulaguntza ordaindu aurretik aurkeztu behar da.

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/altaterceros eta https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Zazpigarrena.– Aurrekontu-zuzkidura.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako aurrekontu-kredituak, deialdi honetarako, berrehun mila (200.000) eurokoak dira.

Zortzigarrena.– Laguntzaren zenbatekoa, onuradun bakoitzeko.

1.– Itzuli beharrik gabeko laguntzaren ehunekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 50 izango da.

2.– Bigarren ebazpen-zatiko b eta c apartatuetan aipatutako eskatzaileen kasuan, diruz lagundu daitezkeen gastuen % 60 izango da laguntzaren ehunekoa.

3.– Onuradun bakoitzari, gehienez, hogeita bi mila (22.000) euroko laguntza emango zaio.

4.– Errespetatu egin behar dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako gehieneko laguntza-zenbatekoak: 200.000 euro, hiru zerga-ekitalditan –oraingoan eta aurreko bietan–.

Bederatzigarrena.– Justifikazioa.

Egindako gastuak justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira 2021eko lehen hiruhilekoan:

– Fakturen eta ordainketen Excel fitxategia, Sailaren webguneko ereduari jarraikiz.

– Pdf formatuko fitxategi bat, egindako jarduera bakoitzeko; agindu honen III. eranskinean zehaztutako guztia jaso behar da fitxategi horretan.

Agindu honen bosgarren ebazpen-zatiaren 3. apartatuan adierazitako helbidean jasota dauden jarraibideen arabera aurkeztuko da gastuen justifikazioa.

Hamargarrena.– Dokumentazioa zuzentzea.

Laguntzak kudeatzen dituen organoa ohartzen bada eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioak ez dituela betetzen agindu honetan xedatzen diren betekizunak, horren berri emango dio eskatzaileari eta hamar egun balioduneko epea emango dio falta zuzentzeko edo nahitaezko dokumentazioa aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko duela, horretarako ebazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera eman ondoren.

Interesdunak aurrez aurre aurkeztu badu eskaera, eskatuko zaio elektronikoki aurkez dezala. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat; alegia, elektronikoki aurkeztu den eguna.

Hamaikagarrena.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Sustapen-eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, zeinean bermatuta egongo baita emakumeen eta gizonen presentzia, ez bada arrazoi oinarrituak, objektiboak eta arrazoituak daudela hala ez izateko. Hiru pertsonek osatuko dute batzordea, eta bokal gisa arituko dira; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko kideak izango dira hirurak, eta horietako bat, zehazki, Enpresa Programaren arduraduna izango da. Beste biak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko dira.

Agindu honetan araututako deialdian, hauek osatuko dute Balorazio Batzordea: Mario Michel Rodríguez jauna, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako Enpresa Programaren arduraduna, zeina batzordeburu arituko baita; Elisa Torre-Enciso Enciso andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, zeina bokal arituko baita, eta Nora Beltrán de Otalora andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, zeina bokal eta idazkari arituko baita.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen adituei eskatu ahal izango die bileretara joateko eta aholkularitza emateko.

3.– Balorazio Batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak balioetsi aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari atxikitako teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako eskakizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.

4.– Balorazio Batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertu eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereizi. Baztertutako eskabideen zerrenda osatuko du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatu. Proiektuak balioetsiko ditu, eta balioztatuko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak, laguntza motaren arabera.

c) Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion proposatu.

5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamen bakarra egingo dio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari. Proposamenak, gutxienez, agindu honetako hamalaugarren ebazpen-zatian adierazitako edukia izan beharko du.

6.– Balorazio Batzordeak funtzionamendu-arau propioak ezarri ahal izango ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

Hamabigarrena.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

Laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko eta aldibereko konkurrentzia-prozedura bat ezarriko da, eta, prozedura horretan, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerei deialdi horretako laguntzak eman ahal izango zaizkie, baldin eta eskatutako baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, zortzigarren ebazpen-zatian aurreikusitako ehunekoen eta gehieneko zenbatekoen arabera.

Zazpigarren ebazpen-zatian adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, dagozkien zenbateko baliokideak esleituko dira dirulaguntzetarako. Horrela ez bada, plantillan gutxienez % 40 emakumeak direla egiaztatu duten entitateen eskabideei erantzungo zaie –halakorik badago–, eta hasieran kalkulatutako zenbatekoa esleituko, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Deialdiaren zuzkidura aski bada horretarako, zenbateko horiek esleituko dira dirulaguntzetarako; bestela, kalkulatutako zenbatekoak linealki murriztuko dira, zuzkidura hori baterako estaldurarako nahikoa izan arte.

Plantillan gutxienez % 40 emakumeak direla egiaztatu duten entitateen eskabideei hasieran kalkulatutako gehieneko zenbatekoa esleitu ondoren deialdiaren zuzkiduran gerakina badago, kopuru hori gainerako eskaeren artean hainbanatuko da, aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera.

Hamahirugarrena.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak deialdia ebatziko du, ebazpen bakar baten bidez, non eskatutako laguntzak eman edo ukatuko baitira.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

Onartu diren eskabideei dagokienez:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2.– Diruz lagundutako gastua.

3.– Dirulaguntzaren ehunekoa eta laguntzaren guztizko zenbatekoa.

Ukatu diren eskabideei dagokienez:

1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen karietara bideratzen hasitako itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari baldin bada.

4.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta, gainera, banakako eranskin baten bidez, ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta.

Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/micarpeta (gaztelania), https://www.euskadi.eus/nirekarpeta (euskara).

Argitalpenaren elementuak bat etorriko dira 39/2015 Legearen 40.2 artikuluan jakinarazpenetarako eskatzen diren elementuekin.

Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Laugarren apartatuan adierazitako epea igaro eta interesdunei ez bazaie jakinarazi deialdiaren ebazpena, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin bat.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hamalaugarrena.– Ordainketa.

1.– Ordainketak egiteko, eskaera egin beharko da aurretiaz, eta emandako laguntzaren xede den sustapen-gastua exekutatu izana justifikatu.

2.– Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.

3.– Onuradunei zuzenean ordainduko zaie laguntza.

4.– Agindu honetan jasotako laguntzei dagokienez, ordainketa bakarra egingo da, interesdunak aurrez eskatuta.

5.– Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu, Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa egin dezan.

6.– Laguntzaren xede diren sustapen-jarduerak ez badira gauzatzen ezarritako gehieneko epeetan, edo laguntzaren xede den gastua egin izanaren egiaztagiriak ez badira aurkezten epe horretan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, agindu honen hurrengo ebazpen-zatian ezarrita dagoen itzulketa-prozedura hasiko da.

7.– Ez da laguntzaren zenbatekoa ordainduko, onuradunak ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

Hamabosgarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo ez mantentzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean egotea.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako batean egonez gero, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan; ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat, hargatik eragotzi gabe egoki diren akzioak.

Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Arau-hauste administratiboak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VII. tituluko III. kapituluan jasotakoak ere.

Hamaseigarrena.– Bateraezintasuna.

Deialdi honen bidez diruz lagundutako ekintzek ezingo dute jaso Lehiatu Sustapena programaren dirulaguntzarik (horren araudia Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta basogintzako produktuak sustatzeko laguntzei buruzko 179/2014 Dekretuan dago jasota), ezta OCM Promoción programaren dirulaguntzarik (Espainiako mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari 2019-2023 aldian laguntzeko programaren neurriak aplikatzeari buruzko azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko Batasuneko laguntza-neurriak garatu eta aplikatzeari buruzko abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan arautzen dira) eta helburu bererako bestelako laguntza-programen dirulaguntzarik ere.

Hamazazpigarrena.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira agindu hau aplikatuz biltzen diren datu pertsonalak.

Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Hemeretzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 23a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
ESKULIBURUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIAREN EDUKIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
NAHITAEZKO DOKUMENTAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala