Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2020ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4485

EBAZPENA, 2020ko urriaren 14koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baitira zuzendaritza horren 2019ko irailaren 10eko Ebazpenaren bitartez ezarri ziren baldintzak euskaltegi pribatuak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak 2019-2020 ikasturteko euskara ikastaroen finantzaketarako dirulaguntzen onuradun izateko, COVID-19aren eraginez helduen euskalduntzearen esparruan sortu diren ondorio kaltegarriak arintzeko helburuarekin.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, zeinaren bidez arautzen baita helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik, helduei euskara irakasteko antolamendu orokorra garatzen du, euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek dagokien erregistroan inskriba daitezen bete behar dituzten baldintzak ezartzen ditu, eta HABEren laguntza aurreikusten du zentro horien jarduera finantzatzeko, aurrekontu-baliabideek ahalbidetzen duten neurrian.

Dekretu horretan eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako aurreikuspenen arabera, HABEren Zuzendaritza Nagusi honek, 2019ko irailaren 10eko Ebazpenaren bidez, euskaltegi pribatuei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzak emateko deialdia egin zuen, eta dirulaguntza horiek eskuratzeko baldintzak ezarri; bertan aurreikusten da, deialdiaren 12. oinarrian, dirulaguntzaren zenbatekoa nahitaez likidatu behar dela, baldin eta dirulaguntzaren zenbatekoa eragin zuten baldintzetan beherako aldaketa bat gertatu bada; kasu horietan, aitortutako dirulaguntzaren zenbatekoa gauzatutako jarduerari dagokion zenbatekoari egokitu behar zaio, oinarri horretan ezarritakoaren arabera.

Aurrekoa gorabehera, 2019-2020 ikasturtean deklaratutako alarma-egoeraren ondorioz ezarri ziren prebentzio-arauek COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko, eta egoera horrek ondoren izan duen bilakaerak, aldaketa nabarmenak ekarri dituzte helduen euskalduntzearen esparruan, bai euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek eskaini dituzten zerbitzuen aldetik, bai eta zerbitzu horien eskariaren aldetik; hain zuzen ere, esparru horretan dihardutenen kaudimena eta esparruko enplegu maila arriskuan jar ditzaketen aldaketak izan dira, neurri egokiak hartzen ez badira.

Horregatik, egokitzat jo da egoera horren eragin ekonomiko kaltegarria murrizten lagunduko duten neurriak hartzea, Zuzendaritza honen 2019ko irailaren 10eko Ebazpenaren bidez ezarritako baldintzak aldatuz, euskaltegi pribatuak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak 2019-2020 ikasturtean antolatutako euskara-ikastaroak finantzatzeko laguntzen onuradun izateko, eta horrela saihestuz, ahal den neurrian, izaera iraunkorra izan lezaketen ondorio kaltegarriak.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da diruz lagundutako gastutzat hartzea, deialdiaren oinarrietan izaera hori dutenez gain, aipatutako prebentzio-arauak ezarri zirenean hasita egon eta bertan behera utzi behar izan ziren ikastaroen eraginez euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek jasan zituzten gastuak, eta, era berean, alarma-egoera deklaratu ondoren hastea aurreikusita egon eta hasi ezin izan zituzten ikastaroek sortu dizkietenak.

Horregatik guztiagatik, aipatutako xedapenek eta HABEren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak aitortutako ahalmenen arabera, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin (aurrerantzean, DLO) eta uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak onartutako horren erregelamenduarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek 2019-2020 ikasturtean antolatutako euskara-ikastaroak finantzatzeko HABEren zuzendari nagusiak 2019ko irailaren 10eko Ebazpenaren bidez egindako dirulaguntzen deialdiaren 11. eta 12. oinarriak, ondoren zehazten den moduan:

– 11.1 atalaren d) azpiatala aldatzen da eta atal horri g) azpiatala gehitzen zaio. Honela idatzita gelditu da:

1.– HABEren dirulaguntza behar bezala zuritua dagoela ulertuko da, DLOren 30. eta 31. artikuluen arabera, jarraian adierazten diren kontzeptuengatik bidalitako zuri-agiri guztien batuketa, gutxienez, emandako dirulaguntzaren adinakoa bada.

HABEren dirulaguntzen zuriketarako honako gastu hauek onartuko dira eta bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira. Dena den, HABEk beharrezkotzat joko balu, laginketa tekniken bidez, badu eskatzerik gastu hauen agirien originalak edo kopia konpultsatuak:

a) Langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Gastu hauen zuriketari dagokionez, euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan jasota dauden langileak soilik hartuko dira kontuan. Langileen gastuak, euren ordainketarako banku bidezko zerrendak (edo nominak), eta Gizarte Segurantzari eta PFEZari dagozkion ordainketen agiriak aurkeztuz zurituko dira. Banka elektronikoaren bidez eginiko eragiketen agiriek dagozkien aztarna elektronikoen kodeak eduki behar dituzte, eta, bankuaren ordainagiriek, zigilua edo baliozkotze mekanikoa. Langileen gastuen bitartez deialdi honetako 6.1, 6.2 eta 6.3 oinarrietan zehaztutako jarduerak babesteko emandako dirulaguntzaren % 75 gutxienez zuritu beharko da.

b) Lokalen alokairuak: soilik euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan jasotako lokalen alokairuak hartuko dira kontuan. Legezko gutxienekoak (BEZa, Ogasunerako atxikipena...) betetzen dituzten agiriak soilik onartuko dira. Errentatzailea erakunde publikoa denean, bankuaren bidez luzaturiko erreziboak onartuko dira.

c) Mantenu-gastuak: barnetegiko pentsiotarako dirulaguntza onartuta duten euskaltegiek, eta horretarako esleitutako kopurua, gehienez.

d) Garbiketa-gastuak.

e) Gastu didaktikoak: klaseak ematearekin zuzenki lotuta dauden gastu arruntak (material didaktikoa, liburuak, dokumentazioa, etab.).

f) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako beste edozein gastu. Horretarako, onuradun bakoitzak deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzaren % 3 gutxienez jarraian zerrendatzen diren hobekuntza-prozesuetan erabili izana ziurtatu beharko du: irakasleen formazioan (barruko zein kanpoko formazio-jarduerak), Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan (IKT), materialgintzan eta kudeaketaren hobekuntzan. Dena den, euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroren batek ikusten badu, behin-behineko egoera medio, hobetzeko jardueretako agiriekin ez duela portzentaje hori zuritzerik izango, memoria arrazoitua helaraziko dio HABEren zuzendari nagusiari 2020ko urriaren 14ko epe-mugarekin.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera diruz lagungarria izan eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta dagoen beste edozein gastu.

– 12. oinarriaren 1.1 apartatua honela idatzita gelditu da:

1.1.– Emandako talde- eta ikasle-orduak eta barnetegi-egunak esleitutakoak baino gutxiago izan badira, horiek hartuko dira aintzat (bere ekimenezko jarduerari dagokionez, deialdi honen 6.1, 6.2 eta 6.3 oinarrietan finkatutako irizpideak aplikatuta). Hala ere, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko adierazitako alarma-egoeraren ondorioz, emandako orduak, autoikaskuntzako matrikulak edota barnetegi-egunak murriztearen arrazoia ikastaroak etetea izan bada, edo dirulaguntza aitortzeko kontuan hartutako proiekzio akademikoan alarma-egoera deklaratu ondoren hasteko aurreikusita zeuden ikastaroak hasi ez direlako murriztu badira, ikastaro horiei dagokien dirulaguntza ez da murriztuko dirulaguntza hori justifikatzen duen gastua modu egokian egiaztatzen bada deialdiaren 11.1 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

Bigarrena.– Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2020ko urriaren 14a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala