Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2020ko urriaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4418

AGINDUA, 2020ko urriaren 20koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez «Non Ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioaren oinarriak aldatu eta deialdi berria egiten baita.

2020ko martxoaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko martxoaren 6ko Agindua argitaratu zen, «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioaren deialdia egin zuena. Deialdiaren oinarrietan, baldintza eta epe jakin batzuk finkatu ziren, eskabideak aurkezteko, deialdia ebazteko eta sariak emateko, baina ezinezkoa izango zen horiek betetzea, COVID-19ak eragindako alarma-egoera indarrean jarri baitzen 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era.

Arazo hori aurreikusita, sailburu beraren 2020ko apirilaren 17ko Agindua argitaratu zen apirilaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinaren bidez ondoriorik gabe uzten baitira aipatutako deialdiaren baldintzak eta epeak, eta adierazten baita ezen, behin alarma-egoera amaituta, oinarriak aldatzeko agindu baten bidez ezarriko direla baldintza eta epe berriak.

Agindu horren azalpen-zatian aurreikusten zenez, posible zen lehiaketa abenduaren 9an amaitzea, sariak banatzeko ekitaldia eginda; hala ere, behin betiko data eta gainerako baldintza eta epeak ez ziren finkatu, harik eta pandemiaren bilakaerak horretarako aukera eman arte.

Aurreikuspen horiek aintzat hartuta, eta osasun-krisiaren egungo egoera ikusita, egokitzat jo da baldintza eta epe berriak ezartzea, «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioa 2020an egiteko. Horretarako, dagokion deialdia egin behar da. Gainera, lehiaketaren funtzionamenduan gardentasuna eta parte-hartzea hobetzeko, Argazki Irekia atarian bozkatu ahal izango dira lehiaketara sare sozialen bidez aurkeztutako obrak.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren babesean, eta oinarri hartuta Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura organikoa eta jardun-arloak ezartzen dituen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua, zeina indarrean baitago aipatutako lehenengo dekretuaren xedapen iragankor bakarrean ezarritakoari jarraituz, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluan aurreikusitako ahalmenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Berriro egiten da «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioaren deialdia, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko martxoaren 6ko Aginduaren eranskinean ageri diren oinarriak aintzat hartuta, honako hauek izan ezik: laugarren, bosgarren, seigarren, zazpigarren, zortzigarren bederatzigarren, hamargarren eta hamabigarren oinarriak eta eskabidea egiteko eranskina, zeinak aldatuko baitira agindu honen I. eranskinari jarraituz.

Gainera, II. eranskina gehitzen da, deialdiaren oinarri guztiak biltzen dituena, agindu honen bidez aldatutakoak barnean direla.

Oinarrietan Ogasun eta Ekonomia Sailari buruz egiten diren aipamenak egungo Ekonomia eta Ogasun Sailari buruzkoak direla ulertu behar da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko lege-araubidea.

Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Baliabideak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 20a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

I. ERANSKINA, «NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?» ARGAZKI-LEHIAKETAREN IX. EDIZIOAREN OINARRIAK ALDATZEN DITUEN ETA DEIALDI BERRIA EGITEN DUEN EKONOMIA ETA OGASUNEKO SAILBURUAREN AGINDUARENA

Laugarrena.– Parte hartzeko eta argazkiak aurkezteko modua.

1.– Laugarren oinarriaren 1 eta 2. apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita geratzen dira:

«1.– Instagrameko EGEF Euskadiren webgunean lehiaketak duen aplikazioaren bitartez argitaratutako argazkiek hartuko dute parte lehiaketan: https://www.instagram.com/federeuropaeuskadi/ Instagramez gainera, Facebook eta Twitterrek ere aukera emango diete interesa duten gazteei, haien argazkiak erakusteko eta Europari buruz duten ikuspegia sormenaren bidez partekatzeko. Sare sozial horien bidez, gainera, parte hartzen duten gazteen argazkiak iruzkindu eta balioetsi ahal izango dira.

2.– Lehiaketan parte hartu eta argazkiak erantsi ahal izateko, aipatutako Instagrameko helbidean sartu, eta han eskuragarri dauden I. eta II. eranskinak bete beharko dituzte parte-hartzaileek.

Parte-hartzaileek modu publikoan izan beharko dute profila, eta argitalpen berrien bitartez parte hartu beharko dute, lehiaketarako epeen barnean. Azken fasera igarotzeko behar diren baliozko boto bakarrak seigarren oinarriko 2. puntuan ezarritako epean emandakoak izango dira, eta Eusko Jaurlaritzak Argazki Irekia atarian duen argazki-artxiboan eman behar dira, FEDER Euskadik Instagramen du webgunetik zuzenean sartuta.»

2.– Paragrafo berri bat eransten da, laugarren oinarriko 3. apartatuan, honela idatzita:

«Zuzenean zerbitzua erabiliz gero, aurretik hitzordua eskatu beharko dute doako telefono honen bidez: 012 (945 01 80 00), edo online, webgune honen bitartez: https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean»

3.– 4.a) apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«a) Osorik ezagutzen eta onartzen dituela oinarri hauek, bai eta Argazki Irekia atarirako sarbidea eta haren erabilera arautzen duten pribatutasun-politika eta erabilera-baldintzak ere.»

Bosgarrena.– Argazkiak aurkezteko epea.

Bosgarren oinarria aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«Argazkiak epe honetan jasoko dira: urriaren 23tik azaroaren 23ra bitartean (egun biak barnean)»

Seigarrena.– Lehiaketaren garapena.

Seigarren oinarriko 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira, eta honela geratzen dira:

«1.– Lehiaketan parte hartu duten argazki guztiak erakutsiko dira Instagrameko orrian, bai eta Eusko Jaurlaritzaren argazki-artxiboan, Argazki Irekia atarian: https://argazki.irekia.euskadi.eus/es

Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten pertsonek onartu egin beharko dute euren argazkiak ikusgai egongo direla lehiaketaren kanal sozialetan: Instagram, Facebook, Twitter eta Argazki Irekia. Horretarako, I. eranskinean dagokion laukia markatu beharko dute.

2.– Argazkiak aurkezteko epea amaitu ondoren, hirugarren oinarriko baldintzak betetzen dituztenak Argazki Irekia atarian erakutsiko dira, 2020ko azaroaren 24tik 26ra, interesa dutenek botoa eman dezaten. Zortzigarren oinarriko 2. puntuarekin bat etorriz, epaimahaiak aukeratuko ditu saritutako hiru argazkiak, Argazki Irekia atarian bozka gehien jaso duten 30en artean. Lehiaketaren kanal sozialetan ere ikusi eta iruzkindu ahal izango dira argazki horiek.»

Zazpigarrena.– Sariak.

1.– apartatuko lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da:

«1.– Hiru sari emango dira: lehenengo biak lehiaketaren epaimahaiak emango ditu; hirugarrena, berriz, Argazki Irekia webgunean boto gehien jasotakoari emango zaio:»

Zortzigarrena.– Lehiaketaren epaimahaia eta saritutako argazkiak hautatzeko irizpideak.

Zortzigarren oinarriko 2. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da:

«2.– Botoa emateko epea amaitu ondoren, hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten bi argazki aukeratuko ditu epaimahaiak, Argazki Irekia atarian boto gehien jaso duten 30 argazkien artean. Boto gehien eskuratu duten argazkien artean parte-hartzaile batek argazki bat baino gehiago baditu, boto gehien izan dituena hautatuko da finalerako. Boto-berdinketarik gertatzen bada, epaimahaiak hautatuko du finalera joango den pertsonaren argazkia.»

Bederatzigarrena.– Sariak emateko ebazpena, eta sariaren onarpena edo uko egitea.

Bederatzigarren oinarriaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«1.– Sariak emateko erabakia Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearen ebazpen bidez hartuko da, 2020ko abenduaren 9a baino lehen, epaimahaiak egindako proposamenari jarraikiz; betiere, aurretik egiaztatuko da hautatutako pertsonek eta boto gehien jaso dituen argazkiaren egileak oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen dituztela.»

Hamargarrena.– Sarien banaketa.

Hamargarren oinarriaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«1.– Sariak ekitaldi batean emango dira, 2020ko abenduaren 9an, eta saridunek bertan egon beharko dute. Ekitaldiaren ordu eta lekuaren berri garaiz emango zaie irabazleei. Justifikatutako arrazoiren bat dela-eta irabazleak ezin bada ekitaldira etorri, beste pertsona bat izendatu ahal izango du aipatutako ekitaldi horretan bere izenean saria jasotzeko.»

Hamabigarrena.– Saritutako argazkien jabetza-eskubideak.

Hamabigarren oinarriaren idazpurua eta edukia aldatzen dira, eta honela idatzita geratzen dira:

«Hamabigarrena.– Argazkien jabetza- eta ustiapen-eskubideak.

1.– Saritutako pertsonek baino ez dituzte izango argazki irabazleen jabetza-eskubideak eta, horregatik, pertsona horien ardura izango da hirugarrenek argazki horien gainean eskubiderik ez izatea; horren inguruko arazorik egonez gero, pertsona haiek egin beharko diote aurre argazki irabazleen gaineko edozein erreklamaziori.

2.– Lehiaketan parte hartzeak berekin ekarriko du Argazki Irekia atarirako sarbidea eta haren erabilera arautzen duten baldintzak onartzea, eta haien artean dago hirugarren baldintza, jabetza intelektualari eta industrialari buruzkoa.

3.– Saritutako argazkien ustiapen-eskubideak Eusko Jaurlaritzari emango zaizkio, modu ez-esklusiboan, eta 3 urterako. Ustiapen-eskubide horiek saritutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, haien komunikazio publikoa egiteko, eraldatzeko eta egokitzeko baliatuko dira, lan horiek lehiaketa honekin lotutako zabalkunde jarduera publikoetan erabiltzeko.»

I. eranskina:

Aldatu egiten da I. eranskina (Parte hartzeko eskabidea), zehazki «Honako hau adierazten dut» apartatuaren lehenengo bi puntuak, eta honela idatzita geratzen dira:

«( Osorik ezagutzen eta onartzen ditut «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioaren oinarri guztiak, bai eta Argazki Irekia atarirako sarbidea eta erabilera arautzen duten pribatutasun-politika eta erabilera-baldintzak ere.

( Onartzen dut nire argazkiak lehiaketaren kanal sozialetan ikusgai egotea: Instagram, Facebook, Twitter eta Argazki Irekia ataria.»

II. ERANSKINA, «NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?» ARGAZKI-LEHIAKETAREN IX. EDIZIOAREN OINARRIAK ALDATZEN DITUEN ETA DEIALDI BERRIA EGITEN DUEN EKONOMIA ETA OGASUNEKO SAILBURUAREN AGINDUARENA
OINARRIAK, «NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?» ARGAZKI-LEHIAKETAREN IX. EDIZIOARENAK; 2020KO URRIAREN 22A

Lehenengoaa.– Helburua.

Ogasun eta Ekonomia Sailaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioa antolatzen du, EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsak Euskal Autonomia Erkidegoan finantzaturiko ekimenak eta proiektuak erakusteko.

Aurrekoak bezalaxe, IX. edizio honen % 50 EGEFek finantzatuko du.

Bigarrena.– Parte-hartzaileek bete beharreko eskakizunak.

1.– Eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte argazkiak aurkezteko egunean, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.2 artikuluan ezarritako gainerako betekizunak ere:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldaturik egotea.

b) 1995eko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra bitartean jaioa izatea.

c) Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen edo debeku horrekin zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

d) Zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak eguneratuta izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren e) letraren arabera.

e) Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak eguneratuta izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren g) letraren arabera.

2.– 18 urtetik beherako parte-hartzaileek, halaber, amaren, aitaren edo tutorearen aurretiko baimena izan beharko dute lehiaketan parte hartzeko, adingabe emantzipatuak ez badira, behintzat. Emantzipatuta egonez gero, formalki egiaztatu beharko dute egoera hori.

3.– Parte-hartzaileek, Oinarri hauetako I. eranskinarekin («Parte hartzeko eskabidea») batera, II. eranskina («Bigarren oinarriko baldintzak betetzeko erantzukizunpeko adierazpena») ere bete beharko dute. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak egiaztatu egingo du 1. apartatuaren a), b) eta d) letretan finkatutako baldintzak betetzen direla, eta horretarako egiaztagiriak bildu ahalko ditu, salbu eta interesdunak nahi ez badu; interesdunak nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu baldintza horiek betetzen dituelako egiaztagiriak.

c) eta e) letretan jasotako betekizunak eta 2. apartatuan jasotako betebeharra –aurretiko baimena izatea– betetzeko, baliteke erantzukizunpeko adierazpena eskatzea, eta II. eranskineko dagokion laukia markatu beharko da horretarako.

4.– Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak egiaztatu egingo du parte-hartzaileek oinarri honen lehenengo apartatuan adierazitako betebehar guztiak betetzen dituztela. Bestela, interesdunari eskatu egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, adieraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak horretarako ebazpena eman ondoren.

5.– Sariaren izaera kontuan izanik, parte-hartzaileak salbuetsita geratuko dira 38/2013 Legearen 13.2 artikuluan eskatutako gainerako baldintzak betetzen dituztela frogatzetik.

Hirugarrena.– Aurkeztu nahi diren argazkiek bete beharreko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan EGEFek finantzatuta egindako proiektuak edo ekimenak erakutsi beharko dituzte argazkiek. Ekimen eta proiektu horiek ezagutzeko, parte-hartzaileek aukera izango dute Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) deritzonari buruz ematen duen informazioa kontsultatzeko Euskadi.eus webgunearen bidez.

Argazkiarekin batera testu bat aurkeztu ahal izango da. Ekimen edota proiektu horren eta EGEFetik jasotako laguntzen arteko erlazioa deskribatuko da testu horretan.

2.– Argazkiak formatu digitalean egingo dira, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gailu digitalarekin egindakoak izatea.

b) jpg artxiboak izatea.

c) Artxiboaren pisua gehienez ere 5 megabytekoa (MB) izatea.

3.– Lehiaketan parte hartuko duten argazkiek originalak izan behar dute.

4.– Parte-hartzaileak egindako eta haren jabetzako argazkiak baino ez dira onartuko.

5.– Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake, eta, horretarako, identifikazio-kode bat emango zaio aurkezten duen argazki bakoitzeko.

6.– Parte-hartzaileek ezingo dituzte aurkeztu gustu txarreko argazkiak edo irudiko protagonistentzat iraingarriak izan daitezkeenak. Orobat, baztertu egingo dira edonolako indarkeria justifikatzen, horri garrantzia kentzen edo horretara bultzatzen duten edukiak.

7.– Baztertu egingo dira, halaber, pertsonak, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela, edota sexu-objektu soil gisa ageri dituzten argazkiak.

Laugarrena.– Parte hartzeko eta argazkiak aurkezteko modua.

1.– Instagrameko EGEF Euskadiren webgunean lehiaketak duen aplikazioaren bitartez argitaratutako argazkiek hartuko dute parte lehiaketan: https://www.instagram.com/federeuropaeuskadi/ Instagramez gainera, Facebook eta Twitterrek ere aukera emango diete interesa duten gazteei, haien argazkiak erakusteko eta Europari buruz duten ikuspegia sormenaren bidez partekatzeko. Sare sozial horien bidez, gainera, parte hartzen duten gazteen argazkiak iruzkindu eta balioetsi ahal izango dira.

2.– Lehiaketan parte hartu eta argazkiak erantsi ahal izateko, aipatutako Instagrameko helbidean sartu, eta han eskuragarri dauden I. eta II. eranskinak bete beharko dituzte parte-hartzaileek.

Parte-hartzaileek modu publikoan izan beharko dute profila, eta argitalpen berrien bitartez parte hartu beharko dute, lehiaketarako epeen barnean. Azken fasera igarotzeko behar diren baliozko boto bakarrak seigarren oinarriko 2. puntuan ezarritako epean emandakoak izango dira, eta Eusko Jaurlaritzak Argazki Irekia atarian duen argazki-artxiboan eman behar dira, FEDER Euskadik Instagramen du webgunetik zuzenean sartuta.

3.– Era berean, parte hartzeko eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoa (Andia kalea 13, 20003 Donostia) eta Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Bulego horietan, gainera, laguntza eskatu ahal izango da argazkiak lehiaketaren web-orriaren bidez gehitzeko. Eskabideak aurkezteko, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bitarteko eta organo baliatu ahal izango da. Horretarako, I. eta II. eranskinetan aurreikusitako formularioak baliatu beharko ditu interesdunak.

Zuzenean zerbitzua erabiliz gero, aurretik hitzordua eskatu beharko dute interesdunek, 012 (945 018000) doako telefonoaren bidez, edo online, webgune honen bitartez: https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean.

4.– Lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskatzaile bakoitzak honako hau adierazi beharko du:

a) Osorik ezagutzen eta onartzen dituela oinarri hauek, bai eta Argazki Irekia atarirako sarbidea eta haren erabilera arautzen duten pribatutasun-politika eta erabilera-baldintzak ere.

b) Baimena ematen diola Eusko Jaurlaritzari lehiaketa honekin erlazionatutako jarduera publiko edo hedapen-jardueretan bere izen-abizenak erabiltzeko, sariaz aparteko bestelako eskubiderik, ordainketarik edo onurarik jasotzeko eskubiderik izan gabe, eta

c) Bere argazkiak ez badu saria lortzen baina balorazio onenak jaso dituzten hogeita hamarren artean badago, Eusko Jaurlaritzari baimena ematen diola bere argazkia erakusteko, formatu fisikoan edo digitalean, sariak banatzeko ekitaldian, erakusketa-areto batean; halere, horrek ez dio inolaz ere ordainketak edo mozkinak jasotzeko eskubiderik emango.

d) Bere argazkiak saria lortzen badu, hura ustiatzeko eskubidea ematen diola Eusko Jaurlaritzari 3 urteko eperako, modu ez-esklusiboan. Ustiapen-eskubide horiek saritutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, haien komunikazio publikoa egiteko, eraldatzeko eta egokitzeko baliatuko dira, lan horiek lehiaketa honekin lotutako zabalkunde jarduera publikoetan erabiltzeko.

Horretarako, lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiten duten pertsonek I. eranskineko dagokion laukiak markatu beharko dituzte.

Bosgarrena.– Argazkiak aurkezteko epea.

Argazkiak epe honetan jasoko dira: urriaren 23tik azaroaren 23ra bitartean (egun biak barne).

Seigarrena.– Lehiaketaren garapena.

1.– Lehiaketan parte hartu duten argazki guztiak erakutsiko dira, Instagrameko orrian eta Argazki Irekia atarian: https://argazki.irekia.euskadi.eus/es

Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten pertsonek onartu egin beharko dute euren argazkiak ikusgai egongo direla lehiaketaren kanal sozialetan: Instagram, Facebook, Twitter eta Argazki Irekia. Horretarako, I. eranskinean dagokion laukia markatu beharko dute.

2.– Argazkiak aurkezteko epea amaitu ondoren, hirugarren oinarriko baldintzak betetzen dituztenak Eusko Jaurlaritzaren Argazki Irekia atarian erakutsiko dira, 2020ko azaroaren 24tik 26ra, interesa dutenek botoa eman dezaten. Zortzigarren oinarriko 2. puntuarekin bat etorriz, epaimahaiak aukeratuko ditu saritutako hiru argazkiak, Argazki Irekia atarian bozka gehien jaso duten 30 argazkien artean.

Lehiaketaren kanal sozialetan ere ikusi eta iruzkindu ahal izango dira argazki horiek.

3.– Instagramek ez du inolaz ere babesten ez administratzen lehiaketa hau. Eusko Jaurlaritzak baino ez du jasoko parte-hartzaileek Instagramen edo mezu pribatuen bitartez ematen duten informazioa, eta lehiaketako parte-hartzea izapidetzeko bakarrik erabiliko du.

Zazpigarrena.– Sariak.

1.– Hiru sari emango dira: lehenengo biak lehiaketaren epaimahaiak emango ditu; hirugarrena, berriz, Argazki Irekia webgunean boto gehien jasotakoari emango zaio:

– Argazkirik onenaren lehen saria: Smartphone Samsung Note 10 Lite 6 GB+ 128 GB, edo antzeko modeloa, gehienez 625 euroko balioa duena.

– Bigarren saria: Smartwatch Samsung Galaxy Watch Active 2 Bluetooth 40 mm, edo antzeko beste bat, gehienez 360 euroko balioa duena.

– Hirugarren saria, boto gehien jaso duen argazkiari emana: Bullboat Urbanista Tokio hari gabeko botoi-entzungailu bluetoothdunak, edo antzekoak, gehienez 120 euroko balioa dutenak, edo Bose Soundlink micro Bluetooth bozgorailuak, edo antzekoak, gehienez 120 euroko balioa dutenak.

2.– Pertsona saritu bakoitzari sari bat eman ahalko zaio gehienez, eta aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, epaimahaiaren lehen saria lortzen duen argazkiaren egileak aukera izango du lehen, bigarren edo hirugarren sariaren artean hautatzeko; bigarren saridunak bigarren eta hirugarren sariaren artean aukeratu ahal izango du.

Nolanahi ere, irabazleak beste sari bat jasotzea erabakitzen badu, ez du eskubiderik izango zegokion sariaren eta hartutako sariaren arteko aldea dirutan ematea erreklamatzeko.

4.– Administrazio Publiko honek bere gain hartuko du, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketaren kostua, saridunei dagokiena.

Zortzigarrena.– Lehiaketaren epaimahaia eta saritutako argazkiak hautatzeko irizpideak.

1.– Hiru kidek osatuko dute epaimahaia:

a) Rosanna Micciche andrea, presidentea, Europako Batzordearen Eskualde eta Hiri Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren (DG REGIO) ordezkari gisa.

b) Mikel Arrazola Arregi jauna, Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren Gobernu Irekiaren Zuzendaritzako irudi-teknikaria (Eusko Jaurlaritza); epaimahaiko idazkaria izango da.

c) Ana Maria Iglesias Franco andrea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko teknikaria (Baliabide Orokorren Zuzendaritza), argazkilaritzan ezagutza handia duena (Eusko Jaurlaritza).

Kide horiek legedian aurreikusitako abstentzio- eta errekusazio-egoeren mende daude; alde horretatik, prozeduran interesa duen edozeinek aurkez dezake errekusazioa.

2.– Botoa emateko epea amaituta, hurrengo apartatuan aurreikusitako irizpideei jarraikiz, hirugarren oinarrian ezarritako irizpideak betetzen dituzten bi argazki hautatu beharko ditu epaimahaiak, Argazki Irekia atarian boto gehien jaso dituzten hogeita hamar argazkien artean. Boto gehien eskuratu duten argazkien artean parte-hartzaile batek argazki bat baino gehiago baditu, boto gehien izan dituena hautatuko da finalerako. Boto-berdinketarik gertatzen bada, epaimahaiak hautatuko du finalera joango den pertsonaren argazkia.

3.– Saritutako argazkiak aukeratzeko, honako haztapen-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Agerian jartzea Europar Batasunak egindako ekarpenaren garrantzia (20 puntu, gehienez)

b) Argazkien kalitate teknikoa: konposizioa, araztasuna, esposizioa, teknika edo baliabide fotografiko berritzaileak erabiltzea (10 puntu, gehienez).

c) Originaltasuna gaiari heltzeari dagokionez (10 puntu, gehienez).

d) Eragin eta erakargarritasun bisuala (10 puntu, gehienez).

e) Emakumeen parte-hartze aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala erakustea, estereotipo sexistak alde batera utziz (10 puntu, gehienez).

4.– Epaimahaiaren presidenteak organo eskudunari helaraziko dio sariak emateko proposamena, beste hogeita hamar parte-hartzaileen zerrenda ordenatuarekin batera, zerrenda horretako argazki bakoitzak lortutako balorazioari jarraikiz.

Bederatzigarrena.– Sariak emateko ebazpena, eta sariaren onarpena edo uko egitea.

1.– Sariak emateko erabakia Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearen ebazpen bidez hartuko da, 2020ko abenduaren 9a baino lehen, epaimahaiak egindako proposamenari jarraikiz; betiere, aurretik egiaztatuko da hautatutako pertsonek eta boto gehien jaso dituen argazkiaren egileak oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen dituztela.

2.– Lehiaketaren Instagrameko orrian jakinaraziko da sariak emateko hartutako ebazpena. Gainera, hiru irabazleei zuzenean jakinaraziko zaie, mezu pribatu bidez. Horrez gainera, ebazpena irabazleei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz; halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Irabazleek saria onartzen dutela adierazi behar dute, III. eranskinean jasotako formularioaren bidez. Onarpen hori, era berean, mezu pribatu bat bidalita egin ahal izango da, lehiaketaren Instagrameko orriaren bidez. Sarituak sariari uko egiten diola ulertuko da baldin eta lehiaketaren ebazpena ezagutzera ematen denetik aurrera 24 orduko epean administrazio publiko honek ez badu jasotzen arestian aipatutako formularioa edo mezu pribatua.

Horretaz gain, irabazleren bat adingabea baldin bada, haren guraso edo legezko tutoreek berariaz baimena emango dute irabazleak saria jaso dezan, lehiaketan bertan bildutako betekizunak onartuta; horretarako, oinarri hauen V. eranskinean jasotako inprimakia bete beharko dute.

4.– Saria jasotzeari uko eginez gero, arrazoia edozein dela ere, saridunak ez du bestelako ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Sariari uko eginez gero, hurrengo balorazio onena izan duen argazkiari emango zaio saria, betiere Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearen ebazpen bidez.

5.– Parte-hartzaileek emandako datuetan akatsen bat baldin badago eta, horren ondorioz, haiek identifikatzea ezinezkoa bada, Eusko Jaurlaritzak ez du izango inolako erantzukizunik.

Hamargarrena.– Sarien banaketa.

1.– Sariak ekitaldi batean emango dira, 2020ko abenduaren 9an, eta sarituek bertan egon beharko dute. Ekitaldiaren ordu eta lekuaren berri garaiz emango zaie irabazleei. Justifikatutako arrazoiren bat dela-eta irabazleak ezin badu ekitaldira etorri, beste pertsona bat izendatu ahal izango du aipatutako ekitaldi horretan haren izenean saria jasotzeko.

2.– Sariak emateko ekitaldian, gainerako 27 argazki finalistak erakusketa-areto batean izango dira ikusgai, formatu fisikoan edo digitalean. Argazki horien egileei jakinaraziko zaie zehazki noiz eta non erakutsiko diren euren argazkiak.

Hamaikagarrena.– Sariak errebokatzea eta itzultzea.

Emandako sariak errebokatu egingo dira, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat tarteko bada eta, zehazki, oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, betiere xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

Hamabigarrena.– Argazkien jabetza- eta ustiapen-eskubideak.

1.– Saritutako pertsonek baino ez dituzte izango argazki irabazleen jabetza-eskubideak eta, horregatik, pertsona horien ardura izango da hirugarrenek argazki horien gainean eskubiderik ez izatea; horren inguruko arazorik egonez gero, pertsona haiek egin beharko diote aurre argazki irabazleen gaineko edozein erreklamaziori.

2.– Lehiaketan parte hartzeak berekin ekarriko du Argazki Irekia atarirako sarbidea eta haren erabilera arautzen duten baldintzak onartzea, eta haien artean dago hirugarren baldintza, jabetza intelektualari eta industrialari buruzkoa.

3.– Saritutako argazkien ustiapen-eskubideak Eusko Jaurlaritzari emango zaizkio, modu ez-esklusiboan, eta 3 urterako. Ustiapen-eskubide horiek saritutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, haien komunikazio publikoa egiteko, eraldatzeko eta egokitzeko baliatuko dira, lan horiek lehiaketa honekin lotutako zabalkunde jarduera publikoetan erabiltzeko.

Hamahirugarrena.– Bateragarritasuna.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du esan nahi ezin direla argazki berberak antzeko beste lehiaketa batzuetan aurkeztu, eta ez dago eragozpenik argazki berberarengatik sariak edo aitorpenak jasotzeko.


Azterketa dokumentala